100. ALDIZKARIA - 2000ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA. 2000ko uztailaren 3ko Erabakia, Nafarroako Gobernuak hartua. Onesten du Castejónen ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k sustatua.

I.-Aurrekariak

Nafarroako Gobernuak, 1999ko uztailaren 6ko bilkuran, erabaki zuen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzea Castejónen ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko proiektua, Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k sustatua, eta proiektua gutxienez hilabetean jartzea jendaurrean eta aldi berean proiektuko instalazioak udalerria ukitzen dien Toki Entitateen entzunaldian.

Erabaki hori 1999ko abuztuaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta bai jakinarazi ere Ingurugiro Ministerioko Kalitate eta Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako Zuzendaritza Nagusiari, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Castejóngo udalari.

Erabaki horretan, eskatu zitzaion sustatzaileari behin betiko onespena jaso baino lehen zuzen zitzala lurzatiaren mugak eta eraikuntzaren lerrokadura poligonoko errepide nagusiaren ondoan, Castejóngo eskualde industrialdearen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko xedapenaren araberako uzteko moduan, eta erantsi zitzala, behar adinako definizio mailarekin, Nafarroako Gobernuaren Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiaren txostenean aipatzen diren alderdiak, erabaki horren azalpen zatian jasotakoak.

Proiektu sektoriala tramitatzearekin batera, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa ere egin du Ingurugiro Ministerioak, eta bai hark Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa eman ere Zentrala Eraikitzeko proiektuarentzat Ingurugiro Idazkaritza Nagusiaren 2000ko martxoaren 24ko ebazpenaz (2000ko apirilaren 27ko "EAO"an argitaratua).

II.-Alegazioak eta erantzunak

Proiektu sektoriala jendaurrean egon den denboran lau alegazio aurkeztu dira, zeinen edukia eta erantzunak ondoren azaltzen baitira, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenak eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2000ko ekainaren 29ko bilkuran erabakitakoen arabera.

1. Francisco Javier Sanz Carramiñana jauna, Castejóngo udalaren ordezkaria.

Edukia:

Proiektuak aintzat hartu behar luke errepidetik ikusita sortzen den bista eragina.

Aintzat hartu beharko da Castejóngo planeamendu indarduna, zentraleko azpiegiturek ez dezaten ezertan alda planeamendu horren helbururik eta ez etxagunearen gero bateko garapena ezertan traba.

Erantzuna:

Zentral termikoaren bista eraginari dagokionez, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioko baldintzen arabera, paisajea moldatzeko proiektu bat aurkeztu behar du sustatzaileak, zentralak bere inguruan ongi laketzeko. Horrela gutxitu egingo da errepidetik ikusita duen bista eragina. Bestalde, Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k, alegazio honi erantzuten diola, aditzera eman du erabat ados dagoela zentralaren diseinuari buruzko alderdi guztietan.

Proiektu honek erasaten dien terrenoak, gasaren sarbidea eta argindarraren aterabidea kontuan hartu gabe, Castejóngo eskualde industrialdean daude. Industrialde honen hirigintza planeamendua egiteko tresna indarduna Castejóngo eskualde industrialdearen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eta haren ondorengo aldaketa da.

UPSa lurralde antolamenduko tresna da, edozein toki planeamenduz goragokoa (10/1994 Foru Legeko 48.2 artikulua), eta beraz Planeamendu hori aldatu egiten du hari kontra egoten dioten alderdietan.

Aurreko guztia gorabehera ordea, aintzat hartuko da udalaren eskaera argindarra ateratzeko eta gasa sartzeko proiektuak baloratzerakoan.

Hortaz, partez onesten da aurkeztutako alegazioa.

2. Rafael Sánchez Sangüesa, Nafarroako Ecologistas en Acción taldearen ordezkaria.

Edukia:

Nafarroako Plan Energetikoak agindutakoei kontra egiten zaie, aurreikusten baitu Nafarroako energia produkzio guztia energia berriztagarrien bidez eginen dela eta ez baitu horrelako zentralik aurreikusten.

Proposatzen diren zentralak ez datoz bat Foru Komunitatearen energia beharrekin, bi zentralak instalatzen direnean puskan ere goiti eginen baitiete premia horiei. Kanpoko dependentzia ez da gutxituko, zentralek erregai fosilak kanpotik ekartzea behar baitute.

Erantzuna:

Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Industria Bultzatzeko Zerbitzuak eman duen txostenak (bai Proiektu Sektorialean eta bai Zentral Termikoa proiektu sektorialtzat deklaratzeko Gobernu Erabakian erantsitakoa) erantzuten dio alegazioari.

Txosten horretan aditzera ematen da, aurrenik, Nafarroako Plan Energetikoa itxuratu zenean oso txikia zela Nafarroan zentral termikoak ezartzeko aukera, eta hortaz ez zela arrazoizkoa halakorik sartzea planean, haren ekintzen irisbidea 2000. urtean bukatzen baitzen; jakitera gasezko zentral termikoak ezartzeko baldintza onak izanen zirela, planean ere hala aurreikusiko zen.

Txostenak aurrera ere dio zentralak bide emanen duela energi hornidura segurtatzeko, iturri berriztagarriekin batera, hurrengo 15-20 urteetan Nafarroak izanen dituen premietarako. Beste zentral bat ezartzeak, bestalde, dauden baliabideak aprobetxatzeko bide emanen luke eta Nafarroaren aberasbide eta gure ekonomia askotarikoagotzeko aukera, gure garapenarentzat garrantzi handikoa den eta orain arte gutxiegikoa izan den jarduera batean hain zuzen.

Hortaz gaitzetsi behar da alegazioaren puntu hau.

Edukia:

Eguratsaren kutsadurari dagokionez, alegaziogileak aditzera ematen du zentral hauek jaulkitzen dituzten COÕÓ2~ eta beste gasek bultzatu eginen dutela aldaketa klimatikoa eta planeta berotzea. Erregaia bera, gainera, oso potentzia handiko gas-berotegia da, jarioak izateko arriskua sortzen duena.

Ziklo konbinatuko zentralek ez dituzte ikatzezkoak desagertaraziko; besterik gabe argindar kontsumoaren gehikuntza berdinduko dute eta beraz eguratseko kutsagaiak gehituko.

IEAk zehaztu behar du gasa nondik ekarriko den eta zer osaera izanen duen, eta bai neurriak proposatu ere eguratsaren gaineko eragina gutxitzeko eta kutsadura konpontzeko.

Alegaziogileak aditzera ematen du IEAn ez dela aipatzen zer gertatuko den zentralak maskaltzen direnean, eta horrelako azterlan batek serioa izan behar duela, Nafarroako Erribera guztia eta Errioxako zati batzuk barne hartu, eta batera bi zentralen ondorioak neurtu.

Erantzuna:

IEAk xehero aztertu du jaulkitako NOXek sortuko duten eragina, hartarako barreiadura-eredu aurreratuak erabiliz, zentralaren diseinuari eta bertako klimari buruzko datuak oinarri. Kalkulu horiek egiteko, kontuan hartu ere da Iberdrolako zentralarekin baterako funtzionamendua. Ez da aurreikusten Noxek ondorio kaltegarririk izanen dutenik, eta ez da aurreikusten SOÕÓ2~rik jaulkiko denik.

Alegazioak dioenez, IEAk Aljeriako gasa hartu du erreferentzia, baina hura gabe S eduki gehiagoko beste erregai bat hartuko balitz, jakina, jaulkipenen azterlana errebisatu behar litzateke.

IEAak, halaber, kutsaduraren gaineko azterlana ere badu, eta haren arabera ez da halako ondoriorik izanen.

Azterlanaren irisbideari dagokionez, behar adinakotzat jotzen da, kokalekutik 20 km inguruko lurraldea hartu baitu.

Hortaz, alegazioa erantzunik dago Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioko 3. baldintzan (proiektuak zer baldintza bete behar dituen eguratseko kutsadura kontrolatzeko neurriei dagokienez) eta Ingurugiroa begiratzeko Programaren 10.2.1. eta 10.2.2. puntuetan.

Edukia:

Ebro ibaiaren eta haren ekosistemen gaineko eraginari dagokionez, alegaziogileak aditzera ematen du bi zentralak eraikitzearen ondorioz 43.200.000 litro/ordu edekiko zaizkiola ibaiari, kutsadura termikoa sortuko dela eta hozkuntza dorrean lainoa gehituko.

Aditzera ematen ere du eragin horien peko ibai tartea balio natural handienetako dela eta horregatik ibai parke bat egiteko proiektua tramitatzen ari dela, balio hori begiratu beharrez.

Aditzera ematen du zehaztu gabe utzi dela industriako hondar-jarioak nola tratatuko diren eta zenbatekoak izanen diren, eta ibaiko uraren kalitateak behera eginen duela eta beraz osasun arriskua sortuko zentralez beheragoko populazioentzat, Ebrotik hartzen baitute edateko ura.

Erantzuna:

Zirkuitu itxiko hozkuntza sistema bat erabiltzeak asko txikitzen du ibaiko ura hartzeko instalazioa, eta erabat ezeztatzen berotze eragina, hondar-berotasuna hozkuntza dorrearen bidez eguratsera kanporatuko baita, eta ez ibaira, IEAko 2.5.2, 6.4 eta 6.5 idatz-zatietan esplikatzen den bezala.

IEAk oso sakon eta arrazoien gainean aztertzen ditu ur kontsumoak Ebro ibaiak Castejónen dituen ur-emari historikoen alderako, eta bai ibaian eta aldirietan sortzen diren ingurugiro eraginak ere.

Zentralaren hondar jarioak ibaira isurtzeari dagokionez, aditzera eman behar da ze, IEAko 6.5 idatz-zatian xehero esplikatzen den bezala, zentralak arazte sistemak dituela, osoak eta egokiak jario-klase bakoitzerako. Horrela bermatu egiten da isurtzearen kalitateak Ingurugiro baldintzarik hertsienak betetzea.

IEAk baloratu du zenbateko eragina izanen den aire eta uraren kalitatearen gainean eta bai arrainen gainean ere, eta ondorioz juzkatu "minimoa", "onargarria" eta "atzeman gabea" dela.

Zentrala behin abian jarriz gero sortuko dituen jarioei dagokienez, IEAk ematen dituen emaitzak muga finkatuak baino askoz txikiagoak dira, eta natur ingurua eta pertsonak babesteari buruzko araudi komunitarioak (oraindik egiten ari direnak) aintzat hartzen badira ere, hor agindutakoak baino txikiagoak. Inoiz ez da atzeman pertsonen nahiz landaretzaren gaineko ondorio kaltegarririk.

Hala ere, alegazioaren zati hau erantzunik dago IEDeko baldintzen 6. puntuan, uretarako isurkinei buruz ari dela.

Edukia:

Gatz jalkinek landaretzari erasaten ahal diote, eta beraz bertako nekazaritzari eta landaretza naturalari ere, eta herritarrentzat galerak sortu.

Erantzuna:

IEDko Ingurugiroa Begiratzeko Programaren 10.2.5 idatz-zatian erantzuten zaio alegazioak dioenari eta beraz erantzuntzat ematen da alegazioa.

Edukia:

Elektrizitate haribide berrien eraginari dagokionez, alegaziogileak aditzera ematen du bi zentralok eraikitzeak berekin ekarriko duela elektrizitate haribideak eskualde berean usutzea, jendegune batetik hurbil, eta alor elektromagnetiko horrek populazioari eraginen diola eta etxegunearen garapena mugatuko.

Haribide horiek interes handiko hezeguneetan barrena joaten dira (Valdelafuente eta Ojoko urtegiak), espezie babestuek kabia egiteko eta negua emateko toki inportanteak. Hezegune horiek babestekotzat proposatzen dira Ebroko Plan Berezian.

Montes de Cierzo direlakoak ere pasatzen dituzte, garrantzi handikotzat jotzen baitira Nafarroako Estepa-hegaztiak Kontserbatzeko Eremuen kategorizazioan.

Erantzuna:

IEDak bere 8. atalean adierazten du baterako soluzio integratua bilatu behar dela Castejónen proposatzen diren zentraletako argindarra kanporatzeko.

La Sernako subestaziorainoko haribide guztiak UPS gisa tramitatuko dira, eta Ingurugiro azterlana ere izanen dute, zeinean aztertuko baita ze alternatiba eta neurri zuzentzaile dauden alegazioan aipatzen diren natur balioen gaineko eragina galarazteko.

Alegazioa, beraz, IEDan bertan erantzunik dago.

3. Luis Campoy Zueco jauna, Tuterako udalaren ordezkaria.

Edukia:

Hautatu den kokalekuak pertsonentzako eta ondasunentzako segurtasun problemak sortzen ditu, jendeguneetatik hurbil baitago eta inguruan errepide, garraio, ur eta energi azpiegitura franko baititu. Horregatik, 84/1990 Foru Dekretuak, zeinak arautzen baitu nola ezarri Nafarroako lurraldean industrialdeak eta jarduerak, adierazten du ezin ezarriko direla etxegunetik 1000 metro baino gutxiagora.

Erantzuna:

Delako 84/1990 Foru Dekretua, zeinak arautzen baitu industrialdeak eta jarduerak nola ezarri Nafarroako lurraldean, ez da mugaz aipatzen, proposatzen den jarduera ez baita industria bat azpiegitura bat baizik. Jendegune batetik mila metrora egon beharra, bestalde, azalera handia behar duten lurzoru urbanizaezineko produkzio jardueretarako agintzen da (84/1990 Foru Dekretuko 7. artikulua), eta hori ez izaki hemen aztertzen dugun kasua.

Gaitzetsi behar da, beraz, alegazioaren puntu hau.

Edukia:

Urei buruzko 29/1985 Legeak definitzen ditu ibaibide bazterretako zorpeko eremuak, eta agintzen du 100 metroko polizia eremua utzi behar dela, zeinean baldintzapean jarriko baitira lurzoruaren erabilera eta bertan egiten diren jarduerak.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak ibaibidea babesteko eremu bat ezartzen du, ibaibide ertzetik neurtua: ez 5 m baino gutxiago eta ez 50 m baino gehiago. Eremu horretan debeku izanen dira proposatzen dena bezalako jarduerak.

Erantzuna:

Urei buruzko 29/1985 Legeak ezartzen du polizia eremu horretan eraikinik batere egiteko, aurrez ibai-arroko erakundearen baimena beharko dela eta halaxe ematen zen aditzera lehen ere Ebro Ibarreko Ur Konfederazioak emandako txostenean (espedienteari erantsia), zeinak, gainera, zentrala eraikikitzeko proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzeko Gobernu Erabakia jasotzen baitu.

Proiektu sektoriala onesteak ez dio kentzen sustatzaileari kasuan kasuko gaian eskumena duten erakundeetatik behar diren baimen guztiak eskuratu beharra, eta halaxe ematen da aditzera Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzeko Gobernu Erabakiaren 6. puntuan.

Hala ere, gogora dezagun Castejóngo eskualde industrialdea tramitatzen ari zen denboran, non kokatzen baita Hidroeléctrica del Cantábrico S.A.ren lurzatia, txostena eskatu zitzaiola Konfederazioari inolako erantzunik jaso gabe.

Ibaibidea babesteko eremuari dagokionez, zeina Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 37. artikuluak arautzen baitu, esan dezagun babes eremu horrek ibaibide horien ondoko lurzoru urbanizaezinak ukitzen dituela eta kasuko lurzatia lurzoru urbanizagarrian dagoela, Castejóngo Eskualde Industrialdearen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak araitzen duen bezala.

Hortaz gaitzetsi behar da alegazioaren puntu hori.

Edukia:

Ez da argi zehazten nork hartzen duen bere gain zentraletatik Castejóngo subestaziorainoko haribideen aterabideak trazatzeko proiektua.

Erantzuna:

Ingurugiro Idazkaritza Nagusiaren 2000ko martxoaren 24ko Ebazpenak (proiektuaren Ingurugiroaren gaineko Eraginaren deklarazio egiten du) bere 8. puntuan aditzera ematen du baterako soluzio integratua modutu beharko dela Iberdrola eta Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k proposatzen dituzten zentral termikoek Castejónen produzitzen duten argindarra kanporatzeko.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioko baldintza hori zehaztapentzat erantsiko zaio Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari.

Hortaz onetsi behar da alegazioaren puntu hori.

Edukia:

Gas naturala erabiltzea jarduera arriskutsua da eta hortaz Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen (JGOKA) erregelamenduaren pean jarri behar litzateke, haren segurtasun neurriak errespetatuz.

Erantzuna:

Zentralaren proiektua jarduera sailkatutzat tramitatuko da.

Edukia:

Ikerketapean dagoen eremuan uholdeak izan dira Ebro ibaiak gainez eginda.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlaneko uholde-arriskuaren azterlanak ondorio partzialak atera ditu, zeren aldian behingo uholdeen kurbak lurzatian sartzen badira ere, txostenak uholde arriskua ukatzen baitu.

Ez da argiro definitzen non egonen den ur hartunea eta isurlekua eta ez zehazten, beraz, instalazio horien uholde arriskua.

Zentralaren funtzionamenduak Ebro ibaitik 280 l/s ur hartzea behar du (eta bi halako bigarren talde batera zabaltzen bada). Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak ez du kontuan hartzen zentralez beherago dauden ureztatze eskaerak.

Ebro Ibarreko Ur Konfederazioak ez du ebazpenik eman 280 l/s.ko emari horretarako baimena emateko, eta hori ezinbestekoa izaki proiektua bideragarria izanen bada.

Kutsagaien barreiakuntza azterlanak Logroño eta Zaragozako estazioen datu metereologikoak hartzen ditu oinarri, eta Cadreitako estaziokoekin konparatzen.

Bi zentralek batera, Castejónen bertan zentral metereologiko bat ezartzea justifikatzeko tamaina dute.

Proiektuak aintzat hartu behar ditu desnitrifikazio instalazioak ere, Europako Batasunaren 88/606 zuzentarauari sarri eginen zaion aldaketa betetzeko eta Europako Batzordeak onartuak dituelako instalazio horiek ukitzen dituzten proposamenak.

Jaulkitzen den COÕÓ2~ ez da gaur egungo bera, berria baizik. Ordezkatzen diren zentralak fueloliozkoak eta fuelolio-gasezkoak baitira eta kasuan kasuan 1.209 ordu/urte eta 791 ordu/urte aritu baitziren.

Airearen kalitatea begiratzeko sare bat ezarri behar da, eta Nafarroako Gobernuaren Kontrol sarean integratu.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlan proiektu akustikoak eman duen soinu mailak goiti egiten dio ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak gehienezkotzat agintzen duena (zarata edo bibrazioak emititzen dituzten jardueren baldintza teknikoei buruzkoa).

Ingurugiro inbentarioak ez du aintzat hartzen Errege Bardeetako Parke Naturala, nahiz eta zentraletik 11 km egon haren muga. Bardeako barrendegi hori apirilaren 6ko 10/99 Foru Legeak deklaratu zuen naturgune babestu.

Bestalde, zentralaren eraginpeko ibai tarteak natur balio handienetakoa du. Horrela iruditu zaio Tuterako udalari eta Nafarroako Gobernuari, bultzatu baitute Ibai Parke baten proiektua non eta tarte horretan. Zentralak eraikitzeak ezindu lezake proiektu hori.

Enpresa sustatzaileak kanpoko larrialdien plan bat ezarri behar luke, Batasunaren 96/82 zuzentarauak istripu handiak galaraztearen gaineko IV. Eranskinean agintzen duen bezala, eta Nafarroako Gobernuaren koordinaziopeko kanpoko larrialdien plan batean integratu.

Halaber, Batasunaren 96/82 bere II. Eranskinean agintzen duen bezala, hasierako segurtasun txosten bat itxuratu behar litzake eta epez epe errebisatu.

Instalazioak Batasunaren 96/61 Zuzentarauak agintzen duena bete beharko du (kutsaduraren galarazpen eta kontrol integratuari buruzkoa; Espainian indar hartzeko epea 1999ko urriaren 14an bukatzen da).

Erantzuna:

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Azterlanak funtzionamendu aldirako ezartzen duen Ingurugiroa Begiratzeko Programak bat egiten du alegazio honetan eguratseko jaulkipenez, begiratze sareaz eta soinu eraginaz ari diren atalekin.

Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioan kontuan hartu da Batasunaren 96/61 zuzentaraua.

Alegazioa, beraz, IEDan bertan eta haren Ingurugiroa Begiratzeko programan erantzunik dago.

4. Antonio Munilla García jauna, Gurelur-Natur ingurua babesteko Nafarroako Fondoaren ordezkaria.

Edukia:

Zentralak ez dira sartzen Nafarroako Plan Energetikoan, honek energia aurreztea hartzen baitu xede eta energia berriztagarriak erabiltzea. Zentrala eraikitzeak, berriz, erregai fosil, kutsagarri eta ezin berriztatuzkoa erabiltzea ekartzen du.

Erantzuna:

Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Industria Bultzatzeko Zerbitzuak eman duen txostenak (bai proiektu sektorialean eta bai zentral terminkoa proiektu sektorialtzat deklaratzeko Gobernu Erabakian erantsitakoa) erantzunik dauka alegazioa.

Txosten horretan aditzera ematen da lehenbizi Nafarroako Plan Energetikoa itxuratu zen denboran zentral termikoak ezartzeko aukera oso txikia zela, eta hortaz ez zela arrazoizkoa halakorik sartzea planean, haren ekintzen irisbidea 2000. urtean bukatzen baitzen; jakitera gasezko zentral termikoak ezartzeko baldintza onak izanen zirela, planean ere hala aurreikusiko zen.

Txostenak aurrera ere dio ziklo konbinatuko zentralak ezartzeak, gaurkoak baino gutxiago kutsatzen baitute, jaulkipenak gutxitu eginen duela eta beraz bat datorrela Nafarroan aspaldion gauzatzen ari den energi politikarekin, energia berriztagarrien aldeko baita argi eta garbi.

Gaitzetsi behar da, beraz, alegazioaren puntu hau.

Edukia:

Zentrala industri jarduera gogaikarri,

kaltegarri eta arriskutsua da eta beraz Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen erregelamenduaren pean dago (azaroaren 30eko 2414/1961 dekretua). Erregelamendu horrek agintzen du halako industriarik ez dela jarriko hurbileneko jendegunetik 2.000 metro baino gutxiagora.

Erantzuna:

Alegaziogileak ez du kontuan hartu Zentralari lehendik ere egin zaiola Ingurugiroaren gaineko Eragina Ebaluatzeko prozedura eta baduela behar duen IED, zeinak ezartzen baitu zer baldintza behar diren proiektuak Ingurugiro aldetik bideragarria izateko.

Gaitzetsi egiten da, beraz, alegazioaren atal hau.

Edukia:

Proiektuaren memoriak ez du esaten zenbat tona karbono dioxido isuriko diren eguratsera.

Zentral honetako jaulkipenak 1.300.000 tona/urte izan litezke. Horrek hautsi eginen luke Espainiak Río de Janeiro eta Kiotoko foroetan sinatu dituen hitzarmen eta printzipioak.

NOX jaulkipenak, berriz, 50 mg/m3n izanen omen dira, baina ez da zehazten gutxi gora-beherako kantitaterik.

Zentraleko jaulkipenen ondorioak, ur erabileraz eta bazterraren okupazioaz landara, beste zentralekoekin batu behar dira.

Buruz gaineko elektrizitate haribide bat ezartzeak larriagotu eginen du eremu horretako hegaztientzat halako haribideek izaten duten ondorio kaltegarria.

Erantzuna:

IEDak, baldintza sailaren 3. atalean eta Ingurugiroa Begiratzeko Programan erantzunik dauzka alegaziogile honek jaulkipenez egiten dituen planteamenduak.

8. baldintzan, bestalde, ezinbestekotzat jartzen da soluzio baterako eta integratu bat bilatu beharra bi zentraletako energia kanporatzeko. Elektrizitate haribide horiek UPS gisa tramitatu eta hegazti fauna babesteko baldintzak bete beharko dituzte.

Hortaz, gaitzetsi egiten da alegazioaren puntu hau.

III.-UPSa onestea.

1999ko uztailaren 6ko Gobernu Erabakiak eskatzen duen dokumentazioari dagokionez, behar bezala aurkeztu da guztia. Hona dokumentazio horren ondoriozko emaitza:

Ingurugiro Ministerioko Ingurugiro Idazkaritza Nagusiak 2000ko martxoaren 24ko Ebazpenez egin zuen Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa proiektu sektorial honen helburu den gas naturalezko zentral termiko ziklo konbinatukoa eraikitzeko proiektuarentzat.

Deklarazio horrek aditzera ematen du proiektua bideragarria dela Ingurugiro aldetik eta hainbat baldintza bete behar dituela, eraikuntza aldiko eragina IEAean aipatzen diren mugez haratago ez joatea segurtatzeko, kutsadura kontrolatzeko, soinu eragina makaltzeko, uretarako isurkinak kontrolatzeko eta hondakinak kudeatzeko.

Baldintza horien artean, gainera, aipatzen da soluzio baterako eta integratua bilatu behar dela Iberdrolak eta Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k Castejónen proposatzen dituzten zentral termikoetako energia kanporatzeko.

Zehaztapen horrek, lurraldearen antolamenduaren ikuspuntutik zeharo egokia baita, Castejónen proposatzen diren bi zentralentzako gas naturalaren hornidurako hodia egiteko ere aplikatu behar litzateke.

Hori gogoan, eta kontuan harturik 1999ko uztailaren 6ko Nafarroako Gobernuaren Erabakia, zeinaren edukia Erabaki honek beretu baitu, kontuan harturik aipatu txostenak eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2000ko ekainaren 29ko bilkuran hartutako Erabakia, eta ikusirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak eta aplikatzeko diren beste arauek zer dioten, bete direlarik bertan ezartzen diren tramiteak eta egin delarik Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa 1302/1986 Errege Dekretu legegileak eta 1131/1988 Errege Dekretuek agindu bezala, eta ondorioz Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa eman, onetsi behar da Castejónen ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k sustatua.

Hori horrela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian zehaztu den moduan.

2. Onestea Castejónen ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k sustatua, zehaztuz soluzio baterakoa eman behar dela bi zentral termikoak gasez hornitzeko eta bietan produzitzen den argindarra kanporatzeko.

3. Entitate sustatzaileari aditzera ematea ze, asmotan dituen instalazioak gauzatzea baldintzatu edo trabatu lezaketen beste zor edo azpiegiturei dagokienez (trenbidea, urbide publikoak, zor aeronautikoak eta abar), lortu beharko dituela kasuan kasuko gaian eskumena duten erakundeetatik behar diren baimen guztiak.

4. Aditzera ematea Erabaki honen kontra, aukeran, zilegi dela berjarpeneko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluek agintzen dutenarekin bat. Zilegi izanen ere da Administrazioarekiko Liskar Auzien jurisdikzioan inpugnatzea Erabakia jakinarazi edo, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen bada, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Liskar-auzien Jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duen bezala.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Castejóngo udalari, Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.ri eta alegaziogileei jakinaraztea behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako uztailaren hiruan.-Lehendakaritzako Idazkari Nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A0006863