85. ALDIZKARIA - 1997ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

168/1997 FORU DEKRETUA, ekainaren 23koa, industri jarduerak ingurugiroaren gainean duen eragina dela eta, aurrea hartu, zuzendu eta kontrolatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak arautzen dituena.

Irailaren 16ko 4/1982 Foru Dekretuak onetsi zuen Nafarroako industriek kutsaduraren aurka egindako inbertsioetarako Erregelamendua, haren xedea zelarik sustatzea neurri zuzentzaileen ezarpena, hain zuzen ere eguratsaren, uren eta ingurugiroaren kutsadura saihesteko helburuarekin prestatzen zirenena.

Era berean, maiatzaren 9ko 186/1991 Foru Dekretuak arautu zuen industrietan ingurugiroaren gaineko auditoretzak egiteko laguntzen kontzesioa.

Arlo honetako teknologia aurreratu denez, eta kontuan hartuz laguntza publiko hauei buruz Batasunean dagoen arautegia, komeni da aipatu Foru Dekretu horiek eguneratzea, araubidea testu bakar batean biltzen den aldi berean.

Beste aldetik, Nafarroako Gobernua aurrea hartzeko irizpidearekin ari da lanean, dirulaguntzak emanez, teknologia garbien sarrera eta minimizazio prozesuak bultzatzeko, kutsadura murrizteko haren sorreratik beretik, eta horrekin batera sustatzen ari da ingurugiroaren gaineko auditoretzak egin daitezen xede horri berari begira.

Horiek horrela, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak ekainaren hogeita hiruan hartu erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru Dekretu honek xedetzat du kutsadura industriala kontrolatu, zuzendu eta aurrea hartzeko neurriak paratzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak arautzea.

2. Foru Dekretu honetan aipatzen diren dirulaguntzak, onuradunak egiten duen inbertsioaren edo jardueraren arabera, honako sei mota hauetakoak izan daitezke:

A mota: indarra duen ingurugiroaren gaineko arautegiari egokitzeko zuzenketa neurrietarako inbertsioak, hala prozesua aldatuz nola baliabide materialak erantsiz (aktibo finkoak), kutsadura murrizteko. Onuradunek eskatzen ahalko dituzte dirulaguntza hauek baldin eta haien xede diren instalazioak funtzionamenduan badaramatzate bi urte, gutxienez, indarra duten ingurugiroaren gaineko arau berriek indarra hartu aurretik, ingurugiroaren aldeko dirulaguntza publikoei buruz indarra duen Batasuneko arautegiaren arabera.

B mota: kutsadura eta ingurugiroari kalte egiten dioten bestelako eraginak murriztu edo kentzeko inbertsioak, xede berarekin egiten diren ekoizpen- metodoen egokitzapenetarakoak, edo teknologia garbiak nahiz minimizazio, birtziklapen, berrerabilera edo balio- handitze prozesuak sartzeko inbertsioak, indarra duen ingurugiroaren gaineko legerian ezarritakoa nabarmen gainditu nahi denean.

C mota: ikerketa industrialeko proiektuak, beti ere baldin badira ikerketa planifikatuak edo azterlan kritikoak, xedetzat dutenak ezagupen berriak eskuratzea, haietaz baliatuz sortu ahal izan daitezen ekoizpen prozesu berriak, jarduerak eragindako kutsadura edota bestelako kalteak murrizteko balioko dutenak.

D mota: ingurugiroaren gaineko auditoretzak, ingurugiro arloko kudeaketa sistemen ezarpena, jarduera industrialen ingurugiroaren gaineko eraginari buruzko jarraipen proiektuak eta haiek sustatutako formazio jarduerak.

E mota: informazio eta sentsibilizazio jarduerak.

F mota: kutsatutako lurzoruak karakterizatzeko proiektuak eta haiek deskontaminatzeko inbertsioak.

3. Dirulaguntza mota bakoitzari dagozkion zehaztasun partikular eta berariazkoak Foru Dekretu honetako eraskinetan heldu dira.

4. Nafarroako hondakin uren saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legea aplikatuz ezartzen diren dirulaguntza berariazkoak jaso ditzaketen proiektuak, Dekretu honetan ezartzen den araubideaz ere balia daitezke, beti ere bietan esku hartzen duten organismoek, biak ados izanik, hala onartzen badute, bakoitzaren jarduera programa berariazkoa kontuan hartuz.

2. artikulua. Onuradunak.

Foru Dekretu honetan finkatzen diren dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte aurreko artikuluan sartzen diren proiektu edo inbertsioak egiten dituzten enpresa publiko edo pribatuek, enpresa horien batasunek, pertsona fisikoek eta instituzioek.

3. artikulua. Eskabideak.

1. Dirulaguntzetarako eskabideak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura zuzenduko dira, horretarako honako dokumentu hauek erabiliko direlarik:

a) Dirulaguntzak eskatzeko instantzia.

b) Dokumentazio teknikoa, dirulaguntza mota bakoitzarentzat Foru Dekretu honetako eraskinetan zehaztutakoaren arabera.

c) Jardueraren aurrekontu zehatza, aditzera emanez zein diren ekoizpen ahalmena handitzeko xedea duten zatiak.

d) Jarduerak dituen baimen eskuragarrien kopiak, hala nola jarduera sailkatuaren lizentziarena, hondakin urak isurtzeko baimenak, ur kontzesioa edo bestelako batzuk.

e) Erantzukizunpeko aitorpena, Foru Komunitateko Administrazioko edo beste administrazio publiko batzuetako beste departamentu batzuetan jarduketa bererako dirulaguntzetarako egin diren beste eskabide batzuei dagokiena.

f) Dirulaguntza eskatzen duen enpresa-elkartea osatzen duten enpresen zerrenda.

g) Enpresa, 5.2 artikuluko irizpideen arabera, enpresa txiki edo ertaintzat har daitekeela frogatzeko justifikazioa.

h) Jarduketak hasi eta bukatzeko aurreikusitako epeak.

2. Eskabideak aurkeztu beharko dira proiektu edo inbertsioak gauzatzen hasi aurretik.

4. artikulua. Dirulaguntzak aurkeztu eta aitortzeko prozedura.

1. Deialdia urtero eginen da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren Foru Aginduaren bidez, bertan ezarriko delarik eskabideak aurkezteko epea.

Epe hori iragan eta gero ere onartzen ahalko dira eskabideak, baldin eta aurrekonturik bada eta inbertsioari ekiten ahal bazaio urte horretan berean.

2. Eskabideak aurkezten diren ordenan ebatziko ditu Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, kontuan hartuz haien bideragarritasun teknikoa, jarduketaren interesa ingurugiroari begira, aurrekontuetako baliabideak eta, beti ere, hurrengo artikuluko 5. zenbakian xedatutakoa, zenbatekoaren banaketari buruz.

Dirulaguntzak eman ahal izateko, aurrekontuetan kreditua izan beharko da ematea erabakitzen duen ebazpen administratiboaren unean.

3. Eskabidea aurkeztu eta hiru hilabete iragaten badira Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egintzarik diktatu gabe, eskatzaileak ulertu beharko du eskabidea ezetsi dela ustezko egintzagatik.

5. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Foru Dekretu honetan aurreikusitako jarduketa mota bakoitzarentzat, dirulaguntzen gehienekoak, egindako inbertsio gordinaren gaineko portzentaiatan emana, bereiziz enpresa enpresa txiki edo ertaintzat hartzen den (PYME) edo batasuna osatua dagoen enpresa txiki eta ertainez, honako hauek izanen dira:

EZ-PYME PYME

A mota 15% 25%

B mota 30% 40%

C mota 40% 50%

D mota 50% 50%

E mota 75% 75%

F mota 15% 25%

A eta B motako dirulaguntzek %15eko gehikuntza izaten ahal dute nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak eraldatzera dedikatzen diren jarduera industrialetarako.

D motako dirulaguntzak bakar-bakarrik aplikatzen ahalko zaizkie Ez-PYME diren enpresei eskualde lagunduetan. Dirulaguntza jasotzen duten enpresek sartzen ahal dute eskabidean beren langileei dagokien gastua, kontzeptu horregatik ere dirulaguntza hartzen ahalko baitute, baina gehienez ere haren %10.

Jarduketarako beste laguntzarik jasotzen bada, beste Administrazioren batek emana, emanen den portzentaia hura osatzeko izanen da, guztien batuketak ezin baitu gainditu gorago aipatu gehieneko zenbateko hori.

2. Ondorio hauetarako, enpresa txiki edo ertaintzat hartzen dira Estatuak PYME direlakoei laguntzak emateari buruzko Batasunaren zuzentarauetan (DOCE 96/C213/04) ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresak. Baldintza horiek, aldaketarik ez dagoen bitartean, honakootan gauzatzen dira:

a) Ez izatea 250 langile baino gehiago.

b) Izatea:

-Negozio bolumena, urtean, gehienez ere 40 milioi ecukoa.

-Balantze orokorra, gehienez ere 27 milioi ecukoa.

c) Ez izatea %25etik goitiko partaidetza arestian aipatu baldintzak betetzen ez dituen enpresa batean edo bateginik enpresa bat baino gehiagotan.

3. Dirulaguntza kalkulatzeko oinarrizko aurrekontuan ez dira sartuko lehendik dagoen ekoizpen ahalmena haunditzera bideratutako kontzeptuak.

4. Instalazio berriak sortzeko edo batzuen ordez beste batzuk paratzeko, ez da diruz laguntzen ahalko ekoizteko ahalmena sortu edo ordezteko hasierako inbertsioaren kostua, non eta ez diren hobetzen ingurugiroaren gaineko ondorioak.

5. Lehendik dauden instalazioetan egindako inbertsioak haunditzen badu ekoizteko ahalmena eta aukera ematen badu, aldi berean, ingurugiroaren gaineko eragina hobetzeko, diruz laguntzen ahal diren kostuak hasierako ekoizpen ahalmenaren araberakoak izanen dira.

6. Bi urtetik goitiko antzinatasunako instalazioak dituzten enpresek, instalazioak ingurugiroaren gaineko arautegiari egokitu beharrean, haien ordez beste berri batzuk paratzen badituzte, jasotzen ahalko dituzte inbertsiorako laguntzak, baldin eta laguntza horiek gainditzen ez badute instalazio zaharrak aipatu eskakizunei egokitzeko beharko litzatekeen kopurua.

7. Aurrekontuetako beharrengatik beharrezkotzat jotzen bada, dirulaguntza ematen ahalko da aurrekontu-ekitaldi baten baino gehiagoren kargura, gehienez ere hiru ekitaldi.

6. artikulua. Ordaintzeko modua.

1. Emandako dirulaguntza ordaintzeko, aldez aurretik eskatu egin beharko da, aurreikusitako inbertsio eta gastuak egin eta gero, honako dokumentazio hau erantsiko delarik:

a) Txosten teknikoa, proiektua nola egin den eta hura gauzatzen izan diren jarduketa eta datu edo gora-behera aipagarrienak biltzen dituena.

b) Guztira egindako inbertsioaren justifikagiriak.

c) Emandako dirulaguntzen edo inbertsio berberengatik beste administrazio publiko batzuek eman behar dituztenen justifikazioa.

d) Jarduera sailkatuaren lizentzia izatearen justifikazioa.

e) Instalazioak ongi dabiltzala justifikatzea, entseiu eta neurketa egokien bidez.

2. Ordaintzeko eskabidea urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen eginen da, non eta kontzesioan behar bezala justifikatutako beste epe bat ezartzen ez den.

3. Onuradunek eskatzen ahalko dute, obrak gauzatzen diren bitartean, emandako zenbatekoaren %50 ordain dakiela, beti ere inbertsioaren %50 baino gehiago egin izana justifikatzen badute, formalizatuko delarik, berme gisa, aurreratzen den zenbatekoaren balioko banku-abal bat.

4. Instalazioen funtzionamendua egokia dela egiaztatzeko, beharrezkoa bada entseiu eta neurketak egitea halako denbora luze xamar batean, onuradunek eskatzen ahalko dute, inbertsioak amaitu eta gero, dagokien dirulaguntzaren %100 ordain dakiela, aldez aurretik aurkeztuta zenbateko horren balioko banku-abal bat, artikulu honetako 1. zenbakian aipatu gainerako justifikagiriez gainera.

5. Aipatu banku-abalak deuseztuko dira instalazioak zuzen gauzatu direla eta egoki dabiltzala frogatu eta gero.

6. Ordainduko den dirulaguntza izanen da emandako portzentaia jakin bat, benetan egin den inbertsioaren gainean aplikatua, kenduko direlarik beste administrazio publikoetatik hartutako laguntzak, halakorik baldin bada.

7. artikulua. Onuradunaren beharkizunak.

Honako hauek dira onuradunaren beharkizun berariazkoak:

a) Onartzea, edozein unetan, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak datu eta obrak egiazta ditzaten, hark eskatzen duen dokumentazio guztia aurkeztuko zaiolarik.

b) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraztea proiektuen garapenean gertatu eta edukiaren aldaketa nabarmena dakarren gora-behera oro, hura suertatzen den une berean. Aldaketa horri buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez du konpromisurik hartuko, non eta ez duen espreski bere egiten.

c) I+G (I+ D) direlako jardueretarako dirulaguntzen onuradun diren enpresak beharturik daude zabaldu eta ustiatzera gauzatu diren proiektuen emaitzak, era ez- diskriminatzailean eta merkatuko baldintzak betez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Foru Dekretu honetako 4.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako, 1997. urteari dagozkion eskabideak aurkezteko deialdia irekitzat hartzen da uztailaren 31 bitarte.

Bigarrena.-Foru Dekretu hau argitaratu bitarte aurkeztutako eskabideak, urriaren 16ko 4/1982 Foru Dekretuaren babesean, oraindik ebatzi gabe badaude, aurreko xedapen iragankorrean aipatzen den deialdian sartutzat hartuko dira, kontuan hartuz 4.2 artikuluan xedatutakoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe gelditzen dira:

-Irailaren 16ko 4/1982 Foru Dekretua, kutsaduraren aurka egindako inbertsioetarako Erregelamendua onesten duen hura, jarduera industrialei dagokienez.

-Maiatzaren 9ko 186/1991 Foru Dekretua, industrietan ingurugiroaren gaineko auditoretzak egiteko laguntzen kontzesioari buruzkoa.

-Foru Dekretu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten gainerako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak dikta ditzan.

Bigarrena.-Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko ekainaren hogeita hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

ERASKINAK

Dirulaguntza mota bakoitzerako zehaztapenak

1. ERASKINA

A motako dirulaguntzak

A motako dirulaguntzetarako, eskabideekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztuko da:

A) Jarduerari buruzko memoria orokorra, honako alderdi hauek aipatuko dituena:

-Ekoizpen prozesuaren deskribapena.

-Kutsagarriak izan daitezkeen fokuen inbentarioa eta dagoeneko instalatu diren neurri zuzentzaileak, halakorik baldin bada.

-Jaulkipen edo isurketen kontrol datuak eta erabilitako neurrien ekipoak, halakorik baldin bada.

-Hondakinen ekoizpenari buruzko datuak.

-Epe luzeari begira aurreikusitako kutsaduraren aurkako programa integrala, egin gogo diren inbertsioen plana eta programako faseak eta epeak.

B) Teknikari adituak sinatutako proiektua, honako agiri hauek bilduko dituena:

-Instalazioa eta erdietsi gogo diren helburuak justifikatzeko memoria.

-Instalazioei buruzko proiektu teknikoa.

-Inbertsioei buruzko azterlan ekonomikoa eta finantza- plana.

-Proiektatutako instalazioez, haien kontrolaz eta gainerako foku kutsagarriez arduratzen diren langileak.

-Kutsadura kontrolatu eta neurtzeko baliabideak.

2. ERASKINA

B motako dirulaguntzak

Beharrezkoa den dokumentazio teknikoa izanen da Foru Dekretu honetako 1. eraskinean A motako dirulaguntzetarako ezarritako bera.

Laguntzaren zenbatekoa izanen da erdiesten den ingurugiroko hobekuntzaren eta behar izan den inbertsioaren araberako proportzionala.

Foru Dekretu honen ondorioetarako, industria batean ekoizpen prozesu bateko hondakinen eta jaulkipenen minimizazioa deitzen zaio antolaketako eta ekintzetarako neurriak hartzeari, xedetzat izanik sortzen diren azpiproduktu eta kutsagarrien (airera edo uretara isuri edo jaulkitakoak), azken tratamendu edo deuseztapena behar duten haien kopurua eta arriskua murriztea. Hori lortuko da sortzen diren hartan murriztuz eta, hura ezinezkoa bada, azpiproduktuak birziklatuz, prozesu berean edo beste batzuetan, edo haiek dituzten osagai edo baliabide jakin batzuk berreskuratuz.

3. ERASKINA

C motako dirulaguntzak

Eskabideekin batera aurkeztuko da proiektu tekniko bat, honako eduki hau duena:

1.-Proiektuaren garapenarekin erdietsi gogo diren helburuen deskribapena.

2.-Prozesuaren garapen teknikoa zein egoeratan dagoen, aditzera emanez aplikazio esparru berean beste herrialde batzuetan izan diren eta ezagutzen diren aurrerapenak, Estatuan eta enpresan bertan.

3.-Gauzapenerako programa, etapa desberdinak identifikatu eta zehaztuz eta proiektuaren "mugarri" funtsezkoak, lana faseka banatzeko, haietako bakoitzean emaitzak ebaluatu eta ondorengo garapena zehaztu ahal izatearren.

4.-Fase desberdinak egiteko aurreikusi diren daten egutegia.

5.-Proiektuaren aurrekontu orokorra, faseka banatua, inbertsioaren unea zehazteko, proiektuaren finantza programa lortzearren. Aurrekontua honako kapitulootan banatuko da:

a) Langileen kostua, zehatz emanik kategoria, dedikazio denbora.

b) Erabilitako material suntsigarria.

c) Eraikitzea prototipoak, instalazioak, makinak, aldatzea lehendik daudenak, e.a.

d) Instalazioak eta neurketa ekipoak, aditzera emanik haien erabilera esklusiboa ote den edota bestelako helburuak dituen.

e) Bestelako ikerketa zentro edo laborategien esku utzitako lanak.

f) Bestelako gastuak: bidaiak, planoak, liburuak, patenteak, e.a.

6.-Proiektuaren egile izan diren pertsonen taldea, haien izenen zerrenda osoa emanez, zehatz adierazita bakoitzaren kategoria eta ikerketaren arloko jarduera.

7.-Ekoizpen prozesuan izanen duen oihartzunaren aurreikuspena, alderdi hauetan:

a) Ekoizpen ahalmena.

b) Produktuaren fabrikazio kostua.

c) Isurkin edo hondakinen tratamendurako kostuak, barnekoak nahiz kanpo kudeaketakoak direla.

d) Langileri aldeko beharrak.

8.-Proiektua finantzatzeko era, aditzera emanez hartarako laguntzarik eskatu eta/edo jaso ote den beste organismoetatik.

9.-Enpresaren esperientzia bestelako ikerketa proiektuetan.

10.-Enpresaren ikerketa lanaren adierazleak:

a) I+G (I+D) delakoan egindako gastuaren bilakaera.

b) I+G jardueretara dedikatutako langileen bilakaera.

c) I+G gastua/negozio bolumena erlazioa.

4. ERASKINA

D motako dirulaguntzak (Ingurugiroaren gaineko auditoretzak)

1. Ingurugiroaren gaineko auditoretzek honako eduki hau behar dute izan:

A) Industrien egoeraren ebaluazioa honako alderdi hauei dagokienez:

a) Kasuan kasuko jarduerak ingurugiroaren osagaien gainean daukan ondorioaren ebaluazioa, kontrola eta prebentzioa.

b) Energia kudeatu, aurreztu eta hautatzea.

c) Lehengaiak kudeatu, aurreztu, hautatu eta garraiatzea; ura kudeatu eta aurreztea.

d) Hondakinak murriztu, birziklatu, birrerabili, garraiatu eta deuseztea.

e) Zarata ebaluatu, kontrolatu eta murriztea, zentro barrenean nahiz kanpoan.

f) Ekoizpen prozesu berri batzuen hautaketa eta haietan egindako aldaketak.

g) Produktuen plangintza (diseinua, ontziratzea, garraioa, erabilera eta deuseztapena).

h) Kontratista, azpikontratista eta hornitzaileen emaitza eta praktikak ingurugiroaren arloan.

i) Ingurugirora nahi gabe egindako isurketen prebentzio eta murrizketa.

j) Larrialdiko prozedurak ingurugiroa kaltetzen duten istripuen aurrean.

k) Langileen informazioa eta formazioa ingurugiroko gaietan.

l) Kanpo informazioa ingurugiroarekin zerikusia duten gaietan.

B) Zehaztea zein diren behar diren neurriak teknologia doitzeko, prozesuak aldatzeko, instalazioak eta ekipoko ondasunak gehitzeko, hori dena ingurugiroaren gainean gaur egun indarra duen arautegiari edo etorkizun hurbilerako aurreikusten denari egokitzeko.

C) Ebaluatzea eskura dagoen teknologiarik hoberenarekiko egokitzapen maila, ingurugiroaren gaineko eragina minimizatzeari dagokionez, kasuan kasuko industria sartua dagoen industri sektorean, fabrikazio bererako.

D) Zehaztea proposatutako neurrien ezarpenaren bideragarritasun ekonomikoa.

E) Zehaztea zein den industriaren barne antolamendurik onena ingurugiroaren gaineko helburuak lortuko direla bermatzeko.

2. Ingurugiroaren gaineko auditoretzak ingurugiroaren arloan espezializatutako enpresek egin beharko dituzte, espreski aditzera emanen direlarik erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak, bai eta, halaber, lanen kronograma ere.

5. ERASKINA

D motako dirulaguntzak (Ingurugiro arloko kudeaketa sistemen ezarpena)

Eskabidean zehatz eman beharko dira honako alderdi hauek:

-Ezarpen programa.

-Bere langileen parte hartzea garapenean.

-Kanpoko enpresa aholkularien parte hartzea.

-Ziurtapen organismoen parte hartzea.

-Jarduketen aurrekontua xeheki emana.

6. ERASKINA

D motako dirulaguntzak (Ingurugiroaren gaineko eraginaren jarraipena)

1. Arlo honetan diruz laguntzen ahalko dira proiektu hauek: xedetzat dutenak jarduera industrialen isurketak edo hondakinak jaulki, erabili edo deuseztean ingurugiroaren gainean eragindako ondorioak zehaztea eta isurkin eta hondakin haiek begiratu eta kontrolatzeko sistemak ezartzea.

2. Proiektuak dokumentu hauek izan beharko ditu:

-Justifikazioa eta erdietsi nahi diren helburuak.

-Erabiliko diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

-Proiektua gauzatzeko kronograma.

3. Proiektuaren memoria orokorrean sartu beharko dira Foru Dekretu honetako 1. eraskineko A) letran aipatzen diren alderdiak.

7. ERASKINA

D motako dirulaguntzak (formazio jarduerak)

1.-Arlo honetan diruz laguntzen ahalko dira honako jarduera hauek: parte hartzea profesional liberal eta enpresa edo administrazio publikoetako teknikarientzako formazio ikastaroetan, industri arloko ingurugiroarekin zerikusia duten ezagupen tekniko edo lege aldekoak emateko asmoz egiten direnetan.

2.-Aipatu ikastaro horiek antolatzen baditu Nafarroan kokatutako entitate batek eta Nafarroan bizi direnentzat badira, eskabidea egiten ahalko du entitate horrek berak, horretarako aurkeztuz memoria bat, zeinetan aipatu beharko baitira ikastaroaren antolaketa nahiz ekonomi alderdi guztiak (programa, irakasleak, parte hartzaileen kopurua, kostua, matrikulen bidezko dirusarrerak).

8. ERASKINA

E motako dirulaguntzak (informazio eta sentsibilizazio jarduerak)

1.-Informazio eta sentsibilizazio jardueratzat hartuko dira industri arloko ingurugiroaren egoera, alde guztietatik begiratuta, industri sektoreari edo publikoari oro har ezagutarazteko asmoarekin enpresek edo elkarteek egiten dituztenak.

2.-Eskabideekin batera aurkeztuko da memoria bat, honako eduki hau izanen duena:

a) Lortu nahi diren helburuak.

b) Egin behar diren jarduerak, haietako bakoitzaren programa zehatz emanik.

c) Jarduerak egiteko aurreikusitako daten egutegia.

d) Proiektuaren aurrekontu orokorra, kapituluka bereiz emanik langileen kostua, behar den materialarena, eta beste.

e) Jarduerak eginen dituen giza ekipoa, gizabanako bakoitzaren parte hartzea zehatz emanik.

3.-Ez dira informazio eta sentsibilizazio jardueratzat hartuko profesionalei edo enpresei zuzendutako formazio ikastaroak.

9. eraskina. F motako dirulaguntzak (kutsatutako lurzoruak karakterizatu eta deskontaminatzea).

1.-Diruz laguntzen ahalko dira kutsatutako lurzoruak deskontaminatzeko lanak gauzatzeko proiektuak.

2.-Eskabidearekin batera aurkeztuko da proiektu tekniko bat honako eduki hau izan beharko duena:

A) Kutsatutako lurzoruaren identifikazioa, zehaztuko direlarik kutsatutako lur eremua eta kutsaduraren ezaugarriak.

B) Deskontaminatzeko proiektua, honako hauek zehazturik:

a) Egin beharreko lanak.

b) Erabiliko diren deskontaminatze prozedurak, haien egokitasun teknikoa justifikatuz.

c) Proiektuaren kontusailen aurrekontua.

d) Prozesua kontrolatu eta begiratzeko plana, bai eta, halaber, haren ondoko egoerari dagokiona ere.

Iragarkiaren kodea: a9705988