121. ALDIZKARIA - 2001eko urriaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

228/2001 FORU DEKRETUA, abuztuaren 13koa. Honen bidez aldatzen da 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra onesten duena.

Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak, Nafarroako toki ogasunei buruzkoak, ezartzen du toki entitateen eta beren erakunde autonomoen kontabilitatea zein ildo nagusiri egokitu behar zaien, eta Nafarroako Gobernuari ematen dio eskumena Toki Administrazioko Departamentuaren proposamenez arauak garatzeko.

Foru Lege horren 235. artikuluak ezartzen du lehen esandako entitateen kontabilitatearen antolamenduak jarraitu beharko dituen kontabilitate arau orokorrak onesteko premia.

Gorago aipatutako artikuluak aipatzen duen mandatua oinarri hartuz, 1998ko irailaren 21ean onetsi ziren 270/98, 271/98 eta 272/98 Foru Dekretuak, lehena aurrekontu eta gastu publikoari buruzkoa, hurrengoa aurrekontuaren egiturari buruzkoa eta azkena kontabilitate instrukzioari buruzkoa.

Mandatu horri jarraikiz, bitarteko aldiaren bukaera hurbil izan arren toki entitateek beren kontabilitatea euro kontu unitatera egokitu ez dutenez, beharrezkotzat jotzen da eurora bihurketa egiteko kontabilitate arau zenbait prestatzea.

Toki entitateentzat aurrekontuak badu balio juridiko bat, beste enpresa-subjektu publikoentzat ez duena. Zentzu honetan, aurrekontuko kredituak espezialitate bai kuantitatibo bai kualitatiboaren printzipioaren menpe daude, alegia, mugatzaile eta lotzaile izatea dute ezaugarri, lehen aipatutako Nafarroako Toki Ogasunen Legeko 206 eta 207. artikuluetan ezartzen denaren arabera.

Kontuan hartuz aurrekontuaren garrantzia Kontabilitate Instrukzio Orokorrera bildutako entitateentzat, logikoa dirudi entitate hauek egin behar dituzten kontabilitate idazpenen kontu unitatea beren aurrekontuetan onartutakoa bera izatea. Horregatik arau honek betebehar hau ezartzen du: entitateek beren aurrekontuak onestean erabilitako kontu unitate bera erabiltzea kontabilitateko idazpenetan.

Foru Dekretu honen bitartez Nafarroako Toki Administrazioko kontabilitate arauei jarraibide orokorrak eransten zaizkie errazago egiteko, alde batetik, toki entitateen kontabilitate antolamendua eurora egokitzea, kontu unitate bakarra izanen baita 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta, bestetik, pezetaren eta euroaren elkarraldia, biak legezko ordainbide izanen baitira elkarraldi horretan.

Foru Dekretu honen edukiak bi interesgune ditu: kontabilitatea 2002ko urtarrilaren batean euro kontu unitatean irekitzea eta data horretatik aurrera agertzen diren biribilketa-diferentzien kontabilitate trataera.

Kontabilitatea irekitzeari dagokionez, kontabilitate saldoen bihurketak hasierako idazpenean alderen bat sor dezake, eta hori konpontzeko Foru Dekretu honen bidez sortzen den 8901 azpikontuan idazpen bat eginen da. Horrez gain, moneta berrira bihurtzen dena kontuaren saldoa osatzen duten elementuak badira, dagokion kontzeptu, kontusail edo kontabilitate kontuaren hasierako saldoak aldatzeko eragiketa bat egin beharko da.

2002ko urtarrilaren 1etik aurrera biribilketako diferentziak ager daitezke: batzuetan kobrantzen kudeaketa bateratuak eraginik, beste batzuetan tarteko kontzeptuak dituzten frogagiriak daudelako, beste batzuetan 2002ko urtarrilaren 1a baino lehen erregistraturiko banku eragiketengatik, eta azkenik moneten elkarraldian pezetatan diru edukitzearen ondorioz. Arrazoi horietakoren baten ondorioz sortzen diren diferentzia guztiak kutxako kontaketa egitean agerian paratuko dira eta kontabilitate kontu egokian kontabilitate idazpenen bidez konponduko.

Doikuntza hauek egin ahal izateko aldatzen da, hain zuzen ere, Foru Dekretua.

Lehen xedapen gehigarriaren bidez Kontu Orokorrari zenbait txosten eransten zaizkio, zeinetan ekitaldi bakoitzean eurora egokitzeak duen eragina bildu nahi den.

Bigarren xedapen gehigarrian Diruzaintzako Egoeraren eredu berria ezartzen da.

Azken xedapenean Foru Dekretu honek indarra nola hartuko duen arautzen da.

Foru Dekretuaren proiektua Nafarroako Kontseiluak aztertu zuen eta horren aldeko txostena eman 2001eko uztailaren 30ean, eta bertan ateratzen den ondorioa da antolamendu juridikoarekin ados dela.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko abuztuaren hamahiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Orokorraren Instrukzioa onesten duen irailaren 21eko 272/1998 Foru Dekretuko 52, 413, 426 eta 427. arauak aldatzen dira.

52. araua.-Liburuak eramatea.

Bigarren lerroaldea honako honek ordezkatzen du:

Kontabilitate-oharrak aurrekontua onartu den unitate kontu berean balioak adieraziz egin behar dira. Dena dela, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera euroak pezeta ordezkatzen du kontu unitate gisa.

413. araua.-Diruzaintzaren egoera-orria.

Bigarren lerroaldea honela geratzen da idatzirik:

Hiru zati izanen ditu bere egituran:

Lehena.-Diruzaintzako Laburpen Orokorra, non azalduko baitira, laburturik, egindako kobrantza eta ordainketak, aurrekontukoak eta aurrekontuz kanpokoak bereizirik, hala nola Diruzaintzako hasierako eta bukaerako izakinak.

Bigarrena.-Banku berdinkatzeak, non jasoko diren ekitaldia ixtean egindakoak; bereizi egin behar dira denboraren joanarekin doitzen direnak alde batetik eta iraunkorrak bestetik, zeinak izanen baitira, besteak beste, euroa sartzeak diruzaintzan sortzen dituen diferentziek sortutakoak.

Berdinkatze iraunkorretan, etorkizuneko ekitaldietara eraman behar den banku izakina izakin berdinkatua izanen da, eta ez kontabilitatekoa.

Hirugarrena.-Diruzaintzako izakinen egoeraren azalpena, bukaerako kontabilitate izakinak, banku berdinkatzeak, dauden kontuetako izakin berdinkatuak eta benetako izakinak jasotzen dituena, baturak lehen mailako kontuetan emanez, Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorraren Toki Administraziorako egokitzapenaren arabera.

426. araua.-Kontuen koadroko aldaketak.

Honako puntu hau eransten da:

7. 8. Taldea. Emaitzak

Honako azpikontuok sortzen dira:

-8900 Ekitaldiko emaitzak

-8901 Eurotik eratorritako emaitzak.

427. araua.-Kontabilitateko definizio eta erlazioen aldaketak.

Honako puntu hau eransten da:

31. 890 kontua. Ekitaldiko emaitzak.

8900 azpikontua. Ekitaldiko emaitzak.

Toki entitatearen kudeaketaren azken emaitza jasotzen du.

Toki Entitatearen kudeaketaren azken emaitza jasotzen du.

Mugimendu hau du:

a) Abonatu edo kargatu egiten da, ondoko azpitaldeetan integraturiko kontuen saldoa hartzekoduna edo zorduna den kontuan hartuz:

80. Ekitaldiko emaitza arruntak.

82. Emaitza bereziak

83. Balore karteraren emaitzak.

84. Aurrekontu itxietako eskubide eta betebeharren aldaketa.

b) Abonatu edo kargatu egiten da, "Aplikatu zain dauden emaitzak" izeneko 130 kontuan kargatuz edo abonatuz, segun eta saldoa zorduna ala hartzekoduna den.

8901 azpikontua. Eurotik eratorritako emaitzak.

Pezetak eurora bihurtzeak ekartzen dituen doikuntzen emaitza metatuta bilduko du. Horrez gain kontabilitatea eurotan irekitzearen ondorioz sortutako diferentziak ere jasoko dira.

a) "Aitorturiko eskubideen zordunak. Aurrekontu itxiak" izeneko 431 kontuan eta "Betebehar aitortuen zordunak. Aurrekontu itxiak" izeneko 401 kontuan abonatu edo kargatu eginen da, hasierako saldoen goranzko edo beheranzko aldaketak kontuan hartuz, kobratu eta ordaindu zain zeudenak eurora bihurtzearen ondorioz.

b) Aurrekontuz kanpokoen kontuetan abonatu edo kargatu eginen da, hasierako saldoen goranzko edo beheranzko aldaketak kontuan hartuz, kobratu eta ordaindu zain zeudenak eurora bihurtzearen ondorioz.

c) Aktibo edo pasiboko kontuetan abonatu edo kargatu eginen da, betiere kontuen elementuek eurotan duten banakako balorazioaren ondorioz doitu behar badira.

d) 57. Azpitaldeko kontuetan abonatu edo kargatu eginen da, pezetatan eskudirutan kutxan dagoena eurotara bihurtzean eta aurreko ekitaldietatik datozen dokumentuen kobrantza eta ordainketa bateratuengatik gertatzen diren diferentzien arabera.

e) Abonatu edo kargatu eginen da, saldoa zorduna edo hartzekoduna den kontuan hartuz, 130. kontuan, "Aplikatu zain dauden emaitzak" izenekoan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-2002ko Kontu Orokorrari erantsiko zaio, gainera, bihurketa prozesuaren egoera-orri bat, 2001eko abenduaren 31ko saldoetatik abiatuz, 2002ko urtarrilaren 1eko kontabilitatearen hasierako saldoen funtsa adierazten duena; osagaietako bakoitzean gertatzen diren biribilketa diferentziak jasoko dira.

2002ko ekitalditik aurrera, Kontu Orokorrari erantsiko zaio ekitaldian gertatutako biribilketa diferentzia esanguratsuei buruzko informazioa, eta xeheki eman behar da, gutxienez, haien kausa eta zenbatekoa.

Bigarrena.-272/1998 Foru Dekretuaren eranskina aldatzen da Kontu Orokorraren Diruzaintza Egoerari dagokionean, Foru Dekretu honetan eranskin gisa dagoen ereduaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean izanen du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko abuztuaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

E R A N S K I N A

Iragarkiaren kodea: A0108878