29. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

14/2000 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, pertsona minusbaliatuendako ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak pertsona minusbaliatuak gizarteratzea du helburu, nola hezkuntzan, hala lan eta gizarte mailan.

Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legeak zenbait neurri ezartzen ditu edozein eratako minusbaliotasun organiko edo zirkunstantziala duten pertsonek gizartearen ondasun eta zerbitzuak eskuragarriago izan eta errazago erabil ditzaten, normaltasunez moldatzea eragotzi edo zailtzen dieten oztopo eta eragozpen fisiko zein zentzumenezkoak ager ez daitezen eta jada badaudenak kentzea susta dadin.

Gizarte Zerbitzuen, Kirol eta Gazteriaren arloko dirulaguntzak arautzen dituen martxoaren 9ko 94/1992 Foru Dekretuak xedapen gehigarrian ezartzen duenez, pertsona minusbaliatuendako ibilgailuak erosi eta egokitzeko dirulaguntzak banatu ahal izateko deialdi berezi bat eginen da, Foru Agindu bidez.

Aipatu arauak betez, bidezko da honako deialdia egitea, helburu hau izanen baitu: banakako garraiabideen hornidurari laguntza ematea mugikortasun murriztua duten pertsonek zerbitzuak eskuragarriago izateko eta beraien integrazioa hobetzeko, eta garraio publikoaren zerbitzuen eragile izatea helburu horiek lortzen lagun dezaten.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak, martxoaren 9ko 94/1992 Foru Dekretuaren xedapen gehigarriak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DU:

1. Pertsona minusbaliatuendako ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako deialdia onestea, Foru Agindu honen I. eraskineko oinarrien arabera.

2. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Foru Agindu hau igortzea Nafarroako Gizarte eta Ongizatearen Institutuari eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako otsailaren hogeita bian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

I. ERANSKINA

O I N A R R I A K

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honek xedea du pertsona minusbaliatuendako ibilgailu motordunak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako araubidea ezartzea 2000. urterako, minusbaliotasuna dela eta halako beharrean dauden pertsonek horiek erabiltzea errazago izan dezaten.

2. Dirulaguntza motak eta kontzeptuak.

Aurreko oinarrian aipatzen diren dirulaguntzak honako aukera hauen arabera aplikatuko dira:

2.1. Mugikortasuna murriztua duten pertsona minusbaliatuen erabilpen partikularreko ibilgailu motordunak.

Kontzeptuak:

a) Ibilgailua erosteko dirulaguntzak.

b) Ibilgailua egokitzeko dirulaguntzak.

c) Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko dirulaguntzak.

2.2. Minusbaliotasuna duten pertsonek erabiltzen ahalko dituzten erabilera kolektiboko ibilgailu motordunetarako dirulaguntzak.

Kontzeptua:

a) Ibilgailua egokitzeko dirulaguntza.

3. Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan eskabide-orri normalizatuetan aurkeztuko dira, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen bitartez.

Eskabideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Betebeharrak.

4.1. Guztiendako betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko:

a) Eskabide egunaren aurreko bi urteetan bederen Nafarroan bizi izatea.

b) Aurreko lau urteetan mota eta kontzeptu horrexetarako dirulaguntzarik jaso ez izana, justifikatutako kasuak izan ezik.

c) Pertsona minusbaliatua edo, bestela, bere legezko ordezkaria izanen da laguntzaren eskatzaile titularra.

d) Pertsona minusbaliatuari dagokion famili unitatea ondasun higigarri edo higiezinen jabe edo erabiltzaile ez izatea, betiere horien ezaugarriek, balorazioak eta saltzeko aukerek nabarmenki erakusten badute behar hori betetzeko adina baliabide material dagoela.

e) Ibilgailua laguntzaren titularra den pertsona minusbaliatuari mugikortasun murriztuak sortzen dizkion arazoak arintzeko erabili ohi izatea.

f) Laguntza eman ondoko 4 urteetan gutxienez, ibilgailuaren titulartasuna pertsona minusbaliatuak izan beharko du edo, bestela, bere legezko ordezkariak.

g) Ibilgailua erosi edo egokitu izana aurreko deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, alegia, 1999ko maiatzaren 31ren ondoren.

h) Pertsona ezgaituaren Famili Unitateko kide bakoitzak bere zerga betebeharrak egunean edukitzea.

4.2. Berariazko betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosteko:

a) Minusbaliotasunaren Kalifikazio Ofiziala izatea, "minusbaliotasunak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun haundiak sortzen dizkiola" adieraziko duena.

b) Laguntzaren titularrak 65 urte baino gehiago ez izatea, justifikatutako arrazoiak izan ezik.

c) Frogatua izatea ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra dela pertsona minusbaliatuarentzat, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.

d) Pertsona minusbaliatuaren famili unitatearen per capitako urteko dirusarrerek, 1999ko ekitaldi ekonomikoan indarra izan duen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 100 ez gainditzea (989.520 pezeta) urtean.

e) Erosi beharreko ibilgailuaren prezio osoa 2.750.000 pezetatik gorakoa ez izatea, zenbateko hori gainditzen duen ibilgailu baten beharra frogatzen duten ohiz kanpoko baldintzak izan ezik.

4.3. Berariazko betebeharrak, erabilera partikularreko ibilgailuak egokitzeko:

a) Minusbaliotasuna dela eta, ibilgailua egokitzeko beharra izatea.

b) Minusbaliotasunaren Kalifikazio Ofiziala izatea, zeinetan, pertsona minusbaliatuak ez duenean gidatzen ahal, adierazi beharko baita "minusbaliotasunak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun haundiak sortzen dizkiola".

c) Pertsona minusbaliatuaren famili unitatearen per capitako urteko dirusarrerek, 1999ko ekitaldi ekonomikoan indarra izan duen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 175 ez gainditzea (1.731.660 pezeta).

d) Egokitzearen kostua gehienez ere 900.000 pezetakoa izatea, ohiz kanpoko arrazoiek frogatzen ez badute behintzat kostu handiagoko egokitzapena egitea beharrezkoa dela.

4.4. Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko betebeharrak, 4.1, 4.2 eta 4.3 puntuetan agertzen direnak izanen dira.

4.5. Erabilera kolektiboko ibilgailuak egokitzeko:

a) Helbide soziala Nafarroan izatea.

b) Zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Egokitzapenari esker pertsona minusbaliatuek ibilgailua erabili ahal izatea.

d) Ibilgailua egokitu izana aurreko deialdian eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, alegia, 1999ko maiatzaren 31ren ondoren.

5. Aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Guztiek aurkeztu beharrekoak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko:

a) Pertsona titularraren eta/edo bere legezko ordezkariaren N.A.N.

b) Udaleko ziurtagiriak:

Bizilekua, antzinatasuna zehaztuko duena.

Laguntzaren titularrak deklaratzen duenean famili unitate bateko kide dela, famili unitatearen bizikidetasunari buruzko ziurtagiria.

c) Nafarroako Ogasun Publikoaren ziurtagiri ofiziala, zerga betebeharretan egunean dagoela egiaztatzen duena.

d) 1999ko ekitaldian bai laguntzaren titularrak bai haren famili unitateko bizikideek edozein kontzeptu dela eta izandako dirusarrera guztien zinpeko aitorpena.

e) Ordainketak transferentzia bidez egiteko eskaria.

f) Erosketa eta/edo egokitzapena egina baldin badago: egindakoaren faktura zehaztua, ibilgailuaren gidatze baimena eta I.A.T.aren txartel aldatua, horrelakorik baldin bada.

g) Erosketa edo egokitzea eskabidea egin baino lehen egin ez bada, erosi edo egokitu nahi den ibilgailuaren aurrekontua, prezio osoa, BEZa barne, marka, modeloa eta ezaugarri bereziak aipatuz.

h) Ibilgailua erosten bada egokitzapena fabrikan berean eginda, faktura edo aurrekontua (kasuaren arabera) aurkeztu beharko da, bereizita jarririk oinarrizko ibilgailuaren prezioa eta egokitzapenean jarritako gehigarriena.

i) Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoaren txostena, zeinetan zehaztuko baitira pertsona minusbaliatuak ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra duela frogatzen duten datuak, betiere, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.

j) Eskatzaileak bere eskabidearen alde interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

5.2. Berariazko agiriak, erabilera partikularreko ibilgailuak erosteko:

a) Pertsona minusbaliatuaren gidatze karnetaren fotokopia bi aldeetatik, edo bera ez bada gidaria, ibilgailuaren ohiko gidariaren gidatze karnetaren fotokopia eta pertsona minusbaliatuarekin duen bizikidetasun eta ahaidetasun harremana.

5.3. Berariazko agiriak, erabilera partikularreko ibilgailuak egokitzeko:

a) Pertsona minusbaliatua baldin bada gidaria: gidatze karnetaren fotokopia bi aldeetatik; bertan egokitzapena beharrezkoa dela adieraziko da.

b) Pertsona minusbaliatua ez baldin bada gidaria: ibilgailuaren ohiko gidariaren gidatze karnetaren fotokopia eta pertsona minusbaliatuarekin duen bizikidetasuna eta ahaidetasuna.

5.4. Ibilgailua erosi eta aldi berean egokitzeko betebeharrak, guztiek bete beharrekoez gainera, 5.1, 5.2 eta 5.3 puntuetan agertzen direnak izanen dira.

5.5. Erabilera kolektiboko ibilgailuak egokitzea:

a) Nortasuna egiaztatzen duen agiria.

b) Lizentzia fiskalaren fotokopia, halakorik behar denean.

c) Eskatutako dirulaguntzaren proiektu justifikatzailea.

d) Egokitzapena egina baldin badago eskabidea aurkeztu baino lehenago:

-Faktura zehaztua.

-Proiektu teknikoa, arauzkoa.

-I.A.T., egindako egokitzapena azalduko duena.

e) Egokitzapena egina ez bada eskabidea aurkeztu baino lehen:

-Bi aurrekontu zehaztuak, zein bere proiektu teknikoarekin.

f) Xede berbererako beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuei eskatu eta haiek emandako dirulaguntzei buruzko zinpeko aitorpena.

g) Eskatzaileak bere eskabidearen alde interesgarri jotzen duen zeinahi agiri.

6. Balorazioa.

Balorazioa eta ebazpen proposamena Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Ataleko hiru teknikarik osatutako organo kolegiatu baten esku egonen dira. Teknikari horiek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak hautatuko ditu.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, eskabideak baloratzeko, Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren esku dagoen informazio osagarria eskatuko du organo kolegiatuaren bitartez eta Tributuen Lege Orokorraren 113. artikuluko d) idatz-zatiari jarraikiz.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Familiaren eta Sektore Zerbitzuen Zuzendariordetzak, organo kolegiatuaren bidez, eskabideak baloratuko ditu eta, bidezkoa iduritzen bazaio, agiri osagarriak eskatu eta egiaztapenak eginen ditu eskabideei buruzko ebazpena emateko, honako honen arabera:

6.1. Erabilera pribatuko ibilgailuak.

a) Famili unitatearen per capitako dirusarrerak. Deialdi honetan famili unitatetzat hartuko dira:

1.-Legez berezi gabeko senar-emazteek osatua, eta adin txikiko seme-alabarik izanez gero, horiek ere bai, salbu eta gurasoen baimenarekin aparte bizi direnak.

2.-Aitak edo amak aurreko idatz-zatian aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten seme-alabekin osatutakoak.

b) Garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasun maila.

c) Ibilgailua erabiltzea egiazko eta ohiko beharra izatea pertsona minusbaliatuarentzat, lanaren, eskolaren, pertsonen arteko harremanen arloetan eta abarretan garapen soziala izan dezan.

d) Inbertsioaren bideragarritasuna eta aurrekontua egokitasunez tajutua izatea.

e) Aurkeztutako eskabideen kopurua.

6.2. Erabilera kolektiboko ibilgailuak.

a) Pertsona minusbaliatuek, egokitzapenari esker, ibilgailuak zein mailatan dituzten eskuragarri eta erabilgarri.

b) Eskatzailearen jarduketek gizartean duten eragina.

c) Inbertsioaren bideragarritasuna eta aurrekontua egokitasunez tajutua izatea.

d) Aurkezten diren eskabideen kopurua.

7. Ebazpena.

7.1. Eskabideen ebazpena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea akitu eta hurrengo hiru hilabeteetan.

7.2. Ezarritako epea iraganda ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

7.3. Ebazpenean, baiezkoa baldin bada, dirulaguntzaren xedea, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira.

Onuradunak, aurretik egin ez badu, faktura, ibilgailuaren dokumentazioa eta/edo I.A.T. eguneratua aurkeztu beharko ditu, Ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean. Esandakoa betetzen ez badu, justifikatutako arrazoia izan ezik, emandako dirulaguntzari uko egiten diola ulertuko da eta, beraz, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zenbateko hori erabili ahalko du beste laguntza batzuk emateko.

Dirulaguntza ordainduko da puntu honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten den bezain laster.

7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa, betiere, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak bere aurrekontuetan horretarako duen kredituak mugatuko du. 2000. urterako kreditua 40.000.000 pezetakoa da, "Urritu fisikoen mugikortasunerako laguntzak" izeneko 93200-7800-3135 kontusailaren, 37180-2 lerroaren kontura.

7.5. Erabilera partikularreko ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetan gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira:

Famili unitatearen per capitako Erosteko dirulaguntzaEgokitzeko dirulaguntza

urteko dirusarrerak (egungo L.G.S.) (gehienez) (gehienez)

L.G.S.ren % 85 baino gutxiago 400.000 900.000

L.G.S.ren % 85etik % 100era 200.000 900.000

L.G.S.ren % 100etik 150era 0 900.000

8. Betekizunak.

Dirulaguntzen onuradunek eskabidean azaldutako xedea betetzeko erabili beharko dute laguntza, baita betetze hori agiriekin justifikatu ere. Halaber, Administrazioak eskatzen dizkien egiaztapen guztiak onartu eta erraztu egin beharko dituzte.

9. Ez-betetzea.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren ez-betetzea edo emandako datuen faltsukeria egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren xedea aldatu dela frogatzen, dirulaguntza baliogabetzen ahal da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez, eta, halaber, Dirulaguntzei buruzko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa.

10. Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta hori aplikatzeko egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean paratu ere, jakinarazpena gertatu eta biharamunetik, hori guztia Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluei jarraikiz.

11. Arautegi osagarria

Foru Agindu honetan zehazten ez den guztian Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen 8/1997 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe uzten da martxoaren 30eko 29/1999 Foru Agindua, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak martxoaren 30ean eman zuena. Foru Agindu horrek pertsona minusbaliatuendako ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko dirulaguntzetarako deialdiaren oinarriak onetsi zituen.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Agindu honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: A0001371