136. ALDIZKARIA - 2000ko azaroaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2000ko urriaren 23koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Zerbitzu Orokorretako hogeita zortzi lanpostu, E mailakoak, oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2000ko urriaren 23an emandako Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Zerbitzu Orokorretako hogeita zortzi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea Zerbitzu Orokorretako hogeita zortzi lanpostu, E mailakoak, betetzea da, oposizio bidez. Deialdia Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginean adierazitakoarekin bat eginen da (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia eta 1993ko irailaren 1eko 107. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua), hala nola hura garatu eta betearazteko eman zen Sartzeko Erregelamenduan eta deialdi honetako oinarrietan adierazitakoari jarraikiz. Lanpostuak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari atxikiak dira eta txanda hauetan banatzen dira:

-12 lanpostu txanda irekian.

-12 lanpostu igoera txandan.

-4 lanpostu, % 33ko edo hortik gorako ezintasuna duten minusbaliatuendako txanda murriztuan.

1.2. Hasiera batean, deialdian eskaintzen diren lanpostuak ondokoak dira:

-4 Iruñeko "El Vergel" Zaharretxean: 3089, 3093, 3104 eta 3153 plantilla zenbakiak.

-16 Lizarrako Santo Domingo Zaharretxean: 2819, 2820, 2821, 2823, 2995, 3003, 3020, 3043, 3048, 3062, 3065, 3156, 4456, 4457, 4595 eta 4651.

-8 San Jose Zentroan: 3165, 3199, 3205, 3214, 3259, 3273, 3294 eta 3311.

Deialdiko lanpostuak zahar eta ezinduendako zentroei atxikita daudenez, ohiko eginkizunetan, batzuetan, karga txikiak eramatea, denbora luzea zutik egon beharra eta gorputz-jarrera bortxatuetan egon beharra egokituko zaie langileei.

1.3. Igoera txandako lanpostuak, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, hutsik geldituz gero, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Minusbaliatuendako txanda murriztuko izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu ez eta, horrenbestez, lanpostu horiek hutsik geratzen badira, lanpostu horiek beste txandakoei gehituko zaizkie, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoen banaketa-ordenari jarraikiz.

Bestalde, igoera txandan aprobatzen duten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horietan aprobatu eta lanposturik gabe gelditu direnak txanda irekiko lanpostuetara aurkeztu ahal izanen dira, txanda horretako izangaiekin lehia garbian arituz, lortutako azken puntuazioari jarraikiz.

Minusbaliatuendako txanda murriztuko izangaiak, minusbaliatuaren legezko izaera deialdian eskatu bezala egiaztatzen ez badute, txanda irekiko lanpostuetarako lehian sartuko dira, aurreko lerroaldean adierazita dagoen moduan, hala nola igoera txandako izangaiak, baldin eta txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren berariazko baldintzak izendapena egin bitarte betetzen ez badituzte.

1.4. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei buruzko xedapen indardunetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek E mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan erabakitakoaren arabera.

1.6. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatuak izan ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario egiten diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, erregimen horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatuak izan eta eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratu ahalko dute edo Gizarte Segurantzan afiliatu.

1.7. Izendatutako izangaiek destinoko herrian bizi beharko dute, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko dute bizileku finkoa. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.8. Lanaldiaren erregimena zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Batasunak egin eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera kasu honetan onar daitekeen beste estatu batekoa.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Eskolatze ziurtagiria edukitzea, edo horren baliokidea, edo hura eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

d) Lanpostuetako eginkizunak egiteko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoaren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, aipatutako baldintzez gain beste hauek ere bete beharko dituzte, c) letran aipatzen dena izan ezik:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera txandan parte hartzerakoan duen lanpostuan.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa izatea.

c) Eskolatze ziurtagiria edukitzea, edo hura eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta Administrazio Publikoetan lanean bost urte egin izana frogatzea, edo bestela, Administrazio horietan zortzi urteko antzinatasuna aitortua duela frogatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, igoera txandako gainerako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere aipatu txandan parte hartu ahal izango dute.

2.3. Aurreko baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira eta hautapen prozesuak iraun bitartean mantendu, izendapena egin arte, 3. oinarrian ezarritakoa salbu. Oposizioa gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek egiaztatu beharko dute baldintza horiek betetzen dituztela, deialdiko zazpigarren oinarrian ezarritako epe eta moduan.

3.- Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Iruñeko Karlos III.a etorbidea, 2), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituenetako edozein bidetatik. Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio (eredu hori Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan dago eskuragai, Karlos III.a etorbideko 2an, ezkaratzean), eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Lehiatzaile minusbaliatuek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzerik behar izaten badute, zilegi izanen dute eskatzea, eta hartarako, eskabidean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabidearekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 1.000 pezeta ordaindu izanaren frogagiria ere aurkeztuko da, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Igoera txandan parte hartzea eskatzen dutenek, aurrekoez gain, 2.2. ataleko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Lehiatzaileen onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emateko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barruan, zilegi izanen dute erreklamazioak egin eta egindako akatsak zuzentzea.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta izan diren erreklamazioak ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu-baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

-Mahaiburua: Julio Sucunza Azcona jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Administrazio eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariordea.

-Ordezkoa: Carlos Arrieta del Valle jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Lan Harremanen Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: María Soledad Zubieta Aranzadi andrea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikoteknia Bulegoko burua.

-Ordezkoa: Ángel Pinillos Arróniz jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologi Zerbitzuko Eskuhartzeko Ataleko burua.

-Mahaikidea: Lorenzo Apezteguía Bravo jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Giza Baliabideen Ataleko burua.

-Ordezkoa: Teresa Pérez Rodrigo andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko gizarte graduatua.

-Mahaikidea: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langile Batzordeak hautatutako ordezkari bat.

-Ordezkoa: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langile Batzordeak hautatutako ordezkari bat.

-Mahaikide-idazkaria: Jesús Ángel Sánchez Videgain jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileriaren Kudeaketarako Bulegoko burua.

-Ordezkoa: Manuela Osácar Olaiz andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Langileri Zerbitzuko gizarte graduatua.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua bildu gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak bederen elkartu beharko dira.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio-arrazoietako bat gertatzen denean, Kalifikazio-epaimahaikideek ezin izanen dute parte hartu.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak zilegi izanen du proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egitea. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2001eko martxoan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

6.2. Oposizioaldiak ariketa teoriko-praktiko bakarra izanen du, deialdiko II. eranskineko gaiei buruzko galdera batzuk idatziz erantzutea, alegia.

6.3.Oposizioko ariketaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez eta 25 puntu baino gutxiago lortzen duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

6.4. Ariketa bukatutakoan, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, bakoitzaren puntuazioa adierazita, jarriko du ikusgai, bai Nafarroako Gobernuko iragarki-oholean, bai ariketa egin denekoan.

6.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gida- baimena aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geratuko dira agertzen ez diren izangaiak eta aipatu agirietako baten bidez nortasuna frogatzen ez dutenak.

6.6. Hautapen probek irauten duten artean denbora eta baliabideetan egin daitezkeen egokitzapenak eginen zaizkie eskabidean hala eskatu duten minusbaliatuei.

7.-Gainditu dutenen zerrenda eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, ariketa guztietako kalifikazioak batuta izandako puntuazioaren hurrenkeran, eta proposamena helaraziko dio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari, puntuazio altuena lortu duten lehiatzaileak izendatzeko, deialdiko lanpostu kopuruan sartzen direnak hain zuzen. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaletan, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzeko balio bereko agiri baten fotokopia konpultsatua.

b) 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak pagatu izanaren frogagiria.

c) Minusbaliatuaren legezko izaera egiaztatzen duen agiria, kasua bada.

d) Kasuan kasuko Laneko Arriskuak Galarazteko Atalaren txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Lehiatzaileak minusbaliatua dela alegatu badu, frogatu beharko du, horrez gain, bere minusbalioa batera daitekeela deialdiko lanpostuarekin, hartarako balorazio eta orientazio talde eskudun baten frogagiria aurkeztuz.

e) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazten duena.

f) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Deialdia egin duenaz beste nafar Administrazio Publiko bateko langile finkoak diren lehiatzaileek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte, gainera, beren aurreko Administrazioaren dossier pertsonaleko datu eta aurrekari guztiak, sarreraren, antzinatasunaren, mailaren, egoera administratiboaren eta abarren gainekoak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoak diren izangaiak:

a) Minusbaliatuaren legezko izaera egiaztatzen duen agiria, kasua bada.

b) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak lehiatzailea Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoaren funtzionario bihurtzeko eskatzen duen dokumentazioa.

Lehiatzaileak minusbaliotasuna alegatu badu, frogatu beharko du, gainera, minusbalio hori batera daitekeela deialdiko lanpostuarekin, hartarako balorazio eta orientazio ekipo eskudunen frogagiria aurkeztuz.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lehiatzaileak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezur esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko idatz-zatian aipatu kasuan, hutsunea betetzeko Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 7.1 idatz-zatiko gainditu dutenen zerrendan hurren dagoen izangaia hartuko du, eta aurreko idatz-zatietan esan bezalako tramitea eginen zaio.

8.-Lanpostu hutsen hautapena.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharren arabera organo eskudunek aldaketaren bat egitea erabakitzen badute.

8.2. Igoera txandan hautapen probak gainditu dituzten lehiatzaileek beti izanen dute lehentasuna deialdiko lanpostu hutsak betetzeko beste txandetakoen aurretik.

8.3. Lehiatzaile minusbaliaturik badago, eta minusbaliotasun horrek eskaintzen diren lanpostuetan aritzeko eragina baldin badu, lanpostuak aukeratu aitzin, kasuan kasuko minusbaliotasunarekin bateragarrien den lanpostua adjudikatuko zaie, hartarako ematen den txostena ikusirik.

Gainerako kasuetan, txanda irekiko eta minusbaliatuendako txanda murriztuko lehiatzaileek hautapen probetan lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran aukeratuko dituzte lanpostuak.

9.-Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak aurreko oinarrietan xedatutakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izendatuko ditu Zerbitzu Orokorretan aritzeko (E maila), eta Ebazpen bidez adjudikatuko dizkie lanpostu hutsak.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatu diren izangaiek izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epea izanen dute jabetza hartzeko. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan ez bada, jabetza hartzen ez badute, eskubide guztiak galduko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario bihurtzeko. Halakoetan, deialdiko 7.4. idatz-zatiak ezartzen duena hartuko da aintzat.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu huts horiek ere beteko dira deialdiko 7.4. idatz-zatiak agintzen duen moduan.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Iruñean, bi milako urriaren hogeita hiruan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

........................ jauna/andrea, adinez nagusia, .................... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidea) jabea, ................(e)n (.............) 19..eko .......aren ...(e)an jaioa, nazionalitate ..................(e)koa, helbidea .................(e)n, .................... kalean duena, ......... posta kodea, ........ telefonoa eta ......... laneko telefonoa.

Zure aurrean agertu eta aditzera ematen du:

Eskatzen duela onartua izateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ............... izateko ..... lanpostu betetzeko deialdian, (........(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua) ondotik aipatzen den txandan:

Txanda irekia

Igoera txanda *

Minusbaliatuendako txanda murriztua *

Karguan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

Xedapen indardunek ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere.

Deialdian eskatzen den titulua baduela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

Minusbaliatua dela eta, horrenbestez, egokitzapena eskatzen duela (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira)

Minusbaliotasunaren egiaztagiriak, erakunde eskudunak luzatuak, aurkezten dituela

Euskararen gaitasun agiria edo horren baliokide den beste titulu bat aurkezten duela *

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen duela *

Hortaz:

Eskatzen dut Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko ............... izateko ... lanpostu betetzeko deialdian onar nazatela.

(*) Deialdian horrelakorik dagoenean, bestela ez.

Iruñean, .....ko ............ren ............an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

1.-Nafarroako Foru Erakundeak: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Osaera eta eginkizunak. Erregelamendua. Funtzionamendua: osoko bilkura eta batzordeak. Kontuen Ganbara.

2.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen Foru Legea: egitura eta edukiaren azterketa.

3.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutua arautzen duen Foru Legea.

4.-Administrazio Publikoen jarduna: arau orokorrak. Epemugak eta epeak. Administrazio egintzetan bete beharrekoak. Administrazio egintzen eraginkortasuna: jakinarazpena eta argitalpena.

5.-Administrazio errekurtsoak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta errekurtso-motak.

6.-Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea. Legearen printzipio nagusiak. Legearen helburuak. Jarduketa esparruak.

7.-Egoitzen, eskaileren, gune komunen, kristalen eta leihoen garbiketa, garbiketarako produktu, tresna eta materialak eta horiek erabiltzeko modua.

8.-Logelen garbiketa, oheak egitea, komunzulo eta bainugelen garbiketa. Garbiketa lanetan denbora eta lana aurrezteko baliabide egokiak.

9.-Jantoki zerbitzuak, kontuan hartu beharreko alderdiak.

10.-Arropa garbiketa eta zainketa. Ehun-motak.

11.-Desinfekzioa eta desinfektazioa. Intsektu eta bizkarroietatik datozen osasun arriskuak. Haiek desagertarazteko bideak.

12.-Elikagai-motak. Elikagaiak erabiltzea.

13.-Laneko Segurtasun eta Higieneari buruzko ezaupideak.

14.-Hirugarren adinekoendako eta minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentimenezkoendako zentroetako egoiliarrak nola zaindu.

15.-Ortografia eta aritmetika: oinarrizko ezaupideak.

Iragarkiaren kodea: A0009913