27. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko otsailaren 5ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 1999ko ekainaren 14ko Foru Agindua aldatzen duena. Aipatu Foru Aginduaren bidez, nekazaritzako ekoizleen elkarteen eraketa sustatzeko laguntzen araubidea garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko esparrurako.

Abenduaren 18ko 2722/1998 Errrege Dekretuak, nekazaritzako ekoizleen elkarteen eraketa sustatzeko laguntzen araubidea ezarri zuenak, bere 4. artikuluan agintzen duenari jarraikiz, entitatearen esparruak autonomi erkidego batena gainditzen ez badu, autonomi erkidegoko organo eskudunak tramitatu, ebatzi eta ordainduko du laguntza, eta berdin jokatuko da gainditzen duenean ere, entitatearen helbide soziala eta bazkideen 100eko 90aren helbidea, gutxienez, autonomi erkidego horretan badaude.

Halere, 1999ko ekainaren 14ko Foru Aginduak, nekazaritzako ekoizleen elkarteen eraketa sustatzeko laguntzen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko esparrurako garatu zuenak, bere 2.2. artikuluan ezartzen duenaren arabera, entitatearen esparruak Foru Komunitateko lurraldea gainditzen duenean, hartu beharreko laguntza Nafarroako esparruan lorturiko ekoizpenari dagokion zatiagatik izanen da. Nafarroan kokaturiko eremu edo ekoizpen unitateen arabera kalkulatuko da ekoizpen hori.

Bi arau horien artean dagoen kontraesana kaltegarria izan daiteke helbide soziala eta bazkideen 100eko 90aren helbidea, gutxienez, Nafarroan izateko baldintza betetzen duten nekazaritzako ekoizleen elkarteentzat, ez luketelako laguntzarik hartuko Foru Komunitatearen lurraldetik kanpo lortutako ekoizpenarengatik.

Hori gerta ez dadin, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 32.6 b) artikuluaren bidez eman zitzaizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Nekazaritzako ekoizleen elkarteen eraketa sustatzeko laguntzen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko esparrurako garatu zuen 1999ko ekainaren Foru Agindua aldatzea.

Aldaketa horren ondorioz, kendu egin da 2. artikuluko "Onuradunak" izeneko 2. atala.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren bostean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0101499