58. ALDIZKARIA - 1998ko maiatzaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

135/1998 FORU DEKRETUA, apirilaren 20koa, laneko arriskuei aurrea hartzeko arautegia Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruari egokitzen diona.

Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legeak hirugarren artikuluan xedatzen duenez, legea eta hura garatzeko arauak aplikatuko dira Langileen Estatutuak araututako lan harremanen esparruan ezezik baita administrazio publikoen zerbitzuko pertsonal zibilaren harreman administratibo zein estatutupekoetan ere, lege hartan edo hura garatzen duten arauetan biltzen diren berezitasunak kontuan hartuta. Arau horiek ororendako eta integratzaile izateko asmoz eratu direnez, komeni da Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan laneko arriskuei aurrea hartzea eta langileen osasunaren babesa, biak jarduketa bakartzat hartzea, bereizi gabea eta koordinatua, enplegatu publikoengana iritsi beharrekoa, haien araubide juridikoa, hots, funtzionario nahiz lan-kontratudun edo estatutupeko diren kontuan hartu gabe. Horrek guztiorrek berekin dakar aurreneurri jarduera integralaren plangintza bat egin beharra, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduera eta erabakien multzoan integratutako plangintza, enplegatu publikoen ordezkarien aholkularitza eta partaidetzarekin eginen dena.

Hala ere, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legeak eta hura garatzeko arauek dioten bezala, administrazio publikoek beren berezitasunak dituzte. Eta hain zuzen ere, Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamendua onetsi zuen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak bere laugarren xedapen gehigarrian aurreikusten du administrazio publikoetan arautegi berariazko baten bidez erregulatuko direla ondoko hauek: aurreneurri jarduerak garatzeko behar diren baliabideen antolaketa, horiek gauzatuko dituen langileen eginkizunen eta kualifikazio mailen zehaztapena eta aurreneurri sistemen auditoretzek darabiltzaten bezalako kontrol tresna egokien ezarpena, eta hori guztia ordezkaritza handieneko sindikatuekin hitz egin ondotik.

Azaroaren 13ko 545/1995 Foru Dekretuaren xedapen iragankorrak behin-behinekoz Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren esku jartzen ditu Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aurreneurri zerbitzuei esleitutako eginkizunak. Ordutik hona izan den arautegiaren garapena ikusita, eta jarduketa eraginkorragoa izan dadin eta eskumenen arteko desadostasunak gerta ez daitezen, komeni da ondoko bi hauek bereiztea: alde batetik, Nafarroako langileriaren segurtasuna eta osasuna babestearen ardura duten egiturak eta bestetik Administrazio Publikoak -enpresa den aldetik- bere enplegatuekin izan ditzakeen eginbeharrak. Era berean, komeni da partaidetza organoak eta aurreneurri sistemak edukitzea dauden negoziazio esparruetatik ahalik eta hurbilen eta talde bakoitzaren berariazko arriskuetara zuzenduak.

Horrenbestez, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen hirugarren xedapen gehigarriari eta Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduko laugarren xedapen gehigarriari jarraikiz, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak eta Osasun kontseilariak proposatuta, sindikatuen ordezkariekin negoziazio prozesua egin ondotik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko apirilaren hogeiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Foru Dekretu honen xedea da Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legea eta Aurreneurri zerbitzuen Erregelamendua onetsi zuen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretua Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei egokitzea. Horretarako, aurreneurri hori Administrazioaren jarduera eta erabakietan integratuko da, baliabideak indartuko dira, edukia antolaketa- egituraren ezaugarrietara egokituko da eta haren zerbitzuko pertsonen partaidetza-mekanismoak eta organoak kontuan hartuko dira.

2. artikulua. 1.-Xedapen hau Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aplikatuko da.

2.-Foru Dekretu hau ez da aplikatuko beren ezaugarriengatik eragozpena duten jardueretan, hala nola poliziaren, segurtasunaren eta aduanetako gordelekuaren eginkizunetan, ez eta arrisku, hondamendi eta ezbehar publiko larrietan herri babesaren eta peritaje forentsearen zerbitzu operatiboak behar direnean ere. Alabaina, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legean oinarrituko dira kasu bakoitzerako behar diren arauak, aipatu jardueretan beren zerbitzuak ematen dituzten enplegatu publikoen segurtasuna eta osasuna babesteko asmoz.

II. KAPITULUA

Aurreneurri jardueraren integrazioa eta koordinazioa

3. artikulua. Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lan arriskuei aurrea hartzea horien jarduera eta erabakien barnean integratu beharko da, hala prozesu teknikoetan, lan antolaketan eta lana egiten deneko baldintzetan, nola haren hierarkia lerroan.

4. artikulua. Aurreneurri ekintza, arriskuen ebaluazioa eta aurreneurri jardueraren plangintza Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen III. kapituluan eta Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan ezarritako printzipio orokorretan oinarritu beharko dira.

5. artikulua. 1.-Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eta erakunde autonomoek behar diren neurriak hartuko dituzte beren zerbitzuan lan egiten duten enplegatuen laneko arriskuei aurrea hartzeko eta haien osasuna zaintzeko.

2.-Unitate organikoetako zuzendari eta buruek beren esku izanen dituzte neurri horiek aurrera eramateko behar diren tresnak, nork bere eskumenen esparruan, eta laneko segurtasun eta osasunaren arloko arauak betetzeaz arduratuko dira, baina, nolanahi ere, laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasunaren zainketako alderdi teknikoez bereziki arduratzen diren zerbitzuek eta pertsonek izan ditzaketen eskumenak deusetan galarazi gabe.

6. artikulua. 1.-Laneko arriskuen gaineko aurreneurrien arloan, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen koordinazio organo izateko Laneko Segurtasuna eta Osasuna Koordinatzeko Batzordea eratu da.

2.-Laneko Segurtasuna eta Osasuna Koordinatzeko Batzordeak kide hauek izanen ditu: Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Osasun zuzendari nagusia, Ekonomi zuzendari nagusia, Hezkuntza zuzendari nagusia, Lan zuzendari nagusia, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Nafarroako Lan Osasunaren zuzendari kudeatzailea. Batzordeburua Lehendakaritza eta Barne kontseilaria izanen da eta honen ordezkoa Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia. Idazkaria, hizpidea izanik baina botorik gabe, Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

3.-Batzordeak bileretara gonbidatzen ahal ditu egoki juzkatzen dituen pertsonak, haien jakituriagatik nahiz jorratu behar diren gaiengatik komenigarri ikusten bada.

4.-Batzordeak lau hiletik behin bederen bilkura arrunta eginen du, eta aparteko bilkurak batzordeburuak deitzen duen aldiro.

5.-Batzordeak bere barneko funtzionamendurako erregelamendu bat prestatzen ahal du.

6.-Departamentu nahiz erakunde autonomo bakoitzeko arriskuei aurrea hartzeko organo eskudunek aldiro-aldiro Laneko Segurtasuna eta Osasuna Koordinatzeko Batzordeko lehendakariari enplegatu publikoen laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasunaren zaintzari buruzko egoera jakinaraziko diote, eta bereziki, aurrea hartzeko zein plan eta programa eta zein neurri zuzentzaile ezarriko diren. Jakinaraziko zaio, halaber, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen instalazioetan jarduerak garatzen dituzten langile eta kanpoko enpresekin egin beharreko aurreneurri jarduerak koordinatzeko zein baliabide erabiliko diren.

7.-Batzordeak egoki juzkatzen dituen lan taldeak, iraunkorrak edo aldi baterakoak, sortu ahalko ditu, laneko segurtasun eta osasunarekin ikustekorik duten alderdiak koordinatu eta aztertzeko.

III. KAPITULUA

Enplegatu publikoen kontsulta eta parte hartzea

7. artikulua. 1.-Laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan kontsulta eta parte hartze eskubideak, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen 33 eta 34. artikuluekin bat, lantokietan bideratuko dira Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordezkaritza orokorraren bitartez eta prebentziorako delegatuek eta Segurtasun eta Osasun Komiteek osatutako ordezkaritza espezializatuaren bitartez.

2.-Langileen ordezkaritza orokorrari, hau da, langileen batzordeek, enpresa komiteek eta langileen delegatuek osatutakoari dagokio enplegatu publikoen interesak defendatzea, laneko arriskuen gaineko aurreneurrien arloan, eta hori Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, Langileen Estatututan, Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legean eta Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduan ezarrita dagoen moduan. Horretarako, ordezkari horiek erabiliko dituzte arau horietan ezarritako eskumenak informazioa, kontsulta eta negoziazioaren, zainketa eta kontrolaren arloan bai eta ekintzak egiteko Administrazioaren eta organo nahiz auzitegi eskudunetan.

3.-Prebentziorako delegatuei eta Segurtasun eta Osasun batzordeei, laneko arriskuen gaineko aurreneurrien ordezkaritza eta partaidetzako organo berariazkoak diren aldetik, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen 36 eta 39. artikuluetan ezarritako eskumen eta ahalmenak dagozkie.

8. artikulua. 1.-Prebentziorako delegatuek, laneko arriskuen gaineko aurreneurrien arloko berariazko eginkizunak dituzten enplegatuen ordezkari gisa, hauteskunde unitate bakoitzean ordezkaritza organo desberdinetan (langileriaren batzordeak, enpresa komiteak eta langileen delegatuak) presentzia daukaten sindikatuek hautatuko dituzte, horietako bakoitzean lortutako ordezkaritzaren proportzioan, eta hautatua izaten ahal da Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan bere zerbitzuak ematen duen enplegatu publiko oro.

2.-Hauteskunde unitate bakoitzean sindikatuek hautatu ahalko dituzten prebentziorako delegatuen kopurua, azkeneko hauteskunde sindikalen zentsuaren arabera, ondoko eskalari egokituko zaio:

49 enplegatu publiko bitarte: prebentziorako delegatu bat.

50-100 enplegatu publiko: prebentziorako 2 delegatu.

101-500 enplegatu publiko: prebentziorako 3 delegatu.

501-1.000 enplegatu publiko: prebentziorako 4 delegatu.

1.001-2.000 enplegatu publiko: prebentziorako 5 delegatu.

2.001-3.000 enplegatu publiko: prebentziorako 6 delegatu.

3.001-4.000 enplegatu publiko: prebentziorako 7 delegatu.

4.001-5.000 enplegatu publiko: prebentziorako 8 delegatu.

5.001 enplegatu publiko baino gehiago: prebentziorako 9 delegatu.

3.-Langileriaren ordezkari diren prebentziorako delegatuek, beren eginkizunetarako duten ordezkaritzari dagozkion bermeak izanen dituzte. Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen 36. artikuluan aurreikusitako eginkizunetan aritzeko emanen duten denbora, ordezkaritza eginkizunetan arituko balira bezala hartuko da ordaindutako hileko orduen kredituaren erabilerari dagokionez, zeina Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 82.9.d. artikuluan, Langileen Estatutuko 68.e. artikuluan eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 10.3 artikuluan aurreikusia baitago. Nolanahi ere, lanaldi egiazkotzat hartuko da, aipatu orduen kredituari egotzi gabe, Segurtasun eta Osasun komiteen bileretan eta arriskuen gaineko aurreneurrien arloan Administrazioak deitzen dituen guztietan ematen den denbora, eta orobat, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen 36.2 artikuluaren a) eta c) letretan aurreikusitako bisitaldietan ematen dena.

4.-Prebentziorako delegatuek, langileen ordezkariak ez badira, beren eginkizunetarako izanen dituzte ordezkarientzat ezarritako berme berberak, hain zuzen ere, honako hauek: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 82.9 artikuluaren a, b eta c letretan eta Langileen Estatutuko 56.4 artikuluan ezarritakoak, eta gainera Laneko arriskuei aurrea hartzeko Legearen 36 eta 37. artikuluetan ezarritako bermeak eta eskubideak izanen dituzte. Edozein modutan ere, lanaldi egiazkotzat hartuko da, orduen kredituari egotzi gabe, Segurtasun eta Osasun komiteen bileretan eta arriskuen gaineko aurreneurrien arloan Administrazioak deitzen dituen guztietan ematen den denbora, eta orobat, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen 36.2 artikuluaren a) eta c) letretan aurreikusitako bisitaldietan ematen dena.

5.-Organo eskudunek prebentziorako delegatuen esku jarriko dituzte haien eginkizunetarako prebentzioaren arloan beharrezkoak diren baliabideak eta prestakuntza. Prestakuntza horretan ematen den denbora ere lanalditzat hartuko da ondorio guztietarako.

6.-Prebentziorako delegatuen prestakuntza Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren esku izanen da, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuarekin koordinatuta, Administrazioak bereak dituen baliabideekin edo arlo horretan espezializatuak dauden erakunde edo entitateekin nahiz sindikatuekin eginiko itunen bitartez. Sindikatuek parte hartuko dute prestakuntzako proiektu eta programen elaborazioan eta exekuzioan.

9. artikulua. 1.-Segurtasun eta Osasuneko komiteak partaidetzako organo paritarioak eta kolegiatuak dira eta horien zeregina da Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek arriskuen gaineko aurreneurrien arloan izaten dituzten jarduketen aldian-aldiko kontsultak egitea.

2.-Segurtasun eta Osasun komiteak hiru hilabetero bilduko dira, bai eta bertako ordezkaritzetako baten gehiengoak eskatzen duenean ere. Komiteak bere funtzionamendu arauak ezarriko ditu.

3.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Segurtasun eta Osasun komite bat eratuko da, beste bat irakasle ez- unibertsitarioena eta hirugarren bat Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako langileena.

4.-Segurtasun eta Osasun komiteen kideak izanen dira esparru bakoitzeko prebentziorako delegatuak, berdin dio funtzionario izan nahiz lan kontratudun, eta kopuru berean Administrazioko ordezkariak. Hizpidearekin baina botorik gabe parte hartu ahalko dute delegatu sindikalek eta esparru bakoitzeko prebentzioaren arduradun teknikoek.

5.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Segurtasun eta Osasun Komitea osatuko dute erakunde autonomo horren esparruan hautatu diren prebentziorako delegatuek eta, kopuru berean, Osasun kontseilariak hautatutako kideek.

6.-Irakasle ez-unibertsitarioen Segurtasun eta Osasun Komitea osatuko dute esparru horretan hautatutako prebentziorako delegatuek eta, kopuru berean, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak hautatutako kideek.

7.-Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gainerako langileen Segurtasun eta Osasun Komitea osatuko dute beste prebentziorako delegatuek eta, kopuru berean, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak hautatutako kideek.

8.-Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan partaidetza eta kontsulta jarduketak koordinatzeko asmoz, Segurtasuna eta Osasuna Koordinatzeko Komite bat eratuko da. Komite horren kide izanen dira prebentziorako bederatzi delegatu, ordezkaritza organo desberdinetan presentzia daukaten sindikatuek hautatuak, horietako bakoitzak lortutako ordezkaritza mailaren proportzioan, eta beste bederatzi delegatu Administrazioarenak.

IV. KAPITULUA

Aurreneurri zerbitzuak

10. artikulua. 1.-Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek aurreneurri jarduerak aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabideak antolatuko dituzte, eta horretarako beren aurreneurri zerbitzuak erabiliko dituzte.

2.-Aurreneurri zerbitzu horiek indarra duen arautegian, eta bereziki, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legaren 31. artikuluan eta Aurreneurri zerbitzuen Erregelamenduko III. Kapituluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

3.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako aurreneurri zerbitzu bat eratuko da, beste bat Hezkuntza eta Kultura Departamendurako eta hirugarrena Foru Komunitateko gainerako Administraziorako eta haren erakunde autonomoetarako.

4.-Aurreneurri zerbitzu horiek Foru Komunitateko Administrazio osoan eta haren erakunde autonomoetan jarduketa koordinatua eta mankomunatua izanen dute.

11. artikulua. 1.-Zerbitzu horietako bakoitzak Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduko 34. artikuluan ezarritako aurreneurri espezialitate edo diziplinetako bi bederen izan beharko ditu, bete beharreko eginkizunetarako eskatzen den gaitasuna duten adituek garatuak, aipatu Errege Dekretuaren VI. Kapituluan ezarritakoaren arabera.

2.-Foru Komunitateko Administrazio osoan eta haren erakunde autonomoetan, aurreko idazatian aipatu lau espezialitate eta diziplina prebentibo bakoitzeko aditu bana bederen izanen dute.

12. artikulua. 1.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aurreneurri zerbitzuak berariazko unitate organikoak bere esku izan ahalko ditu osasun zentro nagusienen egituran.

2.-Edonola ere, Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduko laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, osasun zentroetan medikuntza prebentiboaren jarduerak prebentzioaren arloko gainerako eginkizunekin koordinatuko dira, jarduketa integratua eta diziplinartekoa lortzeko asmoz.

13. artikulua. Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren aurreneurri zerbitzuak kasu eginen die Departamentuko irakasle ez-unibertsitarioei eta irakasle ez diren langileei.

14. artikulua. Foru Komunitateko gainerako Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aurreneurri zerbitzuak bere kargura izanen du Foruzaingoa ere, horren jarduerak berekin dituen berezitasunekin.

15. artikulua. Ente bakoitzak bereak dituen aurreneurri zerbitzuen bitartez bere gain hartzen ez dituen aurreneurri jarduerak entitate espezializatu batekin edo gehiagorekin itunduko ditu.

V. KAPITULUA

Kualifikazio mailak eta eginkizunak

16. artikulua. Laneko arriskuen aurreneurri lanak aurrera eraman behar dituzten langileen kualifikazio mailak eta eginkizunak Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduko VI. kapituluan xedatutakoari egokituko zaizkio, eta ondorio horietarako talde hauek sailkatuko dira:

a) Oinarrizko mailako eginkizunak.

b) Maila ertaineko eginkizunak.

c) Goi mailako eginkizunak, prebentzioko espezialitate eta diziplina hauetan: lan medikuntza, laneko segurtasuna, industri higienea eta ergonomia eta psikologia aplikatua.

17. artikulua. 1.-Prestakuntza proiektuak eta programak egokituko zaizkie maila bakoitzerako aipatu Erregelamenduko III.etik VI.era arteko eranskinetan ezarritako irizpide orokorrei eta eduki minimoei.

2.-Osasun espezialitate eta diziplinak berariazko arautegiari egokituko zaizkio.

18. artikulua. 1.-Departamentuetan eta erakunde autonomoetan behar diren jarduketak burutuko dira eskura dauden egitura eta langileria aipatu kualifikazio mailetara eta eginkizunetara egokitzeko.

2.-Eginkizun horietarako eskura dagoen langileriaren kasuan, aurreko artikuluan ezarritakoaz gainera, aplikatuko da Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduko bosgarren xedapen gehigarrian eta Erregelamendu hori garatzen duen 1997ko ekainaren 27ko Aginduaren 12. artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.

VI. KAPITULUA

Aurreneurri sistemak kontrolatzeko baliabideak

19. artikulua. 1.-Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurreneurri zerbitzuak aldian-aldian kontrolatuko dituzte, auditoretza edo ebaluazioen bitartez.

2.-Kontrol horiek Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak eginen ditu, bera baita gai horretan espezializatutako organo teknikoa.

20. artikulua. 1.-Auditoretza edo ebaluazio horiek, aurreneurri sistemaren eraginkortasunaren ebaluazio sistematiko, dokumentatu eta objektiboa bere baitan hartu behar duten kudeaketa tresnak diren aldetik, ezarrita dauden edo ezarri daitezkeen arau teknikoei jarraikiz egin beharko dira eta kontuan hartuta enplegatu publikoek emandako argibideak. Helburuak izanen dira Aurreneurri Zerbitzuen Erregelamenduko 30. artikuluan adierazitakoak.

2.-Kontrol edo auditoretza horien emaitzak txosten batean islatuko dira. Txosten hori agintari eskudunek eta enplegatu publikoen ordezkariek eskura izanen dute.

21. artikulua. Kontrolaren eginkizun horretarako Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ikuskapen organoen laguntza izanen du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-1. Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzua sortu da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari atxikia; bertan sartuko dira I. eranskineko zerrendan aipatzen diren lanpostu beteak eta hutsak.

2. Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atala sortu da, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikia; bertan sartuko dira II. eranskineko zerrendan aipatzen diren lanpostu beteak eta hutsak.

3. Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atala sortu da, Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Zerbitzuari atxikia; bertan sartuko dira III. eranskineko zerrendan aipatzen diren lanpostu beteak eta hutsak.

Bigarrena.-Unitate organiko horiek beren gain hartuko dituzte Foru Dekretu honen eta berau garatzen duten arauen bidez aurreneurri zerbitzuei esleitzen zaizkien eginkizunak. Horien titularrak zerbitzuburu eta atalburu izanen dira, eskuragarritasun osoz eta erabateko dedikazioz, eta horregatik dagokien osagarria kobratuko dute.

Hirugarrena.-Foru Administrazioko Laneko Arriskuei Aurrea hartu eta Koordinatzeko Atala eta Arrisku Erradiologiko eta Biologikoen Unitatea kendu egin dira, biak Nafarroako Lan Osasunaren Institutukoak.

Laugarrena.-Urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretua garatzen duen 1997ko ekainaren 27ko Aginduaren 12. artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei aplikatuz, dagokien ziurtagiria Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak luzatuko die.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira azaroaren 13ko 545/1995 Foru Dekretuaren 19. artikulua eta xedapen iragangarria, eta orobat Foru Dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dion maila bereko edo beheragoko edozein arau.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren egitura organikoak aldatu dira, bai eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoenak ere, Foru Dekretu honetan adierazi den bezala.

Bigarrena.-Ekonomi eta Ogasun Departamentuak eginen ditu Foru Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko behar diren aurrekontu aldaketak.

Hirugarrena.-Lehendakaritza eta Barne kontseilariari, Hezkuntza eta Kulturakoari eta Osasunekoari ahalmena ematen zaie Foru Dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak dikta ditzaten.

Laugarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko apirilaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

I. ERANSKINA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurreneurri zerbitzuan sartzen diren lanpostu beteen eta hutsen zerrenda

LANPOSTUAREN ARAUBIDE

4028 M.ª TERESA VISUS ERASO F A MEDIKUA

4629 HUTSIK F A GOI MAILAKO TITUL. LANEKO OSASUNEAN (MEDIKUA)

4066 VICTOR MANUEL IDOATE GARCIA F A MEDIKUA

62121 JUAN JOSE MINONDO SANZ F A GOI MAILAKO TEKNIKARIA

1596 ENRIQUE GIL AZCARATE F A GOI MAILAKO TEKNIKARIA

64076 NIEVES ERDOZAIN FERNANDEZ F B OLT

63480 FELISA PEREZ PALACIOS E B OLT

65751 M.ª MAR PEREZ DE ALBENIZ ANDUEZA F B OLT

62055 M.ª CAMINO MADOZ JAUREGUI F B OLT

60361 JESUS M. BERRAONDO RAMIREZ E B OLT

61396 HUTSIK F B OLT

1691 JAVIER GIL BERNECHEA F C ADMINISTRARI-OFIZIALA

62380 M.ª LUISA SAN MARTIN RUIZ F D OSASUN LAGUNTZAILEA

62161 AGUEDA NAPAL GABARI F D OSASUN LAGUNTZAILEA

II. ERANSKINA

Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren aurreneurri zerbitzuan sartzen diren lanpostu beteen eta hutsen zerrenda

LANPOSTUAREN ARAUBIDE

31445 ARACELI ESANDI SANTESTEBAN F A MEDIKUA

4628 HUTSIK F A GOI MAILAKO TITUL. LANEKO OSASUNEAN (MEDIKUA)

4631 HUTSIK F A GOI MAIL. TITUL. LANEKO OSASUNEAN (PSIKOLOGOA)

4634 HUTSIK F B OLT

4635 HUTSIK F B OLT

30581 BELEN AYAPE ZARATIEGUI F C ADMINISTRARIA

824 SAGRARIO PAGOLA ASTIZ F D OSASUN LAGUNTZAILEA

III. ERANSKINA

LANPOSTUAREN ARAUBIDE

823 ESTEBAN MELON HIGUERA F A MEDIKU ATALBURUA

4630 HUTSIK F A GOI MAILAKO TITUL. LANEKO OSASUNEAN (MEDIKUA)

3822 RAFAEL GRACIA BESCOS F A MEDIKUA

3751 JOSE JAVIER CHAVARRI AZCONA F A GOI MAILAKO TITULUDUNA

816 M.ª ISABEL ESQUIROZ AYESA F B OLT

817 PILAR GARCIA BELTRAN F B OLT

4219 ANA MARIA RUIZ CIRAUQUI F B OLT

1685 JESUS JAVIER BARRIUSO ARNAIZ F B ERDI MAILAKO TEKNIKARIA

1662 M.ª DOLORES CANO SERIOLA F C ADMINISTRARIA

818 M.ª DOLORES GIMENEZ-ESTAREZ SALAMERO F D KLINIKAKO LAGUNTZAILEA

821 M.ª ASUNCION JADRAQUE TABERNA F D OSASUN LAGUNTZAILEA

1616 M.ª TERESA MORENO PURROY F D OSASUN LAGUNTZAILEA

1664 VICTORINO ECHAURI ECHAURI F B ERDI MAILAKO TEKNIKARIA

Iragarkiaren kodea: A9803854