91. ALDIZKARIA - 2000ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

651/2000 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako A-15 autobidean, Tafallako hegoaldeko lotunea birmoldatzeko trazadura proiektua" behin betikoz onetsi eta jendaurreko aldia ebazten duena.

Herrilan zuzendari nagusiak maiatzaren 27an emandako 545/1999 Ebazpenaren bidez, "Nafarroako A-15 autobidean, Tafallako hegoaldeko lotunea birmoldatzeko trazadura proiektuari" onespen teknikoa eman, eta ukituriko ondasun eta eskubideen desjabetzapen prozedurari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori, ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera, 1999ko ekainaren 11ko 73. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta jendaurreko prozedurari hasiera eman, egun hartatik hasita hogei egun balioduneko eperako.

Jendaurreko epean bost alegazio hauek aurkeztu dira:

1. alegazioa, Gasolinera Tafalla, S.L.k aurkeztua.

Ana Artieda Pascual andreak, Gasolinera Tafalla, S.L. merkataritza konpainiaren administratzaile gisa, honako argudioak azaltzen dituen idazkia aurkeztu du:

1) Trazadura proiektuari onespen teknikoa emateak eraikuntza proiektu bat izatea dakar berarekin, errepideen legeriaren arabera; proiektu hori Administrazioak aurretik onartu behar zuen.

2) Proiektuak azterlan informatzailea behar duela uste izanik, eta Errepideei buruzko 25/98 Legean eta Lege hori garatzen duen 1812/94 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, alegatzen du azterlan informatzailea edo, hala denean, trazadura proiektua toki entitateari bidali behar zitzaiola, hilabetez aztertzeko.

3) Adierazten du, indarra duen ingurugiro legeriari jarraikiz nahitaezkoa dela ingurugiroaren gaineko eraginen azterlana egitea.

4) Alegatzen du hautaturiko aukerak egiten diela kalte gehien eremu horretan egun dauden hirugarren sektoreko jarduerei, bereziki Tafalla Hostalari eta Gasolinera Tafalla, S.L.ri. 4. aukera har dadila proposatzen du, horixe baita kostu txikiena duena eta eragin gutxien sortzen duena.

5) Audenasaren eta enpresa ukituen interesa bateragarri egitea eskatzen du.

Iritzi horiek eman ondoren eskatu du jendaurrean jarri den proiektua onesteko espedientea artxiba dadila eta horren ordez 4. aukera har dadila.

-Erantzuna:

Azaldu diren argudioei erantzu hau eman zaie:

1) "Nafarroako A-15 autobidean, Tafallako hegoaldeko lotunea birmoldatzeko trazadura proiektua" jendaurrean jarri da ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Bertan biltzen dira aukeren azterlana eta Administrazioak jendaurrean dagoen aukera hartzeko izan dituen arrazoiak. Jendaurrean egon ondoren, proiektuan eginen diren aldaketa edo eranskinak kontuan hartuta eraikuntza proiektua erredaktatuko da eta horrela hautaturiko aukeraren garapen osoa eginen, eraikitzuntzarako behar diren zehaztasunak barne. Hori horrela, trazadura proiektua eraikuntza proiektuaren zati da eta horren alde geometrikoak eta ukituriko ondasun eta eskubideak biltzen ditu.

2) Izan den jendaurreko prozedurari esker bai toki entitateek bai partikular ukituek proiektua, azterturiko aukerak eta eraginak aztertu ahal izan dituzte, eta proiektua sustatzen duen Administrazioari adierazpenak egin; Tafallako Udalak alegazio bat aurkeztu du, hain zuzen ere.

3) Lehenengo idatz-zatian azaldu bezala, jendaurreko aldiaren ondoren trazadura proiektuan sartuko diren aldaketa edo eranskinak kontuan hartuta erredaktatuko da eraikuntza proiektua. Dokumentu horretan sartzen da Ingurugiroaren gaineko Eraginen Azterlana, zeinek Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena jaso behar baitu; hala ezartzen du uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretuak. Zehaztu behar da jendaurrean jarritako trazadura proiektuak "Ekologia, estetika eta paisaiaren antolamendua" izeneko eranskina duela, zeinetan deskribatzen baitira proiektuak ingurugiroaren gaineko eraginak gutxitzeko garatuko dituen jarduera ildoak.

4) Proiektuak dauden zerbitzuetan sortzen dituen eraginei dagokienez zehaztu behar da, lehenik, trafiko guztia autobidetik eta autobiderantz desbideratzen dela esatea ez dela zuzena. Lehen eremu horretatik pasatzen ez ziren ibilgailu batzuk orain bertatik pasatzen dira eta beste batzuk ez dira aldatzen. Zehazki:

Trafiko berria: Tafalla, Larraga, Artaxoa eta abarretik heldu eta autobidera, hegoaldeko galtzadara, bideratzen dena, eta hegoaldetik autobidean barna eta destino horietara joateko heltzen den trafikoa. Aurreikusitako aukera hartuta, eremu horretatik pasatzen dira. Lehen ez zen hala.

Desbideratu ez den trafikoa: Tafalla-Hegoaldea tarteko trafikoa lehen bezala geldituko da.

Horretaz gainera, kontuan hartu behar da gasolindegira eta hostalera joateko lotune berriko trafiko guztia biltzen duen biribilgunearen hurbiltasuna. Biak ongi ikusiko dira bertatik eta sarbide erraza izanen dute. Hori oraingo egoerarekin alderatu behar da, hots, errepidean iparrerantz zirkulatzen duten ibilgailuak ezin dira sartu ez gasolindegian ez hostalean.

Hautaturiko aukerari dagokionez (5.a), era guztietako abantailak ditu 4.aren ondoan. Horiek bai funtzionalak bai trazadurakoak dira, besteak beste:

a) Trentzatuak -norabide berean doazen ibilgailuek erreiez aldatzean egiten duten gurutzatze mugimenduak, glorietatik autobiderantz Iruña eta Zaragoza aldera irtetean izaten denak- gutxieneko luzera izan behar du, eta hori ez du 4. aukerak betetzen. 5. aukeran 300 metrotik gorakoa da eta 4.ean 100 metro ere ez du.

b) A-15 Iruña glorietako mugimenduko bihurgune erradioa 250 metrokoa da 5. aukeran, eta 140 metrokoa besterik ez 4.ean.

c) A-15 Zaragoza glorietako mugimenduko profil longitudinalak % 3,75eko malda du 5. aukeran, eta % 5,5ekoa 4.ean. Gainera, autobidearen gaineko pasabidea 4. aukeran Kv. = 2.500 m-ko akordamendu bertikalean egiten da, eta 5.ean akordamendua 3.500ekoa da eta, beraz, ikuspen hobea du.

d) 4. aukerak N-121 errepidearen gainean autobidean dauden bi fabrika-obrak handitzea ere eskatzen du.

e) Azkenik, 4. aukerak bi pisuko etxebizitza bati ere eragiten dio, lehen fasean etxearen ertzetik pasatzen baita eta bigarrenean gainetik pasatu behar baita.

Gainera, eta segurtasunaren ikuspuntutik, hautaturiko aukeran desagertu egiten da TCA-13 istripu ugariko tartea, N-121 errepideko 37,2 eta 39 k.p.en artekoa. 4. aukerak arazoa konpondu beharrean larriagotu eginen luke, zerbitzuen eremuko sarbideak glorietatik beste nonbaitera eraman ezean.

5) Aurreko argudio guztietatik ateratzen den ondorioa da 5. aukerak 4.ak baino abantaila gehiago dituela bai funtzionaltasunaren ikuspegitik bai segurtasunarenetik. Gainera, ukituriko enpresen negozioekin bateragarria da.

Horiek guztiak horrela, alegazioa ezin da onartu.

-2. Alegazioa, Tafallako Udalak egina.

Luis Valero Erro jaunak, Tafallako Udaleko alkate- udalburuak, alegazio hauek biltzen dituen idazkia aurkeztu du:

Egoera berrian industrialdeko sarbideak berriz aztertzea eskatu du.

Eremu horretako Gasolinera Tafalla, S.L. eta Hostal Tafalla negozioei kalterik ez egiteko autobidean zerbitzu eremu horren berri emateko seinaleak jartzea eskatu du.

Biribilgunera iristen diren ibilgailuei ezkerraldera biratzeko aukera ematea eskatu du, horretarako erdiko errei bat edo glorieta bat eginez.

-Erantzuna:

Azaldutako puntuei erantzuna eman zaie:

1) Onartu egin da alegazioa. Oraingoz, dauden bezala utziko dira industrialdeko sarbide guztiak eta 3) puntuan aipatu hobekuntzak eginen dira.

2) Onartu egin da alegazioa. Audenasak zerbitzu eremuaren seinaleak jarri beharko ditu autobideko bi norabideetan. Bestalde, N-121 eta N-115 errepideetan ere behar diren seinaleak jarriko dira.

3) Sarbideko eta zerbitzu eremuko sarbideei dagokienez, onartu egin da alegazioa. Kontuan harturik trafiko gutxi izanen dela, proiektua egin eta gero, N-121 errepidean proiektaturiko glorietaren eta N-115 errepidearekin dagoen bidegurutzearen artean, tarte horretako sarbideen antolamendua gehituko zaio proiektuari eta, horrela, ezkerraldera biratu ahalko da bi norabideetan.

-3. alegazioa, José Miguel Jaurrieta Osés jaunak egina.

José Miguel Jaurrieta Osés jaunak, Tafallako bizilaguna baita, katastroko 106 eta 107. lurzati mahastidunen jabe den aldetik alegatu du hartu den aukerak lurra zatitzen diola, landaketarako gutxieneko unitateak baino txikiagoak diren zatiak utziz. Proposatu du autobidetik irten eta bertara sartzeko adarrak, ipar-hego norabidean, hegoalderantz mugi daitezela, ukipenik izan ez dadin.

-Erantzuna:

Proposaturiko aldaketak baldintza tekniko okerragoetan uzten du trazadura, bi arrazoirengatik batik bat:

Biribilgunearen tokia finkoa denez Erriberriko saihesbidearekin dagoen bidegurutzean, lotunea hegoalderantz mugituz gero baldintza txarragoetan uzten dira trazadurako ardatzen lerrokadua angeluak, trafiko garrantzitsuenaren mugimenduetarako. Horrek ibilbide handiagoak egin beharra eta trazadura behartuagoa dakar.

b) Alegatzailearen eskaera kontuan harturik (alegazioarekin batera aurkeztua) egin zen trazadura alternatiboaren azterlanean ikusten den moduan, biribilgunearen eta Iruña eta Tutera aldeko autobide adarrak banatzen diren puntuaren arteko distantzia ere murrizten da; alegia, orain dagoen trentzatu tartearen luzera murrizten da eta proiektaturiko egoera okertzen, luzera horrek ez baitu batere lasaierarik.

Horrenbestez, alegazioa ezin da onartu.

-4. alegazioa, Leandro Ros Martínez jaunak egina.

Leandro Ros Martínez jaunak, Tafallako bizilaguna eta proiektuak Nava alderdian ukitzen dituen finka batzuen jabea baita, honakoa alegatu du:

1) Proiektu berrian bere publizitate letreroak gutxiago ikusten direla. Ongi ikusteko moduko tokietan jar daitezela edo beste toki batean jartzeko gastuak ordain dakizkiola eskatu du. Bere instalazioetarako sarbide errazak egitea ere eskatu du.

2) 251. finkan larreak daudela ageri bada ere olibondoak daudela.

3) 250. finkan -ureztaketakoa baita- dagoen ur erregistroa jar dadila.

4) 226. finkan olibondoak daudela eta ez direla zerrendan agertu.

Gainera, finka horrek garraio eta gasolindegi zentro baten instalazioa duela xede, erantsi den xehetasun azterlanean ageri bezala. Desjabetzapenak finka bitan banatzen duenez, zerbitzuak bi aldeetan ezar daitezela eskatu du.

-Erantzuna:

1) Nabean dauden letreroak aurrerantzean ere ongi ikusiko dira errepideetatik, eta ongi ikusteko modukoak izanen dira, halaber, lehen eremu horretatik igarotzen ez ziren ibilgailuentzat, 1. alegazioko 4. puntuari emandako erantzunean azaldu bezala. Beraz, ez da onartu alegazioa.

Sarbideei dagokienez, 2. alegazioko erantzunari lotzen gatzaizkio. Beraz, ez da onartu alegazioa.

2) Ikusi da etze-lurra den 251. finkan 4 olibondo daudela landu gabe; desjabetzapen prozesuan baloratuko dira. Onartu egin da alegazioa.

3) Lurzatia alor gisa ageri da katastroan, baina finka horretan ur erregistrorik dagoenik ez da ageri. Hala ere, alegatzaileak horren frogarik aurkezten badu, proiektuaren exekuzioa egiten denean jarriko da berriz.

4) Aipatu finkan lau olibondo daudela ikusi da. Onartu egin da alegazioa.

5) Aurkeztu den xehetasun azterlana jendaurrean jarritako proiektuarekin alderatuz egiaztatu da ez duela inolako ukipenik. Beraz, ez da onartu alegazioa.

-5. 8.alegazioa, Bernardo Ausejo Iturralde jaunak egina.

Bernardo Ausejo Iturralde jaunak idazki bat aurkeztu du "Hostal Tafalla, Trafatrans, S.L. eta Estación de Servicio y Gasolinera" ordezkatuz. Jendaurrean jarritako proiektua ez dadila onartu eta beste aukera batzuk har daitezela eskatu du. Hona, laburturik, eskaeraren oinarri diren egitateak eta zuzenbide oinarriak:

1) Lehenik, Audenasarekin egindako Hitzarmena azaltzen da, horren barrenean baitago jendaurrean jarritako proiektua. Proiektu horrek N-115 errepideari (tarte bat deuseztatuz) eta N-121ari kaltea ekarriko diela adierazten du, hots, errepidea deuseztatzeak berak ordezkatzen dituen enpresen negozioei kalte eginen diela. Bere ustez ez dago motibaturik proiektua justifikatuko duen onura publikoa, interes orokorra edo bide segurtasuna.

2) Administrazioak lehenago izandako jarduketa batzuk azaldu dira, hots, negozioek zuten sarbidea mugatu eta kalte handiak sortu zituztenak. Bereziki aipatzen du N- 121 errepidean ezkerraldera biratzeko debekua, kasu honetako eremuan sartzeko tartean hain zuzen.

3) Adierazten da proiektuak proposatzen duen sarbide antolamenduak ez dituela sarbideak hobetuko, zeren eta eremu horretako negozioek ez baitute sarbide zuzena izanen saihesbidean, glorietan, eta A-15ekin loturarik ere ez. Adierazten da proiektuak sustatzen dituen jarduketek interes publikoaren eta orokorraren aurkakoak direla eta bai ondoko jabeen kontrakoa ere.

-Erantzuna:

2. eta 3. alegazioei emandako erantzunean eta jendaurrean jarritako trazadura proiektuan azaldutakoari loturik honako hau esan daiteke:

Proiektuak trafikoa antolatzea du xede; haiz zuzen ere, 1998ko otsailean Tafalla Hegoaldeko lotuneko bidesari gunea kendu ondoren, N-121ek eta NA-115ek eta A-15ek bat egiten duten eremu horretan. Gogoratu behar da eremu hori TCA-13 izeneko istripu ugariko tartea dela eta 1992tik 1996ra 15 istripu izan zirela eta horietako 7tan kaltetuak. Jendaurrean jarritako informazioak justifikatzen du hartutako aukera dela interes orokorrari begira hobekien konpontzen dituena proiektua justifikatzen duten trafiko eta bide segurtasuneko arazoak. Jendaurrean jarritako proiektuak ez du N-115 deuseztatzen; N-121ekin duen lotunea mugitzen du, interes publikoaren ikuspegitik teknikoki komenigarri eta egokiena den aukeran proiektatu den biribilgunerantz.

Nahiz eta argi eta garbi justifikatzen den bide segurtasuneko arrazoiengatik (trafikoa handia) N-121ean, aipatu negozioetara sartzeko tartean, ezkerraldera biratzeko debekua, ez da bidezkoa Administrazioak lehenago izandako jarduketak baloratzea, ez baitira jendaurreko informazio honen xede.

Jendaurrean jarritako proiektuaren arabera, aipatu negozioetatik N-121ean sar daiteke oraingo baldintza berberetan, eta horren bitartez lotunera iristen diren bide eta norabide guztietara. Bestalde, aurreko alegazioen erantzunetan azaldu bezala, negozietarako sarbideak seinalizatu eginen dira.

Beraz, alegazioa ezin da onartu.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak proposatu du Herrilan zuzendari nagusiak maiatzaren 27ko 545/1999 Ebazpena argitaratuz hasitako jendaurreko informazio aldia ebaztea, azalpen zati honetan adierazitakoari jarraikiz. Aipatu Ebazpenaren bidez onespen teknikoa eman zitzaion "Nafarroako A-15 autobidean, Tafallako hegoaldeko lotunea birmoldatzeko trazadura proiektuari".

Horiek horrela, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak azaldu eta proposatutakoari jarraikiz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. "Nafarroako A-15 autobidean, Tafallako hegoaldeko lotunea birmoldatzeko trazadura proiektuaren" jendaurreko fasea ebaztea; hain zuzen ere, aurkeztutako alegazioen erantzun gisa Ebazpen honen azalpen zatian adierazitakoaren arabera.

2. Behin betikoz onestea "Nafarroako A-15 autobidean, Tafallako hegoaldeko lotunea birmoldatzeko trazadura proiektua".

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen honen berri ematea Tafallako Udalari, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako ekainaren hogeita hamarrean.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: a0006496