18. ALDIZKARIA - 2001eko otsailaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

AGUILAR KODESKOA

Zirkulazioaren gaineko zerga pagatu behar ez duten ibilgailuak ibili eta arrastatzeko tasari buruzko ordenantza fiskala

Aguilar Kodeskoko Udalak, 2000ko abenduaren 18ko osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen, aho batez. Hona hemen, hitzez hitz:

a) Zirkulazioaren gaineko zerga pagatu behar ez duten ibilgailuak ibili eta arrastatzeko tasari buruzko ordenantza fiskala hasiera batez onartzea.

b) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedaturikoarekin bat, espedientea jendaurrean izanen da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratzen denetik gutxienez ere hogeita hamar eguneko epean. Epe horretan auzoek eta interesatu legitimoek, espedientea aztertu ondoren, erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkezten ahalko dituzte.

ZIRKULAZIOAREN GAINEKO ZERGA PAGATU BEHAR EZ DUTEN IBILGAILUAK IBILI ETA ARRASTATZEKO TASARI BURUZKO ORDENANTZA FISKALA

Funtsa

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 100. eta hurrengo artikuluetan xedaturikoaren babesean ematen da. Martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen hura.

Zergagaia

12. artikulua. Tasa honen Zergagaia udalerriko bide eta kaleetako aprobetxamendu berezia da, trakzio mekanikoko zerga pagatu behar ez duten ibilgailuek egiten badute.

Salbuespenak

13. artikulua. Tasa hau pagatzeko ez da salbuespenik izanen.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergei buruzko Lege Orokorreko 33. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak dira subjektu pasiboak, zergadunak diren aldetik, 2. artikuluan aipatzen diren ibilgailuen jabe, erabiltzaile edo titularrak baldin badira.

Kuota

5. artikulua. Tasa tarifa koadro honen arabera eskatuko da:

-Motokultoreak: 1.000 pezeta.

-60 C.V.tik beheitiko traktoreak: 2.000 pezeta.

-60 C.V.tik goitiko traktoreak: 4.000 pezeta.

-Uzta biltzeko makinak: 6.000 pezeta.

Zergaldia eta sortzapena

6. artikulua. 1. Zergaldia, eskuarki, urtearekin batera hasiko da.

Ibilgailuak lehenbizikoz erosten badira, zergaldia erosten diren egunean hasiko dira.

2. Tasa zergaldiko lehen egunean sortuko da.

3. Tasaren kuotako zenbatekoa hainbanatuko da hiruhilekoen arabera, lehenbizikoz erosiz edo ibilgailuari baja emanez gero.

Adierazpena, likidazioa eta ordainketa

7. artikulua. Tasa pagatu behar duten ibilgailuen alta eta tasaren adierazpena ibilgailuaren titulartasuna aldatzen denetik hurrengo hilabeteko azkeneko egunera bitarte eginen dute.

8. artikulua. Tasa honengatik eskatzen diren kuotak Udalak ezartzen diren egunetan likidatu eta pagatuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Ordenantza Fiskal Orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedaturikoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratutakoan hartuko du indarra eta izanen ditu ondorio juridikoak.

Alkate udalburua, Carlos Pérez Díaz de Cerio.

Iragarkiaren kodea: A0011992