22. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 16a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

EL BUSTO

Behin betiko onespena, El Bustoko udal hilerriaren erabilera eta bertako zerbitzuez baliatu eta horiexek emateagatik ordaindu beharreko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantzari

El Bustoko udal hilerriaren erabilera eta bertako zerbitzuez baliatu eta horiexek emateagatik ordaindu beharreko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik 30 eguneko epea iragan denez, inolako erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe, El Bustoko Udalak, 2000ko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, erabakia hartu zuen aipatu ordenantza behin betikoz onesteko eta hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko. Hona hemen haren testu osoa:

EL BUSTOKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA BERTAKO ZERBITZUEZ BALIATU ETA HORIEXEK EMATEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO ESKUBIDEAK ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Foru Legearen 4, 25 eta 26. artikuluei eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29. artikuluei jarraikiz, El Bustoko Udalari dagokio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, bestelako agintaritzek honen gainean egotzirik daukaten legezko eskumena ukatu gabe.

2. art. Administrazioak, zuzendaritzak eta zainketak ondoko ahalmenak dakartzate:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Tarifei, hilotzen eramateari eta hilerriko barne araubideari dagozkien guztiak.

c) Hilobien antolaketa, banaketa eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak eskuratzea.

3. art. Alkatetzak bere ardura izanen du hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, horretarako behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hori ahalik eta hobekien betetzeko proposamen zehatzak aurkeztuko dizio Udalari.

4. art. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. art. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, nahiz beste hilerri batera eramateko ere, betiere osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie hala egitea eskatu dutenei, nahi baldin badute jarduketa hori ikusi ahal izan dezaten.

Epea akitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

6. art. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

7. art. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Panteoietan eta nitxoetan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik guttienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa besterik ez badira.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik guttienez ere bortz urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa besterik ez badira.

c) Hilobi mota guztietan ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino laburragoko epeetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako, epaile batek manatu ezean.

Hala ere, bizitakoan, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkinak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

8. art. Hilotz baltsamatuak eraman eta lekualdatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri behar litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

9. art.Urririk izan ala kostu bidez izan, hilerriko lur guztiak hileta aferetarako erabiliko dira eta Udalak kontzesio administratiboa eman beharko du erregelamendu honi jarraikiz. Ez da inoiz ez inola emanen mugarik gabeko kontzesiorik.

Bi kontzesio mota izanen da, erran nahi baita:

1) Bat, doakoa:

Gorpu bakarreko hilobietarako, lurpean eta 40 urtez, nahiz eta, leku gutti izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen guttienekoa beteta jasoko den handik.

Horrelako hilobietan, gurutze edo frontis bakar bat jartzea da libre, neurri hauekin: metro bat altu, metro erdia zabal eta 8 zentimetro lodi.

2) Bertzea, kostu bidezkoa, panteoietarako eta 50 urtez.

Aitzineko lerroaldean azaldu kontzesiorako luzapena, eskatzen den guztietan emanen da, eta panteoietarako, 49 urtekoa izanen da.

Aipatu luzapenak, ematen direnean indarra duten prezioei lotuko zaizkie, eta horretan ez da salbuespenik onartuko. Kontzesioa zer egunetan bukatzen den, luzapena 2 hilabete aitzin eskatu behar da gehienez ere, eta guttienez ere 15 egun lehenago.

10. art. Familiendako panteoi edo hilobiak, korporazio edo elkarteenak edo famili buruarenak egiteko lurren hileta erabilera, eskabideen hurrenkeraren arabera onartuko du Udalak osoko bilkuran, eta interesatuak aldez aurretik eskatuta.

Metro karratuko 1.000 pezetako prezioa ezartzen da lehen 50 urteetarako.

Kontzesioaren luzapenak prezio bera izanen du.

Prezioa Udalbatzaren kutxan sartuko da, kontzesioa jakinarazi ondoko 15 egunen barnean, eta kontzesioak ez du inolako eraginkortasunik izanen ordainketa egiaztatzen ez den bitartean.

Hilobiak eraikitzeko eskabideari hilobiaren proiektua erantsiko dio eskatzaileak.

11. art. Hilerrian, lurren kontzesio guztiak, lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko direla ulertu behar da. Eskuratzaileen eskubideak xede horretara mugatuta daude eta, hortaz, bai lurrak baita haren gainean egiten diren eraikuntzek erregelamendu honek zehazten dituen baldintzak bete behar dituzte alderdi guztietan.

12. art. Lurren kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko, alegia, haren usufruktua bertzerik ez da erosten eta lurra hilerriaren jabetzapekoa da.

14. art. Kanpoko paretaren ondoko lurzatien kontzesiodunek, hogeita hamar cm-ko tartea utzi beharko dute hobien eta esparruko murruaren artean. Tarte hori hezurtegi partikularrerako izan daiteke.

15. art. Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, horiek men eginen diete mehelinei buruzko ohiko xedapenei.

16 art. Hobia kokatzeko gastuak, baita lurrerauzketakoak eta gainerakoak, kontzesiodunaren kontura izanen dira obra akitu arte.

17. art. Obrak gehienez ere 2 urtetan egin eta burutuko dira kontzesiotik hasita. Epe horretan burutzen ez bada, uko egiten zaiola ulertuko da eta horrek bai ordaindutako dirua bai egindako obra atala galtzea ekarriko du.

18. art. Erregelamendu honen aurreko kontzesioak zeuden horretan eta eman ziren bezalaxe errespetatuko dira.

Hortik aitzina ematen direnek, ordea, 9. artikuluan aipatu den iraupena izanen dute.

19. art. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik arlo zibilean aferarik baldin bada.

20. art. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendua eginen die interesatuei 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean honi buruz xedatutakoa aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesatuei pasatuko zaie eta ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.

21. art. Kontzesioak honako hauengatik ere amaitu ahal izanen dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Panteoi batek 25 urte baino gehiago egiten badu eskutik utzia.

c) Hilobia erabili beharrekoak hiltzeagatik.

PREZIOEN ERANSKINA

Lurzatien kontzesioa, panteoietarako

Panteoiak egiteko lurra: 1.000 pezeta metro karratu bakoitzeko, lehenbiziko 50 urtetarako.

Luzapenak: eskubide berberekin.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe geratzen dira, inongo balio eta ondoriorik ez dutela, ordenantza hau bete dadin galarazi edo kontra egiten dioten lehenagoko udal xedapen guztiak.

El Buston, bi milako abenduaren lauan. Alkate udalburua, Rubén Marañón Taberna.

Iragarkiaren kodea: A0012086