16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

204/1999 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzen duena. Adimeneko eritasuna duten pertsonendako Laguntzarekiko Egoitzen eta Etxebizitza Funtzionalen eta/edo Babestuen zerbitzuak zehaztu dira.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak bere 44. artikuluan Nafarroari esleitzen dio, izaera orokorrez, Gizarte Zerbitzuen arloko eskumen osoa, eta berariaz, ondoko hauetan: haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika, ongintza eta laguntza elkarteak, eta adin txikikoen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko diren erakunde eta establezimendu publikoak.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legearen bitartez, Gizarte Zerbitzuen sistema arautu zen, eta bertan xedatu zen Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak direla hiritarren gizarte ongizate maila ahalik eta gehien hobetzea helburu duten zerbitzu eta jarduerak.

Nafarroako Gobernuari dagozkio, halaber, zerbitzuen plangintza, antolamendu, koordinazio eta zaintza, hori guztia gizarte zerbitzuen arloko arautegia betetzen dela begiratuz.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau- hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legeak administrazioaren zenbait jarduera zehaztu zuen, laguntzen kalitate eta maila hobea izan dadin, eta ez-betetze kasuetarako zehapen sistema bat ezarri zuen.

Horretarako, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuak zerbitzuak eta zentroak gizarte zerbitzuen arloan sailkatzen ditu, eta bakoitzak azpiegitura, ekipamendu, langileria eta funtzionamendu arloetan bete beharreko baldintzak ezartzen.

Gizartearen eboluzioak Administrazioak eman beharreko zerbitzu gehiago eskatzen ditu. Horien artean, berariaz, eta "Gizarte eta Osasun Eremua" izeneko gune berri baten barnean, adimeneko eritasuna duten pertsonei zuzenduriko ekintzak daude, zehazki, adimeneko eritasuna duten pertsonendako Laguntzarekiko Egoitzak eta Etxebizitza Funtzionalak eta/edo Babestuak.

209/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluak zehazten du dekretuaren eranskinean ageri ez diren zentro edo zerbitzuak banaka sailkatuko direla, eta sailkapen hori Gizarte Ongizateko kontseilariak eginen duela Foru Agindu baten bidez.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak,

AGINDU DU:

1. Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzea, Adimeneko eritasuna duten pertsonendako Laguntzarekiko Egoitzen eta Etxebizitza Funtzionalen eta/edo Babestuen zerbitzuak zehaztu dira, Foru Agindu honen Eranskinean.

2. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu ondoko egunean hartuko du indarra.

3. Foru Agindu hau igortzea Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentura eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita hamarrean.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren Eranskineko II. kapitulua garatu da ("Zerbitzu eta Zentroen sailkapena"). Puntu hauek erantsi dira:

3.7. Adimeneko eritasuna duten pertsonendako Laguntzarekiko Egoitza.

-Definizioa:

Adimeneko eritasun larria duten pertsonez arduratu eta laguntza emateko zentroa. Tratamendu espezializatuak eta errehabilitazioa behar dituzte, eritasunak okerrera egin ez dezan, ahal den neurrian.

-Erabiltzaileak:

Adimeneko eritasuna duten pertsonak, 18 urtetik 65era bitartekoak: eguneroko bizitzan laguntza pertsonala behar dutenak eta familian laguntza egokirik ez.

-Ematen diren zerbitzuak:

A.-Bizitokia eta mantenua.

B.-Ondoan egotea, eguneroko bizitzako zereginetan laguntzea eta gizarte laguntza ematea.

C.-Laguntza mediko-psikiatrikoa, psikologikoa eta erizaintzakoa.

D.-Lanaren bidezko jarduerak.

E.-Aisia eta denbora libreko jarduerak.

-Langileak:

A.-Unibertsitateko erdi mailako titulua edo horrelatsuko kategoriako lanpostu batean hiru urteko esperientzia duen arduradun bat, 50 plaza arteko zentroetan. 50 plazaz goitiko zentroetan, arduradunak beharko du izan unibertsitateko goi mailako titulua edo horrelatsuko kategoriako lanpostu batean bost urteko esperientzia duena, edo unibertsitateko erdi mailako titulua eta bi urteko esperientzia.

B.-Zuzeneko laguntza ematen duten langileak: begiraleak, prestakuntza akademikoa eta/edo adimeneko eritasun kronikoa duten pertsonen errehabilitazio programetan esperientzia dutenak, eta horiez gain, langile teknikoak eta zerbitzu orokorretakoak.

C.-Zuzeneko laguntza ematen duten langileen proportzioa gutxienez 0,65ekoa izanen da erabiltzaile bakoitzeko.

D.-Zuzendaritza, gainbegiratzea eta jarraipena zentroaren gaineko entitateko arduradunen kargu izanen da, eta ondoko arloetako zerbitzu propioak, hitzartuak nahiz publikoak eduki beharko dituzte: Psikiatria, Erizaintza, Psikologia, Gizarte Lana eta Lanaren bidezko Terapia.

-Berariazko baldintzak:

A.-Logelek ohe bat edo bi izanen dituzte, eta gutxienez 8,5 eta 12,5 metro karratukoak izanen dira, hurrenez hurren.

B.-Zerbitzu higienikoek erabiltzaileei egokituak izan beharko dute.

C.-Errehabilitazio ariketak eta lanaren bidezko terapia egiteko gela izan beharko dute, gutxienez 3,5 metro karratukoa batera erabiltzen duten pertsonetako bakoitzeko. Beste zeregin batzuetarako ere erabiltzen ahal da.

D.-Erabiltzaile bakoitzak bere gelan ondoko elementu hauek izanen ditu gutxienez: ohea, armairu sarrailaduna, besaulkia eta mahaia, argiaren giltza, entxufe elektrikoa, eta irakurri ahal izateko moduko argiztatze sistema.

3.8. Adimeneko eritasuna duten pertsonendako etxebizitza funtzionalak eta/edo babestuak.

-Definizioa:

Adimeneko eritasuna duten pertsonez osatutako taldeek elkarrekin bizitzeko duten etxebizitza, bertako harremanak famili gisakoak dituztela.

-Erabiltzaileak:

Adimeneko eritasuna duten pertsonak, 18 urtetik 65era bitartekoak: eguneroko zereginetarako autonomia dutenak, beren familiaren etxean baldintza soziofamiliarrak egokiak ez izateagatik bertan gelditu ezin direnak.

-Ematen diren zerbitzuak:

A.-Bizitokia eta mantenua.

B.-Ondoan egotea, eguneroko zereginetan laguntzea.

C.-Laguntza mediko-psikiatrikoa, psikologikoa eta erizaintzakoa.

D.-Lanaren bidezko jarduerak.

E.-Aisiako eta denbora libreko jarduerak.

F.-Beren ingurunean ahalik eta integrazio handiena lortzea.

-Langileak:

A.-Unibertsitateko erdi mailako titulua edo horrelatsuko kategoriako lanpostu batetan hiru urteko esperientzia duen arduraduna.

B.-Zuzeneko laguntza ematen duten langileak: begiraleak, prestakuntza akademikoa eta/edo adimeneko eritasun kronikoa duten pertsonen errehabilitazio programetan esperientzia dutenak, eta horiez gain, langile teknikoak eta zerbitzu orokorretakoak.

C.-Zuzeneko laguntza ematen duten langileen proportzioa gutxienez 0,15ekoa izanen da erabiltzaile bakoitzeko.

D.-Zerbitzu teknikoak: ondoko arloetako zerbitzu propioak, hitzartuak nahiz publikoak: Erizaintza, Psikologia, Gizarte Lana eta Lanaren bidezko Terapia.

-Berariazko baldintzak:

A.-Denek erabiltzeko guneek 3,5 metro karratu izanen dute erabiltzaile bakoitzeko.

B.-Logelek ohe bat eta bakoitzarendako armairu sarrailaduna izanen dituzte.

Iragarkiaren kodea: A0000135