58. ALDIZKARIA - 1998ko maiatzaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

360/1998 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 1998ko kanpainan, ibai eta erreka zolak dragatu eta garbitzeko lanetarako dirulaguntzen kontzesioa arautzen duena.

Natura Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak txostena egin du 1998ko dragatze lanen kanpaina arautzeko beharraz eta lan horiek egiteko irizpideak ezarri ditu.

Ikusirik Natura Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren txostena eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak emandako eskurantzak erabiliz,

(Foru Komunitateko gainerako Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurreneurri zerbitzuan sartzen diren lanpostu beteen eta hutsen zerrenda) AGINDU DUT:

1. Udal eta kontzejuek, Nafarroako Gobernuak utzitako makineria erabiliz, 1998ko dragatze lanen programaren barrenean egiten dituzten ibai edo erreka zolen dragatze eta garbitze lanengatik, fondo galdurako dirulaguntza izanen dute, guztirako likidazioaren % 50ekoa, lanak betetzen diren unean indarra duten tarifa ofizialen prezioak aplikatuz ateratzen dena, Foru Agindu honetan ezarritako baldintzekin.

2. Lanak aurrera eraman aurretik, haiek sustatzen dituzten udal eta kontzejuek ondoko baldintza orokorrak onartu beharko dituzte erabaki bidez:

a) Udal edo kontzeju sustatzaileak, aurtengo lanen kanpainan sar dezaten eskatzeko, bere garaian egindako dragatze eskaera berretsi beharko du, eta ahalmena emanen dio Nafarroako Gobernuari Korporazioaren izenean eta hura ordezkatuz, dragatze lanak egiteko aginduzkoa den baimena eska diezaion erakunde eskudunari.

Ibaietako Obren Bulegoko teknikariek soilik emanen dizkiete jarraibideak enpresei edo makina gidatzaileei, bestelakoan, korporazio sustatzaileak hartuko baitu agindu eta jarraibideetan erantzukizun osoa.

b) Udal edo kontzeju sustatzaileak dragatze lanengatik, makinen joan-etorriengatik edo lurren aldi baterako okupazioagatik ukitutako jabe guztien baimenak lortu beharko ditu, eta bere kontura izanen dira arrazoi horregatik sortutako gastu eta kalteordain guztiak.

c) Dragatze lanen aurretik arbolak bota edo sastraka garbitu behar bada, udal edo kontzeju sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu eta aldez aurretiko lan horiek aurrera eraman, arrazoi horregatik sortzen diren gastu guztiak bere kargura hartuz.

d) Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoa emanen du, bakarrik, berak utzitako makineria eta baliabideetarako, eta tratamendu horretatik kanpo geratuko da udalak edo kontzejuak lanetan sartzen duen beste edozein tresna (makina, kamioia, traktorea, eta abar).

e) Udal edo kontzeju sustatzaileak bere gain hartu beharko du egiten diren lanak ordaintzeko konpromisoa, haiek amaitutakoan Natura Zaintzeko Zerbitzuak indarra duten tarifei jarraituz eginen duen likidazioaren arabera. Nafarroako Gobernuak dragatze lanak aurrera eramaten diren unean laguntza ekonomikoei buruz ezarrita dituen arauak aplikatuko dira.

f) Udal edo kontzejuak, lanen sustatzaile bezala, erantzukizuna izanen du dragatze lanen ondorioz beste batzuen ondasun edo eskubideetan gerta daitezkeen kalte edo galeretan.

g) Udal edo kontzejuak jabari ahalmen guztiei eta dragatze lanen ondoriozko betebeharrei eutsiko die, haien jabe bakarra denez gero.

3. Baldintzak onartzeko erabakia harturik, horren ziurtagiria igorri beharko da Natura Zaintzeko Zerbitzura, izan ere, agiri hori jaso arte ez baita jarduketarik eginen eskatutako dragatze lanetan.

4. Udal eta kontzejuek, Nafarroako Gobernuak utzitako makineria erabiliz, 1998ko kanpainan egiten dituzten ibai edo erreka zolen dragatze eta garbitze lanen likidazio oinarri gisa, tarifa hauek ezarri dira:

a) Eskatzaileak erregaia jartzen badu:

Kateadun hondeamakina: 3.150 pta/h.

b) Eskatzaileak erregairik jartzen ez badu:

Kateadun hondeamakina: 4.130 pta/h.

Bulldozer traktorea: 5.250 pta/h.

Dumper kamioia: 3.380 pta/h.

5. Foru Agindu honen aurka helegite arrunta jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114.etik 116.era bitarteko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko apirilaren zortzian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: a9803470