22. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 16a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

G A L A R

Idazkari-kontuhartzaile lanpostua, bitarteko gisa eta administrazio-kontratuarekin, betetzeko baldintzak

Galar Zendeako Udaleko Lehendakaritzaren ebazpenaren bidez onetsi egin da Udal horretako idazkari-kontuhartzaile lanpostua, bitarteko gisa eta administrazio kontratuarekin, betetzeko deialdia, baldintza-plegua osatzen duten oinarri hauei jarraikiz:

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek xedea du Galar Zendeako Udaleko idazkari-kontuhartzaile lanpostua oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.

1.2. Egin beharreko hautapen probak 6.a oinarrian agertzen dira, eta lehiaketaldia baldintza-plegu honen 7.a oinarrian ezarritakoari jarraikiz baloratuko da.

1.3. Kontratuak urtebeteko iraupena izanen du, eta luzatzen ahalko da zerbitzuaren beharren ariora. Nolanahi dela ere, idazkari-kontuhartzailetza jabetzan hartzen denean iraungiko da kontratua, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen VII. tituluko II. kapituluan aurreikusten den bezala.

1.4. Lanpostuak A mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak jasoko ditu, Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, baita onesten diren eta/edo deialdia egiten duen Batasuneko plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere.

1.5. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da eta hartan inskribatuko, erabili nahi den administrazio- kontratuari dagokionean alegia.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalak noiznahi alda dezake.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetara onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea akitzearekin, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitatez espainiarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Zuzenbidean, Zientzia Politikoetan edo Soziologian lizentziatua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean, lortzeko maneran egotea.

d) Lanpostuan aritzeko gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

e) Funtzio publikoan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez izana, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik berezia ere.

2.2. Aitzineko baldintzak deialdiko zazpigarren oinarrian ezarritako epean eta moduan beharko dituzte frogatu probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek. Eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean bete egin beharko dira aipatu baldintzak, baita hautapen prozedurak dirauen bitartean eta izendapena iritsi arte ere.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Galar Zendeako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo bertzenaz, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatu bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabide horiek deialdi honetan aurkeztutako ereduari beharko zaizkio lotu, Udaletxeko bulegoan eskuratzen ahal baita, eta bertan eskabideak aurkezteko emandako epea akitzerako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar ditzaketen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten, eta minusbaliotasunaren ziurtagiria, erakunde eskudunek luzatua, erantsi beharko dute.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akitu, Galar Zendeako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunetan, eta akatsik egin badute, horiek zuzentzen ahal ere bai.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea akiturik eta horiek ebatzitakoan, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du Udaleko alkateak eta hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

5.-Epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: Pedro José Erice Rípodas jauna, deialdia egin duen Udaleko alkatea.

-Ordezkoa: Ricardo Ariz Imízcoz jauna, Udaleko lehendakariordea.

-Mahaikidea: Ana Rodríguez Hidalgo andrea, Nafarroako Toki Administrazioaren Departamentuko teknikaria.

-Ordezkoa: María Amparo Ruiz Martínez andrea, departamentu horretako teknikaria.

-Mahaikidea: Javier Pérez de Ciriza Gainza jauna, Nafarroako Toki Administrazioko Idazkari-kontuhartzaileen Kidegoko batzarkidea.

-Ordezkoa: José Ignacio Echeverría Echeverría jauna, Kidego horretako batzarkidea.

-Mahaikidea: Berta Enrique Cornago andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkaria.

-Ordezkoa: Antonio Madurga Gil jauna, Federazio horretako ordezkaria.

-Mahaikide idazkaria: César Suescun García jauna, Beriaingo Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Fernando Aguinaga Alfonso jauna, Galar Zendeako Udaleko jarduneko idazkaria.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia eratu eta haren jarduketak balioa izateko, kide guztien erabateko gehiengoa bildurik izan beharko da.

Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak bederen elkartu beharko dira.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, deialdia egin duen organoari horixe jakinaraziko diotelarik, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako abstentzio arrazoiak daudenean.

Halaber, izangaiek, aipatu gorabeherak suertatuz gero, epaimahaikideak errefusatu ahalko dituzte.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei dei egiten ahalko die proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Gero, epaimahaiak behar den garaian aditzera emanen ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, arauzko moduan.

6.2. Oposizioko ariketak hauek izanen dira:

Lehenbiziko ariketa: teorikoa, plika sistemaren bidez eginen da, eta bi gai azaldu beharko dira idatziz, lau orduz gehienez, baldintza plegu honetako II. eranskinean agertzen direnen artetik zozketaz aterata.

Bigarren ariketa: praktikoa, epaimahaiak oposizioaren programako gaiekin lotuta zehazten dituen kasuei buruzko bi irizpen edo txosten juridiko idatzi beharko dituzte, bortz orduz gehienez.

Hirugarren ariketa: epaimahaikoekin elkarrizketa.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu eman daitezke gehienez ere, eta honela banatuko dira ariketen arabera:

Lehenbiziko ariketa: 30 puntu gehienez. Gai bakoitzak 15 puntu izanen ditu gehienez.

Bigarren ariketa: 35 puntu gehienez. Kasu bakoitzak 17,5 puntu izanen ditu gehienez.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira, elkarrizketa izan ezik, eta baztertu eginen dira ariketa bakoitzaren gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.5. Epaimahaiko kide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du eta, gero, kalifikazio guztien banaz bertzeko aritmetikoa eginen da kasuan kasuko ariketa zatiaren puntuazioa emateko.

6.6. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udaletxeko iragarki oholean probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin batean eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa zein toki, egun eta ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik bederen.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

6.8. Hautapen probak egiteko, eskaera egin duten minusbaliatuentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Lehiaketaldiko balorazioa.

7.1. Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu behar dute, deialdirako onarpen eskaera egiten duten momentuan.

7.2. Deialdi honetan aurreikusita dauden probetan lehena hasi baino lehen, epaimahaiak Batasun honetako Udeletxeetako iragarki oholean eta, horrela behar badu, probak egiteko lokalekoan, argitaratuko du alegatutako merezimenduen balorazioaren emaitza, ondotik ematen den baremoari jarraikiz. Osotara, ez da inoiz 30 puntu baino gehiago emanen.

-Nafarroako toki entitate bateko idazkari lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

-Estatuko araubideko toki entitate bateko idazkari lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko puntu 1, eta gehienez ere 5 puntu.

-Nafarroako toki entitateetan kontuhartzailetzaren arloan edo Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuan haiei eskainitako aholkularitza lanetan izandako esperientzia, urte bakoitzeko puntu 1, eta gehienez ere 5 puntu.

-Espezializazio edo hobekuntza ikastaroetara joan den bakoitzeko, idazkari lanari berez dagozkion arlokoak izanik: puntu 1, eta gehienez ere 5 puntu.

7.3. Baloratzeko aipatu irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

-Baloratu beharreko urte kopurua osoa ez bada, behar den proportziotasuna aterako da.

-Baremoko multzo berean sartutako zerbitzuak batera egin badira, ez dira bi aldiz kontatuko.

-Deialdirako onespen eskariarekin batean aurkezten diren agiri jatorrizko edo behar bezala konpultsatuen bidez frogatu badira eta haien banan-banako zerrenda eransten bada baizik ez dira kontuan hartuko merezimenduak.

8.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa akiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdia egin duen Udalaren iragarki oholean, probak gainditu dituztenen zerrenda, ateratako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak oposizioko ariketetan ateratako kalifikazioak batu ondotik, izan ere, lehiaketaldiko balorazioarekin batean, bi faseetan osotara puntuaziorik altuena erdietsi duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena ere horri jarraikiz eginen baita. Delako proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Hautapen proben azken emaitzan berdinketarik izanez gero, hautapen proben artean baloraziorik gorena duen ariketan edo ariketetan puntu gehien lortu dutenen alde hautsiko da berdinketa.

8.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea egiaztatzen dituen agiri baliokidea.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Elkargoko kide den sendagile batek luzatutako ziurtagiria, karguari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

Minusbaliatua dela alegatu duen izangaiak, gainera, minusbaliotasuna duela eta hura deialdiaren xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria, balorazio eta orientaziorako talde eskudunek luzatua, aurkeztu beharko du.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan dioena.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko direla dioena.

8.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuak salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta beren jarduketa guztiak baliorik gabe geratuko dira, eskabideko faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

8.4. Aurreko idatz-zatian aurreikusitakoa gertatuz gero, deialdia egin duen Udaleko lehendakariak probak gainditu dituztenen zerrendan, 8.1 idatz-zatian aipatutakoan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aitzineko idatz-zatietan adierazi bezala jokatuko da.

9.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Deialdia egin duen Udaleko alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia izendatuko du Galar Zendeako Udaleko bitarteko idazkari, eta, beraz, izendapenak dakarren kontratua sinatuko da.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daiteke.

9.3. Izangai izendatuak hilabeteko epearen barrenean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina, aipatu kontratua sinatuz. Ezinbertzeko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu izendapenak dakarren kontrataziorako. Horrela gertatuz gero, deialdiko 8.4. idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

10.-Errekurtsoak.

Deialdiaren kontra, haren oinarrien eta hura aplikatzeko administrazio egintza guztien kontra, errekurtso hauek paratzen ahal dira:

Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabetez, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia (nortasun agiri baliokidea) ..........., sorteguna ............, sorlekua: ......... (.......), nazionalitatea: ........., bizitokia: ........ (......) karrika: ........., posta kodea: ......., zenbakia: ......, telefonoa: .......... lantokiko telefonoa: ..........

Zure aitzinera agertu eta honela diot:

Onartua izatea eskatzen dudala Galar Zendeako Udaleko idazkari-kontuhartzaile lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez dudala.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela disziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiaren 2. oinarrian adierazitako titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea akitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, eta zerrenda honetako merezimenduak aintzat hartu eta baloratzeko eskatzen dudala, honekin batera joanik, agiri bidez frogatzen baititut:

Badudala minusbaliotasunik, eta horregatik eskatzen dudala ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik. (Bertze orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak)

Minusbaliotasuna egiaztatzeko erakunde eskudunak luzaturiko ziurtagiria aurkeztu dudala

Horrenbertzez:

Eskatzen dizut ontzat har dezazun eskabide hau eta, hortaz, onar nazazun Galar Zendeako Udaleko idazkari- kontuhartzaile lanpostua, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko dealdian.

..........(e)an, 2001eko ......aren....(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gaiak

1.-Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legea: aplikazio esparrua eta printzipio informatzaileak. Interesatuak. Hitzak eta epeak.

2.-Egintza administratiboen eraginkortasuna: betegarritasuna, ondorioak, jakinarazpenak eta baliogabetzeak.

3.-Egintza administratiboaren baliogabetasuna. Egintza baliogabeak eta baliogabe utz daitezkeenak. Egintza administratiboaren baliozkotzea. Ofiziozko berrikuspena.

4.-Errekurtso administratiboak. Gora jotzekoa eta berraztertzekoa.

5.-4/1999 Legea, 30/1992 Legea aldatu zuena: isiltasun administratiboaren arau berriak. Bide administratiboko egintzen berrikuspena. Errekurtso administratiboen araubidea.

6.-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Alderdiak, xedea eta prozedura prozedura. Epaia eta horren betearaztea.

7.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea.

8.-Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko 6/1998 Legea: hirigintzako eskubidea eta eskumena. Jarduera publikoa eta jarduera pribatua hirigintzako kudeaketan.

9.-Berdintasunaren printzipioa eta hirigintzako antolamendua. Planeamenduaren etekinen eta kargen banaketa eta haiek banatzeko tresnak.

10.-Planemandua eta kudeaketa: Partaidetza publikoa. Hirigintzako informaziorako eta agiriak jasotzeko eskubidea. Hirigintzako zedula.

11.-Lurzoruaren sailkapena: hiri lurzorua, lurzoru urbanizagarria eta urbanizaezina. Jabeen eskubideen eta betebeharren deskripzio orokorra.

12.-Lurzoruaren baloraziorako irizpide orokorra. Lurzoru mota desberdinen balorazioak. Lurzoru ez diren elementuen balorazioa.

13.-Hirigintzako desjabetzapenak. "causa expropiandi". Desjabetzapen prozedura. Balio justuaren ordainketa. Okupatzeko akta. Itzultzea.

14.-Administrazioaren erantzukizuna lizentzien arloan: ukatzea, ematea eta jardueran ez aritzea. Ondare erantzukizuna, etetea, baliogabetzea edo berrikustea gertatzen denean.

15.-Tokiko ituna: jatorria, garapena eta gauzatzea. Tokiko itunaren funtsezko edukia. Autononomi Erkidegoen papera. Berrikuntza organiko-funtzionalak. TAOALen egin beharreko berrikuntzak, teknikak hobetzeko. Zentsurako mozioa eta konfiantzako arazoa. Legegintzako bestelako berrikuntzak, Tokiko Gobernuak garatzeko neurrietan sartuta daudenak.

16.-Administrazio prozedura. Kontzeptua eta izaera. Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: aplikazio esparrua eta printzipio informatzaileak. Interesatuak. Hitzak eta epeak.

17.-Egintza administratiboen eraginkortasuna. Baliozkotasunaren ustea. Eraginkortasunerako baldintzak. Isiltasun administratiboa. Betegarritasuna eta etendura. Egintza administratiboak betetzea.

18.-Egintza administratiboaren baliogabetasunaren teoria. Egintza baliogabeak eta baliogabe utz daitezkeenak. Egintza administratiboaren baliozkotzea. Ofiziozko berrikuspena.

19.-Kontratazio administratiboa. Kontratu publikoen izaera juridikoa. Kontratazio administratiboaren modua eta kontratistak hautatzeko sistemak. Kontratuen formalizazioa.

20.-Kontratu administratiboen edukia eta ondorioak: Administrazioaren prerrogatibak eta finantzen oreka. Kontratuen interpretazioa. Kontratu administratiboen iraungipena, betetzea, baliogabetzea eta amaiera. Kontratuaren lagapena eta azpikontratua.

21.-Zerbitzu publikoa kudeatzeko moduak. Zuzeneko kudeaketa. Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua. Enpresa publikoak eta enpresa mistoak.

22.-Ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko arautegia.

23.-Langileen Estatutuen testu bategina: hautapena. Funtzionario izaera lortzea eta galtzea. Administrazio egoerak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.

24.-Nafarroako Toki Entitateen ondasunak. Herri ondasunak, izaera eta araubide juridikoa. Udalaren lurzoru ondarea. Ondareko ondasunak besterentzea eta errentan ematea.

25.-Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzea.

26.-Kontabilitate bakuneko jarraibideak: entitatea, sistema eta kontabilitate epea. Kontabilitate liburuak. Kontu orokorraren osatzea, kontu-ematea eta onestea.

27.-Toki Korporazioen aurekontuen egitura, irailaren 21eko 271/1998 Foru Dekretuaren arabera. Foru Dekretu horrek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 27/1995 Foru Legea aurrekontuko egituren arloan garatu zuen. Kontzeptu orokorra. Gastuen eta dirusarreren sailkapena.

28.-Nafarroako Ogasun Publikoaren 8/88 Foru Legea. Finantza eragiketak. Diruzaintza, kontrola eta kontabilitatea.

29.-Dirubilketa. Borondatezko epea. Premiamenduzko bidea. Iraungitzea. Zorra iraungitzeko bestelako moduak. Bermeak. Entitate laguntzaileak.

30.-Kontabilitate publikoa: oinarrizko printzipioak. Sektore publikoa. Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra. Kontabilitate Publikoaren faseak.

31.-Kontabilitateko jarraibideak Toki Administrazioan. Kontabilitateko eragiketak. Kontabilitatea dirusarreren aurrekontuan. Kontabilitatea gastuen aurrekontuan. Bestelako eragiketen kontabilitatea.

32.-Egoeren kontu-ematea eta eman beharreko informazioa. Auurrekontuaren emaitza eta Diruzaintzako gerakina kalkulatzea. Kontu Orokorra. Toki Entitatearen eta haren Erakunde Autonomoen egoera eta urteko kontuak.

33.-Tokiko Kontabilitate Administratiboa. Kontzeptua eta helburuak. Aurrekontuko aurreikuspenak, eskubide eta betebeharren aitorpena eta likidazioa, dirusarreren dirubilketa eta gastuen ordainketa. Dirusarren espedienteen eta gastuen ordainketen azterketa fiskala. Aurrekontuaren likidazioa.

Galarren, bi mila eta bateko urtarrilaren lauan. Alkate udalburua, Pedro José Erice Rípodas.

Iragarkiaren kodea: A0100190