100. ALDIZKARIA - 2000ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA. 2000ko uztailaren 3ko Erabakia, Nafarroako Gobernuak hartua. Onesten du Castejónen ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Iberdrola S.A.k sustatua.

I.-Aurrekariak

Nafarroako Gobernuak, 1999ko uztailaren 6ko bilkuran, erabaki zuen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzea Castejónen ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko proiektua, Iberdrola S.A.k sustatua, eta hainbat zehaztapen ezarri ere bai, espedientea behin betiko onetsi baino lehen bete beharrekoak. Erabaki hori 1999ko abuztuaren 16ko 102. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Aldi berean, Ingurugiro Ministerioak tramitatu du Ingurugiroaren gaineko Eragina Ebaluatzeko espedientea (aurrerakoan IEE) eta bai ondorioz Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa eman ere (Ingurugiro Idazkaritza Nagusiaren 2000ko martxoaren 24ko Ebazpena, 2000ko apirilaren 27ko "E.A.O."ean argitaratua).

II.-Alegazioak

Espedientea jendaurrean egon den denboran lau alegazio idazki aurkeztu dira, zeinen edukia eta erantzunak ondoren azaltzen baitira.

1. Francisco Javier Sanz Carramiñana jaunak Castejóngo udalaren ordezkari gisa aurkeztutako alegazio idazkia.

Edukia:

Iberdrolaren jabetza antolatzerakoan kontuan hartu behar da zein udal azpiegiturak hartuko duen horren eragina, nola aurreikusten den aldatuko direla kokalekuz araztegiak, subestazioak eta ezarri beharreko zentraletako eta Iruña nahiz Tuterako subestazioetako elektrizitate haribideak.

Zentraleko azpiegitura sareek kontuan hartuko dituzte udalaren hirigintza planeamenduaren zehaztapenak, eta ez diete haren helburuei erasango.

Kontuan hartuko da jarduera instalazioaren irudia.

Erantzuna:

Udal azpiegituren gaineko eraginei dagokienez, gogoratu behar da Nilsak araztegiaz eta harainoko kolektoreez egin duen txostena, zeinean interes bizia azaltzen baita azpiegitura horiek bateratzeko.

Bestalde, eta subestazioari eta haren elektrizitate haribideei dagokienez, IEDk adierazi du baterako soluzio integratua bilatu behar dela Iberdrolak eta Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k Castejónen proposatzen dituzten zentral termikoetako argindarra kanporatzeko.

Eta udalaren helburuen gaineko eraginik ez izateari eta zentral termikoaren irudiari dagokionez, Iberdrolak adierazi du ados dagoela bi puntu horietan. IEDko baldintzetan ere eskatzen zaio sustatzaileari zentralak bere inguruan laketzeko paisajea moldatzeko proiektu bat egitea.

Hortaz, eta alegaziogileak airatu dituen kontu gehienak lehendik ere aintzat hartu baziren ere, onetsi behar dira alegazioak.

2. Rafael Sánchez Sangüesa jaunak Nafarroako Ecologistas en Acción taldeko ordezkari gisa aurkeztu duen alegazio idazkia.

Edukia:

2.1. Nafarroako Plan Energetikoak agindutakoei kontra egiten zaie, aurreikusten baitu Nafarroako energi produkzio guztia energia berriztagarrien bidez eginen dela eta ez baitu horrelako zentralik aurreikusten. Proposatzen diren zentralak ez datoz bat Foru Komunitatearen energia beharrekin, bi zentralak instalatzen direnean puskan ere goiti eginen baitiete premia horiei. Kanpoko dependentzia ez da gutxituko, zentralek erregai fosilak kanpotik ekartzea behar baitute.

2.2. Zentral hauek jaulkitzen dituzten COÕÓ2~ eta beste gasek bultzatu eginen dute aldaketa klimatikoa eta planeta berotzea. Erregaia bera, gainera, oso potentzia handiko gas-berotegia da, jarioak izateko arriskua sortzen duena.

Ziklo konbinatuko zentralek ez dituzte ikatzezkoak desagertaraziko; besterik gabe argindar kontsumoaren gehikuntza berdinduko dute eta beraz eguratseko kutsagaiak gehituko.

IEAk zehaztu behar du gasa nondik ekarriko den eta zer osaera izanen duen, eta bai neurriak proposatu ere eguratsaren gaineko eragina gutxitzeko eta kutsadura konpontzeko. Zentral honek, bestalde, gasolioz lan egin ahal izateko asmoa dago, are kutsagarriagoko erregaia baita eta euri azidoa sortzen duena.

Alegaziogileak aditzera ematen du IEAn ez dela aipatzen zer gertatuko den zentralak maskaltzen direnean, eta horrelako azterlan batek serioa izan behar duela, Nafarroako Erribera guztia eta Errioxako zati batzuk barne hartu, eta batera bi zentralen ondorioak neurtu.

2.3. Ebro ibaiaren eta haren ekosistemen gaineko eraginari dagokionez, alegaziogileak aditzera ematen du bi zentralak eraikitzearen ondorioz 43.200.000 litro/ordu edekiko zaizkiola ibaiari, kutsadura termikoa sortuko dela eta hozkuntza dorrean lainoa gehituko.

Zentrala bideragarritzat jotzen da nahiz eta ur-emari gutxienekoen datuek, memorian aipatzen direnek, eragin termiko handixkoa adierazten duten, eta inolako neurri zuzentzailerik aurkeztu gabe.

Ez da justifikatzen sistema irekia hautatzea; Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.ren zentralak, berriz, baztertu egiten du aukera hori, arrainentzat kaltegarria izateagatik.

Eragin horien peko ibai tartea balio natural handienetakoa da eta horregatik ibai parke bat egiteko proiektua tramitatzen ari da, balio hori begiratu beharrez. Euri azidoak eta ur kenketak zuzenean erasango diote Ibai Parkeari. Uharka bat ere eginen da Ebroko ura zentralera desbideratzeko eta horrek ere eragin larria izanen du ibarbasoen eta faunaren gainean.

Zehaztu gabe utzi da industriako hondar-jarioak nola tratatuko diren eta zenbatekoak izanen diren, Ibaiko uraren kalitateak behera eginen du, eta beraz osasun arriskua sortuko zentralez beheragoko populazioentzat, Ebrotik hartzen baitute edateko ura.

2.4. Gatz jalkinek landaretzari erasaten ahal diote, eta beraz bertako nekazaritzari eta landaretza naturalari ere, eta herritarrentzat galerak sortu.

2.5. Elektrizitate haribide berrien eraginari dagokionez, bi zentralok eraikitzeak berekin ekarriko du elektrizitate haribideak eskualde berean usutzea, jendegune batetik hurbil, eta alor elektromagnetiko horrek populazioari eraginen dio eta etxegunearen garapena mugatuko.

Haribide horiek interes handiko hezeguneetan barrena joaten dira (Valdelafuente eta Ojoko urtegiak), espezie babestuek kabia egiteko eta negua emateko toki inportanteak. Hezegune horiek babestekotzat proposatzen dira Ebroko Plan Berezian. Montes de Cierzo direlakoak ere pasatzen dituzte, garrantzi handikotzat jotzen baitira Nafarroako Estepa-hegaztiak Kontserbatzeko Eremuen kategorizazioan.

Erantzuna:

2.1 puntuari: Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Industria Bultzatzeko Zerbitzuak eman duen txostenak (bai Proiektu Sektorialean eta bai Zentral Termikoa proiektu sektorialtzat deklaratzeko Gobernu Erabakian erantsitakoa) aditzera ematen du Nafarroako Plan Energetikoa itxuratu zenean oso txikia zela Nafarroan zentral termikoak ezartzeko aukera, eta hortaz ez zela arrazoizkoa halakorik sartzea planean, haren ekintzen irisbidea 2000. urtean bukatzen baitzen; jakitera gasezko zentral termikoak ezartzeko baldintza onak izanen zirela, planean ere hala aurreikusiko zen. Txostenak aurrera ere dio zentralak bide emanen duela energi hornidura segurtatzeko, iturri berriztagarriekin batera, hurrengo 15-20 urteetan Nafarroak izanen dituen premietarako. Beste zentral bat ezartzeak, bestalde, dauden baliabideak aprobetxatzeko bide emanen luke eta Nafarroa aberastu eta gure ekonomia askotarikoagotzeko aukera, gure garapenarentzat garrantzi handikoa den eta orain arte gutxiegikoa izan den jarduera batean hain zuzen.

Hortaz gaitzetsi behar da alegazioaren puntu hau.

2.2 puntuari: IEAk xehero aztertu du jaulkitako NOXek sortuko duten eragina, hartarako barreiadura-eredu aurreratuak erabiliz, zentralaren diseinuari eta bertako klimari buruzko datuak oinarri. Ez da aurreikusten NOXek ondorio kaltegarririk izanen dutenik, eta ez da aurreikusten SOÕÓ2~rik jaulkiko denik.

IEAk Aljeriako gasa hartu du erreferentzia, baina hura gabe S eduki gehiagoko beste erregai bat hartuko balitz, jakina, jalkipenen azterlana errebisatu behar litzateke eta bai orobat gasolioa erabiltzen bada.

IEAak, halaber, kutsaduraren gaineko azterlana ere badu, eta haren arabera ez da halako ondoriorik izanen.

Azterlanaren irisbideari dagokionez, behar adinakotzat jotzen da, kokalekutik 20 km inguruko lurraldea hartu baitu.

Hortaz, alegazioa erantzunik dago Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioko 3. baldintzan (proiektuak zer baldintza bete behar dituen eguratseko kutsadura kontrolatzeko neurriei dagokienez) eta Ingurugiroa Begiratzeko Programaren 10.2.1. eta 10.2.2. puntuetan.

2.3 puntuari: IEDk bere baldintzen 5. atalean ezartzen du zirkuitu itxiko hozkuntza sistema hartuko dela, hozkuntza dorreak erabiliz; eragina, hortaz, txikiagoa izanen da, ez da beharrezkoa izanen Ebro ibaiaren gaineko uharka egitea eta isurkin termikoak galaraziko dira.

IEDko 6. baldintzak erantzunik dauka alegaziogileak uretarako isurkinez azaltzen duena.

Hortaz, Alegazioa IEDko edukiak berak erantzunik daukala juzkatzen da.

2.4 puntuari: Ingurugiroa Begiratzeko Programako 10.2.5. atalean erantzuten zaio alegaziogileak esaten duenari eta beraz erantzutzat jotzen da alegazioa.

2.5. puntuari: IEDak bere baldintzen 8. atalean adierazten du baterako soluzio integratua bilatu behar dela Castejónen proposatzen diren zentraletako argindarra kanporatzeko. La Sernako subestaziorainoko haribide guztiak UPS gisa tramitatuko dira, eta ingurugiro azterlana ere izanen dute, zeinean aztertuko baita ze alternatiba eta neurri zuzentzaile dauden alegazioan aipatzen diren natur balioen gaineko eragina galarazteko.

Alegazioa, beraz, IEDan bertan erantzunik dago.

3. Luis Campoy Zueco jaunak, Tuterako udalaren ordezkari gisa aurkeztu duen alegazio idazkia.

Edukia:

3.1. Urei buruzko 29/1985 Legeak definitzen ditu ibaibide bazterretako zorpeko eremuak, eta agintzen du 100 metroko polizia eremua utzi behar dela, zeinean baldintzapean jarriko baitira lurzoruaren erabilera eta bertan egiten diren jarduerak. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak ibaibidea babesteko eremu bat ezartzen du, ibaibide ertzetik neurtua: ez 5 m baino gutxiago eta ez 50 m baino gehiago. Eremu horretan debeku izanen dira proposatzen dena bezalako jarduerak.

3.2. Ez da argi zehazten nork hartzen duen bere gain zentraletatik Castejóngo subestaziorainoko haribideen aterabideak trazatzeko proiektua.

3.3. UPSak dio apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuaren araberakoa dela (arautzen du Nafarroako lurraldean industrialdeak eta industri jarduerak nola ezarri; hala ere, ez da demostratzen bertako 7. artikuluak agindutakoa betetzen denik ("kokaleku baldintzak"): zentralak terraza baten ertza izanen du kokaleku eta bi aztarnategi inbentariatu ukitzen ditu; bertara iristeko Ebroko Errege Pasada erabiltzen da eta jarduera hori Castejóngo etxegunetik 1000 m baino gutxiagora dago.

3.4. Gas naturala erabiltzea jarduera arriskutsua da eta hortaz Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen (JGOKA) erregelamenduaren pean jarri behar litzateke, haren segurtasun neurriak errespetatuz.

3.5. Ikerketapean dagoen eremuan uholdeak izan dira Ebro ibaiak gainez eginda, eta IEAk uholde arriskuaren gaineko eredu fidagarriagoa erabili behar luke.

Zehaztu gabe uzten da zenbateko ura kontsumituko den lurrunduz nahiz bestela, zentrala funtzionatzen ari denean, eta horrek zenbateko eragina izanen duen zentralez beheragoko eskaeran.

IEAk aztertu gabe uzten du eragin termikoak ze ondorio izanen dituen ureztatzeko eta beheragoko populazioentzako edateko uraren horniduretan (uztailaren 8ko 1541/1994 Errege Dekretua). Ibaiko tenperaturari buruzko datuak okerrak dira. Atzematen da Administrazioari kosta egiten zaiola zentralen geldialdi denborak kontrolatu eta begiratzeko legeek tenperaturari buruz agintzen dutena betetzeko.

Zehaztu gabe uzten da ura tratatzeko zer sistema ezarri asmo diren.

Ebro Ibarreko Ur Konfederazioak ez du ebazpenik eman 280 l/s.ko ur emaria hartzeko eskaeraren gainean, ezinbestekoa baita proiektua bideragarria izateko.

Kutsagaien barreiakuntza azterlanak Logroño eta Zaragozako estazioen datu metereologikoak hartzen ditu oinarri, eta Cadreitako estaziokoekin konparatzen. Bi zentralek batera, Castejónen bertan zentral metereologiko bat ezartzea justifikatzeko moduko tamaina dute.

Proiektuak aintzat hartu behar ditu desnitrifikazio instalazioak ere, Europako Batasunaren 88/606 zuzentarauari sarri eginen zaion aldaketa betetzeko eta Europako Batzordeak onartuak dituelako instalazio horiek ukitzen dituzten proposamenak.

Jaulkitzen den COÕÓ2~ ez da gaur egungo bera, berria baizik. Ordezkatzen diren zentralak fueloliozkoak eta fuelolio-gasezkoak baitira eta kasuan kasuan 1.209 ordu/urte eta 791 ordu/urte aritu baitziren. Airearen kalitatea begiratzeko sare bat ezarri behar da, eta Nafarroako Gobernuaren Kontrol sarean integratu.

Proiektuak memoria eta planoak eduki behar ditu ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak agintzen dituen edukiekin (zarata edo bibrazioak emititzen dituzten jardueren baldintza teknikoei buruzkoa).

Ingurugiro inbentarioak ez du aintzat hartzen Errege Bardeetako Parke Naturala, nahiz eta zentraletik 11 kmra egon haren muga. Bardeako barrendegi hori apirilaren 6ko 10/99 Foru Legeak deklaratu zuen naturgune babestu.

Bestalde, zentralaren eraginpeko ibai tarteak natur balio handienetakoa du. Horrela iruditu zaio Tuterako udalari eta Nafarroako Gobernuari, bultzatu baitute Ibai Parke baten proiektua non eta tarte horretan. Zentralak eraikitzeak ezindu lezake proiektu hori.

Enpresa sustatzaileak kanpo larrialdietarako plan bat ezarri behar luke, Europako Batasunaren 96/82 zuzentarauak Istripu Handiak Galaraztearen gaineko IV. Eranskinean agintzen duen bezala, eta Nafarroako Gobernuaren koordinaziopeko kanpo larrialdietarako plan batean integratu.

Halaber, Europako Batasunaren 96/82 zuzentarauak bere II. eranskinean agintzen duen bezala, hasierako segurtasun txosten bat itxuratu behar litzake eta epez epe errebisatu.

Instalazioak Europako Batasunaren 96/61 Zuzentarauak agintzen duena bete beharko du (kutsaduraren galarazpen eta kontrol integratuari buruzkoa; Espainian indar hartzeko epea 1999ko urriaren 14an bukatzen da).

Erantzuna:

3.1 puntuari: Urei buruzko 29/1985 Legeak ezartzen du polizia eremu horretan eraikinik batere egiteko, aurrez ibai-arroko erakundearen baimena beharko dela eta halaxe ematen zen aditzera lehen ere Ebro Ibarreko Ur Konfederazioak emandako txostenean (espedienteari erantsia), zeinak, gainera, zentrala eraikitzeko proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzeko Gobernu Erabakia jasotzen baitu. Proiektu sektoriala onesteak, beraz, ez dio kentzen sustatzaileari besteak beste baimen hori ere lortu beharra.

Ibaibidea babesteko eremuari dagokionez, zeina Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 37. artikuluak arautzen baitu, esan dezagun proiektuko eraikin guztiak ibaibidetik 50 m. edo gehiagora daudela. Bestalde, zilegi da azpiegiturak halako eremuetan baimentzea.

Hortaz gaitzetsi behar da alegazioaren puntu hori.

3.2 puntuari: IEDak aditzera ematen du baterako soluzio integratua modutu beharko dela Iberdrola eta Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k proposatzen dituzten zentral termikoek Castejónen produzitzen duten argindarra kanporatzeko. Baldintza hori zehaztapentzat eransten zaio Erabaki honi.

Hortaz, onetsi behar da alegazioaren puntu hori.

3.3 puntuari: 1999ko uztailaren 6ko Gobernu Erabakian aditzera ematen den bezala, proposatzen den jarduera ez da sartzen 84/1990 Foru Dekretuak arautzen dituen jardueretan eta ez dago bertan ezartzen dien baldintzen mendean; UPSan bertan ezartzen diren baldintzak ianen ditu araubide.

Hortaz gaitzetsi behar da alegazioaren puntu hau.

3.4 puntuari: Zentralaren proiektua jarduera sailkatutzat tramitatuko da.

3.5 puntuari: isurkinek ibaian sortuko duten eragin termikoa desahertu egiten da eta oro har ibai ekosistemaren gaineko eraginak oso txikitzen dira zirkuitu irekiko hozkuntza sistemaren ordez zirkuitu itxia, hozkuntza dorrearen bidezkoa jartzen denean. Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioak baldintzatzat jarri du hori.

IEAk funtzionamendu aldirako ezarri duen Ingurugiroa Begiratzeko Programak erantzuten die alegazio honetan eguratserako jaulkipenez, begiratze sareaz eta soinu eraginaz ari diren atalei.

IEAk kontuan hartu du 96/61/EE zuzentaraua.

Juzkatzen da, beraz alegazioa IEDan eta haren Ingurugiroa Begiratzeko Programan bertan erantzunik dagoela.

4. Antonio Munilla García jaunak, Gurelur-Natur Ingurua babesteko Nafarroako Fondoaren ordezkari gisa aurkeztu duen alegazio idazkia.

Edukia:

4.1. Zentralak ez dira sartzen Nafarroako Plan Energetikoan, erregai fosil, kutsagarri eta ezin berriztatuzkoa erabili behar baitute.

4.2. Ebro ibaian uharka bat egin beharrak hondatu egiten ditu ibaiaren ezaugarri naturalak, haren ur-emariari, tenperaturari eta bazterrei eraginaz.

Kutsadura termikoa legeek baimentzen duten goreneko mugara eramaten da. Hortik ezagun da ze interes gutxi pizten duen ekologiak.

Proposatzen den bezala ibaiko tenperatura jasoaz ibaiaren ekologian sortzen diren eraginak, 2/1993 Foru Legearen kontrakoak dira (Basa Fauna eta Flora Kontserbatu eta Kudeatzeari buruzkoa).

Iberdrolak eskatu duen ur harrera eta Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k eskatu duena, ilegalak dira zenbait urte arotan.

Elektrizitate haribideak saihestu behar lituzke Ingurugiro aldetik sentikorrenak diren eremuak, Basa Fauna eta Flora Kontserbatu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legea betetzeko.

Zentralak sortuko duen kutsadura Nafarroako Plan Energetikoarekin bateraezina da.

Ez da aipatzen gas kutsagarriak sortuko direla.

Zentralaren eraikuntzak eta funtzionamenduak lur mugimenduak ekarriko ditu berekin interes arkeologikoko eremuetan, ibaira hondar jarioak botatzea eta Castejóndarrentzako beste neke batzuk.

4.3. Zentrala industri jarduera gogaikarri, kaltegarri eta arriskutsua da eta beraz Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen erregelamenduaren pean dago (azaroaren 30eko 2414/1961 dekretua). Erregelamendu horrek agintzen du halako industriarik ez dela jarriko hurbileneko jendegunetik 2.000 metro baino gutxiagora.

Erantzuna:

4.1. puntuari. Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Industria Bultzatzeko Zerbitzuak eman duen txostenak (bai Proiektu Sektorialean eta bai Zentral Termikoa proiektu sektorialtzat deklaratzeko Gobernu Erabakian erantsitakoa) erantzunik dauka alegazioa.

Txosten horretan aditzera ematen da aurrenik Nafarroako Plan Energetikoa itxuratu zenean oso txikia zela Nafarroan zentral termikoak ezartzeko aukera, eta hortaz ez zela arrazoizkoa halakorik sartzea planean, haren ekintzen irisbidea 2000. urtean bukatzen baitzen; jakitera gasezko zentral termikoak ezartzeko baldintza onak izanen zirela, planean ere hala aurreikusiko zen.

Txostenak aurrera ere dio ziklo konbinatuko zentralak ezartzeak, besteek baino gutxiago kutsatzen baitute, jaulkipenak gutxitzea ekarriko duela eta beraz koherentea da Nafarroan aspaldian gauzatzen ari den politika energetikoarekin, energia berriztagarriak aprobetxatzearen aldekoa baita argi eta garbi.

Hortaz gaitzetsi behar da alegazioaren puntu hau.

4.2. puntuari: IEDk bere baldintzen bosgarren atalean ezartzen du zirkuitu itxiko hozkuntza sistema hartuko dela, hozkuntza dorreak erabiliz; eragina, hortaz, txikiagoa izanen da, ez da beharrezkoa izanen Ebro ibaiaren gaineko uharka egitea eta isurkin termikoak galaraziko dira.

Elektrizitate haribideen eraginari dagokionez, berriz, onartzen da alegazioa eta aditzera ematen ezen baterako proiektua eginen dela haribide guztientzat La Sernako subestazioraino eta proiektu horrek hegaztiak babesteko neurri zuzentzaile guztiak aplikatu beharko dituela.

Alegaziogileak aipatzen dituen beste alderdiak IEDko baldintzetan eta Ingurugiroa Begiratzeko programan jasota daude.

4.3. puntuari. Zentralari lehendik ere egin zaio IEA eta badu bere IED, zeinak ezartzen baitu zer baldintza behar dituen ingurugiro aldetik bideragarria izateko. Hortaz gaitzetsi egiten da alegazioaren parte hau.

III.-Nafarroako Gobernuaren uztailaren 6ko Erabakian ezartzen diren zehaztapenak betetzea.

Erabaki horretan eskatzen den dokumentazioa behar bezala aurkeztu da, eta hona hemen haren ondoriozko emaitza:

A. Ondare arkeologikoari dagokionez.

Antolamenduak aurreikusten duenez, eraikinik gabe utziko dira aztarnategi arkeologikoen eremuak, egindako prospekzio arkeologikoan jasotako delimitazioaren arabera. Hainbat neurri zuzentzaile ere hartzen dira, zeinei, erantsitako txostenak dioenez, Vianako Printzea erakundeko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak oniritzia eman dien.

B. Abiadura Handiko Trenak Nafarroan barrena izanen duen tarteari dagokionez.

Instalazioek lurzatian izanen duten kokaera berrian, instalazio horiek Abiadura Handiko Trenak Nafarroan barrena izanen duen tarterako 5A alternatibaren eraginetik kanpora uzten dute. Subestazio elektrikoa, ordea, ez, haren kokaera, Iberdrolaren terrenoetan, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioak finkatzen baitu. Nolanahi ere, Sustapen Ministerioak aldaketa bat proposatu du delako alternatibaren trazadurarako, Iberdrolaren lurzati osoa eraginetik kanpora uzten duena.

C. Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioari dagokionez.

Espediente honi dagokion Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioak aditzera ematen du planteatzen den proiektua ingurugiro aldetik bideragarritzat jotzen dela, baina hainbat baldintza bete behar dituela, bermatzeko eraikuntza aldiko eraginak ez direla pasako IEAn agintzen diren mugetatik, kutsadura kontrolatuko dela, soinu eragina motelduko, uretarako isurkinak kontrolatuko eta hondakinak kudeatuko.

Halaber, ezartzen da baterako soluzio integratua planteatu behar dela Iberdrola eta Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k Castejónen proposatzen dituzten bi zentral termikoetako argindarra kanporatzeko. Baldintza hori aplikatuko ere zaie bi zentralak gas naturalez hornitzeko instalazioei eta beraz biak jaso behar dira erabaki honen azalpen zatian.

Hori horrela, ikusirik Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen 2000ko ekainaren 29ko txostena eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta kasurako diren beste arauak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian adierazi den moduan.

2. Onestea Castejónen ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Iberdrola S.A.k sustatua, eta agintzea baterako soluzioa bilatu behar dela Castejónen proposatzen diren bi zentral termikoak gasez hornitzeko eta bertan produzitzen den argindarra kanporatzeko.

3. Sustatzaileari aditzera ematea ze, asmotan diren instalazioak ukitu edo baldintzatu litzateken beste azpiegitura edo zorrei dagokienez, behar diren baimen guztiak lortu beharko dituela kasuan kasuko gaian eskumena duten erakundeetatik.

4. Aditzera ematea Erabaki honen kontra, aukeran, zilegi dela berjarpeneko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluek agintzen dutenarekin bat. Zilegi izanen ere da Administrazioarekiko Liskar Auzien jurisdikzioan inpugnatzea Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Liskar-auzien Jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duen bezala.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Castejóngo udalari, Iberdrola, S.A.ri eta alegaziogileei jakinaraztea behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako uztailaren hiruan.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A0006864