147. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

290/2001 FORU AGINDUA, azaroaren 16koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, 2001eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta likidatzeko arauak onesten dituena.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 108. artikuluaren arabera, kontabilitate publikoaren antolaketa Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren esku dago. Bestalde, foru lege horren 109.b artikuluak adierazten du erregelamenduzko ahalmenaren erabilera bultzatzea Ekonomi eta Ogasun Departamentuari dagokiola, kontabilitate publikoari dagozkion kontuen egitura, justifikazio, tramitazio eta ematea eta gainerako agiriak zehazterakoan. Horren ondorioz, beharrezkoa da, aurreko urteetan bezala, 2001eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontuak ixteko arauak onestea.

Euroa transakzio guztietarako moneta bakar gisa ezartzeak ez du eraginik izanen oraingo ekitaldia ixteko prozesuan. Hala ere, kontabilitate datu guztiak egokitu beharko direnez, zorrotz jokatu behar da ixte ekintzetan, eta ez dira eragiketa horiek ezinbestekoa duten denbora baino gehiago luzatu behar.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 2001eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta likidatzeko kontabilitate aplikazioak erregulatzeko arauak onestea. Foru Agindu honen eranskinean ageri dira.

2. artikulua. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/1988 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz, aipatu ekitaldiaren itxiera data 2001eko abenduaren 31 da, eta beroni egotziko zaizkio ekitaldian likidatutako eskubideak, beren kontu-aldia edozein izanik, eta ekitaldi bukaera arte onartutako obligazioak, ekitaldi honen barruan egindako gastuak badira betiere.

3. artikulua. Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakunde autonomoek behar diren jarraibideak eman ditzatela, Foru Agindu honetan xedatutakoa burutu eta betetzeko, eta hornitzaile, esleipen-hartzaile edo onuradunei faktura eta ziurtagiriak edo antzeko dokumentuak azkar aurkez ditzatela eskatzea, ordainketa horiek 2001eko aurrekontuaren kargura aipatu datetan tramitatu ahal izateko edo, bestela, gerakinetan kontabilizatuz.

4. artikulua. Foru Agindu hau eta bere eranskina igortzea departamentuetako idazkaritza teknikoetara, erakunde autonomoetara, Esku-hartze eta Kontabilitate Ataletara eta kontu-hartzaile delegatuei, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea, orok jakin dezan eta aplika dadin.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hamaseian.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

Xedea

Arau hauen xedea da 2001eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi eta likidatzeko jarraitu beharreko erregelak zehaztea.

1.-Gastuen Aurrekontua

1.1. Obligazioak kontabilizatzeko epeak.

2002ko urtarrilaren 18 arteko epea izanen da, azken eguntzat hori hartuta, kontu-hartzailetza delegatuetan obligazioen aitorpenari buruzko agiri guztiak aurkezteko.

Bestalde, 2002ko urtarrilaren 25erako, kontu- hartzailetzak aurrez adostasuna adierazita, kontabilizatuta egon beharko dute 2001eko ekitaldiari buruzko eragiketa guztiek.

1.2. Aurrekontuko aldaketak tramitatzeko epea.

Ekonomi eta Ogasun kontseilariak onetsi behar baditu aurrekontu aldaketen espedienteak, edo Gobernuari proposatu behar badizkio, Aurrekontu eta Diruzaintza Zerbitzura igorri ahalko dira abenduaren 15a baino lehen.

1.3. Obra espedienteak eta dirulaguntzak tramitatzeko epea.

Abenduaren 15etik aitzina ezin izanen da obra edo dirulaguntzei buruzko baimenik ezta gastu konpromisorik ere tramitatu (ez arruntak ez kapitalekoak), ez bada Gobernuaren Erabakirik edo Ekonomi eta Ogasun kontseilariak espresuki emandako baimenik.

1.4. Langileen gastuak.

2001. urtean zerbitzua eman baina 2002ko hileko edozein nominatan ordaintzen diren denborazko kontzeptuak (dietak, aparteko orduak, jaiegunak eta antzekoak) 2002ko Aurrekontuari egotziko zaizkio.

1.5. 2001eko ekitaldiko gastuen gerakinak.

2001eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura izaten ahalko dira, 2001eko abenduaren 31 baino lehenagoko obra, zerbitzu, erosketa, dirulaguntza eta izaera orokorreko gastuak, dagozkien aurrekontu kredituen kargura izanak, baldin eta aurrekontua ixten denean ordaindu gabe badaude.

Horretarako, gastu horiek burutu direla egiaztatu beharko da, ziurtagiri, faktura, albaran edo obra nahiz zerbitzua 2001eko ekitaldiaren barrenean gauzatu dela frogatzen duen agiriaren bidez. Departamentuek Kontu- hartzailetza Delegatuari aurkezten ahalko dizkiote egiaztagiri horiek, 2002ko urtarrilaren 18a baino lehen.

Halaber, 2001eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura izaten ahalko dira, Toki Entitateek Nafarroako Zergetan duten Partaidetza Fondoan sartutako kapital transferentziei buruzko hitzarmen tinkoak, zenbatekoa zehaztua dutenak, bai eta kontratazio zentralizatuko organoek kudeatutako ondasun-erosketetatik heldu direnak ere.

2002ko urtarrilaren 1etik aitzina, obligazio horien aitorpena kontabilizatzen ahalko da, horretarako "Gastuen aurrekontuko exekuzioa" menuan ageri den transakzioa erabiliz, eta CME 'R' kodea adieraziz beti.

Arau hauen kariaz kontabilizatu diren Gerakinen kontusailen kargura bidezkoak diren ordainketak egin daitezela agintzen ahalko da, ekitaldi berria ireki ondoren, helburu horretarako G-21 sisteman ezarrita dagoen "Gerakinen ordainketa" eragiketaren bidez.

1.6. Justifikatu beharreko fondo libratuak.

Abenduaren 20ko 385/1993 Foru Dekretuak justifikatu beharreko fondo libratuak arautzen ditu, eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren 172/1994 Foru Aginduak garatu egin zuen aipatu Foru Dekretua.

Bi xedapen horietan ezarritakoa betetzeko, aurrekontuko itxiera eragiketei dagokienez, honako arau hauek hartu beharko dira kontuan:

1.6.1. Kaxa finkoko aurrerakinak.

a) 2001eko abenduaren 31 baino lehen, Fondo horien kudeaketaz arduratzen diren organoek hartutako diru kopuruen kontabilitate aplikazioa justifikatu beharko dute eta/edo, bestela, erabili gabeko fondoak itzuli, 'C3' motako ordain-gutunaren bidez eta '001' idatziz kontabilitate zentroari dagokion laukian.

b) Aurreko idatz-zatian ezarritakoa bete ondotik, organo eskudunek Aurrekontu eta Diruzaintza Zerbitzuari eskatzen ahal diote 2002rako aurrerakina ezar dezala. Eskabidearekin batera, 2001eko ekitaldiko aurrerakinari dagokion kopurua Diruzaintzari itzuli zaiola frogatzen duen ordain-gutuna ere aurkeztu beharko da.

c) Kaxa finkoko aurrerakinen kudeaketa eta segimenduaz arduratzen diren organoek 2002ko urtarrilaren 31 baino lehen prestatu beharko dute 385/1993 Foru Dekretuko 13.3 artikuluak aipatzen duen fondoen egoerari buruzko dokumentua, 2001eko abenduaren 31ko datari dagokiona, behar duen banka-berdinkatzearekin batera. Dokumentu horri banka-jardueraren laburpenen kopia erantsiko zaio.

1.6.2. Justifikatu beharreko ordainketa aginduak.

a) Ordainketa agindu hauek jasotzen dituztenek justifikatu egin beharko dute hartutako diru kopuruen aplikazioa eta, hala egin behar bada, Diruzaintzara itzuli erabili gabeko fondoak, 2001eko abenduaren 31 baino lehen, 'C3' ordain-gutuna erabiliz. Hori horrela izan dadin, justifikatu beharreko fondo horien kudeaketa eta segimenduaz arduratzen diren organoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte.

b) Justifikatu beharreko ordainketa aginduen kudeaketa eta segimenduaz arduratzen diren organoek 2002ko urtarrilaren 31 baino lehen prestatu beharko dute 385/1993 Foru Dekretuko 13.3 artikuluak aipatzen duen fondoen egoerari buruzko dokumentua, 2001eko abenduaren 31ko datari dagokiona, behar duen banka-berdinkatzearekin batera. Dokumentu horri banka-jardueraren laburpenen kopia erantsiko zaio.

2.-Dirusarreren aurrekontua.

2.1. Dirusarreren esleipena.

8/1988 Foru Legearen 28. artikuluak xedatzen du aurrekontu-ekitaldiari urte horretan likidatutako eskubideak egotziko zaizkiola, edozein dela ere haien kontu-aldia.

Horrekin bat, 2001eko dirusarreren aurrekontuari urte horretan aitortu diren eskubideak aplikatuko zaizkio, nahiz eta kontabilitate zentroek egin behar duten horien kontabilizazioa 2002ko urtarrilaren 25a arte luza daitekeen.

2.2. Formalizaziotik datozen dirusarrerak.

2002ko urtarrilaren 25erako, lan pertsonalaren etekinen eta ondasun higigarrien kapitalaren etekinen atxikipenengatik sortzen diren dirusarrera guztiak aplikatu beharko zaizkie dagozkien kontusailei, bai eta, halakorik bada, formalizaziotik datozen gainerakoak ere.

3.-Balantze kontuak.

Kontabilitate itxierako eragiketa obligatuetan ezinbestekoa da ondare-egoera azaltzeko aurkeztuko diren finantzen egoera-orrien zehaztasuna bermatzea. Horregatik egiaztapen batzuk egin eta dokumentatu behar dira, balantzeko kontuak eta departamentuetan dauden erregistro lagungarriak bat datozela ziurtatzeko. Koadratze hori egiaztatzeko, kontabilitate zentroek hurrengo ataletan aipatzen den informazioa eman beharko dute.

3.1. Ibilgetu material eta finantzarioa.

Ondasun higigarri, higiezin eta finantza inbertsioen inbentarioaren kudeaketa Ondarea Kudeatzeko Atalak egiten du eta hartarako bereiz diharduen sistema informatiko bat erabiltzen da. Ondare Zerbitzuak errubrika horri buruz beharrezkoa den informazioa eman beharko du, kontabilitate sisteman dagoena zuzena dela ziurtatzeko.

3.2. Maileguak (2520, 2522, 2523, 2527, 2529, 5420 kontuak).

Aipatu kontuak ukituz, epe luzean itzultzeko mailegu edo aurrerakinak emanak dituzten departamentu edo erakunde autonomoetako kontabilitate zentroek, 2002ko urtarrilaren 25a baino lehen, mailegu bakoitzari buruzko idatzoharrak egin beharko dituzte kontabilitate sisteman, eta gero saldoaren justifikazioa igorri beharko dute Kontabilitate Atalera, mailegu-hartzaileen banan-banako zerrenda eta zenbatekoak agertzen direla.

Igorri beharko da, halaber, Nafarroako Ogasun Publikoak emanak izan ditzakeen beste kredituei buruzko informazioa, Kudeaketa Zentroen beren jarduketetatik sortuak badira eta, arrazoi bat edo beste dela, aipatu kontuetan erregistratu gabe gelditu badira.

3.3. Izakinak (3. multzoko kontuak).

Izakinen inbentarioa duten departamentu edo erakunde autonomoek, 2002ko otsailaren 1a baino lehen, Kontabilitate Atalari igorriko diote kontu horiek ekitaldia ixtean dituzten saldoei buruzko informazioa.

3.4. 2001 baino lehen aitortutako obligazioen ondoriozko hartzekodunak (4020 kontuak).

2001eko ekitaldia ixtean, aurreko urteetako obligazio aitortuen ondoriozko hartzekodunak dituzten departamentuek edo erakunde autonomoek, baldin eta ordainketa agindua tramitatu gabe badago oraindik, ekitaldia ixtean indarra izaten segitzen duten obligazioei dagozkiela (nahiz eta denbora asko iragan) frogatzen duten agiriak igorri beharko dituzte Kontabilitate Atalera, 2002ko urtarrilaren 25a baino lehen. Kontabilitate Atalak aipatu den egiaztagiria ez duten epigrafe horretako kontu guztiak deuseztatuko ditu.

3.5. Aitortutako eskubideen ondoriozko zordunak.

2002ko urtarrilaren 25a baino lehen, kontabilitate zentroek beharrezkoak diren idatzoharrak egin beharko dituzte kontabilitate sisteman, ekitaldia ixtean kobratzeke dauden zor guztiak biltzeko.

Departamentuetako idazkaritza teknikoek beharrezkoa den dokumentazioa igorri beharko dute Kontabilitate Atalera, kontabilitate datuak eta Departamentuan dauden administrazio espedienteak bat datozela ziurtatzeko.

Dena dela, HKLren (Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarria) esparruan kudeaturiko zordunen kontuei dagokienez, informazio hori DB2 taula batean azalduko da, zeinak, gutxienez, zordun bakoitzaren identifikazioa, zorraren kontzeptua eta zenbatekoa izanen baititu.

3.6. Aurrekontukoak ez diren zordunak (5420 kontuak).

Kontu multzo hori erabiltzen duten kontabilitate zentroek, 2002ko otsailaren 1a baino lehen, Kontabilitate Atalera igorri beharko dute saldoaren justifikazioa, zordunen eta horiek zor dituzten zenbatekoen zerrenda agertzen dela.

3.7. Aplikatzeko dauden kobrantzak (5540 kontuak).

Kontu multzo honetan egunean-egunean erregistratzen dira banku entitateen bidez jasotako kobrantzen saldoa, dirusarreren aurrekontuari edo balantze kontuei (zordunak, hartutako fidantzak...) aplikatzeko dagoena.

Ekitaldi-itxieran, likidaturik egon beharko dute kontu horiek, eta frogatu beharko da 2001ean jasotako kobrantza guztiek dagokien behin betiko aplikazioa izan dutela.

Salbuespen gisa, Hirugarrenendako Kontabilitate Lagungarriaren (HKL) "aplikatu gabe dauden kobrantza normalizatuak" kontuari dagokionez, eta kobrantzak itxiera eguna baino lehen erabat aplikatzea zaila denez, aipatu obligazio horren ordez saldoaren egiaztapena eginen da, euskarri informatikoaren bitartez; horretan, egin gabeko ordainketen izaera eta jatorriari buruzko datuak bilduko dira gutxienez.

3.8. Formalizatu beharreko eragiketak (5560, 5561, 5562 kontuak).

Oro har, kontu hauek likidaturik gelditu beharko dute ekitaldi-itxieran. Dena dela, itxitakoan zeroz besteko saldoa daukaten kontuen kasuetan, saldo hori behar bezala justifikatu beharko da. Justifikazio hori Kontabilitate Atalera igorri beharko da 2001eko otsailaren 1a baino lehen.

3.9. Formalizatze kontuak (5860 eta 5890 kontuak).

Zor/kreditu konpentsazio edo barruko formalizazioen eragiketetan kontu multzo hau erabiltzen duten kontabilitate zentroek ziur jakin beharko dute, ekitaldi itxieran, zero saldoa dutela.

3.10. Finantza-kontu iragankorrak.

Jardunaldi, hitzaldi edo antzeko beste jarduera batzuk antolatzeagatik eta helburu horrekin konturen bat ireki bada Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 91.3 artikuluan ezarritakoaren babesean, erabat deuseztatu eta likidaturik egon beharko du 2001eko abenduaren 31 baino lehen, salbu eta data horretan hura irekitzera behartu zuten arrazoiek irauten badute, orduan 2002ko urtarrilaren 10a baino lehen igorri beharko baita haren justifikazioa.

Iragarkiaren kodea: A0112049