91. ALDIZKARIA - 2000ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

185/2000 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Osasun kontseilariak emana, Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala aldatzen duena.

Osasun kontseilariak urtarrilaren 25ean emandako 9/1996 Foru Aginduak Nafarroako Txertaketen Batzorde Aholku-emaile Teknikoa eratu zuen, besteak beste honako lan hauetarako: txertaketa programak diseinatu, ezarri eta ebaluatzen laguntzeko, inmunizazioaren bidez galaraz daitezkeen eritasunen egoera epidemiologikoa aztertuz, eta gaisotasun kutsagarriak kontrolatzeko osasun erakunde nazionalen eta nazionartekoen gomendioak kontuan hartuz. Batzorde horren lana da, bestetik, irizpide horien arabera, Foru Komunitateko txertaketen egutegia irizpide horietara egokitzea.

Osasun kontseilariak otsailaren 11n emandako 26/2000 Foru Aginduaren bidez, gaur egun indarra duen Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala onetsi zen (2000-5-3ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

C serotaldeko eritasun meningokozikoari aurrea hartzeko gaur egun dagoen txerto berriaren segurtasuna eta eragingarritasun klinikoa eta erantzun inmunologikoa kontuan hartuta, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren Osasun Publikoaren Batzordeak eta Nafarroako Txertaketetarako Batzorde Aholku-emaile Teknikoak txerto hori Nafarroako Txertaketen Egutegi Ofizialean sartzea proposatu dute.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 33.1 artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Osasun Departamentuari dagozkio, besteak beste, Osasun Publikoaren arloa planifikatu eta antolatzea. Osasun arloak barne hartzen ditu osasuna babesteko jarduketak, hala nola Txertaketen Egutegi Ofizialean diren txertaketa sistematikoak.

Horrenbestez, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak proposatuta,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofizialaren aldaketa onesten da. Ondorioz, egutegiaren barrenean sartzen da C serotaldeko meningitisaren txertoaren bidezko inmunizazioa. Txertoa 2000ko abuztuaren 1etik aurrera jaiotzen diren haur guztiei jarriko zaie, eranskinean ageri den bezala: 2., 4. eta 6. hilabetean.

2. artikulua. 1. 2000ko urriaren 2tik aurrera, txertaketa-kanpaina bat eginen da C serotaldeko meningitisaren kontra. Nafarroan bizi eta 1995eko urtarrilaren 1etik 2000ko abuztuaren 1era bitartean jaio diren haur guztiei jarriko zaie txertoa.

3. artikulua. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Ahalmena ematen zaio Osasun Zuzendaritza Nagusiari jarraitu behar diren irizpide teknikoak emateko eta, Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala behar bezala garatu eta eratu dadin, behar direnak egiteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira foru lege honi espresuki kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Iruñean, bi milako uztailaren lauan.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

E R A N S K I N A

T X E R T O A K A D I N A

HB (1), DTP (2), Hib (3), VPO (4), McC (5) 2 hilabete

HB, DTP, Hib, VPO, McM 4 hilabete

HB, DTP, Hib, VPO, McM 6 hilabete

TV (6) 15 hilabete(7)

DTPa (8), VPO 18 hilabete

VPO, TV, DT (9) 6 urte

TV (10) 11 urte

HB 3 dosi (11) 13 urte

Td (12) 14 urte eta ondoren

10 urtetik behin

(1) HB: B Hepatitisaren txertoa.

(2) DTP: Difteria, Tetanoa, Kukutxeztula.

(3) Hib: Haemophilus influenzaeren txertoa.

(4) VPO: Poliomielitisaren kontrako ahotiko txerto tribalentea.

(5) McM: C meningokokoaren kontrako txertoa.

(6) TV: Hiru birusen kontrako txertoa (Elgorria, Errubeola, Parotidisa).

(7) Arrisku berezia dagoenean, 9 hilabeteetara aurrera daiteke.

(8) DTPa: Difteria, Tetanoa, Kukutxeztula (zelulagabea).

(9) DT: Difteria eta Tetanoaren txertoa..

(10) Hiru birusen kontrako txertoaren bigarren dosia, 6 urte zituztenean txertatu ez ziren jende-multzoetan.

(11) B Hepatitisaren lehenbiziko txertoa, aurretik txertatu ez diren jende-multzoetan (pediatraren jarraibideen arabera).

(12) Td: Tetanoaren eta Difteriaren txertoa, helduentzat.

Iragarkiaren kodea: A0006612