147. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A B A R T Z U Z A

Ordenantza bat eta beste baten aldaketa behin betikoz onetsirik

Abartzuzako Udalak, 2001eko uztailaren 27ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen bai Izatezko bikoteen Abartzuzako Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza bai Eremu publikoko lurrak okupatzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantzaren aldaketa; jendaurreko epean erreklamazio, kexa edo eragozpenik aurkeztu ez denez, 2001eko urriaren 19ko osoko bilkuran, Abartzuzako Udalak aho batez erabaki zuen biak behin betikoz onestea, eta testuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Abartzuzan, bi mila eta bateko urriaren hogeita hamarrean. Alkatea, sinadura ulertezina.

IZATEZKO BIKOTEEN ABARTZUZAKO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Izatezko bikoteen Abartzuzako Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikoteek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Abartzuzan erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinerat, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituen argitasun guziak agerrarazi ahalko ditu. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerrokadan aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udaleko Idazkaritza Orokorrean izanen da.

6. art. Atzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den bertze edozein idazpen agerraraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. art. Doakoak izanen dira erabat, bai inskripzioak bai luzatzen diren ziurtagiriak.

11. art. Erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Abartzuzako Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honen berrikuspena eginen da legegintzako aldaketarik sortzen bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Abartzuzako Udaleko idazkaritzan, halako egunean: ....., honako hauek agertu gara:

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitut) NAN zenbakia: ....., eta

Izena: ............, jaioterria: ..........., helbidea (erroldakoa): ................, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitut) NAN zenbakia: .......

Eta honako hau azaldu nahi dugu:

Udal honetako erregistroan izatezko bikote gisa inkriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Deklaratzen dugu:

Lehenbizi.-Aipatu Ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ......... (oroitarazi behar zaio ......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarren.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarren.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta ezkontzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarren.-(Nahi dugula/ez dugula nahi) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak erregistroan inskribatzea.

Seigarren.-Baimena ematen dugula Abartzuzako Udal Erroldan honako datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Abartzuzako erregistroan ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horrenbertzez,

Izatezko bikoteen Abartzuzako Udaleko erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Sinadura: ............... Sinadura: ..............

II. ERANSKINA

Abartzuzako Herriko Etxean, halako egunean ........... honako hauek agertu gara:

Izen-abizenak: .............., N.A.N.: .......... eta

Izen-abizenak: .............., N.A.N.: ............

Eta izatezko bikoteen Abartzuzako Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat eman nahi dugula, horrelaxe inskribatuta baikaude aipatu Udalaren erregistroan.

Hortaz, eskatzen dugu elkartzearen inskripzio hori bukatutzat edo iraungitzat jo dadila.

Sinadura: ............... Sinadura: ..............

EREMU PUBLIKOKO LURRAK OKUPATZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

4. art.

b) Okupazioa beste edozein arrazoi dela eta gertatzen denean:

-Euro bat egunean (166,386 pezeta). Prezio publikoa ordainduta ere eremu publikoko oztopoa kendu beharko da lehenbailehen.

Iragarkiaren kodea: A0111537