112. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

280/2000 FORU DEKRETUA, uztailaren 31koa, Lesakako Udalaren herrilurreko 120 metro karraturen desafektazioa onesten duena, ondoren haien erabilera lagatzeko.

Lesakako Udalak 120 metro karratuko herrilurra desafektatzeko onespena eskatu dio Nafarroako Gobernuari, ondoren haren erabilera lagatzeko. Lur hori katastroko 1. poligonoko 55. lurzatiaren parte bati dagokio ("Zuloetako Zelaia" izeneko parajea).

Proposatutako desafektazioaren xedea da aipatu lurra "Retevisión Móvil, S.A." enpresari 25 urterako lagatzea da, urteko kanona kobratuz, telefonia mugikorreko estazio bat paratzeko. Lagapena, bi alderdien adostasunez, luzatu egin liteke.

Lesakako Udalak zorrotz bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako uztailaren hogeita hamaikako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Lesakako Udalaren herrilurreko 120 metro karraturen desafektazioa onestea, katastroko 1. poligonoko katastroko 55. lurzatiaren zati batekoak hain zuzen ("Zuloetako Zelaia" izeneko parajean).

2. artikulua. Baimena ematen zaio Lesakako Udalari desafektatutako lurrak "Retevisión Móvil, S.A." enpresari lagatzeko, telefonia mugikorreko estazio bat paratzeko. Lagapena 25 urterakoa, baina bi alderdien adostasunez luza liteke.

3. artikulua. Desafektazioaren onespena Lesakako Udalak onetsi zuen baldintza plegua betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hura herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira.

4. artikulua. Lesakako Udalak espediente honen xede diren lurren mugak jarri behar ditu.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako uztailaren hogeita hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0008226