39. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- O L T Z A

Ordenantzaren behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2000ko otsailaren 22an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen kultura, kirol, gazteria eta aisia jardueretarako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoaren indarrez, ordenantzak jendaurrean egonen dira hogeita hamar egunetan, epe horretan herritarrek eta interesa dutenek espedienteak aztertu eta erreklamazioak, kexak edo oharrak egin ditzaten.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharri egin gabe iraganez gero, ordenantzak behin betikoz onetsiak daudela ulertuko da.

KULTURA, KIROL, GAZTERIA ETA AISIA JARDUERETARAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Oltza Zendeako udalerrian dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da Ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza berdinetan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

2. art. Dirulaguntza da Udalaren kontura Udalbatzak ematen duen edozein laguntza, zuzenekoa zein zeharkakoa, ekonomikoki baloratu ahal dena, hala nola, bekak, hobariak eta laguntza pertsonaleko gainerako gastuak.

3. art. Dirulaguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1.-Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira, salbu eta ordenantza honek bestelakorik xedatzen badu.

2.-Ezin izanen dira aurrekaritzat hartu.

3.-Emandako dirulaguntza, salbuespenak salbuespen, jardueraren kostuaren % 50 inguru izanen da.

4.-Ezin izanen da dirulaguntza handitzerik edota berrikuspenik eskatu.

4. art. Ez dute baliorik izanen, dirulaguntzak direla eta, eskuzabaltasun hutsez hartutako erabakiek.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak

5. art. Dirulaguntza honako hauek eskatu ahalko dute:

A) Irabazteko asmorik gabeko entitate eta elkarteak, helbidea udalerrian badute.

b) Pertsona fisikoak, ekinbide jakin bateko talde baten ordezkari partikular gisa, baldin eta irabazteko asmorik gabea bada eta egoitza udalerrian badu.

III. KAPITULUA

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak

6. art. Eskaera egin eta urte berean udalerrian egiten diren jarduera programatuek baizik ez dezakete dirulaguntza hartu, jarduerak arlo hauetakoak izanik:

-Kirola.

-Kultura.

-Gazteria.

7. art. Ez dira diruz lagunduko:

a) Udalerritik kanpo egiten diren jarduerak.

b) Lokalak egokitzea edo eraikinetan egindako beste edozein obra.

c) Ondasun higiezinak erostea.

8. art. Kirolaren arloan, diruz laguntzekoak dira kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko edo kirola sustatzeko gastuak eta, batez ere, aparteko ekitaldiak edo garrantzi nahiz tradizio handikoak, bereziki udalerriko jende gehienak parte hartzeko egiten direnak.

9. art. Musikaren arloan, diruz laguntzekoak dira musika klasikoko kontzertuak, abeslarienak, abesbatzenak, jazz eta rock jaialdiak, folk musikakoak eta banden edo txarangen emanaldiak.

10. art. Kulturaren arloan, diruz laguntzekoak dira kulturarekin zerikusia dutenak, batez ere sustapen sozio-kulturalekoak eta euskara bultzatzekoak.

11. art. Gazteriaren arloan, diruz laguntzekoak dira ondokoak:

A) Sustapen soziokulturaleko jarduerak:

-Gazteendako asteak.

-Oltza Zendeako gazteendako programak.

-Lehiaketak, erakusketak eta animazioko beste jarduerak.

B) Informazio eta aholku programak, gazteak gizarteratu eta berreskuratzen laguntzen dutenak esparru hauetan:

-Delinkuentzia.

-Drogamenpekotasuna.

-Sexualitatea, e.a.

-Sexuen berdintasuna.

-Arrazakeria eta xenofobia.

-Etab.

C) Haur eta gazteendako udako jarduerak.

IV. KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

12. art.

1. Udalbatzak, osoko bilkuran, zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, dirulaguntza jaso dezaketen jardueretarako.

2. Diru-kopurua kirola, musika, kultura eta gazteria arloen artean banatuko da, urte horretarako finkatutako plangintzaren eta helburuen arabera. Halarik ere, behar diren aldaketak eginen dira arlo batzuetako eskaera kopurua oso txikia bada.

3. Urtero, otsail-martxo aldera, Udalak deialdiaren oinarriak onetsi eta argitaratuko ditu.

13. art. Eskabideak ere otsail-martxo aldera aurkeztu beharko dira, hurrengo urtean egitekoak diren jardueretarako dirulaguntzak jaso ahal izateko.

14. art. 5. artikuluan aipatzen diren eskatzaileek ondorengo agiriak beharko dituzte aurkeztu:

a) Jarduera bakoitzeko eskabide bana, entitateko buruak edo behar bezala kreditatutako eskuordetza duenak sinatua. Dirulaguntza zein programa edo jardueratarako eskatzen den adieraziko da.

b) Egin gogo den eta dirulaguntza eskatzeko arrazoi den jardueraren programa zehatza eta haren aurrekontu osoa atalez atal.

V. KAPITULUA

Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak

15. art. Udalbatzak deialdiaren oinarriak zehaztean arlo bakoitzerako finkatzen dituen irizpide berariazkoez gain, oinarrizkotzat jotzen dira honako hauek dirulaguntzak emateko tenorean:

a) Jardueraren interes orokorra, Oltzako Zendearentzat.

b) Herritarren partaidetza zuzena programetan.

c) Antzeko jardueren urria.

d) Kirol eta kultura ikuskizunetan kirola zein kultura sustatzea.

16. art. Egindako eskaerak azterturik, Kirol eta Kultura batzordeak, Udaleko Kultura eta Kirol zerbitzu teknikoek txostena eman ondotik, ebazpen proposamena eginen du.

Udalbatzako Gobernu Batzordeak urte bakoitzeko apirilaren 15a baino lehen ebatziko du.

VI. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

17. art. Diruz lagundutako jarduerak kontzesioa ematen den urte bereko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.

18. art. Jardueraren dokumentazioan eta inprimatutako propagandan "Oltza Zendeako Udalaren laguntzarekin" esapidea ezarri beharko da beti, esleitutako dirulaguntza jasoko bada.

19. art. Dirulaguntza emanda dagoenean, ez da onartuko beste deustarako erabiltzea.

20. art. Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak ezagutu eta onartzen direla.

21. art. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekar dezake, eta hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea.

VII. KAPITULUA

Justifikatzea eta kobratzea

22. art. Ordenantza honetako oinarrien arabera emandako dirulaguntza jasotzeko, beharrezko da jarduera egina izatea eta Udalean dokumentazio hau aurkeztea:

a) Egindako jardueraren memoria, xeheki emana.

b) Entitateko buruak sinatutako eskabidea, alkateari idatzia, dirulaguntza ordaintzeko eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da hartara transferentzia egiteko.

c) Emandako dirulaguntza zenbat, horren adinako fakturak.

d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

e) Beste entitate publiko nahiz pribatuek emandako dirulaguntzen zerrenda.

23. art. Aurreko artikuluan aipatzen diren fakturek baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.

b) Dirulaguntza eman den urteko data edukitzea, eta, ekitaldi puntuala bada, jarduerari dagokion data agertzea.

c) Jasotzailearen N.A.N. edo I.F.K.-I.F.Z. edukitzea.

d) Hornitzailearen zigilua eta sinadura edukitzea.

e) Eskaera egitean aurkeztu aurrekontuaren araberakoa izatea.

24. art. Jarduera egin eta ondoko hogeita hamar egunetan aurkeztuko dira 22. artikuluan aipatutako frogagiriak. Kultura eta Kirol Batzordeak espedientea aztertuko du, Udaleko Kultura eta Kirol zerbitzu teknikoek txostena eman ondoren, eta proposamena eginen dio Gobernu Batzordeari, hori ez balegokio alkatetzari, hura onetsi eta ordaintzeko. Batzorde horrek ahalmena badu dirulaguntza murrizteko, benetan egindako gastuei egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 24 artikulu eta azken xedapen bat biltzen ditu eta indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsi eta haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean, betiere uztailaren 2ko 6/90 Foru Legeraen 325. artikuluan agindutako epea igarota.

Oltza Zendean, bi milako otsailaren hogeita hiruan. Alkatea, María Díaz de Cerio.

Iragarkiaren kodea: A0001770