16. ALDIZKARIA - 2000ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

9/2000 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 10ekoa, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzen duena.

Estatuak, Zerga, Administrazio eta Gizarte arloko Neurriei buruzko abenduaren 29ko 55/1999 Legearen bidez, Zerga Berezien gaineko abenduaren 28ko 38/1992 Legea aldatzea onetsi zuen. Horren eraginez, hamar urteko edo gehiagoko turismoko ibilgailu erabilien titular diren subjektu pasiboek kenkariak izateko eskubidea izan dezaten, eta haien lehen matrikulazioa Espainian egina ez bada, ezarri egiten da behin betiko matrikulazioa Espainian egina behar duela izan, gutxienez, hura desegiteko behin betiko baja eman baino sei hilabete lehenago. Hori dela eta, bidezkoa da Nafarroako araudia aipatu Legeari egokitzea. Horretarako, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 23ko 25/1985 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, behin- behinekoz arautuko duten xedapenak Foru Dekretu bidez onetsiko dira. Xedapen horiek hartu eta hamar eguneko epearen barnean Nafarroako Parlamentura igorriko dira, gero hark behin betikoz onets ditzan.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako urtarrilaren hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Abenduaren 30eko Zerga Bereziei buruzko 20/1992 Foru Legea aldatzea.

Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen 47bis.2 artikuluko a) hizkia aldatzea. Ondorioak 2000ko urtarrilaren 1etik aitzina izanen ditu, honelako edukiarekin:

"a) Artikulu honek aipatzen duen murrizketa aplikatu behar den unean, hamar urte edo gehiago edukitzea. Antzinatasuna kontatuko da behin betiko lehen matrikulazioa egin zitzaion egunetik.

Behin betiko lehen matrikulazioa ez bada Espainian egin, aurreko idatz-zatian aipatzen den antzinatasunaz gain beharrezkoa izanen da turismoko ibilgailu erabiliaren behin betiko matrikulazioa Espainian egina izatea, hurrengo b) hizkian aipatzen den desegiteko behin betiko baja eman baino sei hilabete lehenago, gutxienez."

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honetako arauak behin-behinekoak izanen dira, harik eta Nafarroako Parlamentuak onetsi arte.

Iruñean, bi milako urtarrilaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0000355