112. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

325/2000 Foru Agindua, abuztuaren 25ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Onesten du Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberaren arteko lankidetza hitzarmenaren testua.

Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Teknologia Berrien Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena egin dio lankidetza hitzarmen bat sinatu eta onesteari Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberaren artean, hizkuntzak jakitearen frogabide bat eratzeko, enpresen lana errazteko modukoa.

Hizkuntzak jakitearen frogabide bat eratzeak erraztu eginen lieke lana enpresei. Horregatik Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, batetik, Nafarroako Foru Komunitatean hizkuntzen irakaskuntza ofiziala arautzeko ardura berak duenez, eta bestetik Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak, Nafarroako jarduera industriala garatu eta sustatzearen alde lan egitea baitu, besteak beste, bere eginkizunen artean, juzkatu dute komeni zela indarrak batu eta Nafarroako enpresei eskaintzea beren lehia-gaitasuna eta sendotasuna bermatzeko behar duten laguntza, Nafarroako bilbe ekonomikoaren aberasgarri.

Bi instituzioei iruditu zaie komeni dela lankidetza dokumentu bat itxuratzea, elkar lanaren zer-nolakoak finkatzeko, Hitzarmenaren testuko klausulen arabera gobernatua.

Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa Arautzeari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 b) artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz:

AGINDU DUT:

1. Onestea Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberaren arteko lankidetza hitzarmenaren testua.

2. Baimena ematen zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari behar adina xedapen emateko Foru Agindu honetan xedatzen direnak aplikatu eta garatzeko.

3. Foru Agindu hau eta hitzarmenaren testua Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Teknologia Berrien Zerbitzuari, Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Atzerriko Hizkuntzen Atalari eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberari bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru Agindu hau eta hitzarmenaren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera bidaltzea berehala argitara dadin.

Iruñean, bi milako abuztuaren hogeita bostean.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

NAFARROAKO GOBERNUAREN HEZKUNTZA ETA KULTURA DEPARTAMENTUAREN ETA NAFARROAKO MERKATARITZA ETA INDUSTRIA GANBERAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA.

Bildurik

Batetik, Jesús Laguna jauna, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura kontseilaria

Bestetik, Javier Taberna Jiménez Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea

Bi parteok, beren karguek eta ordezkaritzak emanik behar adinako lege gaitasuna badute -eta hala aitortzen diote elkarri- hitzarmen hau emateko, eta hartarako,

ADITZERA EMATEN DUTE

Lehenbizikoa.-Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentua organo eskuduna dela Nafarroako Foru Komunitatean hizkuntzen irakaskuntza ofiziala arautzeko.

Bigarrena.-Ganbera zuzenbide publikoko entitatea dela eta besteak beste Nafarroako jarduera industriala garatu eta sustatzearen alde lan egitea duela bere eginkizunen artean, hartarako etengabeko laguntza eta euskarria emanaz bere enpresei, hau da, besteak beste, haien langile eta kudeatzaileak prestatu eta erreziklatzea.

Hirugarrena.-Bi parteok borondate bat bera dutela, zein bere ekintza-arloan, indarrak batu eta Nafarroako enpresei beren lehia-gaitasuna eta sendotasuna ziurtatzeko behar duten laguntza eskaintzeko, Nafarroako bilbe ekonomikoaren aberasgarri.

Laugarrena.-Bi sinatzaileok ohart direla enpresek tresna objetibo bat falta dutela neurtzeko zer emaitza duen urtero beren langileei hizkuntzak irakasten gastatzen duten diruak.

Bosgarrena.-Problema hori konpontzeko, iruditu zaie komeni zela hizkuntzak jakitearen frogabide bat elkarlanean eratzea enpresen lana errazteko.

Seigarrena.-Aurreko guztia gogoan bi parteok erabaki dutela idatziz gauzatzea beren elkarlanaren oinarriak, beren lan-artezbide nagusiak eta beren elkarlan konpromisoak zehaztuz.

Horrenbestez, elkar harturik eta beren ordezkaritza erabiliz, honako hitzarmen hau sinatu dute, hurrengo klausulen arabera:

K L A U S U L A K

Lehenbizikoa.-Helburua.

Lankidetza Hitzarmen honen helburua da berariazko diplomak sortzea hizkuntzak jakitearen maila desberdinak frogatzeko, kasuko hizkuntzan lanbideko eginkizunak egiteko eta enpresei jakite maila batzuk bermatzeko modukoak.

Diploma horiek eskuratzeko, ebaluazio proba batzuk gainditu beharko dira hikuntz edukien eta komunikazio trebetasunen maila bakoitzean, bereziki enpresaren munduarekin lotuak.

Delako diploma Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak emanen du, Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin elkarlanean. Ebaluazio proba, berriz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak itxuratuko du.

Bigarrena.-Maila-proben ezaugarriak.

Diploma hauen helburua da atzerriko hizkuntza bat enpresako hainbat arlotan lan tresnatzat erabiltzeko gaitasuna abalatzea. Maila neurtzeko probek maila oinarrizkoa, erdikoa eta aurreratua islatuko dituzte, betiere enpresak behar dituen hizkuntza gaitasunak neurbide.

Ebaluazio proba guztiek lau trebetasunak ebaluatuko dituzte, hartzailearenak zein igorlearenak, hitzezkoak nahiz idatzizkoak.

Hirugarrena.-Prestakuntza ikastaroak.

Bi instituziook elkar harturik antolatu eta eskainiko dituzte hainbat prestakuntza ikastaro, finkatzen diren maila eta ezaugarrietarako. Ikastaro horiek instituzioek erabakitzen dituzten lokaletan emanen dira.

Laugarrena.-Proiektua Hotsemateko Batzordea. Proiektua Hotsemateko Batzordeak instituzio sinatzaileen bina ordezkari izanen ditu, haietako bakoitzak izendatuak.

Proiektua Hotsemateko Batzordeak honako eginkizunak izanen ditu:

1.-Zeinek bere eskumenen arloan, Hitzarmen honek agintzen dituen helburu eta ekintzak bete daitezen begiratzea.

2.-Bosgarren klausulak ezartzen duen Batzorde Teknikoarentzako funtzionamendu irizpideak ezartzea.

3.-Ekintzarako plana eta Batzorde Teknikoak itxuratzen dituen beste dokumentu guztiak onestea.

4.-Urtero proiektu hau gauzatzeko zer aurrekontu eta baliabide erabiliko diren aztertu eta erabakitzea.

5.-Batzorde Teknikoak airatzen dituen liskarbide eta abeniko-ezak ebaztea, eta bai hitzarmen honen betezeari edo ez betetzeari dagozkionak ere.

Batzordearen erabaki guztiak aho batez hartuko dira.

Proiektua Hotsemateko Batzordeak, oro har, urtean bitan bilduko da, deialdi bakoitza amaitzen denean hitzarmenaren garabidea ebaluatu eta ondoko ekintzak planifikatzeko. Ohiz gain, bestalde, edozein partek hala eskatuta bilduko da.

Bosgarrena.-Proiektuaren Batzorde Teknikoa.

Batzorde Teknikoak instituzio sinatzaileen ordezkari bana izanen ditu. Honako eginkizunak izanen ditu:

1.-Proiektua Hotsemateko Batzordeari aholku ematea eta Hitzarmen hau betetzeko ezartzen diren ekintzak koordinatzea, bereziki poiektuaren jarraipen eta ebaluazioari dagozkionak.

2.-Azterketek oinarri izanen duten hizkuntz edukien proposamena itxuratzea.

3.-Azterketa hauetarako prestakuntza ikastaroen eskaintza diseinatzea.

4.-Hala behartzen bada, aztertzaileak prestatzeko plan bat proposatzea.

5.-Diplomak orotara hedatzeko plan bat diseinatzea. Bereziki proiektu hau beste autonomi elkarte batzuetara hedatzekoa eta proiektuak hartzen dituen hizkuntzak zabaltzekoa.

6.-Behar diren bide eta ekintzak ezartzea azterketak egoki egin eta ebaluatu daitezen.

7.-Urteroko ekintza plan bat itxuratzea eta planean aipatzen diren ekintzei jarraipen egitea.

Batzorde Teknikoak, urteroko jarduerak bukatzean, kasurako memoria itxuratuko du eta Proiektua Hotsemateko Batzordeari eta instituzio bakoitzeko goi agintaritzari aurkeztuko.

Batzordeak behar bezain maizko bilerak eginen ditu proiektua abiatu aurreko aldian, eta ondoren urtean bitan gutxienez, deialdi bakoitzeko jarduerak hasten direnean behin eta bukatzen direnean beste behin. Bilera horietara zilegi izanen da, bidezko iruditzen bazaie, Proiektua Hotsemateko Batzordeko kideak ere azaltzea.

Seigarrena.-Baldintza teknikoak

Bi batzordeei, arestian esan bezala, esleitu zaizkien eginkizunez gain, Ganberak honako konpromisoak hartzen ditu:

1.-Behar den guztietan Nafarroako enpresen premiak aztertzea hizkuntza prestakuntzari dagokionez, hartarako galdeketa bat eginaz. Azterlan horren emaitzak txosten batean islatuko dira.

2.-Bidezko iruditzen zaizkion hedakuntza kanpaina guztiak egitea ekimena egoki gara dadin, Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin elkarlanean.

3.-Azterketa hauetarako prestakuntza ikastaroen eskaintza hedatzea.

4.-Diplomak itxuratzea.

5.-Azterketa eskubidea izateko matrikulazioa egitea.

6. Beren ikasgelak eskura jartzea urtero ezartzen diren prestakuntza ikastaroetarako.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ere, bestalde, honako konpromisoak hartzen ditu bi batzordeetako lanaz gain:

1.-Azterketa probak itxuratzea urtero.

2.-Urtero ezartzen diren prestakuntza ikastaroak eta ebaluazio probak egiteko lokalak uztea.

3.-Behar diren hedakuntza kanpaina guztiak egitea ekimen hau egoki gara dadin, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberarekin elkarlanean.

Zazpigarrena.-Diru kontuak

Proiektua Hotsemateko Batzordeak urtero erabakiko du azterketa eskubideetarako matrikularen prezioa eta bai ere bi instituzioek antolatzen dituzten prestakuntza ikastaroena.

Proiektua Hotsemateko Batzordeak onetsiko ere du zer baliabide eta zer diru ezarri behar duen parte bakoitzak programa hau gauzatu eta egoki gara dadin.

Zortzigarrena.-Iraupena.

Hitzarmen honen ondorioak sinatzen denetik hasiko dira, hurrengo bi urteetarako. Parteetako batek espresuki eta gutxienez hamabost egun lehenago hitzarmena salatzen ez badu, besterik gabe berritu eginen da hitzarmena urtebeterako. Berrialdi horietan, urteko definitu beharko da hitzarmenak zer eduki ekonomikoa izanen duen.

Hitzarmena esandako epea betetzean iraungiko da eta horrez gain parteetako batek hitzarmena bete ez eta Proiektua Hotsemateko Batzordeak hala erabakitzen duenean ere bai.

Bederatzigarrena.-Publizitatea.

Parteek beren burua behartzen dute hitzarmen honi behar bezalako publizitatea ematera eta horretarako elkarrekin hitzartzera noiz-nola eginen duten.

Aditzera eman den guztiarekin ados daudela frogatzeko, Hitzarmen hau sinatzen dute Iruñean, 2000ko an.

Iragarkiaren kodea: a0008138