63. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E G U E S I B A R

I. argazki lehiaketa

Eguesibarko Udalak Lehen Argazki Lehiaketa onestea erabaki zuen 2001eko apirilaren 19an egin osoko bilkuran. Hona hemen oinarriak:

EGUESIBARKO I. ARGAZKI LEHIAKETAREN OINARRIAK

I.-Lehiaketaren xedea.

1. Eguesibarko I. Argazki Lehiaketak Eguesibarko bizilagunen artean arte jarduerak sustatzea du xede.

II.-Parte hartzaileak.

2. Lehiaketan Eguesibarren erroldaturik dauden guztiek parte har dezakete, adin mugarik gabe.

3. Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere bi argazki aurkez ditzake.

III.-Lanak.

4. Aurkezten diren argazkiek Eguesibar izanen dute gaitzat. Gainera, argitaragabeak eta bertze lehiaketa edo erakusketa batean aurkeztu gabeak izan beharko dute.

IV.-Teknika eta aurkezpena.

5. Argazkiek gutienez ere 15x20 zentimetro izan behar dute eta gehienez ere 20x25 zentimetro.

6. 40x50 zentimetroko passe-partoutean edo kartulinaren gainean muntaturik egon behar dute, kolorezko edo zuri- beltzeko argazki paperean, azala distiratsua nahiz matea izan daitekeelarik.

7. Eguesibarko Udalak ahalmena izanen du argazkian ibarreko armarria eta Kultur, Kirol eta Gazteri Batzordearen logotipoa sartzeko.

IV.-Lanak aurkezteko tokia, modua eta epea.

8. Lanak Eguesibarko Udaletxean aurkeztuko dira, astelehenetik ortziralera, 9:00etatik 14:00ak arte.

9. Lanak aurkezteko epea deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2001eko ekainaren 20an bukatuko.

10. Lanek gibelean paratutako lema bat izanen dute ezaugarri. Bakoitzarekin batean gutunazal itxia aurkeztuko da. Haren kanpo aldean, zer lani dagokion, harexen lema paratuko da. Barnean, berriz, artistaren datu pertsonalak sartuko dira: izen-deiturak, helbidea, N.A.N. eta telefono zenbakia, gutienez.

V.-Epaimahaia.

11. Hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Ignacio Galipienzo jauna.

Mahaikidea: Alfonso Etxeberria jauna.

Mahaikidea: Elena Bezunartea andrea.

12. Epaimahaia modu baliozkoan eratzeko mahaikideen erdiak gehi bat beharko da, eta erabakiak hartzeko, berriz, bertan direnen gehiengoa.

13. Epaimahaiak bi hilabeteko epea du bere erabakia emateko, lanak aurkezteko azken egunaren biharamunetik hasita.

14. Epaimahaiak, bereziki, alderdi hauek hartuko ditu kontuan: sormena, hautatutako gaia, mezuaren indarra eta argazkiaren kalitatea.

VI.-Sariak.

15.

Lehen saria: 75.000 pezeta.

Bigarren saria: 50.000 pezeta.

Hirugarren saria: 25.000 pezeta.

16. Sariei ehuneko 15eko atxikipena eginen zaie, P.F.E.Z.agatik (P.F.E.Z.ren gaineko erregelamendua onesten duen maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren 78. artikulua).

17. Epaimahaiak eman gabe utz dezake sariren bat nahiz guztiak.

18. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

VII.-Saritzen diren lanen jabetza.

19. Sariaren irabazleak salerosketa kontratu bat sinatuko du Eguesibarko Udalarekin. Haren ariora, sariaren zenbatekoaren truke, Udalari emanen dio argazkiaren eta haren negatiboen eta, halakorik bada, horien euskarri informatikoen jabetza, eta aldi berean, eta modu esklusiboan, baita jabetza intelektualari datxezkion eskubide ekonomiko guztiak ere, bertzeak bertze, erreprodukzioa, banaketa, komunikazio publikoa, eraldatzea, etabar, argazkia osatzen duten elementu guzti-guztien gainean eta ekoizpen modu guzti-guztietan.

20. Aitzineko oinarrian erran denaren ondorioz, Eguesibarko Udalak, saritutako argazkiarekin, behar adina erreprodukzio egiten ahalko ditu, baita komenigarritzat jotzen dituen hedabideeetan zabaldu ere. Halakoetan egileak ez du inolako eskubideren aldarririk egiten ahalko.

21. Saritutako argazkiekin eta lehiaketara aurkeztutako gainerakoekin, Eguesibarko Udalak erakusketa bat egiten ahalko du.

Hargatik ere, saririk gabe gelditu diren argazkien egileek ez dute ordain ekonomikorik jasoko, nahiz eta erakusketan egiletza zehaztuko den eta ziurtagiri bat eskatzen ahalko duten lana erakusteko hautatu dela dioena.

22. Saririk gabeko parte hartzaileek sei hilabeteko epea izanen dute aurkeztutako lanak eramateko, epaimahaiak bere erabakia hartzen duenetik. Epe hori iragandakoan egileak udal bulegoetatik eraman gabe, Udala haien jabe eginen da.

VIII.-Kalte-galerak.

23. Eguesibarko Udalak ez du erantzukizunik izanen argazkietan gerta daitezkeen kalte-galeretan.

Hala ere, bere esku dauden bitartean argazkiak zaintzera ahaleginduko da.

IX.-Oinarri hauen onarpena.

24. Lanak lehiaketara aurkezteak oinarri hauek guzti- guztiak eta epaimahaiaren erabakia onartzea dakar.

Eguesibarren, bi mila eta bateko apirilaren hogeita lauan. Alkatea, Ignacio Galipienzo.

Iragarkiaren kodea: A0104557