36. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

278/2001 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2001. urterako Nafarroan ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak finkatzen dituena, ehiza-barrutietako ehiza espezieek nekazaritzari eragindako kalteen arduradunak baitira, ehizarako basa faunak eragindako kalteak ordaintzeko.

Nafarroan maiz aski gertatzen da ehizarako basa espezieren batek kalte egitea alorretan eta basoetan, bereziki basurdeak, oreinak eta orkatzak, ehiza larriaren kasuan, eta untxiak, ehiza xehearenean.

Ehizarako basa faunak alorretan izaten dituen ondorio kaltegarriak arintzeko eta, aldi berean, animalia horien babesa eta iraupena bermatzeko, neurri ekonomiko zenbait hartu behar dira, helburua delarik eragindako kalteak hein batean arintzea, ekonomikoki kontuan hartzeko modukoak badira eta argi badago ez direla beste motatako ezbehar batek eragindakoak.

1995az geroztik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak urtean-urtean finkatu izan ditu, Foru Aginduen bidez, bai ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak, ehiza espezieek nekazaritzari eragindako kaltearekiko erantzunbeharra bete dezaten, bai Gobernuaren zuzeneko kalteordainak, Nafarroako Gobernua jabe edo arduradun duten barrutietako ehiza espezieek ukitutako nekazariendako.

Eskarmentuak frogatzen duenez, beharrezkoa da ehizarako eskubidea dutenek har dezatela beren erantzunbeharra nekazariekiko.

Horregatik, 2000. urtean bezala, komeni da laguntza sistema aldatzea. Izan ere laguntzak loturik egonen dira kalteari aurrea hartzeko neurriei, Foru Agindu honen oinarrietan azalduko den bezala.

Behar-beharrezkoa da aurreneurriak hartzea ehiza espezieek sobera kalte handirik eragin ez diezaioten nekazaritzari. Horregatik, Foru Agindu honekin batera, beste Foru Agindu bat eman da, ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak finkatzen dituena, beren barrutietan nekazaritzari eragiten zaion kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta habitata hobetzeko lanak egiteko. Aurreneurrietarako aurreikusten den dirulaguntzak aurrekontu betearen % 50 eginen du.

Horrekin batera, ehizarako eskubidea dutenei kalte tasatuaren % 75 bitarteko dirulaguntza emanen zaie, Foru Agindu honen oinarrietan adierazten diren baldintzak kontuan hartuta, ehiza espezieek nekazaritzari eragiten dizkioten kalteen erantzunbeharra beren gain har dezaten. Hudo edo eskopetaz, zakurrek lagunduta, edo, zenbait baldintzatan, sareen bidez untxiak harrapatzeko edozein sistema mota baimendurik daukaten ehiza barrutietan, dirulaguntza hori lortzez gero, kalteak saihesteko programa bat aurkeztu behar da, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak onetsia, ekainaren 30a baino lehen. Hala ere, nekazariek kalte tasatuaren % 100 kobratu beharko dute barrutien jabeengandik.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. 2001. urterako Nafarroan ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak emateko deialdia onestea, ehiza-barrutietako ehiza espezieek nekazaritzari eragindako kalteen arduradunak baitira, ehizarako basa faunak eragindako kaltea ordaintzeko.

2.cu8.Deialdi horretako arauak onestea, behar bezalako eginbideez horniturik espedientean baitira.

3. 25.000.000 pezetako gastua onartzea, 2001. urterako gastuen aurrekontuko "Partikular eta elkarteentzako kalteordain, aseguru eta laguntzak" izeneko 330000-31200-4809-5331 kontusailaren bizkar.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

5. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

6. Foru Agindu hau igortzea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Kontrol Administratiboaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontuhartzaile delegatuari, bidezko ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko martxoaren zazpian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

O I N A R R I A K

Lehena.-Xedea.

2001. urterako Nafarroan ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak finkatzea, horiek batira ehiza-barrutietako ehiza espezieek nekazaritzari eragindako kalteen arduradunak, ehizarako basa faunak eragindako kaltea ordaintzeko duten erantzukizunari aurre egiteko.

Bigarrena.-Betebeharrak.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zilegi izanen du dirulaguntzak ematea legez eraturik dauden Nafarroako ehiza barrutietan ehizarako eskubidearen titularrak direnei, beren barrutietakoak diren ehizarako espezieek nekazaritzako laboreetan egindako kalteen ordainak emateko modua izan dezaten, betiere kasu horietan honako baldintzak betetzen badira:

a) Barruti horiek onetsirik eta indarrean edukitzea, edo berraztertzeko bidean, Ehiza Antolatzeko Plan bat, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen araberakoa.

b) Barrutiaren aprobetxamenduaren titularrak hartuak izatea Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusitako neurriak, edo, horiek izan ezean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak nekazaritzaren gaineko kalteak galarazteko finkatu dituenak.

c) Esleipen zuzeneko barruti publikoen kasuan, Herriko Ehiztarien Elkarteak egunean egon beharko du ez barrutirik ez horretarako eskubiderik ez duten nafar ehiztariak onartzeari buruzko beharkizunetan eta kasu bakoitzean kobratutako kuotei dagokienean, eta akta, bazkide eta kontuen liburuak eguneratuak eduki beharko ditu.

d) Barrutiak funtzionamendu egokia izan dezala, indarra duen arautegiari dagokionez eta ez dadila egon nahitaezko elkartzeari buruz ebatzi gabe dagoen espedienteren baten mende.

e) Zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

f) Departamentuaren bulegoetan transferentzia bidez ordaintzeko eskaria eta entitateen zentsuko txartelaren fotokopia (ehiza eskubidedunaren IFZ) aurkeztuak izatea.

Hirugarrena.-Laguntzen zenbatekoa.

1. Laguntza hauen onuradunek kalte-ordain bat eman beharko diete nekazariei, kalteen tasazioaren ehuneko 100 eginen duena. Ehiza-eskubidedunek agirien bidez, zinpeko adierazpenaren bidez edo zuzenbidean onartzen den edozein baliabideren bidez nekazari ukituei kalte tasatuaren % 100 ordaindu dietela frogatu beharko dute. Halaber, frogagiri horiek Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamenduko Erregistroan aurkeztu beharko dituzte, Iruñeko Alondegi kaleko 1eko 1. oinean, dirulaguntza onartu eta ordaintzen denetik bi hilabeteko epean.

2. Laguntza horien zenbatekoa hauxe izanen da:

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bere peritu-tasatzaileen bidez, ebaluatzen duen kaltearen zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost, gehienez ere.

Ingurugiro zuzendari nagusiak abenduaren 30ean untxiak hudoz edota eskokopetaz zakurraren laguntzarekin edo sarez harrapatzeari buruz emandako 3325/2000 Ebazpenak eragina duen barrutietan, dirulaguntza kobratzeko ezinbestekoa izanen da aurreneurri programa bat idatziz aurkeztea ekainaren 30a baino lehen, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak onetsi behar duena.

Dirulaguntzen ebazpena eskaeren denborazko hurrenkerari jarraituz emanen da, baldin eta agiri guztiak aurkeztu badira. Egindako eskaeraren bati erantzuteko ez bada dirurik geratzen, hurrengo urteko ekitaldian ordainduko da.

Nafarroako ehiza-barrutietan ehizarako eskubidea dutenei dirulaguntzak emateko baldintza izanen da, beti ere, behar adina diru egotea eta Administrazioak eskabidearen ebazpen administratiboa ematean gaitasun ekonomikoa edukitzea.

3.-Prezioa eta produkzioa.

3.1 Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontratatutako peritu-tasatzaileak tasatutako kaltearen zenbatekoa finkatzeko erabiliko den arautegia, nekazaritzako produktuen preziorako honako hau izanen da:

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan tasazioa egin den hilabetean produktu bakoitzarentzat finkaturik ageri den prezioa.

Tasatutako produktua ez bada argitalpen horretan ageri, eta bereziki ardotarako mahatsari dagokionez, prezioa erabakitzeko Nafarroako Gobernuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak subentzionatutako asegurantza etxeek finkatutakoa erabiliko da.

Landareen kasuan, bai zainzuri-landareenean, bai mahasti, olibondo, bestelako fruta-arbol eta oihan espezieenean, merkatuko prezioa erabakitzeko Nafarroako merkatuan diharduten enpresen fakturetakoak erabiliko dira.

3.2. Produkzio datuak biltzeko, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan argitaratuak hartuko dira kontuan. Mahatsaren kasuan "Nafarroa" eta "Errioxa" jatorrizko deiturentzat ezarritakoak jasoko dira.

Laugarrena.-Salbuespenak.

Foru Agindu honi dagokionez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kasu hauek dirulaguntzetatik kanpo utziko ditu:

a) Foru Agindu honen 5. oinarriak ezarritako prozedura hertsiki betetzen ez dutenak edo 2. oinarrian eskatutako betebeharretara egokitzen ez direnak.

b) Foru Agindu honen 3. oinarriko 1. idatz-zatiko 3. oinarria edota 244/2000 Foru Agindua betetzen ez dutenak.

c) Ehizarako espezieek egindakoak, barrutiko aprobetxamenduaren titularrak Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusitako neurri beharrezkoak edo Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak finkatutakoak hartu ez dituenean, neurri horiek kalteak saihesteko edo arintzeko askitzat jotzen badira.

d) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak lehenagotik kontrolpean ehizatzea libre utzi duen espezieek sortutakoak, Ingurugiro zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 3265/1999 Ebazpenak ukituriko barrutiak izan ezik.

e) Nekazaritzako laboreetan egindakoak, haiek konpontzea barrutiaren titularra edo esleipen-hartzailea ez den beste edozein pertsona edo entitateren erantzukizuna denean.

f) Kalteak izan dituenaren utzikeriatik edo borondatetik heldu direnak. Utzikeria izan dela ulertuko da baldin eta kalteak eragiten dituzten animaliak ugaltzeko eta bertan gelditzeko laguntzen ahal duten lanak egiten badira, hala nola barrutirako hartutako aurreneurriak egokiro mantentzen ez direnean.

g) Ustiategi industrialetan edo era artifizialean zein basa ez den era batean hazitako ehizako espezieek egindakoak.

h) 1999ko otsailaren 17ko 253 Foru Aginduaren bidez izurri deklaratu diren espezieek egindako kalteak.

i) Ukitutako nekazaritzako lurzatiei dagokienez, honako baldintza hauek bete beharko dira:

i.1) Laborantza lanak bere garaian egin behar dira eta ohiko teknikak erabiliz. Bereziki, Nafarroako Gobernuak onetsitako nekazaritzako jokabide egokien Kodea bete behar da. Era berean, laborantzako lehen gaiak, hala nola, haziak, ongarriak eta fitosanitarioak egokiak izanen dira eta beharrezkoak laborea normal gara dadin. Nekazariak eskatzen dizkioten faktura eta agiri guztiak aurkeztu beharko ditu kaltea hartu duen laborean eginiko lanak eta aplikatutako produktuak justifikatu ahal izateko.

i.2) Untxiak eginiko kalteetan, eta kalte horiek handiak badira eta esparru zabal bat ukitzen badute, lekukoak edo itxitura txikiak jarri beharko dira, laborearen egoera erakusteko kaltea hartu duen esparruarekin alderatuta.

i.3) Mahasti, zainzuri sail, arboladi eta olibondo sail iraunkorretan eta basogintzan, eta kaltea munta handikoa baldin bada, laborea babestu behar da. Berriki landatutako mahasti, olibondo, almendrondo eta beste arboletan, landareak nahitaez hodiekin babestu behar dira. Mahasti, olibadi, almendrondo sail eta beste arboladi helduak dauden lurzatiak sare edo hesi elektriko batekin babestuko dira. Hodiaren altura untxiaren kalteetatik babesteko egokia izanen da.

i.4) Balio ekonomiko handikoak izanik iraunkorrak ez diren laboreak, hala nola hazitarako patata, brokoli, azalore eta beste barazkiak, kalterik izateko arrisku handia dagoenean, hesi elektriko batekin edo antzeko beste modu batekin babestuko dira.

Bosgarrena.-Prozedura.

Foru Agindu honek aipatzen dituen kalteordainak tramitatu eta ebazteko prozedura honelakoa izanen da:

a) Barrutiaren ehiza-aprobetxamenduaren titularrak kalteak gertatu eta gehienez ere hirurogeita hamabi orduko epean kaltearen berri eman beharko dio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontrataturiko peritu-tasatzaileen taldeari (telefonoa/faxa: 948-452426), Departamentu horrek kalteak izan direla egiazta dezan eta ondoren ebaluatu eta, egokia bada, kalte horiek horrela iraun ez dezaten beharrezkoak diren neurriak har ditzan.

Peritu-tasatzaileen taldeari deitu aitzin, ehiza-aprobetxamenduaren titularrak kaltea baietsi beharko du eta Foru Agindu honen 6. oinarrian aipatutakoa aurreikusi.

Peritu-tasatzaileari datu hauek eman behar zaizkio:

-Dirulaguntza eskatzeko orria, ehiza eskubidedunak sinatua, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera erantsirik (eredu ofizialaren araberakoak) eta IFZ txartelaren fotokopia. Eskaera orria peritu-tasatzaileak ehiza eskubidedunari emanen dio eta hari dagokio osorik beteta itzultzea.

-Kaltea izan duen nekazariaren izena eta bi deiturak, helbide osoa eta telefono zenbakia.

-Lurzatiaren datuak: poligono zenbakia; lurzati zenbakia; lurzatia zein udalerritan dagoen; kaltea hartu duen laborea; kaltea egin duen animalia; kaltea hartu duen lurzatiaren azalera osoa.

b) Onuradunak eta nekazariak kalteak erakutsi beharko dizkiote peritu-tasatzaileari lurzati kaltetuan bertan eta, gainera, katastroko planoaren edo lurzati-zedularen kopia aurkeztu beharko dute. Lurzatian bertan tasazioa egin ondoren, onuradunak eta nekazariak adostasuna adierazi beharko dute ezbeharraren aktan beren sinadura jarrita. Peritu-tasatzaileen taldeak txostenaren kopia bana emanen die kaltea hartu duenari eta onuradunari. Tasatzeko txosten hori dirulaguntzaren eskabidetzat joko da.

c) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, peritu-tasatzaileen taldearen bitartez, gertatutako kalteen gainean txosten bat eginen du ahalik eta azkarren.

Seigarrena.-Eginbeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Noiznahi ere Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari datu eta jarduerak egiaztatzen uztea.

b) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraztea proiektua garatzean gertatzen den edozein gorabehera, haren edukia edo gastua aldatzen badu, gertatu bezain laster. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, espreski bere gain hartzen ez badu.

c) Nafarroako ehiza barrutietan ehizarako eskubidearen titularrak direnentzako dirulaguntzaren kasua denean, peritu-tasatzaileak barruti eta denboraldi berean labore mota bera aztertzeko egiten duen bigarren ikustaldirako eta hurrengoetarako 20.000 pezetako prezioa ezarri da.

Era berean, lurzatiaren luze-zabalari dagokionez, kalteen gutxieneko ehunekoa egiten ez duen tasaziotik beherako lurzatiei ere ez zaie dirulaguntzarik emanen. Gainera, bertarako ikustaldiak kobratuko dira, honelaxe:

5,5 erregu bitarte; gutxieneko ehunekoa: % 10; 4.000 pezeta.

5,6 erregutik 11 erregura; gutxieneko ehunekoa: % 9; 5.000 pezeta.

11,1 erregutik 22 erregura; gutxieneko ehunekoa: % 9; 6.000 pezeta.

22,1 erregutik 40 erregura; gutxieneko ehunekoa: % 6; 8.000 pezeta.

40,1 erregutik 60 erregura; gutxieneko ehunekoa: % 4,5; 10.000 pezeta.

60,1 erregutik 100 erregura; gutxieneko ehunekoa: % 3; 25.000 pezeta.

100 erregutik goiti; gutxieneko ehunekoa: % 2; 30.000 pezeta.

Aipatu diru kopurua eskatzaileari kargatuko zaio, sortzapen gutunaren bitartez.

Zazpigarrena.-Balditzak ez-betetzea.

Dirulaguntzaren xede den jardueraren baldintzak osorik edo hein batean betetzen ez badira, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, baita atzerapen-korrituak ere, dirulaguntza ordaintzen denetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Zortzigarrena.-Dirulaguntzen kontrola.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ardura hartuko du dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintzak bete daitezen eta aurreikusiriko inbertsioak behar bezala gauza daitezen. Horretarako ikuskapen eta egiaztapenak egiten ahal ditu eta onuradunei eskatzen ahal dizkie jarduerari buruz beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eta agiriak, baita haiek bertara ager daitezela ere.

Bederatzigarrena.-Bestelako arauak.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedaturikoarekin bat onetsi da. Haren edukiak zuzentzen eta osatzen du deialdi honetakoa.

Hamargarrena.-Helegiteak.

Deialdi honen, haren oinarriak eta hura aplikatzeko egintzen aurka bidezko da helegite arrunta paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114, 115, 116 eta 117. artikuluekin bat.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Agindu hau betetzeko sortzen den gastua Nafarroako 2001erako gastuen aurrekontuko "Partikular eta elkarteentzako kalteordain, aseguru eta laguntzak" izeneko 330000-31200-4809-5331 kontusailaren bizkar izanen da. Mota horretako laguntzetarako diru kopurua 25.000.000 pezetakoa izanen da. Kopuru hori handitzen ahal da, behar izanez gero, aurrekontuko kontusail berdinaren kargura.

Iragarkiaren kodea: A0102545