29. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 6a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- T U T E R A

Behin betiko onespena, ekipamendu soziokulturalak erabiltzeko Udalaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzari

Tuterako Udalak, 1999ko urriaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ekipamendu soziokulturalak erabiltzeko Udalaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza.

Erabakia 1999ko abenduaren 6ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, eta hogeita hamar egun baliodunetan egon zen jendaurrean, Udaleko iragarki oholean, interesatunek aztertu eta egoki iruditzen zitzaizkien erreklamazioak egin zitzaten.

Epe horretan alegazio edo erreklamaziorik egin ez denez, behin betikoz onetsi da ondotik ageri den ordenantza, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatu zuen apirilaren 21eko 11/1999 Legeak aldatutako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Tuteran, bi milako otsailaren bian. Herritarren Sustapen Alorreko zinegotzi delegatua, Carmen Ferrer Cajal.

EKIPAMENDU SOZIOKULTURALAK ERABILTZEKO UDALAREN ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Ekipamendu soziokulturalak erabiltzeko ordenantzaren oinarria

1978ko abenduaren 6ko Konstituzioak, I. tituluko bigarren kapituluan, "Eskubide eta askatasunak", eta hirugarren kapituluan, "Politika sozial eta ekonomikoaren gida oinarriez", konstituzioak bildutako xedapenak dira sustapen soziokulturalaren eta komunitatearen garapenaren hastapenen lege oinarria.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legeak 44. artikuluko II. tituluko bigarren kapituluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateak berezko eskumenak ditu, besteak beste, kultura, turismoa, kirola, aisia eta komunitatearen garapena antolatzea. Eskumen horiek Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko 14/1983 Foru Legea bezalako arauen bidez erregulatzen dira.

Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legeak, II. tituluko III. kapituluan, eskumena ematen die Udalei honako esparru hauek arautzeko: gizarte zerbitzuak egitea, gizarte sustapena eta bergizarteratzea (25.k) artikulua), kultur eta kirol jarduerak eta instalazioak, eta aisiaren erabilera eta turismoa (25.m) artikulua).

Udalen gaitasun legegilea udal ordenantzetan gauzatzen da. Esku artean dugun ordenantza honen xedea da Tuterako gune soziokulturalen sorrera, mantenimendua eta kudeaketa arautzea, aipatu legegintzako xedapenen arabera.

"Animazio" hitza (lat. "anima": arima eta grek. "anemós": hats) komunitatean mugimendua, zentzua eta bizia sortzea dela ulertzen badugu, orduan, animazio soziokulturalak beharko ditu, Udal honetako gainerako alor eta zerbitzuek bezala, nolabaiteko tresnak, giza baliabideak eta ekintzak, behar bezala araututa, komunitatearen garapena lortzeko ahalik eta kalitate bermerik handienaz.

I. KAPITULUA

Definizioa

1. artikulua

a) Ekipamendu soziokulturalak dira komunitatearen eta pertsonaren garapena, elkartegintzaren sustapena eta herritarren parte hartzea bultzatzeko prestatuta eta bideratuta dauden zerbitzu publikoko ondasunak.

b) Ekipamenduetako programen artean, honako hauek dute lehentasuna:

1.-Herritarrei argibideak eta orientazioa ematea.

2.-Guneak eta baliabideak lagatzea.

3.-Komunitatearen animazio soziokulturala.

II. KAPITULUA

Eginkizunak

2. art. Udalak antolatuko dituen neurriek, kudeaketa eredua edozein dela ere, bermea eman beharko dute ekipamendu soziokulturalak aniztasunerako, komunitatearen partaidetzarako, herritarren sustapenerako, eta gizarte integrazio eta elkarreraginerako guneak izan daitezen.

3. art. Halaber, ekipamenduen eginkizuna izanen da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea, prestakuntza, kultura, jolas, josteta, gizarte eta ekonomia alorreko jardueren sustapenean, Udalaren eta gizarte sarearen beharrak, eskaerak eta interesak begiratuz.

III. KAPITULUA

Programak

4. art. Argibideak eta orientazioa emateko programa dela eta, ekipamendu soziokulturalek herritarrendako argibide gune bat jarriko dute, bai eta, baliabiderik egonez gero, pertsona bat jarri ere, argibideak eta orientazioa emateko, eta sortzen diren zalantzak, galderak eta kezkak bideratzeko.

5. art. Ekipamendu guztietan egonen da guneak eta baliabideak lagatzeko programa bat, beren ahalbidei egokitua, eta, horren bidez, guneak eta baliabideak halako epe jakinetan eskatzen ahalko dira. Lagatzeko, kontuan hartuko da espezializazioa, batasuna, aprobetxamendu egokia, balioaniztasuna eta ekintzak aldi berean egiteko aukera.

6. art. Ekipamendu soziokultural guztietan behar diren bitartekoak, baliabideak eta langileak egonen dira, ekintzak antolatu eta prestatzeko. Izan ere, ekintza horiek helburu izanen dute zentroaren dinamizazioa, Tuterako erreferentzia soziokulturala eta komunitatearen garapen gunea izan dadin.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

7. art. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak gobernatuko du ekipamenduen, programen edo jardueren kudeaketa.

8. art. Udalak aukeratu beharko du kudeaketa nola egin eta garatu, dena den, horretarako kontuan hartu beharko du gizartearen partaidetza, ezarriko diren bideen bitartez.

V. KAPITULUA

Funtzionamendurako baldintza orokorrak

9. art. Ekipamenduetako guneak, baliabideak eta zerbitzuak erabiltzea doan, libre eta irekia izanen da dirua irabazteko asmorik gabeko pertsona, entitate, talde eta elkarteendako.

10. art. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek eskubide berberak izanen dituzte guneak, baliabideak eta zerbitzuak erabiltzeko, beti ere libre badadude, eta udal organo eskudunak baliabide edo zerbitzu berezietarako ezartzen dituen tasak, behar denean, ordainduta.

11. art. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek betekizun berberak izanen dituzte gune, baliabide eta zerbitzuen erabilerari dagokionez, Ordenantza honen artikuluei eta honen gaineko Barne Araubideko Erregelamenduei jarraikiz.

12. art. Honako baldintza orokor hauek aginduko dute ekipamendu soziokulturalen funtzionamendua:

a) Pertsonek, taldeek edo elkarteek guneak, baliabideak eta zerbitzuak partekatuko dituzte, eta ezin izanen da kontsideratu erabiltzen dituen pertsona, talde edo elkartearena direla soilik, edo haiek direla erabiltzeko eskubidea duten bakarrak.

b) Guneak, baliabideak eta zerbitzuak xede askotarako eta erabilpen anitzetarako izanen dira, eta pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek baliatzen ahalko dituzte, esklusibitaterik edo bazterkeriarik gabe.

c) Guneak, baliabideak eta zerbitzuak optimizazio irizpideen arabera kudeatuko dira, Udalak komunitatearen animazio sozialerako dituen estrategiekin bat.

d) Guneen, baliabideen eta zerbitzuen erabilpenerako, kontuan hartuko dira zentroen funtzioak, egindako eskaerak eta haien dotazioak.

e) Irabazi-entitateen ekintzetarako ez da gune, zerbitzu edo baliabiderik lagako, udal organo eskudunek, aldez aurretik, arautu edo baimendu ez badituzte.

f) Edozein entitate, talde, elkarte edo kolektibo soziokulturalek, irabazi-asmorik gabea bada, erabiltzen ahalko du zentroren bat egoitzatzat, baina horrek ez dio baimenik emanen zentroa hark bakarrik erabiltzeko. Aurreko berezitasun horretatik kanpo geldituko dira irabazi asmoa duten entitateak, eta erakunde erlijioso, politiko eta sindikalak.

g) Entitate, talde, elkarte, kolektibo edo pertsona erabiltzaileek jarduerak egokituko dituzte, Udalak, organo eskudunaren bitartez, onetsiko dituen zerbitzuen orduetara eta egunetara.

13. art. Ekipamenduek erabiltzen ahalko dute Barne Araubideko Erregelamendu bat, Ordenantza hau zentroaren ezaugarrietara egokitzeko emana, edo, bestela, guztiendako Erregelamendu Orokorra.

14. art. Instalazioek bete beharko dituzte Legeak, hirigintza, segurtasun, osasun eta higiene arloetan, xedatutakoa, egiten dituzten zerbitzu eta jardueren arabera.

15. art. Udala arduratuko da eraikinaren mantenimenduaz, eta ahalbidetuko du zerbitzuen, programen edo ekintzen kudeaketa.

16. art. Komunitateak bultzaturiko jarduerak, baita jarduera horien eta udal proposamenen arteko koordinazioa ere, sustatzeko behar diren bideak sortuko dira.

VI. KAPITULUA

Argibideak eta orientazioa emateko programa

17. art. Argibide Programaren eginkizuna izanen da herritarrendako interesekoa izan daitekeen informazioa bildu, prestatu eta zabaltzea, bai eta zerbitzuaren kalitatea ziurtatzeko sistemak eta hedabideak sortu, mantendu eta erabiltzea.

Zenbait zentrotan orientazioa emateko programa jarriko da abian, eta horren bidez aholku emanen da herritarrendako gai interesgarrien gainean.

18. art. Argibideak eta orientazioa emateko programaren eginkizuna, ahalaz, ez da soilik datu-emate hutsa izanen. Hori dela eta, haren eragina erabiltzeko ahaleginak eginen dira ekimen, jarduera, harreman eta parte hartze bereziak sustatzeko.

VII. KAPITULUA

Guneak eta baliabideak lagatzea

19. art. Guneak eta baliabideak lagatzeko Programaren helburua da pertsona, talde eta elkarte erabiltzaileei guneak eta behar diren oinarrizko baliabideak eskaintzea, euren lana egin dezaten.

20. art. Programa hau gobernatuko dute Gizarte Etxeetako funtzionamendurako oinarrizko arau hauek:

a) Guneak eta baliabideak lagatzeko eskaera-fitxak aurkeztuko dira, non beharrezko datuak agertuko baitira, Kudeaketa Taldeak eskatzaileen ordutegiak eta jarduerak koordina ditzan. Lagapen hori ez da irmoa izanen, organo eskudunak eskatzaileari lagapen formala, idatziz, jakinarazten ez dion bitartean.

b) Edozein pertsona, talde edo elkartek eskatzen eta lortzen ahalko ditu guneak edo baliabideak, baina automatikoki baztertuko dira, ebazpen judizialaren bidez legez kanpokotzat jo diren elkarteak.

c) Bi jarduera gune eta ordu berean egiteko eskatzen bada, aterabideak bilatuko dira haietako bat baztertua geldi ez dadin.

d) Guneen erabilera bi motatakoa izan daiteke, elkarteen eskaeren arabera: urtekoa (urtebeteko iraupenarekin) eta aldi batekoa (iraupen aldakorra: ordu batetik hainbat hilabete bitarte). Urtebeteko lagapena lortzeko ezinbesteko baldintza izanen da irabazteko asmorik gabeko pertsona, talde, kolektibo, entitate edo elkartea izatea.

e) Guneak lagatzeko bi araubide ezartzen ahalko dira, elkarte eskatzaileen ezaugarrien arabera:

e1) Araubide arrunta.

Elkarte arruntak (EA) dira, bere funtzionamendurako, lokala baino behar ez dutenak, eta elementu tekniko edo informatiko propiorik behar ez dutenak.

e2) Araubide berezia.

Behar bereziak dituzten elkarteak (BBE) dira, jarduerak egin ahal izateko, azpiegitura tekniko konplexua edo ekipamendu berezia behar dutenak.

Udalak, protokolo edo hitzarmenen bidez, Araubide Bereziaren baldintzak zehaztuko ditu, horien aldikako berrikuspena, entitate eskatzailearekin, zehaztu beharko dela, eta honako hauek izanen ditu irizpide objektiboak:

-Irabazteko asmorik gabeko elkartea izatea.

-Elkarte eskatzaile mota eta haren beharrak.

-Haren lanak herritarrendako duen interesa edo erabilgarritasuna.

-Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan eta Tuterako Udaleko Elkarteen zerrendan sartuta egotea.

-Organo eskudunek baloraziorako emandako bestelako irizpide objektiboak: jendearendako harrera orduak, nori dagoen zuzendua, baliabide propioak.

f) 12.a artikuluan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, BBEei Guneak Lagatzeko Programaren Araubide Bereziak bidea ematen du erabilera murriztuko eremu bat egoitza modura erabiltzeko, aldi jakin baterako. Dena den, horrek ez du eskubiderik emanen erabilera hori organo eskudunak beharrezko jo duen epea gehiago luzatzeko.

g) EAei Guneak Lagatzeko Zerbitzuaren Araubide Arruntak irizpide hauek izanen ditu kontuan: jarduera gune horretara ongi egokitzea, parte hartzaile kopurua eta aretoaren edukiera, eta bateragarritasuna bestelako ekintza paraleloekin.

h) Ekipamendua erabiltzeko eskubideak galduko dira honako kasu hauetan:

h1) Instalazioak, altzariak eta baliabideak hondatzea, edo nabarmenki behar ez bezala erabiltzea. Horri erantzuteko, kalteak konpontzeko behar diren neurriak hartuko dira.

h2) Portaera desegokia, zakarra edo/eta oldarkorra izatea eraikineko Kudeaketa Taldearekin, edo gainerako entitate edo pertsona erabiltzaileekin.

h3) Guneak eta baliabideak erabiltzeko ordutegia ez betetzea, hots, gehiegi edo gutxiegi erabiltzea.

h4) Ordenantzaren edo Barne Araubideko Erregelamenduaren edozein artikulu, nahita, eta behin eta berriz, urratzea.

h5) Entitate edo pertsona erabiltzaile batek ekipamenduan kalterik sortuz gero, organo eskudunek kalte materialak edo bestelakoak konpontzeko neurriak arautuko dituzte.

i) Zenbat toki dagoen, nolako materialak diren eta zer jarduera egiten den, horiek guztiek mugatuko dute aretoetan materialak biltzeko eskubidea, saihestu nahi baita eraikinak biltegi bihurtzea. Nola nahi ere, materialak behin-behinekoz utziko dira, eta ez Udalak ez Kudeaketa Taldeak ez dute erantzukizunik izanen materialak galdu, lapurtu, ebatsi, oker erabili edo hondatzen badira.

j) Ekipamenduetan, lekurik egonez gero, Baliabideen Zentro Komun bana jarriko da, tasa eta prezio publikoen bidez arauturik, talde, elkarte eta partikularrek erabil dezaten.

k) Guneak eta Baliabideak Lagatzeko Zerbitzuaren kudeaketa ekipamenduaren ardura duten teknikariek eginen dute.

21. art. Tuterako Gazte-aterpetxeak, Tuterako Udaleko ekipamendu soziokulturaletan sarturik dagoenak, lagapen sistema propioa izanen du, bere izaera eta eginkizunen araberakoa. Horretarako, behar den organoak onetsitako berariazko erregelamendua edo araudia erabiliko du.

VIII. KAPITULUA

Komunitatearen animazio sozialeko programaren baldintzak

22. art. Komunitatearen animazio sozialeko Programaren eginkizuna izanen da ekintza eta jarduera soziokulturalak eta komunitate barneko eskuhartzeak prestatu, bideratu eta ebaluatzea, aisialdi aktiboa, elkartegintza eta boluntarioen lana sustatzeko, bai eta herritarren parte hartzea, gizarte sarearen sendotzea eta demokrazia kulturalaren garapena bultzatzeko ere.

23. art. Animazio sozialkulturaleko Programak laguntza ematen ahalko du ekipamenduetako entitate edo talde erabiltzaileek zentroko ekintzetan parte har dezaten, eta horretarako Biltzarrak edo Kontseiluak eratuz, haien ordezkariek, Kudeaketa Taldeko langileek eta Udalak hautatutako langileek osaturik.

24. art. Alorren arteko informazio-organoa sortzen ahalko da, ekipamendu soziokulturalen ekintzak koordinatzeko. Bertan, Alor horietako teknikariek, profesionalek eta pertsona delegatuek hartuko dute parte, hautatzen den proportzio orekatuan, eta zentro bakoitzeko Barne Araubideko Erregelamenduak agindutako aldizkakotasun, erantzukizun, ahalmen eta betebeharrekin.

25. art. Ekipamendu soziokulturaletako entitate edo pertsona erabiltzaileek eskatzen ahalko dute ekintzak eta eskuhartzeak egiteko, Biltzar edo Kontseiluarekin, Kudeaketa Taldearekin eta Tuterako Udalarekin batera, elkarren arteko lankidetzarako behar diren bitartekoak ezarriko direlarik.

26. art. Garrantzi edo interes berezia duen ohiz kanpoko udal programarik egonez gero, lehenbailehen emanen zaie haren berri Kudeaketa Taldeari eta Biltzarrari edo Kontseiluari, guneak, baliabideak, programak eta ekintzak hobeki koordinatzeko.

27. art. Ekintza publikoen programazioa jakinaraziko da horretarako ohiko diren baliabide eta euskarrien bidez, batez ere zentroan bertan daudenen bidez.

IX. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

28. art. 9. artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, Udalaren organo eskudunek onetsi behar dute Udalaren guneak eta baliabideak, irabazteko asmoa duten entitatei, epe zehatz baterako lagatzeko tasen ezarpena, horren gaineko ordenantza fiskalak arautuko dituen baldintza eta kasuen arabera.

29. art. Tasa batek, dagokion ordenantza fiskalean bilduak, arautuko du ekipamendu soziokulturaletako elkarte, talde edo pertsona erabiltzaileek egiten duten zenbait baliabideren erabilera.

30. art. Kudeaketa Taldeak edo Udalak ekintzetara joan eta parte hartzeko kuota edo matrikula kobratzen ahalko du, jarduera bat egin behar den bakoitzean, antolaketa gastuak hein batean pagatzeko, portzentaje hori kasuan kasukoa izanen dela.

31. art. Tuterako Gazte-aterpetxea eta haren baliabideak erabiltzeko tasa aipatu Ordenantza Fiskalak bilduko du.

X. KAPITULUA

Ordenantzaren iraupena eta aplikazio esparrua

32. art. Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

33. art. Tuterako Udalak zilegi izanen du ordenantza honetan aurreikusi ez diren kasuak interpretatu eta arautzea.

Iragarkiaren kodea: A0001215