22. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko otsailaren 5ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana. Haragi hondakinak jaso eta suntsitu, animali irin bihurtu eta ondoren suntsitu edo deuseztatzeko dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura arautzen du. 2001eko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte izanen du eragina.

Nafarroako Foru Komunitatean behi-aziendaren entzefalopatia espongiformearen (BEE) prebentzioa egiteko 2001eko Planean ageri den bigarren ekintzako 2. neurriak aurreikusten duenaren arabera, haragi azpiproduktuen prozesaketa eta erredukzioan lortutako animali irinak suntsitu egin beharko dira, Europako Batasunaren Kontseiluak 2000ko abenduaren 4ko 2000/766/EE Erabakian ezarritakoari jarraikiz. Erabaki horrek aurreikusten du animali proteina elaboratuak debekatzea, hain zuzen ere haztegietan elikagaiak ekoizteko mantendu, gizendu edo hazten diren animalien elikaduran, 2001eko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte.

Animali proteina elaboratuak dira, besteak beste, haragi eta hezur, odol eta luma irinak eta ixtegiko hegaztien hondakinenak.

2000/766/CE Erabakia aplikatzen denean: a) Nafarroako Foru Komunitatean sortzen diren animali hondakinak jaso, garraiatu, tratatu, bildu eta suntsitzeko ardura hartuko da; eta b) animali irinak ekoizten dituzten enpresek egoera berrira egokitzen joan beharko dute, beren jarduerarekin piskanakako transiziorako bide eginez, hiltegien eta haragi industrien funtzionamendua bermatu ahal izateko, normaltasunez eta higiene eta osasun baldintzak bermaturik.

2001eko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko aldi horretan Nafarroan sortuko diren animali irinak 7.150 tona izan litezkeela aurreikusi da.

Bidezkoa da, behi-aziendako haragiarekin zerikusia duen elikadura prozesuan etena gerta ez dadin, Administrazioak behar diren neurriak hartzea, haragi irinak ekoizten dituzten industriek Nafarroan sortzen diren haragi hondakinak jaso eta garraiatu, animali irin bihurtu, bildu eta zabortegira edo erraustegira garraia ditzaten, esaten denaren arabera, deuseztatu edo suntsitzeko.

Diru konpentsazioa izanen da BEEaren kontrako borrokan Estatua eta Autonomi Erkidegoak egiten ari diren berariazko jarduketaren Plan koordinatuan zehaztutakoa, hots, 43 pezeta haragi edo luma irineko kilogramo bakoitzeko, eta 60 pezeta odol irineko kilogramoko; horri gehituko zaio irinak zabortegian edo erraustegian deuseztatu edo suntsitzearen kostua.

Nafarroako Gobernuak, 2001eko urtarrilaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari honakoetarako dirulaguntzak arautzeko oinarriak onets ditzan: haragi hondakinak jaso eta garraiatu, animali irin bihurtu eta ondoren bildu eta garraiatzea suntsitu edo deuseztatzeko, Europako Batasunaren Kontseiluak 2000ko abenduaren 4ko 2000/766/EE Erabakiaren ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak emandakoez ere baliaturik,

AGINDU DUT:

1.-Xedea.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Foru Agindu honetan aipatu laguntza emanen die haragi irinak ekoizten dituzten enpresei, baldin eta haragi hondakinak jaso eta garraiatu, animali irin bihurtu eta bildu eta deuseztatu edo suntsitzeko garraiatzen badituzte, haragi eta/edo luma irineko 6.925 tona gehienez eta odol irineko 225 tona gehienez, 2001eko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte.

2.-Onuradunak.

Laguntza hauek jaso ahalko dituzte animali irinak ekoizten dituzten enpresek, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik baldin badaude.

3.-Konpromisoak.

3.1. Enpresa eskatzaileak konpromisoa hartuko du haragi hondakinak jaso eta garraiatzeko, animali irin bihurtzeko, biltzeko eta bere fabrika edo biltegitik zabortegira edo erraustegira garraiatzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak horixe eskatzen badio; konpromisoa, halaber, zenbait eremu edo herritan haragi hondakinak jaso eta bere instalazioetara garraiatzeko Departamentuak egiten dizkion eskariei erantzunez.

3.2. Era berean, enpresa eskatzaileak haragi irinak eraldatzeko prozesua egin beharko du Kontseiluaren uztailaren 19ko 99/534/EE Erabakian ezarritako baldintza guztiak betez. Erabaki horrek neurriak ezartzen ditu zenbait animali hondakin eraldatzeari aplikatzeko, entzefalopatia kutsagarrien kontra babesteari begira; Batzordearen 97/735/EE Erabakia ere aldatzen du.

3.3. Enpresak bi hilean behin jakinaraziko dizkio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari prozesaturiko haragi azpiproduktuen kopuruak eta jatorria, bai eta zabortegira edo erraustegira garraiaturiko irin kopurua edo pentsu fabriketara eramandakoa ere.

3.4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak esandako zabortegi edo erraustegian deuseztatuko dira irinak.

4.-Eskariak eta aurkezteko epea.

4.1. Eskariak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bulegoetan aurkeztuko dira, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean.

4.2. Enpresa eskatzaileak adierazi beharko du 2001eko ekainaren 30era arte zenbat haragi irin sortu eta deuseztatzea espero duen.

5.-Baldintzak.

Dirulaguntza jasoko duten haragi irinek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskatzaileek berek ekoitzitakoa eta jatorri nazionala izatea.

b) Odol beroko lurreko animalia osoen edo horien zati batzuen berotze, lehortze eta xehatze bidez lortuak izatea.

c) Proteina gordinaren gutxieneko kopurua materia lehorreko % 45a izatea.

d) Hezetasuna, gehienez, % 8tik beherakoa izatea, edo % 12tik beherakoa, luma irinak badira. Irin mota bakoitzean portzentajezko bi puntu bitarteko aldea onartu ahalko da.

6.-Laguntzak.

6.1. Dirulaguntza 43 pezetakoa izanen da haragi edo luma irineko kilogramo bakoitzeko, eta 60 pezetakoa odol irineko kilogramoko, betiere onuradunak ekoitzi eta deuseztatu edo suntsitzeko garraiatzen badu, bai eta animali irinak zabortegian edo erraustegian deuseztatu edo suntsitzeko gastuen zenbatekoa ere. Foru Agindu honetan aipatu epean eta ezarri diren muga eta baldintzak betez eginen da hori.

6.2. Irinen hezetasuna bosgarren artikuluan ezarritako gehienekotik gorakoa bada baina onarturiko aldea gainditzen ez badu, diru konpentsazioa izanen da partidaren pisua ehuneko 8 edo 12ko hezetasuna mailara (haragi irina edo odol irina, hurrenez hurren) murriztuta ateratzen dena.

6.3. Ez dute dirulaguntzarik jasoko onarturiko hezetasun aldeak gainditzen dituzten irin partidek.

7.-Kontrolak.

7.1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kontrolatuko ditu enpresan sartzen diren haragi irinak, bai eta bertan egiten den eraldatzea eta biltzea ere. Horretarako, beste neurri batzuen artean, behar besteko laginak hartuko ditu, ausaz, animali irinetarako erabiltzen diren garraiobideetan, analisiak egiteko; odol irinen kasuan, garraiobide guztietan eginen dira.

7.2. Aurreko puntuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, enpresak irinen irteeraren berri eman beharko du (garraio unitate bakoitzeko), ibilgailua irten baino bi ordu lehenago gutxienez.

Irteerak etengabean egiten badira egun batean edo egun zati batean, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago eman beharko da horren berri.

7.3. Garraiobide bakoitzeko, enpresak agiri bat emanen du, datu hauekin: ibilgailuaren deskripzioa, matrikula, tara eta karga eta garraiatutako produktuaren ezaugarriak. Zabortegian edo erraustegian produktua jasotzen duen funtzionarioari emanen zaio, datuak egiazkoak diren egiazta dezan.

7.4. Departamentuak, halaber, kontabilitate kontrolak eginen ditu enpresan, ausaz.

8.-Berme neurriak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, laguntza hauen xedea bete dadin, eta dirulaguntzak ordaindu aurretik, bankuko abala eskatu ahalko dio enpresari, laguntzaren ehuneko ehun eta hogeiko zenbatekoa hain zuzen. Abala izanen da enpresak betebehar eta konpromiso guztiak betetzearen erantzule.

9.-Prozedura.

Laguntza hauek tramitatu, ebatzi eta ordaintzeko prozedura ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa izanen da (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra).

10.-Ebazpena eta ordainketa.

10.1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, deuseztutako irin kopurua, egiten dituen kontrol eta analisien emaitzak eta enpresak aurkezten dituen zabortegi edo erraustegiko fakturak ikusirik, seigarren artikuluan ezarritako dirulaguntzak ordainduko ditu; laguntzak emateko Ebazpenean zehaztuko da haragi eta/edo luma irinen eta odol irinen kilogramoak gehienez zenbat izanen diren.

10.2. Dirulaguntza bi hilean behin ordainduko da.

10.3. Foru Agindu honetan araututako laguntzak 2001eko Gastuen Aurrekontuko 11000 Proiektuko 71320-4700- 7132 kontusailaren kargura ordainduko dira ("Transferentzia arruntak entzefalopatia espongiformeen kontrako ekintzetarako").

11.-Ez betetzeak.

Enpresa onuradunak bete beharreko eta Foru Agindu honetan ezarritako betebehar, baldintza eta konpromisoetako edozein betetzen ez bada, dirua itzultzeko espedienteari hasiera eman eta/edo zehapen espedientea irekiko da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. eta 27. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko otsailaren bostean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0101498