27. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko urtarrilaren 29koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako lehen mailako nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makineria erosteko laguntzak arautu eta laguntza horiek jasotzeko 2001. urteko deialdia egiten duena.

Nekazaritzako makineria erosteko dirutza handia behar izaten da, arlo horretako teknologiaren bilakaera etengabekoa baita. Horregatik, inbertsio horiek ikaragarrizko eragina izaten dute nekazaritzako ustiategien ekonomietan.

Kostuak murrizteko bide bat nekazaritzako makineria elkarrekin erabiltzea da. Hortaz, Nafarroako Gobernuak, azaroaren 22ko 351/1993 Foru Dekretuaren bidez, nekazaritzako makineria erabiltzeko kooperatibak (NMEK- CUMA) sortzeko araubidea eman zuen eta entitate horiek makineria erosteko dirulaguntzak ezarri zituen.

Irailaren 25eko 423/1995 Foru Dekretuaren bidez, onura berberak eman zitzaizkien lurra elkarrekin ustiatzeko kooperatibei.

Erabaki horien emaitza positiboa izan da. Gaur egun, 68 NMEK daude Nafarroan, 49 herritan sakabanatuak, guztira bostehun bat ustiategi hartzen dituztenak.

Azaroaren 22ko 353/1993 Foru Dekretu horren helburuak bete direlarik, bidezko da xedapen horietan bildutako laguntzak Nafarroako lehen mailako nekazaritza kooperatibei ere eskaintzea, estatutuetan bazkideen ustiapenetan erabiltzeko makineria atal bat sortzea aurreikusita dutenei, hain zuzen.

Horrenbestez, Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuaren proposamena ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da Nafarroako lehen mailako nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makineria erosteko laguntzen 2001. urteko deialdia eta haren oinarriak ezartzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Foru Agindu honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izateko, kooperatibek Nafarroako kooperatibak arautzen dituen uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, zehazki 62. artikuluan ezarritakoa, eta, gainera, nekazaritzako makineria atal bat sortzeko aukerabidea bildu beharko dute estatutuetan, kooperatibako bazkide guztien edo parte baten eskueran.

3. artikulua. Bete beharreko baldintzak.

Laguntzak jasotzen dituzten kooperatibek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.-Laguntzaren xede den makina bat erabiliko duten makineria ataleko bazkideen bi herenen edo gehiagoren lan jarduera nagusia nekazaritza izatea eta, gainera, makina horren erabileran horiexek parte hartzea nagusiki.

2.-Kasu guztietan, laguntzen den makina bakoitza erabiltzeko konpromisoetan bazkide bakoitzak izanen duen partaidetza, gehienez, % 33,3koa izanen da. Hortaz, makina bat hiru bazkidek erabili ahalko dute, gutxienez.

3.-Kasu guztietan, Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen dituzten makineria ataleko bazkideek nekazaritzaren errentetatik etorritako dirusarrerarik badutela egiaztatu beharko dute.

4.-Kooperatiba eskatzaileak bere bideragarritasun ekonomikoa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren aurrean egiaztatzeko moduan egon beharko du.

5.-Nekazaritzako kooperatiba eskatzaileen estatutuetan, uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legean oro har eskatutakoaz gainera, nahitaez honako alderdi hauen aipamenak bildu beharko dira:

a) Laguntzaren xede diren makinak haiek erabiltzeko konpromisoa hartzen duten makineria ataleko bazkideen ustiapenetan erabiliko direla, ez bestetan.

b) Laguntzen xede diren makinak erabiltzeko konpromisoa zehazteko, bazkide bakoitzaren partaidetza moduluak ezartzea, baita kasuan kasuko tresna erabiltzeagatiko konpromiso ekonomikoa ere, hura erabat amortizatu arte eta kooperatibaren jabetzan dagoen bitartean, baina arautegian ezarritako epea gainditu gabe.

c) Makineria ataleko bazkideek atal horretan denbora jakin batean segitzea ezinbestean, lagunduriko makina bakoitzak dakartzan konpromisoei eutsiz, kooperatibaren estatutuetan baja justifikatua hartzeko aipatzen den kasuren bat gertatu ezik. Epe hori, betiere, lagunduriko makinaren amortizazioaldia baino luzeagoa izanen da eta hamar urtetik beherakoa.

d) Aurreko idatz-zatian ezarritako konpromisoa ez betetzeagatik, justifikatu gabeko baja hartzen duen bazkideari kapital sozialean egindako ekarpenak itzuli behar zaizkion kasuetan, uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 45.4.b) artikuluak baimentzen dituen kenkarien gainean Zuzendaritza Kontseiluak ezarri beharreko igoera ehuneko hamarretik gorakoa ez izatea.

e) Baja hartzen duen bazkideak dagokion dirua ordaintzea, hots, laguntza hauen babesean erosten den makineriarekin hartutako konpromisoaldiaren bete gabeko zatiari dagokiona.

f) Makineria atalean hartutako konpromisoetan bazkide batek edo gehiagok baja hartuz gero, kooperatibaren ekonomiari eta makinaren errentagarritasunari eusteko behar diren neurriak adieraztea.

g) Hitzarturiko partaidetzaren arabera, kooperatibaren makineria atalari atxikitako bazkide bakoitzak nahitaez egin beharreko diru-ekarpenaren aplikazio moduluak, bai atalean onartzen duten momentuan, bai makineria erosten den unean.

4. artikulua. Laguntzak.

1.-Laguntzak nekazaritza lanetarako makineria berria erosteko izanen dira, betiere haren bideragarritasuna eta egokitasun tekniko-ekonomikoa egiaztatzeko txostena baldin badago.

2.-Laguntzak, zehazki, zuzeneko dirulaguntzak izanen dira. Kontabilitatearen ondorioetako, ustiategiarentzako dirulaguntza gisa hartu beharko dira eta aurrekontuetan horretarako dirurik aski badago emanen dira.

3.-Hona hemen laguntza horietarako gehieneko diru-mugak:

-Makineria atalari atxiki beharreko lehenbiziko makineria erosteko, inbertsioaren % 35eraino.

-Ordezkatzeko makineria erosteko, hots, aurretik diruz lagundu den materiala ordezkatzekoa, inbertsioaren % 17,5eraino, salbu eta ordezkapen hori bazkideen kopurua, produkzio-unitate fisikoak edo kapital soziala igotzearen ondorioz egin beharra baldin badago, kasu horretan laguntzak aurreko lerroaldean adierazitakoak adinakoak izan ahalko dira eta.

4.-Horrez gainera, makineria erosteko egiten diren bideragarritasun azterlanetarako ere emanen dira laguntzak, inbertsioaren % 12ra arte. Horretarako, hala ere, 199.663 pezeta (1.200 euro) emanen dira gehienez.

5. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Kooperatiba onuradunek honako beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Laguntzaren xede diren makinak haiek erabiltzeko berariazko konpromisoa duten makineria ataleko bazkideek baino ez erabiltzea, nork bere ustiategian.

b) Kooperatibaren kontabilitate edo erregistro liburuetan, jasotako dirulaguntza erregistratzea.

c) Dokumentazio soziala behar bezala eramatea, uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 53. artikuluak emandako ohar orokorrek agindu bezala.

d) Makinak Nafarroako Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialean inskribatu beharko dira. Erregistro horretan -eta bidezkoa bada, baita inskripzio kartillan ere- alboko ohar bat idatziko da.

e) Makinak urte bateko epean erosi beharko dira -eta erosketaren ordainagiriak aurkeztu-, dirulaguntza ematen denetik kontatzen hasita.

f) Laguntzaren xede den makinaren segimendu eta/edo mantentzerako arduradun bat izendatzea.

g) Laguntzaren xede den makina bat erabili behar duten makineria ataleko bazkide guztien artean, aurretik, erosi beharreko makinaren balioaren ehuneko hogei ordaindu beharko dute, kapital sozial gisa.

h) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea diruz laguntzen den makineriaren konpromisoa duten bazkideen baja-altak.

i) Laguntzen xede diren ondasunak bost urtean ez besterentzea, dirulaguntza ematen den egunetik hasita.

j) Era berean, onuradunak behartuta daude Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztera helburu berbererako beste dirulaguntzarik eskatu edo hartu ote duten.

k) Dirulaguntza kobratu aurretik, kooperatiba onuradunek egiaztatu beharko dute Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunen ordainketan egunean daudela.

l) Ematen den dirulaguntzaren inguruan organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen oro onartu beharko dituzte.

6. artikulua. Laguntzen izapidatzea.

1.-Eskaera: laguntza eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzenduko zaizkio eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Gainera, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatu tokietan ere aurkeztu ahalko dira.

2.-Aurkezteko epea: eskaerak urteko lehenengo sei hilabeteetan aurkeztu beharko dira.

3.-Dokumentazioa. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-IFZren fotokopia.

-Kooperatibaren eraketa eskriturak eta estatutuak.

-Zuzendaritza Kontseiluaren osakideen zerrenda.

-Makineria Atalari atxikitako bazkideen zerrenda.

-Kooperatibaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzeko: eskatutako laguntzez baliatuko diren makineria ataleko bazkideen zerrenda, bazkide horiek nagusiki nekazaritzan jarduten dutela eta kapital sozialaren banaketa.

-Inbertsioa egitea erabaki zen bilkuraren akta, inbersioaren zenbatekoa eta zein helburutarako erabiliko den aipatuz.

-Laguntzaren xede izanen den inbertsioa justifikatzeko memoria.

-Inbertsioak finantzatzeko plana.

-Kooperatibaren makineria atalak epe labur eta ertainera dituen inbertsioen plana.

-Proformako fakturak.

-Laguntzaren xede diren makinak bost urtean ez besterentzeko konpromisoa.

-Bazkide bakoitzak makineria atalean bazkide gisa segitzeko hartutako konpromisoaren egiaztagiria, harik eta erabiliko diren makinen amortizazioaldia amaitu arte bederen, baina hamar urte baino gehiago ez, betiere estatutuetan baja justifikatua hartzeko gorabeheraren bat gertatzen ez bada.

-Interesatuek sinatu eta Zuzendaritza Kontseiluak berretsitako agiriak, non estatutuen arabera finkatutako partaidetza moduluak adieraziko baitira (denbora- unitateetan, bakoitzaren azaleraren arabera...).

-Laguntza jasoko duten makinen arduraduna izendatzen duen kooperatibaren ziurtagiria.

-Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroak emandako ziurtagiria, inbertsio honetan konpromisoa duten makineria ataleko bazkide guztiei buruzkoa.

7. artikulua. Emateko prozedura.

1.-Laguntzak Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez emanen dira, delegaturiko eskurantzak baliatuz.

2.-Laguntzak emateko, inbertsioaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari buruzko adostasun txostena beharko da. Nahitaezko txosten hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1997ko martxoaren 3an emandako Foru Aginduan adierazitakoaren arabera eraturiko batzorde batek prestatu beharko du. Batzordean erakunde hauetako ordezkariak egonen dira: Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzua, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroa, Nekazaritzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarena eta eta Abeltzaintzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarena. Horiez gainera, Nafarroako Nekazaritza Kooperatiben Batasunaren (UCAN) ordezkari bat izan ahalko da, mahaikide gisa

3.-Laguntzen banaketari buruz ebazpena emateko epea sei hilabetekoa izanen da. Epe hori amaiturik, laguntza ukatu dela ondorioztatu ahalko da.

8. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

1.-Dirulaguntza ordaindu aurretik, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntza jasoko duten makinen behin betiko fakturak.

b) Nekazaritzako Makinen Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiriak, Erregistro horietan inskribatu beharreko makina guztienak.

c) Dirulaguntzarekin erosten den makineriaren balioaren ehuneko hogei ordaindu izanaren agiria, kapital sozial gisa.

2.-Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea urte batekoa izanen da, espedientea onesten denetik hasita.

9. artikulua. Itzulketa.

Dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintza eta konpromisoak bete ezean, laguntzak oso-osorik itzuli beharko dira, baita bidezko diren berandutza korrituak ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

10. artikulua. Arau-hauste eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Foru Agindu honetan ezarritako laguntzak aurrekontuetako mugen araberakoak izanen dira. Beraz, aurrekontuetako kontsignazioetan dirurik aski ez dagoenean edo diru guztia hitzartua dagoenean, eskaerak onartzeko epea itxi ahalko da.

Bigarrena.-Foru Agindu honetan araututako laguntzak 2001. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kooperatiba araubidean jartzeko diren makinetarako eta produkzio-baliabideetarako dirulaguntzak" izeneko 71210- 7700-7131 kontusailaren kargura emanen dira (10000 proiektua).

Hirugarrena.-Foru Agindu honen aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 113. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoarekin bat.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urtarrilaren hogeita bederatzian.-Neka- zaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0101302