143. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

389/2001 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, ikasteko banakako laguntzen deialdia egiten duena, zentzumenetako edo lokomozio-aparatuko minusbalioa izan eta Nafarroako ikastegietan 2001/02 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak araubide orokorrean egiten ari diren ikasleentzat.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak txostena aurkeztu du eta hartan proposatu du ikasteko banakako laguntzen deialdia onets dadila, entzumeneko, ikusmeneko edo lokomozio-aparatuko minusbalioa izan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak araubide orokorrean egiten ari diren ikasleentzat.

Deialdi honen bidez, beraz, banakako laguntzak emanen zaizkie halako ikasleei, beren minusbalioa dela-eta arreta pedagogiko berezian egin behar duten gastua ordaintzen laguntzeko.

Horrenbestez, eta apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituenak, 36.2. artikuluko c) eta d) idatz-zatietan eman dizkidan eskurantzak erabiliz, ondokoa

AGINDU DUT:

1. Zentzumenetan edo lokomozio-aparatuan minusbalioa duten ikasleentzako banakako laguntzen deialdia onetsiko da 2001/02 ikasturterako, eranskinean dauden oinarrien arabera.

2. Baimena emanen da deialdi hau Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak ebatz dezan, baldin eta nahikoa kreditu badago 2001eko Gastuen Aurrekontuko 41510-4809-422500 kontusailean, "Hezkuntza Berezirako Bekak eta Laguntzak" izenekoan. Gehienez 3.000.000 pezetako laguntzak ematen ahal dira guztira.

3. Deialdia eta haren eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

4. Honako foru arauak ondorioak izan ditzan, haren berri emanen zaie Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko arduradunei, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuan duen kontu-hartzaile eskuordeari, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari, Dibertsitate eta Kultura-Aniztasunerako Atalari, Kudeaketa Ekonomikorako Bulegoari, Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoari eta Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko zuzendariari.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hemezortzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

E R A N S K I N A

Oinarriak

Lehena.-Deialdiko laguntzen hartzaileak.

Ikusmenean, entzumenean edo lokomozio-aparatuan minusbalioa duten ikasleek eskatzen ahal dituzte ikasteko banakako laguntzak, ondoko betekizun hauek betez gero:

a) Minusbalioaren Kalifikazioaren Ziurtagiria edukitzea, eta ikusmen, entzumen edo lokomozio-aparatuaren minusbalio gradua gutxienez %33 izatea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko ikastegiren batean ibiltzea, araubide orokorrean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak egiten, unibertsitateko ikasketak salbu.

c) Ikusmenaren, entzumenaren edo lokomozio-aparatuaren minusbalioa dela-eta pedagogi laguntza berezia behar izatea ikasketak egiteko, Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko (CREENA) lan- taldeen iritziz.

d) Diruz laguntzeko eskatzen den laguntza-mota norberaren ikastegian jasotzerik ez izatea.

e) Eskabidea aurkezten den egunean helbidea Nafarroan izatea.

f) 2002ko urtarrilaren 1ean hogeita bat urte bete gabe izatea.

Bigarrena.-Ikasteko banakako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

a) Pedagogi laguntza: hilean 20.000 pezeta gehienez, urtean 200.000 pezeta gehienez.

b) Garraioa: hilean 8.500 pezeta gehienez.

Garraiorako laguntza eskatzen ahal da baldin eta pedagogi laguntza jaso ahal izateko etxetik 8 kilometro baino urrutiago joan beharra badago.

Onesten diren laguntzen zenbateko osoa handiagoa gertatzen bada Aurrekontuan deialdi honetarako dagoen diru kopurua baino, laguntzak behar adina gutxituko dira.

Hirugarrena.-Eskabideak noiz eta nola aurkeztu.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera eginen dira, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari zuzenduta. Eskabideak eta gainerako agiriak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 10 egunetan aurkeztuko dira, Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroan (Santo Domingo, z/g, 31001 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren Iruñeko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a kalea, 2, 31002 Iruña), edo Guztientzako Administrazio Prozedura arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren bulegoetatik edozeinetan.

Laugarrena.-Aurkeztu behar diren agiriak.

1. Ikasteko laguntzen eskabideari agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Laguntza kobratzeko erabiliko den banku edo aurrezki-kutxako libretaren lehen orriaren fotokopia. Laguntza eskatzen duen aita, ama edo tutoreak izan behar du libretaren titularra.

b) Famili Liburu osoaren fotokopia. Gurasoak banandurik edo dibortziaturik badaude edo eskatzailea tutorea bada, frogagiria aurkeztu behar da, eskatzaileak ikaslea bere kargu duela egiaztatzeko.

c) Minusbalioaren Kalifikazio Ziurtagiriaren fotokopia. Minusbalio graduak gutxienez %33 izan behar du.

d) CREENAko lan-talde bereziko orientatzailearen txostena. Bertan zehatz azaldu behar da ikaslearen hezkuntza-beharrizan bereziak zertan diren, laguntza zertarako emanen zaion, eta zergatik jo behar duen ikastegitik kanpo laguntza jasotzera.

Behar izanez gero, ikastegian informazioa eskatuko da txosten hori egiteko.

e) Pedagogi laguntzaren kostuaren aurrekontua, laguntza emanen duen profesionalak edo zentroak ziurtatua.

f) Bigarren oinarriko b) idatz-zatian aipatzen den laguntza, hau da, garraiorako laguntza eskatzen bada, garraio zerbitzuaren hileko kostuaren aurrekontua aurkeztu behar da, hilean zenbat egunetan erabili beharko den kontuan harturik.

g) Bizileku Ziurtagiriaren fotokopia.

2. Eskatzaileei agiri gehiago eskatzen ahal zaizkie, behar izanez gero, betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Bosgarrena.-Deialdiaren ebazpena eta erreklamazioak.

1. Hezkuntza Zuzendari Nagusiak adjudikatuko ditu ikasteko banakako laguntzak, eskabideak aztertu eta baloratu ondoren, eta Ikasteko Laguntzetarako Batzordeak proposamena eginda. Batzordeko kideak honakoak izango dira:

a) Batzordeburua: Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuaren zuzendaria edo hark eskuorde izendatzen duen pertsona.

b) Batzordekideak:

-Dibertsitate eta Kultura-Aniztasunerako Ataleko burua.

-Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoko burua.

-Hezkuntza Bereziaren koordinatzailea.

-Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko gizarte-langile bat.

-Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko orientatzaile bat.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak noiznahi agindu ahal izanen du eskabideei buruzko espedienteak ikuskatu daitezela, haietan bildutako datuak, laguntza ematerakoan kontuan hartutakoak, egiazkoak ote diren begiratzeko.

3. Ikasle onuradunaren senideek ikerketan lagundu nahi ez badute edo eskatzen dizkieten argibide eta agiriak ukatzen badituzte, berehala ikasle horrek onuraduna izateari utziko dio eta hartutako dirua itzuli egin beharko da.

4. Baldin eta gertatzen bada deialdi honetako laguntzaz onuratzen den ikasleren bat aldi berean beste erakunde publiko edo pribaturen baten laguntza jasotzen ari dela, deialdi honetakoaren adinakoa edo handiagoa, berehala ikasle horrek deialdi honetako laguntzaren onuradun izateari utziko dio. Beste laguntza hori deialdi honetakoa baino txikiagoa bada, berriz, diferentzia baino ez zaio emanen.

5. Ezinbesteko baldintza da 2000/2001 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako laguntzetatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

6. Ikasteko Banakako Laguntzetarako Batzordeak hilabeteko epean ebatziko du deialdia. Laguntza eman edo ukatzeko behin-behineko ebazpena argitara emanen da, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Informazio eta Dokumentazio Bulegoko iragarki-taulan jarriz. Eskatzaileren batek uste izaten badu deialdi honetako arauak behar ez bezala aplikatu eta bere eskubideei kalte egin zaiela, ebazpena berrikusteko eskabidea aurkeztu ahal izanen dio Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, ebazpena Hezkuntza eta Kultura Departamentuan argitara ematen den egunetik zenbatuta. Hori guztia gorabehera, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal zaio Nafarroako Gobernuari, hilabeteko epean, erreklamazioaren jakinarazpenaren egunetik zenbaturik.

Seigarrena.-Ikasteko banakako laguntzen ordainketa.

Ikasteko banakako laguntzak onuradunaren familiako buruari ordainduko zaizkio, bi epetan ordaindu ere: %50a behin-behineko ebazpena emandakoan, eta beste erdia 2002ko uztailean, baldin eta ekainaren 22a baino lehen frogagiri hau aurkezten bada:

-Pedagogi laguntza eman duen profesionalak egindako ziurtagiria. Bertan agertu behar da ikasleari zer-nolako laguntza eman zaion eta laguntzagatik zenbat ordaindu den guztira.

Arestian esandako epean ziurtagiri hori aurkeztu ezean, bigarren zatia ez da kobratuko eta lehenengo ordainketan bidegabeki kobratutako kopurua itzuli egin beharko da.

Laguntzaren xede den jarduera egiten ez bada, familiako buruak itzuli egin beharko ditu kobratutako kopuruak.

Frogatzen den gastuaren zenbatekoa kobratutako laguntzarena baino txikiagoa bada, laguntza murriztu egingo da, frogatutako gastuaren neurrikoa izateraino.

Zazpigarrena.-Ikasteko banakako laguntzen ezeztapena.

Onuradunek edonoiz gal ditzakete laguntzak. Aldez aurretik espedientea egin behar zaie, eskabidean jarri zituzten datuak, laguntza emateko oinarritzat hartu zirenak, egiazkoak ote diren begiratzeko. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hasi eta ebatzi behar ditu horrelako espedienteak.

Espedientearen ondorioz laguntza ezeztatzen bada, eskatzaileak itzuli egin beharko ditu hartutako kopuruak. Gainera, baliteke erantzukizuna izatea administrazio arloan, arlo zibilean edota zigor arloan.

Laguntzak ezeztatzeko ebazpena interesatuari berariaz jakinarazi behar zaio.

Zortzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta haren oinarri eta administrazio-egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, aurkatutako egintza argitaratzen edo jakinarazten den egunetik zenbatuta.

I. ERANSKINA

Ikasteko banakako laguntzen deialdia, zentzumenetan edo lokomozio-aparatuan minusbalioa izan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak araubide orokorrean egiten ari diren ikasleentzat. 2001/02 ikasturtea

Deiturak:

Izena:

NAN zenbakia:

Jaioteguna: ...................... Udalerria:

Probintzia: ......................

Aitaren, amaren edo ordezkariaren deiturak eta izena:

IFZ: ...................

Helbidea:

Kalea: ...................., zenbakia: ...., solairua: ....., letra: ....., udalerria: ............., posta kodea: ..........., probintzia: ............, telefonoa: ............

Ikastegia

Udalerria: ................................ Posta kodea:

Ikasketak:

Ikasmaila:

Ikasteko banakako laguntza eskatzen du, deialdi honetan ezarritako baldintzak onarturik.

Iruñean, 2001eko ............aren .....e(a)n.

(Aita, ama edo tutorearen sinadura)

PEDAGOGI BERRIKUNTZAKO ZERBITZUAREN ZUZENDARIA.

Iragarkiaren kodea: A0110970