56. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

73/2001 FORU DEKRETUA, martxoaren 26koa, abuztuaren 21eko 284/2000 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Gizarte eta Osasun Laguntzako Planaren koordinatzailearen postua sortu zen.

Abuztuaren 21eko 284/2000 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Gizarte eta Osasun Laguntzako Planaren koordinatzailearen postua sortu zen eta xedatu hura Oinarrizko Osasun Laguntzako eginkizun laguntzaileetan ere arituko zela batera.

Hala ere, denbora honetan izaniko esperientzia dela-eta, komeni da Nafarroako Gobernuak onartu beharko duen plan hura behin betikoz prestatu eta abian jartzea lortzeko, probaldiak diraueino, eginkizun laguntzaileak bereiztea gizarte eta osasun arloak koordinatzeko berariazko eginkizunetatik, lanpostu horrek loturarik izan ez dezan Oinarrizko Osasun Laguntzako sendagile batenarekin. Hori horrela, bidezko da Foru Dekretua aldatzea, planaren koordinatzailearen ezaugarriak egokitzeko. Aldaketa honek Osasun Zuzendaritzaren eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritzaren adostasuna du.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko martxoaren hogeita seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Gizarte eta Osasun Laguntzako Planaren koordinatzailearen postua sortu zuen abuztuaren 21eko 284/2000 Foru Dekretuko 1, 2 eta 4. artikuluak aldatzea.

"1. artikulua. Gizarte eta Osasun Laguntzako Plana erabat garatu bitartean, Planaren koordinatzailearen postua sortzea. Koordinatzailea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Adimen Osasuneko zuzendariaren menpean egonen da zuzenean eta zerbitzuburuaren maila izanen du.

Nafarroako Gizarte eta Osasun Laguntzako Planaren koordinatzaileari, lehenik eta behin, Planean ezarritako probaldia diseinatu, zuzendu eta ebaluatzea dagokio, baita Nafarroako Gobernuak onartu beharko duen plana behin betikoz prestatzea ere.

2. artikulua. Gizarte eta Osasun Laguntzako Planaren koordinatzailea izendatu eta kargutik kentzeko ahalmena Osasun kontseilariari dagokio, Osasun zuzendari nagusiak eta Gizarte Ongizatearen zuzendari nagusiak egin beharreko baterako proposamenari jarraikiz.

4. artikulua. Foru Dekretu honetako 1. artikuluan ezarririko menpekotasuna deusetan galarazi gabe, 3. artikuluan aipatzen diren gizarte eta osasun laguntzako planaren koordinazio lanei dagokienez, koordinatzailea Osasun Departamentuko zuzendari nagusiari atxikita egonen da zuzenean, eta lan-jardunean haren eta Gizarte Ongizatearen zuzendari nagusiaren jarraibideei men egin beharko die, bien arteko koordinazioa bultzatzearren".

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren hogeita seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0103574