96. ALDIZKARIA - 2000ko abuztuaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

245/2000 FORU DEKRETUA, uztailaren 3koa, Auzitegiko Institutu Anatomikoan autopsietako laguntzaileen lanpostuetan ari diren langileen guardien araubidea eta lanaldia arautu eta lanpostu horri lanpostuaren osagarri bat esleitzen diona.

Maiatzaren 15eko 813/1999 Errege Dekretuaren bidez, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu ziren. Erabaki horrek 1999ko urriaren 1etik aurrerako ondorioak izan zituen. Zerbitzu horiei atxikitako langileak ere eskualdatu ziren eta, horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzio publikoaren antolamenduari atxikita gelditu ziren. Ondoren, urtarrilaren 31ko 37/2000 Foru Dekretuaren bidez, maiatzaren 14ko 813/1999 Errege Dekretu hark aipatzen zituen langile finkoen behin-behineko plantilla organikoa onetsi zen, 1999ko urriaren lehenari zegokiona.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan modu horretan sartu diren langileen artean, besteak beste, Auzitegiko Institutu Anatomikoan autopsietako laguntzaile lanetan ari direnak daude. Langile horien eginkizunen ezaugarriak kontuan harturik, beharrezkoa da haientzako ordutegi berariazko bat eta guardien araubide bat ezartzea, presako egoerei ahalik eta lasterren erantzun ahal izateko.

Era berean, egoki ikusi da langile horiei lanpostuaren osagarri bat esleitzea, lanpostu horretan aritzeak berekin dakarren neke, arrisku eta toxikotasunaren ordainetan.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizi eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako uztailaren hiruan egindako bilkuran hartutako erabakarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiaren menpe dagoen Auzitegiko Institutu Anatomikoan autopsietako laguntzaileen lanpostuetan aritzen diren langileek lanpostuan egon beharreko 5 orduko lanaldia izanen dute, astelehenetik ostiralera, zehazki 09:00etatik 14:00ak arte.

Lanpostuan egon beharreko eguneko lanaldi horrez gainera, aldian-aldian gertatzen diren beharren arabera, eskatzen zaizkien zerbitzuetan eman beharreko lanorduak ere egin beharko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, izaera orokorrez, ezarrita dagoen urteko ordu-kopurua egin arte.

2. artikulua. 1. Foru Dekretu honek aipatzen dituen langileek lantokiz kanpoko guardiak egin beharko dituzte larunbat, igande eta jaiegunetan, 08:00etatik 20:00ak bitarte.

Oraingoz, guardiak txandaka eginen dira, bi astetik batean, baina Justizia Zuzendaritza Nagusiak aldatu ahalko ditu.

2. Guardia horien konpentsazio ekonomikoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileentzat ezarritako berbera izanen da.

3. artikulua. Autopsietako laguntzaileei lanpostuaren osagarri bat esleitzen zaie, dagokien mailako oinarrizko soldataren % 10ekoa, lanpostu horrek berekin dakarren neke, arrisku eta toxikotasunaren ordainetan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Lehendakaritza, Justizi eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra eta haren ondorio ekonomikoen eragina atzera eramanen da 1999ko urriaren lehenera arte, egun horretan transferitu baitziren Justizia Administrazioko langileak.

Iruñean, bi milako uztailaren hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0006856