112. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

338/2000 FORU AGINDUA, irailaren 7koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean LOGSEko Batxilergoaren urrutiko ikasketak arautu eta antolatzen dituena.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, III. Tituluan, helduen hezkuntzari buruzkoan, hezkuntza administrazioak premiatzen ditu behar diren neurriak hartzera, herritar guztiek lege horretan arautzen diren hezkuntza ez nahitaezkoetako maila edo graduak lortzeko. Bestaldetik, 51.5 artikuluan, xedatzen du helduen hezkuntzaren metodologia norberaren ikaskuntzan oinarrituko dela, bakoitzaren eginkizun, behar eta interesen arabera, bertan egon beharreko irakaskuntzaren bidez, eta, bere ezaugarri egokiengatik, baita urrutiko hezkuntzaren bidez.

53.2 artikuluak aukera ematen du pertsona helduek, behar den titulazioa badute, Batxilergoa eta Berariazko Lanbide Heziketa ikastetxe arruntetan egiteko, baina, horretaz gainera, pertsona horiek Batxilergoa egiteko berariazko eskaintza izan dezaketela aipatzen du; beren ezaugarriak kontuan harturik antolatuko den eskaintza betiere.

Bere aldetik, 53.3 artikuluak dioenez, Administrazio eskudunek urrutiko ikasketen eskaintza publikoa handituko dute, helduen heziketa etengabeari erantzun egoki bat emateko.

Azaroaren 29ko 1700/1991 eta urriaren 2ko 1178/1992 Errege Dekretuek Batxilergoko egitura eta gutxieneko ikasketak finkatu zituzten, hurrenez hurren, eta ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuak, berriz, etapa horrek Nafarroako Foru Komunitateko kudeaketa esparruan izan beharreko curriculuma.

Gaueko ikasketen batxilergoko irakaskuntzak maiatzaren 25eko 209/2000 Foru Aginduaren bidez antolatu ondoren, berariazko eskaintza horren osagarri izan behar duen beste neurri bat, bere tradizioagatik eta gizartean izan dezakeen eskari handiagatik, urrutiko ikasketen Batxilergoaren antolaketa da. Horrela LOGSEko 3.6 artikuluan xedatzen dena betetzen da: "ikastetxe batera normalean joaterik ez dutenen hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, urrutiko hezkuntzaren eskaintza egoki bat garatuko da".

Urrutiko ikasketen Batxilergoko irakaskuntzak helduendako daude prestatuak, orokorrean, Bigarren Hezkuntzako graduatuaren tituluaren jabe izanik, inguruabar bereziengatik bertan egon beharreko Batxilergoa egiterik ez daukatenendako.

Ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuko lehen xedapen gehigarria kontuan hartuz, Batxilergoko irakaskuntzak helduen hezkuntzaren antolamendu eta metodologiaren beharretara egokitzea ahalbidetzen baitu, Foru Lege honetan urrutiko Batxilergoko bi eredu eskaintzen dira, ikasketa hauek egiten dituzten pertsona gehienen aukerekin bat datozenak. Urrutiko ikasketak, bi ereduetan, Batxilergo arrunteko curriculuman oinarritzen dira. Haietariko batean hiru proba egiten dira hiruhileko bakoitzean eta beste bi proba ikasturtearen bukaeran. Horiek prestatzeko, ikasleak bakarkako eta taldekako tutoreak izanen ditu. Beste ereduan, bakarrik bukaerako probak egiten dira. Horietarako ikasleak bere kasa prestatuko dira. Bietan posible da ikasgai batzuetan bakarrik matrikulatzea eta errespetatzen da izen bereko gaien arteko lehentasuna, baita Batxilergoko lehen eta bigarren kurtsoetan eduki progresiboko gaien artekoa ere.

Bestaldetik, urrutiko Batxilergoko irakaskuntzak irakaskuntza horietako beste erregimenetako betebehar maila bera izanen du. Izan ere, urrutiko Batxilergoko gaietako curriculuma erregimen arrunteko bera da. Curriculum hori ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuan eta otsailaren 17ko 43/1999 Foru Aginduan agertzen da, horiek ezartzen baitute Nafarroako Foru Komunitaterako gai komun, modalitateko eta aukerakoen curriculuma.

Horrela, urrutiko Batxilergoan bat datoz irakatsi eta ikasteko prozesuaren garapen praktikoa eta normalean ikastetxe batera joaterik ez duten helduen ezaugarriak eta, batera, kalitate handiko irakaskuntzen garapena bermatzen da.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) eta c) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I.-Xedea eta aplikazio esparrua.

Lehena.-Foru Agindu honen xedea Batxilergoaren urrutiko ikasketak arautu eta antolatzea da eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan aplikatuko da.

II.-Ikastetxeak: baimentzea.

Bigarrena.-1. Urrutiko Batxilergoa eman ahalko dute horretarako baimena jasotzen duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek.

2. Baimenean zehaztu egin beharko dira ezar daitezkeen Batxilergo modalitateak, baita zer eredu hartzen den, Foru Agindu honetako zazpigarren puntuan aipatzen diren bien artetik.

III.-Ikasleen sarbidea.

Baldintza pertsonalak.

Hirugarrena.-1. Batxilergoaren urrutiko ikasketak egin ahalko dituzte 18 urtetik gorakoek edo matrikula egiten duten urtean adin hori betetzen dutenek.

2. 18 urtetik beherakoek -16tik gorakoek betiere- egin ahalko dituzte, lanean ari direla egiaztatzen badute; horretarako, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren edo afiliatuta dauden lan mutualitatearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

3. Matrikulatu ahalko dira, halaber, aurreko puntuan aipatu adin baldintzak betetzen badituzte betiere, egoera pertsonal eta familiar bereziak izateagatik Batxilergoko ikasketak araubide arruntean egiterik ez dutenak. Ikasleak ikasketa horiek egin behar dituen ikastetxeko zuzendariak aztertuko du egoera berezia, eta, horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko dizkio ikasleari. Puntu honetan adierazitakoaren arabera baimenduriko matrikulen berri emanen dio ikastetxeko zuzendariak Ikuskapen Zerbitzuari, matrikula egiteko epea amaitu eta hurrengo hamar egunetan.

Baldintza akademikoak.

Laugarrena.-Batxilegoaren urrutiko ikasketak egin ahalko dituzte Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua duten ikasleek edo otsailaren 17ko 44/1998 Foru Aginduaren hirugarren eta laugarren puntuetan ezarritako baldintza akademikoetakoren bat betetzen dutenek.

Puntu horretan agintzen denaz gain, ikasleek urrutiko ikasketen batxilergoko irakaskuntzak egin ahal izateko, kontuan hartu beharko da "Batxilergoko irakaskuntza erregimenen arteko mugikortasuna" izeneko X. Puntuan ezarritakoa.

IV.-Ikasleak onartu eta matrikulatzea.

Bosgarrena.-1. Batxilergoaren urrutiko ikasketak egiteko onarpen eta matrikulatze baldintzak otsailaren 17ko 44/1998 Foru Aginduaren bosgarren eta seigarren puntuetan ezarritakoaren araberakoak izanen dira. Matrikula kurtso osorako edo ikasgai batzuetarako egin ahalko da, kontuan harturik ondoren aipatzen diren zehaztasunak, irakaskuntza erregimen honen berezitasunen ondoriozkoak:

a) Foru Agindu honetako hirugarren eta laugarren puntuetan aipatzen diren adin betebeharrak eta baldintza akademikoak betetzen dituzten pertsonak matrikulatzen ahalko dira urrutiko ikasketetan.

b) Erregimen horretan matrikulatu ahal izateko ez da aurreinskripziorik egin beharko.

c) Matrikulaldia irailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte izanen da.

d) Kurtso osoan edo bakarrik lehen eta bigarren kurtsoetako ikasgai batzuetan matrikulatzen ahalko dira. Beti ere, otsailaren 17ko 44/1998 Foru Aginduko seigarren puntuan gaien artean ezartzen diren lehentasun eta bateraezintasun arauak errespetatuko dira.

2. Erlijioaren irakaskuntza arautzeko eman zen abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuko 3. artikuluan ezarritakoa bete dadin, adin nagusiko ikasleek edo, bestelakoetan, beren guraso edo tutoreek matrikula egitean adierazi beharko dute erlijioa edo Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) hautatzen duten.

V.-Ikasketen antolaketa.

Seigarrena.-1. Urrutiko ikasketen antolamendua otsailaren 17ko 43/1998 Foru Aginduan eta haren eranskinetan xedatzen denarekin bat etorriko da, gai bakoitzeko asteko orduei dagokienez izan ezik. Gorputz Hezkuntza ere ez da agertzen irakaskuntza erregimen honetan.

2. Ikasketa hauek egiten dituzten pertsonek eredu hauetako bat aukeratuko dute:

A eredua, urrutiko Batxilergo tutorizatua. Horren arabera, ikasleek tutore laguntzaileak izanen dituzte ikasturtean etsaminaren xede diren ikasgaiak prestatzeko. Eredu honetan, gai bakoitzerako hiru proba izanen dira hiru hilabetero eta bi proba bukaeran, bata ohikoa eta bestea ohiz kanpokoa.

B eredua, librezko urrutiko Batxilergoa. Horren arabera ikasleek bere kasa prestatuko dute etsaminaren xede den gai bakoitza. Gai horiek gainditzeko bakarrik bi proba izanen dituzte bukaeran, bata ohikoa eta bestea ohiz kanpokoa.

VI.-Ebaluazioa, kurtsoz igotzea eta titulazioa.

Zazpigarrena.-1. Batxilergoa urrutiko araubidean egiten duten ikasleen ebaluazioari eta ikasgaien arteko lehentasunari dagokienez, arlo horiei buruzko arau orokorretan eta Batxilergoko berariazko arauetan ezarritakoari jarraituko zaio; batik bat, Nafarroako Foru Komunitateak onetsitakoei eta, bereziki, uztailaren 20ko 261/1998 Foru Aginduan onetsitakoei. Aipatu Foru Agindua Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoa egiten duten ikasleen ebaluazio eta kalifikazioari buruzkoa da, urrutiko erregimeneko berariazko berezitasunei dagokienez izan ezik.

2. Eredu bakoitzaren berariazko berezitasunak hauxek dira:

A eredua: urrutiko Batxilergo tutorizatua.

a) Ezin da ebaluazio etengabea egin erregimen arrunteko baldintza beretan.

b) Gai bakoitzerako hiru proba izanen dira hiru hilabetero eta bi proba bukaeran, bata ohikoa eta bestea ohiz kanpokoa, denak bertan egon beharrekoak. Bukaerako probek ikasi diren gai guztiak bilduko dituzte. Haietariko bakoitzera joateko ezinbesteko baldintza izanen da ikaslea identifikatzea, NANa, pasaportea edo antzeko dokumentua aurkeztuz.

c) Ikasle horien ezaugarri eta inguruabarrengatik ez da nahitaezkoa tutoretzetara joatea ebaluazio probetara aurkezteko.

d) Hiru hilabeteko probak eta bukerakoak egin ondoren, ebaluazio bilkurak eginen dira. Hirugarren hiruhilekoa, baina, bukaerako ohiko bilkura egiten den toki berean eginen da.

e) Ebaluazioaren emaitzak uztailaren 20ko 261/1998 Foru Aginduan agertzen diren agirietan bilduko dira. Azken aktetan ikasi ez diren gaiei dagozkien laukiak baliogabetuko dira, ikasleak, kurtso oso batean matrikulatu beharrean, ikasgai batzuetan bakarrik matrikulatu badira.

B eredua: librezko urrutiko Batxilergoa.

a) Ezin da ebaluazio etengabea egin erregimen arrunteko baldintza beretan.

b) Gai bakoitzerako hiru proba izanen dira hiru hilabetero eta bi proba bukaeran, bata ohikoa eta bestea ohiz kanpokoa, denak bertan egon beharrekoak. Bukaerako probek ikasi diren gai guztiak bilduko dituzte. Haietariko bakoitzera joateko ezinbesteko baldintza izanen da ikaslea identifikatzea, NANa, pasaportea edo antzeko dokumentua aurkeztuz.

c) Ebaluazioaren ondorioak uztailaren 20ko 261/1998 Foru Aginduan agertzen diren agirietan bilduko dira. Azken aktetan ikasi ez diren gaiei dagozkien laukiak baliogabetuko dira, ikasleak, kurtso oso batean matrikulatu beharrean, ikasgai batzuetan bakarrik matrikulatu badira.

d) Bukaerako probak egin ondoren ebaluazioak eginen dira.

Zortzigarrena.-Mailaz igotzeko, kontu hauek hartuko dira aintzakotzat:

a) Bi kurtsoetan bakarrik ikasgai batzuetan matrikulatzea posible denez, egin eta aprobatu den ikasgai oro gainditutzat joko da eta ez da behin ere berriro egin beharko.

b) Izen bereko edo eduki progresiboko ikasgaiak direnean, maila bat gainditzeko ezinbesteko baldintza izanen da aurreko mailako ikasgaia gainditua izatea, Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoa egiten duten ikasleen ebaluazio eta kalifikazioari buruzko uztailaren 20ko 261/1998 Foru Aginduko hamalaugarren puntuan xedaturikoarekin bat.

c) Ez da eperik izanen urrutiko Batxilergoko ikasketak bukatzeko.

Bederatzigarrena.-Ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Batxilergoko ikasgai guztiak gainditzen dituztenek dagokien modalitateko Batxiler titulua jasoko dute. Titulua lortzeko ezinbestekoa da ikasgai guztietan ebaluazio positiboa izatea.

VII.-Ikasketen programazioa.

Hamargarrena.-1. Urrutiko Batxilergoaren curriculum proiektua ekainaren 23ko 169/1997 Foru Dekretuan eta otsailaren 17ko 43/1998 Foru Aginduan ezarritako curriculumetik abiatuta garatuko da.

2. A ereduko urrutiko erregimenean Batxilergoko ikasketak emateko baimena duten institutuen Pedagogi Koordinaziorako Batzordeak, curriculum proiektua egitean, erregimen horretakoak diren metodologi jarraibideak emanen ditu, ikasleen adina, lan esperientzia eta beste ezaugarri batzuei egoki erantzuteko.

Urteko Programazio Orokorra egitean, etapa horren ikasketak bukatzen dituzten ikasleentzat bukaerako ebaluazioaren ondoko denbora tarte bat utzi beharko dute, irakasleek unibertsitatean sartzeko probetako ikasgaiak landu ahal ditzaten proba horietara aurkeztuko diren ikasleekin.

VIII.-Tutoretzako laguntza A ereduko urrutiko Batxilergoan.

Hamaikagarrena.-1. Ikasgai bakoitzean taldekako nahiz bakarkako tutoretzen bidez emanen zaie laguntza ikasleei. Ikasturtearen hasieran agerian jarriko da egutegi bat, eta bertan zehaztuko da ikasgai bakoitzeko taldekako nahiz bakarkako tutoretzak zein egunetan eta ordutan izanen diren. Urrutiko hezkuntzako ikasleen ezaugarriak kontuan hartuta, tutoretza saioetan agertzea ez da derrigorrezkoa izanen.

2. Orokorrean, ikasgai bakoitzean eta ikasle-taldeentzat taldekako tutoretza saio bana eginen da astero eta bakarkako tutoretza saio bana, ordu betekoa.

Hala ere, ikasgai batzuetan asteko saioen kopurua gehitu ahalko da, hala taldekako tutoretzari dagokionez, nola bakarkakoari, haien berezitasuna kontuan hartuta eta Ikastetzeko Zuzendaritza Taldea eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzua elkarrekin ados jarri ondotik.

3. Taldekako tutoretzak, oro har, klaseko saioak izanen dira. Horietan irakasleak programazioko unitate didaktiko bakoitzean funtsezko puntuak zehaztuko ditu, horiek ikasteko jarraibideak adierazi, ariketak ebatzi, ikasleek dituzten zalantza orokorrak argitu eta, oro har, ikasgaiaz jabetzeko komeni diren jarduera guztiak burutuko ditu. Dena den, hiruhilabete bakoitzeko lehenbizi egiten den taldekako tutoretza saioan, irakasleak tarte horretan egitekoa den programazioaren aurkezpena eginen du; eta denbora horren bukaeran tutoretza saio bat antolatuko du ebaluazioa prestatzeko.

4. Bakarkako tutoretzak dira denbora tarte batzuk zeinetan irakasleak ikasleen beharretara jartzen diren, orientabideak emateko eta ikasgaiarekin loturiko bakarkako kontsultei erantzuteko. Kontsultak zuzenean egin daitezke, ikastetxean berean edo telefonoz, faxen bidez, postaz edo ezartzen ahal den beste edozein sistematan.

5. Ikasleek taldekako tutoretzetara joatea errazago izan dezaten eta, aldi berean, bakarkako kontsultak eraginkorrago izan daitezen, bertan egon beharreko jardueren ordutegia prestatzerakoan eginahalak eginen dira ikas-maila bakoitzekoak ahalik eta asteko egun gutxienetan biltzeko.

6. Irakasleek tutoretza eginkizunak irakas-orduetan burutuko dituzte.

IX.-Modalitatearen eta ibilbidearen aldaketa.

Hamabigarrena.-1. Urrutiko erregimeneko modalitate batean, batxilergoa hasi eta ikasketak amaitu baino lehen, beste modalitate batera aldatu nahi nahi duten ikasleek honakoa kontuan harturik egin ahalko dute:

a) Ikasgai komunak:

Ikasleek bi kurtsoetako ikasgai komun guztiak egin eta gainditu beharko dituzte, uzten duten modalitatean gainditzen dituztenak izan ezik.

b) Modalitateko ikasgaiak:

Ikasleek modalitate berriko ikasgaiak egin beharko dituzte, bai lehenengo kurtsokoak bai bigarrenekoak, bi modalitateetan berdinak izanik uzten diren modalitatean gainditu direnak izan ezik.

Uzten den modalitatekoak diren ikasgaiak, gaindituta badaude, Batxilergoko batez besteko nota ateratzean kontuan hartuko dira.

c) Aukerako ikasgaiak.

Modalitatearen aldaketak ez dakar inolako aldaketarik I. motako aukerako ikasgaietan. Bigarren kurtsoko II. motakoei dagokienez, maila hori egin ez edo gainditu gabe badaukate, ikasleek aukera izanen dute bigarren kurtsoko II. motako aukerako ikasgaia egiteko edo, bestela, uzten duen modalitateko lehenengo kurtsoko beste ikasgai batez ordezteko, betiere gainditua badu eta modalitate berriko bakar batekin ere bat ez badator.

2. Urrutiko erregimeneko modalitate batean, batxilergoa hasi eta ikasketak amaitu baino lehen, beste ibilbide batera aldatu nahi nahi duten ikasleek honakoa kontuan harturik egin ahalko dute:

a) Ikasgai komunak:

Ibilbidea aldatzeak ez du inolako eraginik ikasgai komunetan. Beraz, lehenengo kurtsoan ikasgairen bat gainditu gabe gelditzen bada ohiko prozeduraren bidez gainditu beharko da.

b) Modalitateko ikasgaiak:

Ikasleek igotzen direneko kurtsoko modalitateko ikasgaiak, ibilbide berriari dagozkionak, gainditu beharko dituzte.

Ibilbidea aldatzearen ondorioz 2. kurtsoan II. mailako ikasgairen bat eman beharra izanez gero, haren edukiak lehenengo kurtsoko baten ondokoak izanik osorik edo partzialki, ikasleak lehenengo kurtsoari dagokion ikasgaia gainditu beharko du.

Kurtsoz igotzean, aurreko kurtsoko modalitateko ikasgairen bat gainditu gabe edukiz gero, gai hori eman beharko da baldin eta ibilbide berrian agertzen bada. Agertzen ez bada, ibilbide berriko lehenengo kurtsoko modalitateko beste iragasgai batekin ordeztuko da.

Gainditzen diren modalitateko ikasgai guztiak kontuan hartuko dira batxilergoko batez besteko nota jartzerakoan.

c) Aukerako ikasgaiak.

Modalitatearen aldaketak ez dakar inolako aldaketarik I. motako aukerako ikasgaietan. Bigarren kurtsoko II. motakoei dagokienez, maila hori egin ez edo gainditu gabe badaukate, ikasleek aukera izanen dute bigarren kurtsoko II. motako aukerako ikasgaia egiteko edo, bestela, uzten duen ibilbideko beste ikasgai batez ordezteko, betiere gainditua badu eta ibilbide berriko bakar batekin ere bat ez badator.

2. Ikasleak modalitate nahiz ibilbide aldaketaren bat egiten duenean, ebaluazioko agirietan behar den diligentzia luzatuko da, gora-behera hori agertaraziz.

3. Aurreko puntuetan zehaztu ez diren alderdi guztietarako, otsailaren 16ko 188/1998 Ebazpenean, Batxilergoko modalitate eta ibilbide aldaketak arautzen dituen hartan, ezarritakoak aginduko du.

X.-Batxilergoko ikasketa erregimen ezberdinen arteko mugikortasuna.

Hamahirugarrena.-1. Ikasleak eguneko nahiz gaueko erregimenetik urrutiko Batxilergoko ikasketetan sartu ahalko dira, erregimen horietan kurtsoak gainditzeko dauden baldintzak errespetaturik.

2. Gaueko erregimeneko batxilergotik heldu diren ikasleei maila hartan gainditu dituzten ikasgaien kalifikazioak gordeko zaizkie urrutiko erregimenean sartzen direnean.

3. Jatorrizko erregimenean ebaluazio positiboaren esperoan dauden aukerako ikasgairen bat ez bada urrutiko erregimenean ematen, ikasleak horren baliokide batekin ordeztu beharko du, otsailaren 17ko 43/1998 Foru Aginduaren zazpigarren puntuan agertzen direnen artean.

4. Urrutiko erregimenetik eguneko erregimenera aldatzen diren ikasleek azken erregimen horretako gainditze baldintzak bete beharko dituzte, hots, ikasleak lehenengo kurtsoa errepikatuko du bi ikasgai baino gehiago baldin baditu gainditu gabe, eta bigarren kurtsoa errepikatuko du hiru ikasgai baino gehiago baditu gainditu gabe; ikasgaitzat jotzen dira eguneko erregimeneko kurtso bakoitza osatzen dutenak.

5. Urrutiko erregimenetik gauekora aldatzen diren ikasleei gaindituriko ikasgaietako kalifikazioak gordeko zaizkie gaueko erregimenean sartzen direnean.

6. Ebaluazio Aktetan, Ikasketa Espedientean, Kalifikazio Liburuan eta Ebaluazio eta Kalifikazio Erregistroan dilijentzia bat luzatuko da, idazkariak sinaturik eta zuzendariak ikus- onetsirik, ikasleak, Foru Agindu honetan ezarritakoari jarraikiz, ikasketen erregimena aldatu duela egiaztatzeko.

Ikasketa erregimena aldatzearen ondorioz ikasleak kurtso bateko ikasgai batzuk egin behar izanez gero, baina ez kurtso osoa, ebaluazio aktetan, aipatu den dilijentzia egiteaz gain, egiten ez dituen ikasgaien laukitxoak marra batez baliogabetuko dira, halakorik bada.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.-1. Baimena ematen zaio Nafarroako Helduen Bigarren Hezkuntzako Institutuari Batxilergoko ikasketak urrutiko erregimenean emateko, A eredukoak, "Giza eta Gizarte Zientziak" eta "Natur eta Osasun Zientziak" modalitatekoak. Honako egutegia izanen dute:

a) 2000-2001 ikasturtean lehenengo kurtsoko ikasketak ezarriko dira.

b) 2001-2002 ikasturtean bigarren kurtsoko ikasketak ezarriko dira.

2. Baimena ematen zaie Nafarroako Bigarren Hezkuntzako Institutuei Batxilergoko ikasketak urrutiko erregimenean emateko, B eredukoak. Egutegi hau izanen dute.

2000-2001 ikasturtean lehen eta bigarren kurtsoko ikasketak ezarriko dira.

Institutu bakoitzak urrutiko erregimenean eman ditzakeen modalitateak, B eredukoak, ikastetxeak berak erregimen arruntean eman ditzakeenen artean sartuko dira.

Bigarrena.-1. Batxilergoa "Natur eta Osasun Zientziak" edo "Giza eta Gizarte Zientziak" modalitatean gainditzen duen ikasleak, baldin eta Unibertsitatean sartzeko probara aurkeztu nahi badu eta horretarako bidea egin dituzten Batxilergoko ikasketek ematen dutena izan beharrean beste bat bada, gaueko erregimenean matrikulatu ahalko da probaren bigarren zatiko azterketako hiru ikasgaiak osatzeko beharrezkoak diren bigarren kurtsoko modalitateko ikasgaietan, urriaren 22ko 1640/1999 Errege Dekretuaren 8.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hala ere, aldez aurretik egin eta gainditu badu, ezin izanen du berriz egin.

2. Bigarren kurtsoko ikasgairen bat II. mailakoa bada, hots, haren edukiak lehenengo kurtsoko baten ondokoak badira osorik edo partzialki, ikasleak lehenengo kurtsoko ikasgaian matrikulatu eta gainditu egin beharko du bigarren kurtsokoa ebaluatu aurretik.

Hirugarrena.-Urrutiko erregimeneko Batxilergoko ikasketa hauetan, Foru Agindu honen bidez antolatuak, Batxilergoa oro har erregulatzen duen araudia ere aplikatuko zaie, Foru Agindu honetan xedatutakoari kontrarik egiten ez dion guztian, betiere.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.-1. BBBko 3. kurtsoari dagozkion ikasketak, urrutiko modalitatean, kendu eginen dira 1999-2000 ikasturtea amaitzean.

2. Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturteari dagozkion ikasketak, urrutiko modalitatean, kendu eginen dira 2000-2001 ikasturtea amaitzean.

Bigarrena.-LOGSEren aurreko hezkuntza sistemako ikasketei dagokien ikasgairen bat gainditu gabe duten ikasleak, baldin eta, otsailaren 17ko 44/1998 Foru Aginduaren "Laugarrena.2" puntuan ezarritakoari jarraikiz, LOGSEko Batxilergoko bigarren kurtsoan sar badaitezke, 2002-2003 ikasturtera arte soilik sartu ahalko dira kurtso horretan, eta honako baldintzetan betiere:

a) Aurreko hezkuntza sistemako ikasketetan gainditu gabe dituzten ikasgaien matrikula egin beharko dute, bai eta LOGSEko Batxilergoko bigarren kurtsokoena ere, nahiz eta azken kasu honetan gainditu gabeko ikasgaiak gainditzearen baldintzapean egonen diren.

b) Gainditu gabeko ikasgaiak gainditzen ez badira, LOGSEko Batxilergoko bigarren kurtsoan lorturiko emaitzek ez dute baliorik izanen, egindako matrikula baldintzapean egonen baita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Baimena eman zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari Foru Agindu honetan ezarritakoa bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau igortzea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako irailaren zazpian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0008344