112. ALDIZKARIA - 2000ko irailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2000ko abuztuaren 21ekoa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko arkitekto izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, 2000ko abuztuaren 21ean emandako Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko arkitekto izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi du.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea arkitekto lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea da, txanda irekian. Deialdi hau gobernatuko duten arauak honako hauek dira: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaz onetsi eta irailaren 1eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua (107 zk.), Dekretu hori garatu eta gauzatzeko emandako Sarrera Erregelamendua eta deialdiaren oinarriak. Lanpostuak plantillako 5575 zenbakia du, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikita dago eta Iruñean aritzeko da.

1.2. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Deialdiko lanpostuak A mailako ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoaren arabera.

1.4. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, erregimen horretan aurreikusitakoaren babesean.

Deialdi honetako lanposturako izendatu eta eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren erregimenean, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, jada afiliaturik dagoen funtzionarioak aukeratzen ahal du bertan segitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.5. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi behar du, eta horretarako bizilekua udalerri horretan eduki. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahal dute.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahal dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Nazionalitate espainiarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Arkitekto titulua izatea edo eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunerako eskuratu ahal izatea.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoaren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Lanpostua lortzen duen izangaiak arestiko betebeharrak egiaztatu behar ditu, deialdi honetako zazpigarren oinarrian aurreikusitako epe eta moduan, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituela ulertuko da, oposizio-lehiaketa osoan zehar izendapena bitarte haien jabe izan behar duelarik.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluaren arabera helarazi, deialdi hau Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideek deialdi honetako I. Eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izan behar dute, eta eredua Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan eskuratzen ahal da (Karlos III.a, 2, ataria); eskabide horretan izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Minusbaliotasunen bat dutenek denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ahal dituzte egokitzapena beharrezkoa duten ariketak egiteko. Horrelakoetan, eskabidean adierazi behar dute zein minusbaliotasun duten eta zein den eskatutako egokitzapena, eta eskabideari erantsi erakunde eskudunek minusbaliotasunari buruz luzatutako egiaztagiria.

3.3. Eskabideari erantsi behar zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 1.000 pezeta sartu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Bazterturiko izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzen ahal dituzte.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta horiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahai kalifikatzailea honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Luis Zarraluqui Ortigosa jauna, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia.

-Ordezkoa: Luis Antonio Ayesa Ajona jauna, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Martín Ignacio García López jauna, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Eraikuntza atalburua.

-Ordezkoa: Pablo Palacios Martínez de Lizarrondo jauna, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurzoru Urbanizaezina kudeatzeko atalburua

-Modesto Carlos Bea Gil jauna, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko arkitektoa.

-Ordezkoa: José Luis Garraza Osaba jauna, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigitza Zerbitzuari atxikitako arkitektoa.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileri Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak hautatua.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileri Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak hautatua.

-Mahaikide-idazkaria. Ana Iziz Elarre andrea, Etxebizitza Zerbitzuko Administrazio Publikoko Teknikaria (Arlo Juridikoa).

-Ordezkoa: José Ignacio Labé Valenzuela andrea, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Kontrol Ekonomiko eta Administratiboko atalburua.

Epaimahaia hautapen probak egin baino lehen eratu behar da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, behintzat, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo horien ordezkoek bertan egon behar dute, bai eta kideen erdiek ere, gutxienez.

5.3. Epamahaiko kideek parte hartzeari uko egin behar diote eta deialdia egiten duen organoari hala jakinarazi, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak tartean direnean.

Halaber, izangaiek ere errefusa ditzakete epaimahaikideak, Lege horretan zehazturiko kasuetan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egiten ahal die. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari horietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehenbizi lehiaketaldia eta gero oposizioaldia, ondorengo oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

6.2. Oposizio-lehiaketa 2001eko urtarrilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpen berean ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira. Gero Epaimahaiak bere garaian gainerako proben iragarpenak argitaratuko ditu, agindua dagoen bezala.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Epaimahaiak izangaiek alegaturiko merezimenduak baloratuko ditu deialdi honetako II. eranskineko baremoaren arabera.

6.3.2. Merezimendu guztiak alegatu eta agiri bidez egiaztatu behar dira, izangaiek oposizio-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutela adierazteko eskabidearekin batera. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak erabili behar dira, bestela ez baitira onartuko.

6.3.3. Agiri horiek baremoa aplikatu ahal izateko behar den informazio guztia eduki behar dute. Hortaz, egiaztatu gabekotzat hartzen diren merezimenduak ez dira baloratuko.

Epaimahaiak alegatu diren merezimenduei buruzko argibide eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu noiznahi.

6.3.4. Lehiaketa ez da baztertzailea izanen. Aldi horretan, gehienez ere, 10 puntu lortzen ahal dira, deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera, honela banatuak:

-Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: 9 puntu, gehienez.

-Gainerako merezimenduak: puntu 1 gehienez ere.

6.3.5. Epaimahaiak arestian adierazitako idatz-zatietan izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu. Alegatu ez diren edo agiri bidez egiaztatu ez diren merezimenduak ez ditu inolaz ere baloratuko eta ezin izanen du idatz-zati bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman.

6.3.6. Lehiaketaldia bukatutakoan, Epaimahaiak balorazioaren emaitzak jarriko ditu jendaurrean Nafarroako Gobernuko iragarki-oholean, izangai bakoitzaren puntuazioa adieraziz. Lehiaketaldian lortzen den puntuazioa oposizioaldian ateratzen denari erantsiko zaio eta, modu horretara, aterako da oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa.

6.4. Oposizioaldia.

6.4.1. Oposizioaldian honako ariketa hauek egin behar dira:

a) Lehen ariketa: III. eranskinean azaltzen den gai-zerrendatik ("Zuzenbide Administratiboa") aterako diren bi gai idatziz jorratu behar dira, eranskineko zati bakoitzetik bat, gehienez ere bost ordutan.

b) Bigarren ariketa: III. eranskinean azaltzen den gai-zerrendatik ("Etxebizitzaren Babes Publikoa") aterako diren bi gai idatziz jorratu behar dira, eranskineko zati bakoitzetik bat, gehienez ere bost ordutan.

c) Hirugarren ariketa: III. eranskinean azaltzen den gai-zerrendatik ("Eraikuntza eta Etxebizitza") aterako diren bi gai idatziz jorratu behar dira, eranskineko zati bakoitzetik bat, gehienez ere bost ordutan.

d) Laugarren ariketa: praktikoa izanen da. Oposizioko gaietan sartuak diren gaiei buruz Epaimahaiak ezarritako kasua edo kasuak ebaztean datza. Epaimahaiak erabakiko du zenbat denboran eta nola eginen den ariketa.

Lehen, bigarren eta hirugarren ariketa izangaiek irakurri behar dituzte ekitaldi irekian.

6.4.2. Oposizioaldiko ariketen gehieneko balorazioa 90 puntukoa izanen da, ariketa bakoitzari honako puntuazioa emanen baitzaio:

-Lehen ariketa: gehienez ere 10 puntu, 5 puntu gai bakoitzeko.

-Bigarren ariketa: gehienez ere 25 puntu, 12,5 puntu gai bakoitzeko.

-Hirugarren ariketa: gehienez ere 20 puntu, 10 puntu gai bakoitzeko.

-Laugarren ariketa: gehienez ere 35 puntu.

6.4.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira, eta haietako bakoitzean bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzeko gai bakoitzari emandako gehieneko puntuazioaren erdia eta laugarren ariketari emandakoaren erdia, gutxienez, erdiesten ez duten izangaiak.

6.4.4. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da kasuan kasuko ariketari dagokion puntuazioa.

6.4.5. Ariketa bakoitza amaiturik epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta aurreko ariketak egin diren tokietan, ariketak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, horrez gain, hantxe jarriko du oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez hura egin baino 48 ordu lehenago.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidatzeko baimena eraman behar dute; aurkezten ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira, bai eta epaimahaiak ezartzen duen egunean ariketak irakurtzera agertzen ez direnak ere.

6.4.7. Hautapen probak egiteko, hala eskatu duten izangai minusbaliatuentzat, denbora eta baliabide aldetik ahalezkoak diren egokitzapenak jarriko dira, eskabidean adierazitakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioaldiko ariketen kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizi oaldian lorturiko kalifikazioak batu ondoren lortutako puntuazio osoaren arabera ordenaturik, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio probak gainditu eta puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu behar da.

Hautapen prozeduraren azken emaitzan berdinketarik baldin bada, oposizioaldiko ariketetan puntuazio handienaa lortu duenaren alde ebatziko da. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, merezimenduen baremoko 1 puntuan, emandako zerbitzuei buruzkoan pu ntuazio handiena eskuratu duenaren aldeko ebazpena emanen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu behar ditu deialdiko 2. idatz-zatian ezarritako baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak.

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa ez den izangaiak agiri hauek aurkeztu behar ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen balio bereko agiriarena.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, hori eskuratzeko eskubideak ordainduak daudela egiaztatzen duen ordezkagiriarena.

c) Nafarroako Lan Arriskuen Prebentziorako Atalak luzatutako txostena, karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko zein psikikorik ez duela adierazten duena.

Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatu baldin badu, arestikoaz gainera, minusbaliotasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu behar du, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan adierazten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Izangaia Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko -deialdi egilea ez den bateko- langile finkoa baldin bada, aurrekoez gainera, beste agiri hau aurkeztu behar du: beste Administrazio horretan izangaiak duen espedientean sarrera, antzinatasun, maila, egoera administratibo eta abarri buruz azaltzen diren inguruabar eta aurrekari guztien egiaztagiria.

7.2.2. Izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa baldin bada, agiri hauek aurkeztu behar ditu:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, hori eskuratzeko eskubideak ordainduak daudela egiaztatzen duen ordezkagiriarena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario egiteko, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatutako dokumentazioa.

Izangairen batek minusbaliotasunen bat alegatu baldin badu, arestikoaz gainera, minusbaliotasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu behar du, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek luzatua.

7.3. Aipatu epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrek, hala ere, ez du galaraziko eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezakeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko idatz-zatian aurreikusitakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak baja beteko du probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 oinarriak aipatzen duen horretan, hurrengoa den izangaiarekin, eta honekin aurreko idatz-zatietan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.-Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izendatuko du, arkitekto lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsa esleituko dio, Ebazpen bidez.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaren jabetza hartu behar du hilabeteko epean, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan 7.4. idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.4. Izendatuak funtzionariotza eskuratzen ez badu eta, lanpostuan benetan jardun gabe, berak hala eskaturik, eszedentzia ematen bazaio jabetza-hartzearen egun beretik, data horretan beste Administrazio Publiko batean zerbitzuak ematen ari dela-eta, lanpostu hutsa berdin beteko da, deialdiko 7.4 atalean xedatutakoaren arabera.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarrien eta egintzen kontra ere, errekurtso arrunta aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hasita. Errekurtso arrunta ebazten duen erabakiaren kontra administrazioarekiko errekurtsoa aurkezten ahal da Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua bi hilabeteko epean.

Iruñean, bi milako abuztuaren hogeita batean.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

............................... jaun/andrea, adinez nagusia, ......... zenbakia duen Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe dena, ........... (e)n (................) 200....(e)ko .........aren ...(e)an jaioa, nazionalitate ................, egungo helbidea ...........(e)ko (..........) ............... kalean duenak, ........ posta kodea, ......... telefonoa eta lantokiko ............ telefonoa.

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ...................... izateko lanpostu .... oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, .........(e)koNafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (.... zk.) argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen duela, honako txan da honetan:

Txanda librea

Igoera txanda

Minusbaliatuen igoera-txanda

Karguan aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko zein psikikorik ez duela.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela disziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioa baduela.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean.

Minusbaliotasuna duela, eta horregatik eskatzen duela azalduriko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik

(Beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak).

Minusbaliatu izaera frogatzen duten agiriak aurkezten dituela, erakunde eskudunak luzatuak

Euskarazko gaitasun agiria edo balio bereko titulazio ofizial

onartua aurkezten duela

Euskara* froga egitea eskatzen duela

Horrengatik guztiagatik,

Eskatzen du eskabide hau onar dezazula eta, horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko .................... izateko .... lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea.

Iruñean, 200..(e)ko ....................aren .........(e)an.

(Sinadura)

* Deialdian jasota badago bakarrik.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1.-Administrazio Publikoetan lanaldi osoan eta nahitaez Arkitekto titulua eskatu den lanpostuetan emandako zerbitzu-urte bakoitzeko, 0,9 puntu, gehienez ere 9 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, hilabeteko zenbat egokitzen den kalkulatu, eta zerbitzuan egindako hilabeteei dagokien puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Epaimahaiak aintzat hartu eta aurkeztutako agirien arabera libreki balioetsitako beste merezimendu profesionalak: puntu 1 gehienez ere.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

LEHEN ZATIA

Zuzenbide Administratiboa

1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Edukiaren deskribapena. VIII. titulua: Estatuaren lurralde antolamendua, bereziki Estatuak beretzat gordetako eskumenak eta Komunitate Autonomoenak.

2.-Legea. Kontzeptua eta motak, Lege Erreserba. Dekretu Legeak eta Legegintzako Dekretuak.

3.-Erregelamendua. Kontzeptua eta motak. Legearen eta Erregelamenduaren arteko loturak. Erregelamenduak emateko ahalmena eta ahalmen horren mugak. Erregelamenduen kontrola.

4.-Administrazio egintza. Kontzeptua. Administrazio egintzaren motak. Administrazio egintzaren osagaiak.

5.-Administrazio prozedura: kontzeptua eta izaera. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legea.

6.-Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: deskribapena, egitura eta edukia.

7.-Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren eta Administrazioaren Foru Legea: deskribapena, egitura eta edukia.

8.-Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuen Foru Legea: deskribapena, egitura eta edukia.

9.-Dirulaguntzen Foru Legea: deskribapena, egitura eta edukia.

10.-13/1983 Foru Legea, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duena: deskribapena, egitura eta edukia.

11.-10/1994 Foru Legea, uztailaren 4koa, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzkoa: deskribapena, egitura eta edukia.

12.-6/1998 Legea, apirilaren 13koa, Lurzoruaren eta Balioespenen Erregimenari buruzkoa: deskribapena, egitura eta edukia.

BIGARREN ZATIA

Etxebizitzaren Babes Publikoa

1.-Espainiako etxebizitzen Babes ofizialaren politikaren bilakaera historikoa, abenduaren 31ko 31/1978 Errege Dekretu Legea baino lehen.

2 - Abenduaren 31ko 31/1978 Errege Dekretu Legeak eta abenduaren 21eko 14/1992 Foru Legeak ezarritako babes publikoko erregimena.

3.-Babes ofizialeko etxebizitzak: Babes ofizialaren kontzeptu eta esparrua, etxebizitza horien legezko erabilera, eskurabidea, salmenta-prezioa eta errentaren erregimena.

4.-Babes ofizialeko etxebizitzak. Etxebizitza horien espedienteen tramitazio administratiboa.

5.-Babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa, beharkizunen eta emateko prozeduraren deskribapena eta ondorioak.

6.-Babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa,

kalifikazio hori emateko beharkizun eta prozeduren deskribapena eta ondorioak.

7.-Babes ofizialeko etxebizitzen erregimen orokor eta berezia: haien deskribapena eta ezaugarriak.

8.-Babes ofizialera bildutako etxebizitzak eta bestelako eraikuntzak (etxebizitza, eranskina, trastetegiak, garajea, saltokiak): diseinu eta ekonomia aldetik legerian ezarritako muga fisikoak, azalera, bolumen, altura, prezio eta abarri buruz. Babes ofizialari buruzko legeriak Nafarroako Babes ofizialeko etxebizitzen espedienteetan lurzoru eta hirigintza obren aldetik ezartzen dituen baldintzak.

9.-Eraikuntza berriko Babes ofizialeko etxebizitzei aplikatzen ahal zaien antolamendu teknikoa; haien diseinu arauei eta Babes ofizialeko etxebizitzen kalitatearen aipamena.

10.-Babes ofizialeko etxebizitza-eragitearen finantzaketa, dirulaguntzen eta mailegu kualifikatuen ezaugarriak.

11.-Prezio Tasatuko Etxebizitzak. Kontzeptua, ezaugarriak, tramitazioa eta erregimen juridikoa.

12.-Etxebizitzen zaharberritzearen babes publikoa, deskribapena eta ezaugarriak.

13.-Etxebizitzen zaharberritzearen berezitasunak: Eskualdeko Zaharberritze Bulegoak, zaharberritze lehenetsiko eremuak.

14.-Populazio talde bereziak xede dituzten egintzen ezaugarri berariazkoak: gazteak, zaharrak, minusbaliatuak, gizarteratzeko programetara bildutako pertsonak, familia larriak eta etorkinak.

15.-Babes ofizialeko etxebizitzen esparruko mugak; aipamen berariazkoa izanen du Nafarroako Gobernuaren lehentasunez eskuratzeko eta atzera-eskuratzeko eskubideak. Babes ofizialeko etxebizitzen deskalifikazioa.

16.-Babes ofizialeko eta prezio tasatuko etxebizitzen bizio eta akatsetarako erreklamazioen erregimena.

HIRUGARREN ZATIA

Eraikuntza eta Etxebizitza

1.-Eraikuntzaren Antolamenduaren Legea. Egitura eta edukia.

2.-Etxebizitzen eraikuntza prozesua Eraikuntzaren Antolamenduaren legearen arabera: tramitazioak, beharrezko agiriak, arauak, eraikuntza prozesuan kontuan hartu beharreko betebeharrak.

3.-Eraikuntzako agenteen eskubideen, betebeharren eta erantzukizunen deskripabena, Eraikuntzaren Antolamenduaren Legearen arabera.

4.-Eraikuntzaren Antolamenduaren Legeak ezarritako erantzukizun eta aseguru sistema.

5.-Eraikuntza-kalitatea Eraikuntzaren Antolamenduaren Legearen arabera, eta Nafarroako Komunitateak arlo honetan dituen eskumenak.

6.-Eraikuntzaren Kode Teknikoa, eraikuntzaren Oinarrizko Arauak eta eraikuntzako Arau teknologikoak.-Kontzeptua, edukia eta deskribapena.

7.-C7-79 eraikuntza arau oinarrizkoa: deskribapena, egitura eta edukia.

9.-CA-88 eraikuntza arau oinarrizkoa: deskribapena, egitura eta edukia.

10.-AE-88, FL-90, QB-90 eta EA-95: deskribapena, egitura eta edukia.

11.-Hormigoizko obrei buruzko EHE jarraibidea, haren edukiaren deskribapena eta alderdi garantzitsuenen aipamena.

12.-Eraikuntza-arau oinarrizkoak eta EHE jarraibidea betetzeari buruz obra-proiektuek formalki izan behar dituzten erreferentziak.

13.-Bizigaitasun baldintzak Nafarroako etxebizitza-eraikinetan eta etxebizitzetan.

14.-Bizigaitasun Zedula: zer den, tramitazioa, edukia eta ondorioak. Etxebizitza libreen eraikin berrietarako bete beharreko tramitazio administratiboaren aipamena.

15.-Eraikinetako instalazio termikoen Erregelamendua: edukiaren deskribapena eta etxebizitzen eraikuntzarekin zerikusi gehiena duten gaien aipamena. NBE-CT-79 arauan ageri den energia-aurreratzea.

16.-Otsailaren 27ko 1/1998 Errege Dekretu Legea, amankomuneko azpiegituretan telekomunikazio zerbitzuetan sartzeko bideei buruzkoa: arauen garapena eta etxebizitzen eraikuntzan eragin handiena duten alderdiak aipatu.

17.-Eraikuntzako segurtasun eta osasun arauak: edukiaren deskribapena eta obretako aplikazioa.

18.-Oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko arauak: deskribapen orokorra eta alderdi garrantzitsuenak etxebizitza-proiektuei dagokienean.

19.-Entseiuetarako laborategiak: Nafarroan dagoen sistema eta kreditazio erregimena.

20.-Europako 89/106/EEE Zuzentaraua, eraikuntza-produktuei buruzkoa. Deskribapena. Arau armonizatuak, Egokitasun Teknikoko agiriak, Interpretazio agiriak, Adostasun Ziurtagiria.

21.-Europako 89/106/EEE Zuzentaraua, eraikuntza-produktuei buruzkoa. Eraikuntza-proiektuen betebehar funtsezkoak.

22.-Etxebizitza-eraikinen eraikuntzek izan ditzaketen zortasunak: aipatu behar dira etxarte, argi eta bistei buruzkoak, aeronautikoak, jabari publiko hidraulikokoak eta errepideenak. -- -- A0007936 --

Iragarkiaren kodea: