56. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

42/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Pirinioetako Lan Komunitatearen lankidetza esparruan ikerketa eta garapen teknologikorako laguntzak eskuratzeko deialdia onesten duena.

Pirinioetako Lan Komunitatean -PLK- erkidego hauek sartzen dira: Frantziako Estatuan, Akitania, Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrénées eskualdeak, Espainiako Estatuan, Aragoi, Katalunia, Nafarroa eta Euskadi komunitate autonomoak, eta Andorrako Estatua. Guztira hamazazpi milioi pertsonatik goiti bizi da Komunitate horretan eta, bertan dauden estatuen eta Europako Batasunaren laguntzarekin, erkidego horien garapen ekonomikoa bultzatu nahi du.

Ikerketa antolatuak produkzio sistemaren eta bizi kalitatearen hobekuntzarako duen garrantziaren jakitun izanik, PLKren borondatea da ikerketa eta garapen teknologikoaren ekintza komunen garapena ahalbidetuko duten jarduketei lehentasuna ematea, erkidego horietako enpresa eta zentroen arteko lankidetza proiektuetan bultzatu eta gaur egun I+Gan eskura dagoen baliabide kopuru zabala elkarri truka diezaioten sustatzearren.

Testuinguru horretan, Zientzia-Teknologia-Enpresa sistema inplikatu nahi da Pirinioetako erkidego horien esparruan I+Gko polo garrantzitsua bultzatzean eta, bereziki, enpresa ttiki eta ertainei (PYMES) teknologia eskualdatzean.

Horretarako, beste ekintza-lerro batzuen artean, PLKko eskualde eta komunitate kideek, nork bere lurraldean, lankidetza programa komunak parez pare eta era koordinatuan bultzatzeko adostasuna lortu dute.

Hori dela eta, 2001eko ekitaldiko aurrekontuan eta "Nafarroaren Garapen Teknologikorako Plana" proiektuan, "Eskualdeen arteko lankidetzaren alorreko berriztapen proiektuetarako dirulaguntzak" izeneko kontusaila dago.

Horrenbestez, Berriztapen eta Teknologi Zerbitzuak eman txostena ikusirik,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa.-Pirinioetako Lan Komunitatearen lankidetza esparruan Ikerketa eta Garapen Teknologikorako laguntzak, 2001eko ekitaldikoak, eskuratzeko deialdia onestea.

Deialdi honen gastua aplikatuko zaio 2001eko Gastuen Aurrekontuko "Eskualdeen arteko lankidetzaren alorreko berriztapen proiektuetarako dirulaguntzak" izeneko 840002/81200/7709/542403 kontusailari (12.530.000 pezeta) eta 2002. urtean horren baliokide izanen den kontusailaren kargura (15.000.000 pezeta). Horretarako, oinarritzat hartuko da 2001eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legeko 33.1 artikulua.

Bigarrena.-Deialdia honako oinarri hauek arautuko dute:

Lehena: Definizioa eta helburua.

Laguntzak hurrengo bi mota hauetako jarduketa baterako izanen dira:

A) "Sare tematikoak garatu eta sendotzea".

B) "Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Lankidetza Proiektuak -I+G-".

I eta II. eranskinetan, hurrenez hurren, zehaztukoarekin bat etorriz.

Bigarrena: Zenbatekoa.

Laguntza fondo galdurako dirulaguntza gisakoa izanen da. Lehen oinarriko A letran aurreikusitako jarduketetarako, gastuen % 100era bitarteko laguntza eman ahalko da, 1.000.000 pezeta baino gehiago ez, I + G zentroen eskualdeen arteko sareen kasuan izan ezik, eta oinarri bereko B letran aurreikusitako jardueretarako % 70era bitarte.

Hirugarrena: Baldintzak.

Laguntzak Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten Unibertsitate Zentro, Ikerketa eta Teknologia Zentro eta Enpresetarako izanen dira.

Foru Agindu honen ondorioetarako, jarduketa berean parte hartzen duten zentro edo enpresek bazkide izaera izanen dute.

Ekintza berean bi bazkide nafarrek edo gehiagok parte hartzen badute, bazkide guztien izenean eskabide bakarra aurkeztu beharko dute.

Onuradunak eskabidea izenpetzen duten erakunde edo enpresak bakarrik izanen dira.

Laugarrena: Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2001eko maiatzaren 31 arte egonen da irekia.

Eskaerak Industri Zuzendaritza Nagusira igorriko dira eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira (Tomás Caballero Parkea, 1, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan.

Eskabideak prestatu den ereduaren araberakoak izanen dira. Eredua Industri Zuzendaritza Nagusiko Berriztapen eta Teknologi Zerbitzuan ((Tomás Caballero Parkea, 1, Iruña) Nafarroako Gobernuko Erregistroan (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña eta Plaza Zaharra, 1, Tutera) eta Internet sarean

(helbidea: http://www.cfnavarra.es/industria/areas/innotec/ayid.htm) eskuratu ahalko da.

Pirinioetako Lan Komunitateko partaide diren beste Kolektiboetako kideek kasuan kasuko erakunde eskudunaren aurrean aurkeztu beharko dute eskaera, erkidego bakoitzean garatu den arauteriarekin bat etorriz.

Bosgarrena: laguntza emateko modua.

Berriztapen eta Teknologi Zerbitzuak eskaerak ebaluatu eta laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. Proposamen hori Industri Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio.

Horretarako, aipatu eranskinetan azaltzen diren balorazio irizpideak kontuan hartuko dira eta, halaber, Pirinioetako Lan Komunitatearen Prestakuntza eta Berriztapen Teknologikorako Batzordearen proposamenak.

Seigarrena: ebazpena.

Industri zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira laguntzak, baita zenbatekoak diren adieraziko ere, egoki juzkatzen diren txostenak aurretik eginik.

Zazpigarrena: ebazteko epea.

Laguntzen ebazpena emanen da eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo sei hilabeteko epearen barruan.

Epe horretan erantzun berariazkorik jasotzen ez duten eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

2000ko deialdiko oinarriak betetzen zituzten baina horren babesean onetsi ez ziren eskabideak ofizioz deialdi honi gaineratuko zaizkio.

Zortzigarrena: onuradunen beharkizunak.

Dirulaguntzen onuradunek dirulaguntza emateko Ebazpenean ezarri beharkizunak eta deialdi honetan finkatu arau guztiak bete beharko dituzte.

Bederatzigarrena: laguntzen ordainketa.

Lehen oinarriko A letran azaltzen diren jarduketetarako laguntzak bi zatitan emanen dira, lehena, diru zenbateko osoaren % 70 baino gutxiagokoa, jarduketa hasi baino lehen, eta gainerako guztia jarduketa bukatu ondoren, egindako gastuen egiaztagiriak eta burututako lanaren gaineko txostena aurkeztuta.

Aurreko lerroaldean aipatutako egiaztagiri eta txostenak ez aurkezteak dirulaguntza deuseztea ekarriko du, bai eta jasotako dirua itzuli beharra ere.

Lehen oinarriko B letran azaltzen diren jarduketetarako laguntzak ordainduko dira proiektuaren aurrekontuan aurreikusitako gastuen programa burutu ahala. Izenpetuko den lankidetza kontratuan zehaztuko da inbertsioa nola justifikatu eta dirulaguntzak nola ordainduko diren.

Ondorio hauetarako, aurrekontuetan jarritakoa baino gastu gutxiago egiten bada, diru gutxiago jasoko da; kontrakoa gertatzen bada, alegia, uste baino gehiago gastatzen bada, ez da diru gehiago jasoko.

Behar bezala arrazoitu eta justifikatutako kasuetan, jarduketak bukatu gabe daudela ere, emandako dirulaguntza oso-osorik edo partzialki jaso daiteke, emandako dirulaguntzaren halako zenbatekoa duen banku-abala aurretik aurkeztuz gero.

Ordainketa edo, kasua bada, abalaren liberazioa egin baino lehenago, onuraduna beharturik dago jarduketa horietarako beste Administrazio Publiko batzuei eskatu edo horietarik jaso laguntzen berri ematera.

Laguntza bertan behera utzi ahalko da Industri zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, dela baldintzak bete ez direlako, dela datuak faltsutu direlako. Horretarako, Industria Sustatzeko Zerbitzuaren aurretiazko txostena beharko da.

Hamargarrena: laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira helburu berbererako ematen diren beste batzuekin, beti ere laguntza guztien batura ez bada laguntzen den ekintzaren kostu osoa baino handiagoa. Hala ere, onuradunak beste Administrazio Publiko batetik laguntza hartzen badu, emandako zenbatekoa jaitsi ahalko da, laguntzen batura osoa hasiera batez onetsitako ehunekoetatik gorakoa izan ez dadin.

Hamaikagarrena:

Deialdi honen aurka eta berau arautzen duten oinarrien aurka gora jotzeko helegitea jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epearen barruan.

Hirugarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren hogeita bederatzian.-In- dustria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

I. ERANSKINA

Sare tematikoak garatu eta sendotzeko programa

1.-Programaren xedea.

Deialdi honen berariazko helburua da eskualdeen arteko sare tematikoak sustatzea, Pirinioetako Lan Komunitateko (PLK) kide diren erkidegoetako ikerketa eta teknologia zentroetan antzeko gaietan edo elkarren osagarri diren arloetan ari diren ikerlari taldeek osatuak, eskualdeen arteko lankidetza sendotu eta elkarrekin burututako ikerkuntza programak garatzeko eta sektore produktiboetarako teknologia trukatzea laguntzeko.

2.-Programaren ezaugarriak.

Eskualdeen arteko sare tematikoetako jarduerak finantzatu ahal izateko, sareek gutxienez bost ikerlari taldeek osatuak beharko dute izan eta, gutxienez, PLK-ko kide diren 3 eskualdeko ordezkari bildu beharko dituzte, mugaren bi aldeetakoak.

PLK-ko eskualdeetako enpresetako ikerlariek parte hartzen duten sareek lehentasuna izanen dute.

Sare tematikoak koordinatzaile nagusi bat izanen du eta, parte hartzen duen eskualde bakoitzeko, koordinatzaile bat. Koordinatzaile nagusia, gainera, bere eskualdeko koordinatzailea izanen da.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.000.000 pezetakoa edo 40.000 liberakoa izanen da parte hartzen duen eskualde bakoitzeko, jarduerak bi urtez finantzatzen laguntzeko.

Eskatzen diren laguntzak, batez ere, honako jarduera hauek finantzatzeko erabili ahalko dira:

2.1. Izen handiko zientzilariek sarean parte hartzen duten ikerkuntza taldeei bisita laburrak egitea.

2.2. Sareko kideen arteko bilerak antolatzea.

2.3. Nazioarteko mintegiak edo PLK-ko enpresariei zuzendutako mintegiak antolatzea.

2.4. Sarean inplikaturik dauden ikerkuntza taldeen artean teknologia trukatzea edo burututako ikerkuntzaren emaitzak hedatu eta balorizatzea.

2.5. Sareko taldeetako ikerlariak PLK-ko gainerako eskualdeetakoak diren sareko beste taldeetariko batean parte hartzea.

2.6. Sarearen jarduerak ezagutarazteko argitalpenak.

2.7. Datu baseak sortzea.

2.8. I + G zentroen eskualdeen arteko sareak garatzea, haien arteko akordioetan oinarriturik.

Laguntza hauek ezin izanen dira erabili, inolaz ere, ikerkuntza proiektuak, langileri gastuak zein laborategiko materialaren edo ekipamendu txikiko gauzen erosketa finantzatzeko.

3.-Eskabideak.

Eskabideak eskualde bakoitzeko koordinatzaileak aurkeztu beharko ditu, hirukoizturik, bere eskualdeko sareko kide guztien izenean, horretarako diseinatu den eredua erabiliz. Eskabidean honakoa agertu beharko dute, argi eta garbi:

a) Koordinatzaile nagusiaren eta eskualdeetako koordinatzaileen curriculum vitae-a.

b) Lortu nahi diren helburuen oroit-idazkia eta, ikuspuntu zientifiko, tekniko eta akademikotik begiratuta, sarea eratzeak ekarriko lukeen balio erantsiaren balorazioa, jarduerari begira eta taldeek bakarka eginen luketen lana aintzat hartuz.

c) Sareko ikerkuntza taldeek azken hiru urteotan burutu dituzten lan garrantzitsuenen deskribapena eta horien ondorioz kaleratu diren argitalpenena.

d) Proposatu diren jardueren deskribapena.

e) Proiektuaren aurrekontu osoa, parte hartu behar duen talde bakoitzaren aurrekontua eta, eskabidea zein erkidegotan aurkezten den, hango ikerkuntza taldeei dagokien aurrekontu osoa.

4.-Balorazio irizpideak.

Dirulaguntza eman eta zenbatekoa izanen den baloratzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Egindako eskaeraren kalitate zientifiko-teknikoa.

b) Koordinatzaile nagusiaren eta parte hartzen duten ikerkuntza taldeen kalitate zientifiko-teknikoa eta antzeko lankidetza proiektuetan duten esperientzia.

c) Proiektua Programaren helburuari egokitzea.

d) Eskaera egin duten taldeen arteko lankidetza maila.

e) Proposamenean mugaren bi aldeetako zientzilariek parte hartzea.

f) Proiektuak PLKn duen garrantzi sozio-ekonomikoa.

Horiez gain, positiboki baloratuko dira:

1. PLK-ko enpresetako I+Gko ikerkuntza taldeek parte hartzea.

2. Teknologia trukaketa zenbatekoa den, batez ere sektore produktiboetara bideraturikoa.

5.-Bateragarritasuna.

Laguntza hauek eta helburu bereko beste dirulaguntzak bateragarriak izan daitezke, beti ere laguntzen batura ez bada dirulaguntzaren xede den ekintzaren kostu osoa baino handiagoa.

6.-Informazioa eman beharra.

Laguntzaren onuradunak beharturik daude, behin jarduera burututakoan, kasuan kasuko eskualdeko administrazioan azken oroit-idazkia aurkeztera. Bertan adierazi beharko dituzte lortutako emaitzak, gastuen justifikazioa, egin behar izan diren aldaketak eta horren ondorioz sortu diren aurrekontu-aldaketak. Oroit-idazkia jarduera bukatu eta hurrengo bi hilabeteko epearen barruan aurkeztu beharko da.

II. ERANSKINA

Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Lankidetza Proiektuen Programa (I+G)

1.-Programaren xedea.

PLK-koak diren erkidego bati baino gehiagori interesatzen zaizkien I+Gko proiektuak diruz laguntzea; horretarako lankidetza bultzatuko da, PLKren esparruan dauden ikerketa eta teknologia zentroetatik sektore produktiboetara teknologia eskualdatuko da eta I+Gko sare tematikoak sor daitezen lagunduko da.

2.-Programaren ezaugarriak.

Eskaerak I+Gko proiektu baterako izanen dira. Bertan, gutxienez, hiru kidek hartuko dute parte, horietako bat, gutxienez, sektore produktiboetakoa (teknologiaren eskualdaketa laguntzea) eta taldean, gutxienez, espainiar bat eta frantziar bat izanen dira (mugaz gaindikoa), PLK-ko esparru geografikokoak. Proiektuaren gehieneko iraupena bi urtekoa izanen da.

Proiektuak koordinatzaile nagusi bat izanen du eta koordinatzaile bat erkidego bakoitzeko (koordinatzaile nagusia izanen da, aldi berean, bere erkidegoko koordinatzailea). Koordinatzaile nagusiak behar bezala kreditaturiko curriculuma izan beharko du.

Diruz lagundu gabe gelditzen den proiektuaren zatiak ere finantzazioa beharko du izan.

3.-Eskabideak.

Agirien aurkezpena bi fasetan egin beharko da.

Lehenbiziko fasean eskualdeko koordinatzaile bakoitzak, bere eskualdeko partehartzaile guztien izenean, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, hirukoizturik, prestatu den eredua erabiliz:

a) Proiektuaren koordinatzaile orokorraren eta erkidego bakoitzeko koordinatzaileen datu pertsonalak

b) Koordinatzaile orokorraren eta erkidego bakoitzeko koordinatzaileen curriculum vitae-a.

c) Eskabidea egin duen taldeak azkeneko hiru urteetan egin eta izan dituen argitalpen eta merezimenduen zerrenda. Proposatutako ikerketa proiektuari dagozkionak bakarrik azalduko dira.

d) Proiektu koordinatuaren plan osoaren laburpena (2-4 orrialde).

e) Erkidego bakoitzeko ikerkuntza eta teknologia taldeei dagokien zatiaren helburuak, metodologia eta plangintza xehekatua.

f) Proiektuaren aurrekontu osoa, parte hartzen duen talde bakoitzaren aurrekontua eta dirulaguntza eskaera non aurkezten den, erkidego horretako ikerketa taldeari edo taldeei dagokien zatiaren aurrekontu osoa.

Eskabidea aurrehautapenean sartzen bada, Industri Zuzendaritza Nagusiak egoki juzkatzen duen dokumentazio osagarria eskatuko du. Edonola ere, bigarren fasean eskatuko diren agirien artean aurkeztu beharko da proiektua burutu ahal izateko falta den dirua eskuragarri izanen dela dioen konpromisoa, pertsona baimenduak izenpetua.

Bigarren faseko dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, Industri Zuzendaritza Nagusiak aurrehautapenaren berri ematen duen egunetik aitzina.

4.-Balorazio irizpideak.

Dirulaguntza eman eta zenbatekoa izanen den baloratzeko irizpide hauek hartuko dira kontutan:

a) Egindako eskaeraren kalitate zientifiko-teknikoa.

b) Koordinatzaile nagusiaren eta parte hartzen duten ikerketa taldeen kalitate zientifiko-teknikoa eta antzeko lankidetza proiektuetan izandako esperientzia.

c) Proiektua Programaren helburuari egokitzea.

d) Eskaera egin duten taldeen arteko lankidetza maila.

e) Proposamenean mugaren bi aldeetako zientzilariek parte hartzea.

f) Proiektuak PLKn duen garrantzi sozio-ekonomikoa.

Horiez gain, positiboki baloratuko dira:

1. Ikerketa teknologikoaren zati bat enpresa partehartzailearen I+G unitatean egitea.

2. Bi erkidego baino gehiagoko taldeek parte hartzea.

5.-Bateragarritasuna.

Laguntza hauek eta helburu bereko beste dirulaguntzak bateragarriak izan daitezke, beti ere laguntzen batura ez bada dirulaguntzaren xede den ekintzaren kostu osoa baino handiagoa.

6.-Informazioa eman beharra.

Dirulaguntzen onuradunak beharturik daude ondoko dokumentazioa Industri Zuzendaritza Nagusira igortzera:

a) Proiektuaren garapena egiaztatzen duten txostenak, dirulaguntzari dagokion pagamendua egin aurretik onetsi beharko direnak. Txosten horietan agertuko dira dirusarrera eta gastu xehekatuak, proiektuaren garapena deskribatzen duen laburpena, proiektu hori gauzatzean izandako aldaketak eta horren ondorioz sortu diren aurrekontu-aldaketak eta, horiekin batera, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

b) Azken oroit-idazkia, proiektua egin dela egiaztatu eta horren emaitzen berri ematen duena, Proiektua bukatzeko emandako epea bukatu eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: a0103644