29. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

20/2000 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, herritarren segurtasunaren arloko egitarau, jarduera eta inbertsioak egiteko dirulaguntzetarako deialdia onesten duena 2000. urterako.

Nafarroako 2000ko Aurrekontu Orokorra abenduaren 30eko 18/1999 Foru Legearen bidez onetsi zen. Bertan zenbait kontusail ezarri ziren toki erakundeei eta irabazteko asmorik gabeko erakundeei herritarren segurtasunaren arloko egitarau, jarduera eta inbertsioetarako transferentziak egiteko.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak, Nafarroako Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duenak, 3. artikuluan dioenez, dirulaguntzak ematen direnean publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioei eutsi behar zaie.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Toki erakundeei eta irabazteko asmorik gabeko erakundeei herritarren segurtasunarekin zerikusia duten egitarau, jarduera eta inbertsioak egin ditzaten dirulaguntzak emateko deialdia onetsiko da 2000. urterako. Hona hemen deialdia eraenduko duten oinarriak:

O I N A R R I A K

1.-Xedea.

Deialdi honen bidez toki erakundeei eta irabazteko asmorik gabeko erakundeei dirulaguntza emanen zaie herritarren segurtasunarekin zerikusia duten egitarauak, jarduerak eta inbertsioak egin ditzaten jarraian adieraziko diren helburuetarako.

-Herri babesa eta larrialdietako laguntza.

-Udaltzaingoa ekipamenduz hornitzea.

-Zezenplaza iraunkorrak egokitzea, indarra duen arautegian ezarritako segurtasun baldintzak bete ditzaten.

-Arauak betetzen dituzten zezenplaza eramangarriak eskuratzea.

Herritarren segurtasunarekin zerikusia duten egitarau, jarduera eta inbertsiotzat honako hauek joko dira: pertsonei edota ondasunei kalte egin diezaieketen egoerak, hala berezko gertaerak nola gizakiak eragindakoak, aztertzeko, horiei aurrea hartzeko eta horietan esku hartzeko xedearekin egiten direnak.

2.-Onuradunak.

Toki erakundeak eta irabazteko asmorik gabeko erakundeak deialdi honetara biltzen ahal dira, dirulaguntzaren xede diren egitarau, jarduera edo inbertsioak egin nahi izanez gero.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira xede berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin, baina haien zenbatekoa ez da inoiz izanen onuradunak garatu behar duen jardueraren kostua baino handiagoa, ez eta administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoak zein atzerrikoak izan, aurrez emandako dirulaguntzei gehituta kostu hori gainditzeko adinakoa ere.

3.-Eskabideak.

Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Karlos III.a etorbidea, 2) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean adierazten diren gainerako lekuetan, Foru Agindu hau argitara eman eta hilabeteko epean.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira (jatorrizkoak edo behar bezala erkatutako fotokopiak):

-Nafarroako Gobernuaren eskabide-orri orokorra.

-Jarduerari buruzko memoria, eta aurrekontua kapituluka. Eraikuntza edo berrikuntza obretarako dirulaguntza eskatzen denean memoriari obren proiektua erantsi behar zaio, eskudun teknikari batek idatzia, eta obrak burutzeko egitaraua.

-Irabazteko asmorik gabeko erakundeek beren izaera frogatzen duen agiria, sozietatearen izena, estatutuak eta identifikazio fiskalerako zenbakia aurkeztu behar dituzte.

-Eskatzailearen adierazpena, aurrekontuaren eta balizko dirulaguntzaren arteko aldea berak jarriko lukeela hitz emateko.

-Eskatzaileak interesgarritzat jotzen duen beste edozein agiri.

Eskabideak beharkizun guztiak betetzen ez baditu, interesatuari akatsak zuzentzeko eskatuko zaio Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan ezarritako moduan.

4.-Hautapena.

Batzorde tekniko batek eskabideak ebaluatu eginen ditu. Batzordeburua Herri Babeserako Zerbitzuko zuzendaria izanen da eta batzordekideak Plangintza eta Larrialdietarako Ataleko burua eta Barneko Laguntza Teknikorako Zerbitzuko burua, eta azken hori idazkari arituko da.

Irizpide hauek erabiliko dira eskabideak baloratzeko:

Borondateko Suhiltzaileak, Herri Babesa eta Larrialdiak:

-Eskaini nahi diren zerbitzuen beharra.

-Zerbitzua egiteko ahalbidea.

-Funtzionamendu gastu arruntak (aseguruak, material galkorrak etab.)

Udaltzaingoak:

-Eskaini nahi diren zerbitzuen beharra.

-Zerbitzua hobetzeko inbertsioak.

Zezenplaza iraunkorrak:

-Zezenketei buruzko Araudia onetsi zuen ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuaren II. Kapituluko baldintzak betetzen ote diren.

Zezenplaza eramangarriak:

-Eskatzaileak zezenketak antolatzen duen esperientzia.

-Biztanleen kopurua.

Deialdian eskatzen den informazioaz gain Herri Babeserako Zerbitzuak informazio osagarria eskatu ahal izanen du.

5.-Kontzesioa.

Eskabidea aurkeztu eta hiru hileko epean Barne Zuzendari Nagusiak dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpena emanen du, baietzaren edo ezetzaren zioak azalduz. Epe horretan ebazpenik eman ezean dirulaguntza eskaera ezetsitzat jo behar da.

6.-Zenbatekoa.

Nafarroako Gobernuak, aurrekontuan baliagarri dagoen diruaz, eskala honen arabera finantzatuko ditu jarduerak:

-Borondateko suhiltzaileak, gehienez dirulaguntzaren %100.

-Herri Babesa eta Larrialdiak, gehienez dirulaguntzaren %100.

-Udaltzaingoentzako ekipamenduak, gehienez dirulaguntzaren %50.

-Zezenplaza iraunkorren moldapena, gehienez dirulaguntzaren %40.

-Arauzko zezenplaza eramangarrien erosketa, gehienez dirulaguntzaren %40, zortzi milioi pezeta bitarte.

Obren proiektu eta zuzendaritza gastuetarako ere dirulaguntza emanen da, obrei dagokien adinako portzentaian, baldin eta profesionalen elkargoen gutxi gora-beherako tarifak gainditzen ez badira.

7.-Finantzaketa.

Dirulaguntzak Nafarroako 2000ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorreko kontusail hauen kargura emanen dira:

-02320-4600-2211; lerroa: 06090-4, "Borondateko suhiltzaile, sorospen eta larrialdietarako hitzarmenak". Gehienez ere, 14.000.000 pezeta

-02320-4810-2211; lerroa: 06100-5, "Sorospen eta larrialdietarako hitzarmen eta egitarauak irabazteko asmorik gabeko erakundeekin". Gehienez ere, 29.800.000 pezeta.

-02320-7600-2211; lerroa: 06130-7, "Udaltzaingoen egitarauetarako laguntzak". Gehienez ere, 27.500.000 pezeta.

-02320-7600-2211; lerroa: 06140-4 "Borondateko suhiltzaileetarako hitzarmenak toki erakundeekin". Gehienez ere, 33.000.000 pezeta.

-02320-7600-2211; lerroa: 06150-1, "Ikuskizunetarako barrutien segurtasuna hobetzeko laguntzak". Gehienez ere, 15.000.000 pezeta.

-02320-7810-2211; lerroa: 06160-9, "Sorospen eta larrialdietarako hitzarmen eta egitarauak irabazteko asmorik gabeko erakundeekin". Gehienez ere, 23.000.000 pezeta.

Aurrekontuan aski dirurik ez izateagatik atzera botatzen diren eskabideak heldu den urtean aurkeztutzat emanen dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, baldin eta Nafarroako Gobernuak heldu den urteko Aurrekontuan laguntza hauei eusten badie.

8.-Ordainketa.

Dirulaguntzak beraien xede diren jarduerak burututa edo neurriak jarrita daudela egiaztatu ondoren ordainduko dira.

Eskuarki, egiaztapen eta ordainketa horiek behin eginen dira. Salbuespenez, zatika egiten ahal dira, egitasmoen burutzapena eta jasotako kopuruen aplikazioa egiaztatzen dituzten frogagiri partzialak aurkeztuz gero.

9.-Aurrerakinak.

Aparteko kasuetan, eta bidezkoa dela behar bezala frogatuz gero, onartutako dirulaguntzak eman baino lehen aurrerakinak ematen ahal dira. Aurrerakina gehienez dirulaguntza osoaren %25 izan daiteke. Halakoetan frogatu egin behar da inbertsioa onuragarria dela herriarentzat edo gizartearentzat eta aurrerakinaren premia dagoela dena-delako proiektu edo jarduerari ekin ahal izateko.

10.-Onuradunen betebeharrak.

Foru Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

-Barne Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzuei edozein egiaztapen egiten uztea.

-Proiektu edo jarduera ezarritako epean burutzea eta dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren gainerako baldintzak betetzea.

-Dirulaguntza ordaindu aurretik eskatzen dizkioten agiriak aurkeztea.

-Toki erakundeen kasuan, 20 milioi pezetatik gorako dirulaguntza jasoz gero, toki erakundearen egoera ekonomikoaz eta finantza-ahalbideez Toki Administrazio Departamentuak egindako txostena aurkeztea.

-Irabazteko asmorik gabeko erakundeek dirulaguntzaren ordainketaren aurretik Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteta dituztela frogatu behar dute, eta garaia denean kobrantzen kontabilitateko erregistroa aurkeztu behar dute.

-Xede berarekin beste dirulaguntzaren bat eskatu edo jasotzekotan horren berri eman behar zaio Barne Zuzendaritza Nagusiari.

11.-Ez-betetzea.

Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak bete ezik, dirulaguntza galduko da eta jasotako kopuruak itzuli beharko dira, halakorik badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan aurreikusten denez.

Halaber, onuradunei zehapenak ezartzen ahal zaizkie, goian aipatu legearen VI. kapituluko araubideari jarraituz.

12.-Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratzen edo hura aplikatzeko egintza jakinarazten den egunetik hasita. Errekurtso arrunta ebazteko erabakiaren kontra Administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko arlo horretako Salari zuzendua, bi hileko epean.

Bigarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi milako otsailaren hamaseian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0001494