56. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C A S C A N T E

Kontserbatu beharrari buruzko espedientea irekirik

Gobernu batzordeak 1999ko azaroaren 17an hartu erabakiaren ondorioz, eta herritar batek salaketa aurkeztu baitzuen, hasiera eman zitzaion Tras la Iglesia kaleko 7.ean (1. poligonoko 94. lurzatia) dagoen eraikina kontserbatu beharrari buruzko espedienteari. Izanez ere, Udalaren zerbitzu teknikoen txostenaren arabera, aipatu eraikinean, eta José Mª Clemente Enériz jaunaren jabetzarekin muga egiten zuela, ikusi zen bazegoela artekorma bat luze gabe eror zitekeena. Espedientea Alkatetzaren 2000ko urtarrilaren 12ko ebazpenaren bidez ebatzi zen, eta haren bidez agintzen zen segurtasuna bermatzeko egin beharreko obra guztiak egin zitezela.

Interesatuei kontserbatu beharrari buruzko agindua jakinarazi ondotik, haiek bete zuten obrak egiteko agindua, arriskua sortzen zuen horma bota egin baitzuten.

Gobernu batzordeak 2000ko maiatzaren 23an hartu erabakiaren ondorioz, eta herritar batek salaketa aurkeztu baitzuen, hasiera eman zitzaion eraikin bera kontserbatu beharrari buruzko beste espediente bati. Izanez ere, ikusten zen bazeudela obra hondakinak Tras la Iglesia kaleko 7.ean (1. poligonoko 94. lurzatia).

Benjamín Jiménez jaunarekin hitz egin ondotik, eta orubea garbitzeko prest zegoela baitzirudien, espedientea tramitatzean entzunaldia eman zitzaion Benjamín Jiménez jaunari bakarrik. Espedientea ebatzi zen, Alkatetzak 2000ko abuztuaren 8an eman baitzuen ebazpena, interesatu guztiei jakinarazi zitzaiena, eta haren bidez agintzen zuen eraikina garbitu eta gero, hesiaz baliatuz edo bestela, modu duinean itxi zedila.

Ikusirik orubea garbitzeko agindua ematen zuen espedientea tramitatzean ez zela interesatu guztiei entzunaldia emateko tramitea bete, eta kontsideratuz interesatuei entzunaldia izateko aukera ukatzearekin babesa kentzen zitzaiela, erabaki zen, Alkatetzak 2000ko uztailaren 24an emandako probidentziaren bidez, hasiera ematea Cascanteko Tras la Iglesia kaleko 7.ean dagoen eraikina kontserbatu beharrari buruzko beste espediente bati. Espediente horren barrenean sartzen da honako dokumentu hau.

Interesatuei (Benjamín Jiménez Jiménez, María Jiménez Jiménez, Francisco Javier Jiménez Miramón, Josefina Jiménez Jiménez eta Carlos Jiménez Miramón) entzunaldia eman ondotik, interesatuek beraiek irailaren 22an aurkeztu zuten alegazio idazki bat, zeinetan, besteren artean, alegatzen baitute ezen 1996ko apirilaren 17ko datarekin aurkeztu zutela U.A.-3 delakoa aldatzeko eskaera, espedienteko orubea horren barrenean sartzen baita, eta Udalak ez diela hari buruz inolako erantzunik eman. Horretan oinarrituz, alegazio egileen iritziz, ez da bidezkoa exekuzio agindua betetzea, aipatu eskaera hari erantzunik ematen ez zaion bitartean.

Espediente hau zuzen tramitatu dela kontsideratuz, interesatuen iritzia jaso baita entzunaldiaren tramitean;

Kontuan hartuz frogatu dela, udal teknikariaren txostenaren arabera, ezen aipatu higiezinak ez dituela betetzen behar diren baldintzak segurtasun publikoaren, osasungarritasunaren eta apaintasunaren aldetik, ikusten direlako obra-hondakinak eta falta delako hesia edo bestelako itxitura duina, erabakitzen da Tras la Iglesia 7ko eraikinaren jabeak ez direla betetzen ari Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeko 224.1 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak.

Kontsideratuz ezen interesatuen U.A.-3a aldatzeari buruzko alegazioak ez dituela jabeak libratzen eraikina segurtasun, osasungarritasun eta apaintasun baldintza egokietan kontserbatzeko erantzukizunetik, ebatzi dut:

Lehenbiziko.-Francisco Javier Jiménez Miramón, Benjamín Jiménez Jiménez, María Jiménez Jiménez eta Carlos Jiménez Miramón jaun-andreei agintzea, Tras la Iglesia kaleko 7.ean dagoen eraikinaren jabe diren aldetik, aipatu eraikinaren segurtasun, osasungarritasun eta apaintasun baldintzak bermatzeko behar diren obrak egin ditzatela. Obra horien artean nahitaezkoa izanen da eraikina garbitzea eta modu duinean ixtea, hesiaz baliatuz edo bestela.

Lanak egiteko epea hilabetekoa izanen da.

Bigarren.-Aipatutakoei ohartaraztea ezen epea igarotzen bada obrak egin gabe, zehapen prozedurari hasiera emanen zaiola, isuna jarriz, eta prozeduraren ebazpenean berriz ere eskatuko zaiela agindutakoa bete dezatela, eta orduan, obeditzen ez badute, Udalak berak eginen dituela egin beharrekoak, behartuta daudenen kontura, ordezko exekuzioaren bidez.

Errekurtsoak

-Aukerako berraztertzekoa.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua. Errekurtsoa aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, eta berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu, hura espreski ebatzi edo isiltasunaren bidez ezesten den arte.

Berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabetea igarotzen bada hari buruzko ebazpenik jakinarazi gabe, ulertuko da administrazioarekiko auzi-errekurtsoarentzako bidea zabalik dagoela.

-Aukerako gora jotzekoa.

Ebazpen honen aurka egin daiteke Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzenduko zaion gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz. Errekurtsoa aurkezteko, hilabeteko epea izanen da, ebazpen honen jakinarazpenetik hasita, eta halakorik aurkezten bada ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu, hura espreski ebatzi edo isiltasunaren bidez ezesten den arte.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkez daiteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Errekurtso hau aurkezteko bi hilabeteko epea izanen da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Cascanten, bi mila eta bateko apirilaren hiruan. Alkate udalburua, Jesús García Barea.

Iragarkiaren kodea: A0103835