112. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

328/2000 FORU AGINDUA, abuztuaren 25ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Pinturako XV. "Nafarroa" Saria (2000) onetsi, sari horren oinarriak onartu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agindu eta 7.663.031 pezetako gastua baimentzen duena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologiaren Zerbitzuaren txostena ikusirik, proposatzen duelarik, Pinturako XV. "Nafarroa" Saria (2000) onetsi, sari horren oinarriak onartu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agindu eta 7.663.031 pezetako gastua baimentzea, horren ondoriozko gastuak ordaintzeko, besteak beste, oinarriak inprimatzea, sariaren zabalkundea egitea, diruz hornitzea eta burutzea.

AGINDU DUT:

1. Pinturako XV. "Nafarroa" Saria (2000) onestea.

2. Sari horren deialdiaren oinarriak onartzea.

3. Oinarri horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Pinturako XV. "Nafarroa" Sariaren (2000) gastuak ordaintzeko gehienez ere 7.663.031 (zazpi milioi, seiehun eta hirurogeita hiru mila eta hogeita hamaika) pezetako gastua baimentzea, 2000rako Gastuen Aurrekontuko "Nafarroa Saria (pintura-eskultura) izeneko 42220-2269-4531 kontusaileko 16770-9 lerroaren bizkar.

5. Foru Agindu hau jakinaraztea Ogasun Departamentuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusian duen kontuhartzaile nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalari, Administrazio Orokorreko Bulegoari eta interesatuei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi milako abuztuaren hogeita bostean.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

PINTURAKO XV. "NAFARROA" SARIA. 2000

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Pinturako XV. "Nafarroa" Saria emateko deia egin du.

OINARRIAK

Parte-hartzea.

1. Parte hartzea izanen dute espainiar artistek edo Espainian bizi direnek. Parte-hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkeztuko du, aurretik saririk jaso gabea.

Obren ezaugarriak.

2. Gaia eta teknika egileak aukeratuko ditu. Obrek 2 metro baino gutxiago izanen dute luzeran zein zabaleran.

Ez dira onartuko egoera onean aurkezten ez diren obrak edo, erabilitako materialen hauskortasuna dela kausa, erraz hondatzen direnak ez dira onartuko.

Sinatutako obrak eta artistaren edo galeriaren identifikazioa daramatenak ere ez dira onartuko.

Ez dira onartuko markoa duten obrak (listoiz edo hagatxoz babestutako obrak soilik onartuko dira).

Aurkezteko lekua.

3. Obrak ondoko helbide honetan aurkeztuko dira: Edificio IWER Marcelo Celayeta etorbidea, 75, 31014 Iruña, 2000ko azaroaren 2tik 18ra, 9:00etatik 14:00ak arte, eta 16:00etatik 19:00ak arte lanegunetan. Azaroaren 4an, 11n eta 18an, larunbatak baitira, 9:00etatik 14:00ak arte.

Aurkezpena.

4. Obra guztiak behar den bezala enbalatuak eta babestuak aurkeztuko dira.

Enbalajean ondoko datu hauek azalduko dira argi eta garbi: obraren titulua eta neurriak, egilearen izen-deiturak, helbidea eta harremanetarako telefonoa.

Obra bakoitzarekin batera, parte hartzeko buletinaren hiru ale aurkeztuko dira, behar den bezala beteak, hala nola obraren argazki bat eta artistaren curriculuma.

5. Obra aurkezten denean, antolatzaileak parte hartzeko buletinaren ale bat emanen du hartu izanaren agiri gisara, edo, bestela, postaz igorriko du bertan aipatzen diren izen eta helbidera.

6. Obra bidali eta itzultzeko gastu guztiak parte-hartzailearen kargura izanen dira. Obra garraioan hondatzen edo galtzen bada, antolatzaileek ez dute gorabehera horien ardura beren gain hartuko.

7. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak obrak zaintzearen ardura hartuko du haiek hartzen direnetik itzultzen diren arte.

Epaimahaia.

8. Epaimahaia Hezkuntza eta Kultura kontseilariak izendatuko du eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusia izanen da haren buru.

9. Epaimahaiak 2000. urtea amaitu baino lehen jakinaraziko du bere erabakia. Ekitaldi horretan jakinaraziko da saritutako obra zein den, erakusketarako zein artista hautatu diren eta, hala behar denean, zein obra erostea proposatzen den.

10. Epaimahaiak gehiengoaz hartuko ditu erabaki guztiak. Saria eman gabe uzten ahalko da. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

Saria.

11. Sari bakarra dago, 2.000.000 pezetakoa. Sari honetako diru kopuruari PFEZren arautegian ezarritako atxikipena eginen zaio.

12. Saritutako obra Nafarroako Foru Komunitatearen esku geldituko da.

13. Epaimahaiak zilegi izanen du Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari obra bat edo batzuk erostea proposatzea, haien interesa eta kalitatea direla medio, uste baldin badu Nafarroako Foru Komunitatearen arte garaikideko ondarean egotea merezi dutela, baina Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ez du horregatik erosteko konpromisoa hartuko.

14. Antolatzaileak saritutako obra eta erosiko dituzkeenak argitaratu eta erreproduzitzeko eskubideak beretzat gordeko ditu.

Erakusketa.

15. Lehiaketa amaitutakoan (egunak aurrerago zehaztuko dira), epaimahaiak aukeratutako obrekin erakusketa bat eginen da Nafarroako Museoan.

16. Antolatzaileak irabazlearen banakako erakusketa bat antolatuko du 2001. urtean, harekin batean aukeratuko diren obrekin. Antolatzaileak finkatuko ditu erakusketaren egunak. Saritutako artistak ezin izanen du data hori baino lehen Nafarroako Foru Komunitatean bakarkako erakusketarik egin.

Obrak itzultzea.

17. Obrak igortzeko erabilitako enbalaje beretan edo antzekoetan itzuliko dira, ondoko irizpide hauen arabera:

a) Erakusketarako aukeratutako obrak: erakusketa bukatu ondoren jasotzen ahalko dira, erakusketa egiten den leku berean jasotze-agiria aurkeztuz, egileei garaiz adieraziko zaizkien egun eta orduetan. Parte-hartzearen buletinean horrela azaltzen baldin bada, agentziaren bidez itzuliko dira, garraioa zorretan dela.

b) Gainerako obrak: Iwer izeneko eraikinean hartzen ahalko dira, jasotze-agiria aurkeztu ondoren, abenduaren 11tik 22ra bitarte, 09:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 19:00ak arte, lanegunetan, eta abenduaren 16an, larunbata baita, 09:00etatik 14:00ak arte. Parte-hartzearen buletinean horrela azaltzen baldin bada, agentziaren bidez itzuliko dira, garraioa zorretan dela.

18. Obrak horretarako epean hartzen ez badira edo agentzia bidez itzultzeko trabarik baldin badago, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak zilegi izanen du egoki juzkatzen duen erabakia hartzea. Erakusketa bukatu ondoren hilabete bat pasatzen denean, ez da erreklamaziorik onartuko.

Onespena.

19. Lehiaketa honetan obra bat aurkezteak berau arautzen duten oinarrien onespen erabatekoa ekarriko du.

Argibideak.

Nafarroako Museoa. Santo Domingo k., z.g. 31001 Iruña. Tel.: 948-42.64.92. Fax zk.: 948-42.64.99.

Museo@cfnavarra.es

PINTURAKO XV. "NAFARROA" SARIA. 2000

Parte hartzeko buletina

Izena ....................................... Abizenak

Izen artistikoa ................................... NAN

Jaioteguna ....................... Jaioterria

Helbidea: Kalea

Herria ........................... P.K. ................. Probintzia

Harremanetarako telefonoak

Obraren titulua

Materialak

Neurriak (altura x zabalera)

Salmenta-prezioa (pezetatan)

Itzultzea:

-Hartzera joanen da

-Agentziaren bidez itzuliko da ............... (agentziaren izena) helbide honetara:

Kalea

Herria ............................ P.K. .................. Probintzia

2000ko Pinturako "Nafarroa" Saria arautzen duten oinarriak onartzen ditut.

.................................n, 2000ko .........aren .....(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: A0008140