16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

267/1999 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, Tuterako Eskualdeko Langelaren Bulegoa sortzen duena. Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Zerbitzuko Argibideetarako eta Eskualdeko Langelen Atalari atxikirik egonen da.

Maiatzaren 10eko 152/1999 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 30eko 427/1996 Foru Dekretua aldatu zen eta Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Zerbitzua sortu, horren barruan baitago Tuterako Eskualdeko Langelaren Bulegoa. Langela horrek bere eskualde geografikoko zergadunei begira betetzen ditu bere eginkizunak eta horretarako baliabide propioak ditu bai langileen bai tresnen aldetik. Beraz, antolamenduko unitate bereizia osatzen du Langela honek.

Langelak aurrera eramaten dituen eginkizunak direla eta, komenigarria da Bulego bat sortzea, eginkizun horiei behar duten koordinazioa emateko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 50. artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, bertan xedatzen baita kontseilariek beren Departamentuetako Bulegoak sortu, aldatu eta kentzeko eskumena dutela

AGINDU DUT

1. artikulua. Tuterako Eskualdeko Langelaren Bulegoa sortzea, Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Zerbitzuko Argibideetarako eta Eskualdeko Langelen Atalari atxikirik.

2. artikulua. Bulegoak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

-Zergadunari laguntza eta argibideak ematea, aurrez aurre eta telefonoz, Nafarroako Ogasunari ordaindu beharreko zergei buruzko alderdi administratiboen gaineko kontsulta eta erreklamazioetan.

-Ekonomi eta Ogasun Departamentuari zuzendutako dokumentuak jaso eta haien sarrera erregistratzea.

-Zerga aitorpenak hartu eta inprimakiak saldu eta ematea.

-Zergei buruzko informazioa duten euskarri magnetikoak jaso eta, disketeak direnean, haien edukia egiaztatzea.

-Ziurtagiriak ematea, dokumentuak kautotu eta konpultsatzea.

-Kontsulta administratiboen ondorioz pertsona fisiko eta juridikoen fitxategietan eta entitateen zentsuan gertatzen diren alta, aldaketa eta bajak.

-I.F.Z. eta I.K. txartelak ematea.

-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak eskatutako erregistro liburuen eginbideak betetzea.

-PFEZ eta Ondarearen kanpainak aurrera eramateko behar den koordinazioa egitea.

-Indarra duten xedapenetan esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo horietataik heldu den beste edozein.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita hamaikan.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0000078