22. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 16a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B E R R I O B E I T I

Trafikoari buruzko ordenantza behin betikoz onetsirik

@@@

Berriobeitiko Udalak, 2000ko ekainaren 20an egindako osoko bilkura arruntean, legeak eskatutako quorumaz hitzez hitz heldu den erabakia hartu zuen:

1. Honako ordenantza hau behin betikoz onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatuarekin bat:

Trafikoari buruzko ordenantza.

2. Onetsitako ordenantzaren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Berriobeitin, bi milako abenduaren hemezortzian. Alkate udalburua, José Larrañeta Ilundáin.

TRAFIKOARI BURUZKO ORDENANTZA

Ondoko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz: Toki Araubidearen gaineko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2-b artikulua; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 29. artikulua eta 5/1997 Legeko 7-b artikulua (lege honek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu baitzuen); eta kontuan hartuz horiek denek hiriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorretako eskumenak Udalari ematen dizkiotela, ordenantza hau ematen da.

JOKABIDERAKO ARAU OROKORRAK

1. artikulua. Ibilgailuek debekatua dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, bai eta ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bertzelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

2. art. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

3. art. Debekaturik dago suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo isuriak bidera botatzea.

4. art. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik zeharkatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo bertze erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. art. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo bertze zerbait direla eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

6. art. Arrastiritik argi-hastera bitarte ibilgailuek hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal mugapeko galtzada guztietan. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak, eguraldiak hala eskatzen duenean, eraman beharko dira piztuta.

7. art. Debekaturik dago gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko antzeko bitartekoak erabiltzea, hauek "eskuak libre" izeneko gailua dutenetakoak ez badira, behintzat.

Bizikletak eta ziklomotorrak

8. art. Ziklomotorren, bizikleten, monopatinen eta gidarien energiak mugitzen dituen gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dituzte gidariek.

9. art. Bizikletak eta ziklomotorrak oinezkoendako alderdietan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatzen ahalko dira, baina Udalak ezarritako gune erreserbatu eta behar bezala seinalatuetan soil-soilik.

10. art. Aparkatzeko gune horietara oinez sartuko dituzte ziklomotorrak, gainean jarrita joan gabe eta motorra itzalirik, eta haren indarraz soilik espaloiaren koska igotzeko baliatuz.

11. art. Ziklomotorrak semibaterian aparkatuko dira galtzadan, gehienez ere metro eta erdiko zabalera okupatuz.

12. art. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da horietan sartzea galaraziko, ez eta zirkulaziora itzulzeko maniobra ere.

13. art. Debekaturik dago bizikletak, patinak eta monopatinak espaloietan, parkeetako eta lorategietako karriketan ibiltzea, horretarako erreserbatutako alderik ez bada.

14. art. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen. Errei bat baino gehiagoko bideetan, albokoetan barna ibiliko dira. Errei bat baino gehiagoko bidegurutzeetara hurbiltzean, egin beharreko biraketari dagokion eskuineragoko erreiaren eskuinaldetik joanen dira.

15. art. Debekaturik dago bizikletak gauez ibiltzea, aitzineko argia eta gibeleko islatzailea, gutxienez, ez badaramate.

Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

16. art. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

Zamalanak

17. art. Udalak zamalanetarako berariazko guneak finkatu ahalko ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak.

18. art. Gune horietan, zamalanak salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte, hauek 2 metro zabal edo 5,5 metro luze baino gehiago ez badira, beti ere horretarako erreserbatutako guneen barnean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako ordutegien barnean.

19. art. Zamalanetarako erreserbatutako aldeetan, lan horiek egiteko nahitaezko denboran baizik ez da aparkatzen ahal eta inoiz ez 30 minutu baino gehiagoz.

20. art. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eragotz edo oztopa, ez eta atari, saltoki edo baimendutako pasabideen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

21. art. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots gutxi atereaz.

22. art. Ibilgailuak espaloiarekin batean lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aitzinaldea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatutako eremutik kanpora atera.

23. art. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak eman ahal izanen ditu, lan berariazkoak egitearren (aldaerak, fuelaren hornidura, obrak, etab.), aldez aurretik eskatu eta dagokion tasa ordainduta.

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

24. art. Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek, debekatua dute Udal honetako herrietako hiriguneen barnean zehar ibiltzea.

25. art. 24. artikuluan aipatutako ibilgailuek erabat debekatua dute Berriobeitiko udal mugape osoan aparkatzea.

Oinezkoendako alderdiak

26. art. Berriobeitiko Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua, erabatekoa edo hein batekoa, ezarri ahal izanen du udalerriko alde batzuetan. Horiexek izanen dira oinezkoendako alderdiak.

27. art. Alderdi hauek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, bai eta ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten bertze elementu batzuk ezarriz ere.

28. art. Oinezkoendako alderdietan ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinalatutako alderdiaren barrenean dauden bide guztiak hartu ahal izanen ditu.

b) Ibilgailuak ibili eta aparkatzeko galaraziriko denbora ordutegi batera mugatu ahal izanen du.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

29. art. Nolanahi ere, murrizketa hauek ez dute eraginik izanen Udalak, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, baimena emandako ibilgailuen kasuan.

30. art. Oinezkoendako alderdietan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraikiz, hala erakusten denean.

31. art. Berriobeitiko oinezkoendako alderdi guztietan abiadura mugaturik egonen da, eta 30 km ordukoa izanen da, gehienez.

Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

32. art. Oro har, 3.500 kg-tik gorako B.G.P. duten ibilgailuek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

33. art. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

34. art. 32 eta 33. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak berariazko tokiak ezarri ahalko ditu halako ibilgailuak aparkatzeko; kasu horretan, erregelamendu bidez zehaztuko den baimena jaso beharko da udal agintariengandik.

35. art. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespeneko kasuetan, aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

36. art. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

37. art. Erabat debekaturik dago karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

Trafikoaren kontrol eta antolamendurako neurriak

38. art. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betikoz nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

39. art. Udaltzaingoak aldi baterako aldatu ahal izanen du zirkulazioaren antolamendua, bai eta sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguru eta errazagoa izan dadin.

40. art. Udaltzaingoak trafikoari dagokionez egiten dituen adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko bertze edozein seinalazio edo arautegiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoarentzat ulerterrazak izan beharko dute.

41. art. Udalak aldi baterako debekatu ahal izanen du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinaleztatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik seinalatuz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal altxatokira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan non dauden ibilgailuak jakinaraziko zaie titularrei.

42. art. Bide publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesatuaren kargura, bai eta, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez dituztenenak ere.

43. art. Erabat debekaturik dago zirkulazio seinaleak aurretik Udalaren baimena izan gabe paratzea.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan jartzea.

44. art. Udalak halako bideak lehentasunekoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratu ahal izanen du, bigarren ilaran gelditzea debekatu eta bertan egindako arau-hausteengatiko zehapenei isuna ezartzeko.

45. art. Berriobeitiko udal mugapeko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Horrenbestez, ibilgailu bat 7 egun gehienez egon ahalko da toki berean mugitu gabe. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrora aparkatu beharko da.

Baimendutako eremuan denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.

Garraio publikoaren geralekuak

46. art. Berriobeitiko Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren eta bidaiarien lineaz kanpoko garraioaren geralekuak.

Autobusak geratu beharko dira horretarako prestatutako tokian, zirkulazio erreiak libre utziz.

47. art. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, autobus linearen hasiera eta amaiera gisa seinalaturiko lekuetan izan ezik.

48. art. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean egoten ahal dira ibilgailu horiek.

49. art. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

Ibilgailu abandonatuak

50. art. Ibilgailu abandonatuak karrikan luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, bide publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, honako artikulu hauetan zehaztutako jarduketak eginen dira haien gainean, kanpoko itxurak, toki berean emandako denborak eta bertze inguruabarrek abandonaturik dagoela pentsarazten badute:

51. art. Berriobeitiko Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta horrek bortz egun naturaleko epea izanen du egokitzat jotzen dituen alegazioak eta, betiere, ibilgailuaren aseguruaren kopia aurkezteko. Ibilgailua, arriskuren bat sortzen badu, kentzen ahalko da eta titularrari ondotik jakinarazi.

Aurreko lerroaldean aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ez eta indarra duen asegururik ekarri ere, ibilgailua udal altxatokira eramanen da. Ibilgailua behin altxatokian utzita, handik eraman ahal izateko beharrezkoa izanen da indarra duen asegurua aurkeztu eta dagokion tasa ordaintzea.

Ibilgailu abandonatua altxatokira eraman ondotik, titularrak berreskuratzeko eskaerarik egin gabe, edo alegazioak eta indarra duen asegurua aurkezteko epea bukatuz geroztik, hogeita hamar egun natural iraganik, desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistroan baja emateko.

Gelditu eta aparkatzea

52. art. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraikiz, ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea.

Aparkatzea, berriz, aurreko lerroaldeko egoeran, hau da, geldituta, ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

53. art. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

54. art. Erabat debekaturik dago gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoendako alderdietan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoendako alderdietan eta lorategietan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide-zatietan.

h) Ezinduendako edo bertze erabilera batzuetarako espaloi-oketsetan.

i) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.

j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

k) Seinaleak baimendutako biraketa egitea eragozten denean.

l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

m) Zirkulazioa oztopatzen den bertze toki guztietan, denbora txikienerako bada ere.

55. art. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo semibaterian, zeharka.

55.1. Zoladuran seinaleak dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako perimetroaren barnean aparkatuko dira.

55.2. Ibilgailuak zintarritik ahal den hurbilen aparkatuko dira, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko adina tartea utziz.

55.3. Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motoretik bereizitako atoiak.

55.4. Bertze erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko maneran eginen da.

55.5. Zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan ordutegitik kanpo aparkatzea libre izanen da, salbu eta espreski debekaturik badago.

56. art. Erabat debekaturik dago aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatuta dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zamalanetarako seinalatutako tokietan, debora mugen barrenean.

e) Pasabideetan, erabat edo hein batean.

f) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

g) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz.

h) Ezinduek bertze inork ez erabiltzeko seinalatutako tokietan.

i) Galtzadaren erdian.

j) Zerbitzu publikoaren, Berriobeitiko Udalaren, erakunde ofizialen eta antzekoen ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

k) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.

Ibilgailuak bide publikotik kentzea

57. art. Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, Udaltzaingoak edo horretarako izendatuko den agintariak bide publikotik kendu eta udal altxatokira eraman ahalko dute honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa narriatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 67.1 artikuluaren hirugarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, ibilgailua ibilgetu ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

e) Ibilgailua erreietan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako bide-zatietan aparkatuta dagoenean.

f) Zaborrontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

58. art. Kasu bakar batzuk baizik ez aipatzearren, ibilgailua ordenantza honen aurreko artikuluaren a) idatz-zatian zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, kentzea justifikatua dagoela ulertuko da:

58.1. Gelditzea debekaturik dagoen toki batean aparkatuta dagoenean.

58.2. Ibilgailua bigarren lerroan eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

58.3. Alaka baten erpinetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat ateratzen denean, bertze gidariei maniobra arriskutsuak egitera behartuz.

58.4. Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo ezinduendako espaloi-okets batean aparkatuta dagoenean.

58.5. Erabiltzeko baimendutako orduen barnean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

58.6. Zamalanetarako erreserbatutako toki batean, erabilera orduetan, aparkatuta dagoenean.

58.7. Garraio publikoaren geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatuta dagoenean.

58.8. Larrialdi eta segurtasun zerbitzuetarako espresuki erreserbatutako tokietan aparkatuta dagoenean.

58.9. Elbarriendako toki erreserbatu batean aparkatuta dagoenean.

58.10. Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

58.11. Bide bateko trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean, beste bide batetik datozen erabiltzaileei.

58.12. Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

58.13. Bide batetik datozen gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

58.14. Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati batean oztopatzen duenean.

58.15. Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

58.16. Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen handia sortzen baldin badie.

59. art. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

59.1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatuta dagoen toki batean aparkatuta baldin badaude.

59.2. Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

59.3. Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

60. art. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere Berriobeitiko Udalaren ordenantza fiskaletan kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaindu ondoren.

Zehapen prozedura

61. art. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide-segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan honakook aplikatuko dira: Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua -abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa-, Trafikoari buruzko Legeko 69. artikulua -zehapenen mailakatzea- eta 70 eta 71. artikuluak -ibilgailua ibilgetu edo kentzea.

62. art. Ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak Berriobeitiko udaltzainburuak izapidatuko ditu, edo haren eginkizunak betetzen dituenak. Udaltzainburua edo haren eginkizunak betetzen dituena kanpoan badago edo haren errefusatze edo abstentzioa, legezko arrazoia dela eta, gertatzen bada, alkate-udalburuak izendatzen duena ariko da haren ordez. Izapidaketa amaituta, Berriobeitiko Udaleko alkate-udalburuak emanen du bidezkoa den ebazpena.

63. art. Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau- hausteen kasuan, Berriobeitiko Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta ondoren Berriobeitiko Udalak berak administrazio eskudunari igorriko zaio.

64. art. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek izapidatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

65. art. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesatuak bertze helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

66. art. Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a)Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian arlo horretaz arduratzen den Sailari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, aldez aurretik organo egileari errekurtsoa paratzeko asmoaren berri emanik; edo bestela:

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aitzina.

c) Errekurtso horiek paratu baino lehen, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen udal organoari zuzendua, ebazpen honen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epearen barnean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honi kontra egiten dioten edo bertan araututako gaiei buruzko xedapenak dituzten maila bereko edo baxuagoko udal arauak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin betikoz argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0011896