153. ALDIZKARIA - 1997ko abenduaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

20/1997 FORU LEGEA, abenduaren 15ekoa, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzkoa.

NAFARROAKO PARLAMENTUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako lege hau onetsi duela:

NAFARROAKO NEKAZARITZA USTIATEGIEN ERREGISTROARI BURUZKO FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

Nekazaritzako politikak aplikatzeak galdatzen du, gero eta gehiago, Administrazio Publikoek informazio aski izatea nekazaritza arloa eta honen bilakaera objetibotasunez ezagutzeko behar dituzten datu estatistikoei buruz, nekazaritza eta abeltzaintza antolatzeko eta haien planifikazio ekonomikoa egiteko.

Laguntzen tramitazioa gero eta konplexuagoa da, bai Europako Batasunak finantzatuak, bai nazionalak eta autonomikoak ere eta, hortaz, beharrezkoa da nekazaritza ustiategien eta haien titularren ezaugarriak zehatz- mehatz ezagutzea. Horrek berekin dakar beste hauek ere jakitea: ustiategiaren orientabide tekniko-ekonomikoa (O.T.E.), titularraren dedikazioa, erabiltzen den eskulana, ustiatze errenta, etab.

Beraz, nahitaezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat nekazaritza ustiategiak definitzeko tresna bat sortzea eta ezarritako onurak emateko lehentasunezko irizpideak jartzea, Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak antolatzeko eta planifikatzeko politika eraginkor eta koherente baten barrenean.

Bestalde, ekonomia antolatzeko eta haren plangintza orokorra koordinatzeko behar diren oinarriak edo neurriak arautzeko dituen eskumenen arabera, Estatuak diktatu du nekazaritza ustiategien gaurkotzeari buruzko oinarrizko legeria, uztailaren 4ko 19/1995 Legean bildua dagoena. Lege horretan bildu dira, orobat, beste eskumen-titulu batzuetan oinarriturik, errentamenduen legezko araubidearen aldaketa eta landa finka batzuen zatiezintasuna, beste xehetasunen artean. Bertan ezarri da, halaber, lehentasunezko ustiategiei zenbait onura fiskal ematea. Horren aplikazioa Nafarroako foru tributu araubidearen menean dago, aipatu Legearen Xedapen Gehigarrietako bigarrenaren arabera, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45.2 artikuluari jarraikiz.

Bada, nekazaritzan eta abeltzaintzan Nafarroak dituen eskumenak abiapuntu harturik eta bere tributu eta zerga araubidearen gainean, Foru Lege honek bi bide ezartzen ditu gure Komunitateko nekazaritza arloa sustatzeko eta antolatzeko: Nekazaritza ustiategien Erregistroa, Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza ezagutzeko tresna administratibo gisa, gerora arlo horiei laguntzeko arrazoizko politika baten plangintza egin ahal dadin, eta guztiondako legeriak ezarritako zerga onurak zabaltzea, eta hobetzea, behar bada, Nafarroako nekazariei eta, batez ere lehentasunezko nekazaritza ustiategiei eta nekazari gazteei.

Foru Legea lau Titulutan eratu da:

Atariko Tituluak Foru Legearen xedeak ezartzen ditu, baita haren aplikazio eremua ere, gehienbat Foru Komunitatearen lurraldean diren nekazaritza ustiategi guztietara hedatzen dena.

I. Tituluak Nafarroako Nekazaritza ustiategien Erregistroaren baldintzak eta betebeharrak finkatzen ditu. Bertan, lehentasunezko nekazaritza ustiategien katalogoa eta nekazari gaztearen izaera bereizten dira, lehenik, eta gainerako nekazaritza ustiategien katalogoa, gero. Erregistroan sartzea aldeak halaxe eskatuta egiten da; hala ere nahitaezkotzat jotzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura diren onura eta laguntzak jaso ahal izateko. Jasotako datuen pribatutasuna bermatua dago.

II. Tituluak lehentasunezko nekazaritza ustiategiek, familian nahiz elkar lanean landuek, behar dituzten ezaugarriak ezartzen ditu.

III. Tituluan ondoko hauek finkatzen dira: nekazaritza ustiategiendako Nafarroan ezarri diren sustapen laguntzak jasotzeko lehentasunak, jabetza hartzeko zerga onurak, batez ere gazteentzat, arloa gazteagotzeko (horregatik lehenbiziko instalazioak ere sustatu nahi dira); azkenik, zerga araubide berezia ezartzen da landa finken eta nekazaritza ustiategien eskualdatzeak dakartzan ondare handitzeetarako.

ATARIKO TITULUA

Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege honen xedeak ondoko hauek dira:

a) Nekazaritza ustiategien Erregistroa sortzea, behar den informazioa jarraian, integratua eta eguneratua eskuratzeko tresna publiko gisa, Nafarroako nekazaritza arloa antolatzeko eta haren plangintza ekonomikoa egiteko, nekazaritza egiturak gaurkotzeko politika egokia garatzeko, baita informazio orokorreko ondorio estatistikoetarako ere.

b) Nafarroako nekazaritzako ustiategien ezaugarriak definitzea.

c) Laguntza publikoak jasotzerakoan lehentasuna izateko nekazaritza ustiategiek behar dituzten baldintzak zehazteko datuak izatea.

d) Nekazarien elkarteratzea bultzatzea, nekazaritza ustiategiek behar adinako neurriak izan ditzaten.

e) Nekazari gazteen sarrera erraztea, ustiategi bideragarrien titular gisa.

f) Lurraren merkatuaren mugikortasuna areagotzea, bai jabetzan, bai errentamenduan.

g) Lehentasunezko nekazaritza ustiategiei aplikatu ahal zaizkien zerga onuren markoa ezartzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru Lege hau aplikatuko zaie gehienbat Foru Komunitatearen lurraldean diren nekazaritza ustiategiei.

3. artikulua. Definizioak.

Foru Lege honen ondorioetarako, ondoko hauek dira definizioak:

1. Nekazaritza jarduera: nekazaritzako, abeltzaintzako eta oihangintzako produktuak eskuratzeko behar den lan multzoa.

2. Nekazaritza ustiategia hau izanen da: nekazaritzako ekoizpenerako -funtsean, merkaturatzeko- titularrak edo kotitularrek enpresarialki antolatutako ondasun eta eskubideen multzoa, beti ere unitate tekniko-ekonomikoa osatzen badu.

3. Ustiategiko elementuak: landa ondasun higiezinak eta nekazaritzan jarraian aprobetxatzen diren beste guztiak; bizitetxea bere tegiekin; ustiategian eta berari lotuak diren nekazaritzako eraikin eta instalazioak, baita industriakoak ere, eta aziendak, makinak eta lanabesak, horien aprobetxamendua eta erabilera titularrari badagozkio jabetzan, errentamenduan, erabiltzeko eta gozatzeko eskubidean edo jabeak titularrari utzitakoak badira. Ustiategiko elementuak dira, orobat, titularrari dagozkion eta ustiategiari lotuak dauden eskubide eta betebehar guztiak.

4. Ustiategiaren titularra: nekazaritza-jarduera burutzen duen pertsona fisikoa nahiz juridikoa, ustiategia osatzen duten eskubideak eta ondasunak enpresa-irizpideekin antolatzen dituena, eta ustiategia kudeatzeagatiko erantzukizun zibil, fiskal eta sozialak eta ekonomia-arriskuak bere gain hartzen dituena.

5. Nekazari profesionala: nekazaritza-ustiategi baten titular izanik, bere errenta osoaren 100eko 50a nekazaritza-jardueretatik edo jarduera osagarri batzuetatik lortzen duena, baldin eta zuzenean bere ustiategian burutzen duen nekazaritza-jardueratik lortutako errenta ez bada guztirako errentaren 100eko 25a baino beheragokoa eta nekazaritzako lanetan edo jarduera osagarrietan emandako denbora bere lanaldi osoaren erdia baino goragokoa bada.

Ondorio horietarako, hurrengo hauek dira jarduera osagarriak: titularrak, hauteskunde publikoan aukeratua izateagatik, ordezkariz osatutako erakundeetan parte hartzea eta bertan egotea, baita sindikatu, kooperatiba eta profesionalen ordezkaritza organoetan ere, nekazaritza arloarekin loturik badaude. Orobat bere ustiategiko produktuak eraldatzeko eta zuzenean saltzeko jarduerak, naturguneak kontserbatu eta ingurugiroa babestekoak eta bere ustiategian egiten diren jarduera turistiko, ehizako eta eskulanekoak.

6. Nagusiki nekazaria: guztirako errentaren 100eko 50a bere ustiategian burutzen den nekazaritza-jardueratik ateratzen duen nekazari profesionala, ustiategiko jarduerekin lotuta ez dauden lanetan emandako denbora guztirako lanaldiaren erdia baino gehiago ez bada.

7. Nekazari gaztea: hemezortzi urte beteak izanik oraindik berrogei bete ez dituen pertsona eta nekazaritzan jardun edo jarduteko asmoa duena.

8. Lur gutxiko nekazaria: bere nekazaritza ustiategia neurri europarreko (NEU) 12 unitate baino gutxiagokoa duen nagusiki nekazaria, guztirako errenta erreferentziako errentaren 100eko 75aren adinakoa edo txikiagoa badu.

9. Lanaldi partzialeko nekazaria: nekazaritza ustiategi baten titularra den pertsona fisikoa. Ustiategian ez du lanaldiaren bostena baino gutxiago sartu behar, ezta lanaldi osoaren erdia baino gehiago.

10. Nekazaritzako lan unitatea: nekazaritzako lanetara urtebetean egun osoz pertsona batek egiten duen lana.

11. Lan unitatearen errenta: nekazaritza-ustiategian sortzen den ekonomia-errendimendua, lan unitateari egozten zaiona; honela ateratzen da: ustiategian erabiltzen diren nekazaritzako lan unitateen kopurua, zati, ustiategiaren gaindikin garbia edo marjin garbia ordaindutako lansarien zenbatekoarekin batuz ateratzen den zenbatekoa.

12. Erreferentziako errenta: Espainian nekazaritzakoak ez diren lansari gordinei buruzko indikatzailea. Horien zenbatekoa urtero zehaztuko da Europako Batasunaren Arauekin bat eta Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako lansariei buruzko datuak kontutan hartuta.

LEHENBIZIKO TITULUA

Nafarroako nekazaritza ustiategiaren erregistroa

4. artikulua. Sorrera.

1. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroa sortzen da, Foru Lege honetan finkatutako baldintza eta ondorioekin.

2. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroa zerbitzu administratibo eta doako gisa eratu da. Bere xedeak dira Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza ustiategiak inskribatzea, lehentasunezkoak diren edo ez diren zehaztea eta lehentasunezkoei egiaztagiriak ematea, Foru Lege honetan aurreikusitako ondorioetarako.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroaren kudeaketa.

4. Nekazaritza Ustiategietako datuei dagokienez, Datu Pertsonalen Tratamendu Automatizatua arautzen duen urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37 artikuluan ezarritakoei jarraituko zaie.

5. artikulua. Inskriba daitezkeen egintzak.

1. Erregistroan inskribatuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza ustiategiak, beraien titularra edozein dela ere.

b) Ustiategian ematen diren funtsezko aldaketak.

2. Inskripzioan ondoko hauek aipatuko dira:

a) Ustiategiaren titularra edo titularrak eta beraien nortasun identifikazioa edo talde edo sozietatea eratu zeneko agiria, titularrak nortasun juridikoa badu.

b) Titularraren edo titularren lanbide kualifikazioa, zein famili ustiategia izan, zein kideena, ustiategi elkartua bada.

c) Gizarte segurantzaren afiliatua izatearen agiria, zein famili ustiategia izan, zein kideena, ustiategi elkartua bada.

d) Ustiategiaren ezaugarri orokorrak, bere egoera eta ekoizpenaren orientabidea.

e) Berari lotutako lurrak, edozein dela ere edukitza erregimena, ondoko hauekin: katastroko identifikazioa, azalera eta izaera, ureztalurra nahiz lehorrekoa, belardia nahiz oihana, larrea nahiz arboladia.

f) Nekazaritzako eraikin eta instalazioak, baita industri izaera dutenak ere.

g) Bizitetxea nekazaritzarako bere tegiekin.

3. Inskripzioa egiterakoan eta prozedura aiseago gauzatzeko, Nafarroako nekazaritza ustiategiei buruz Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan diren datuak erabiliko dira.

4. Erregistroaren ondorioetarako, funtsezko aldaketak ondoko hauek izanen dira:

a) Nekazaritza jardueran baja ematea.

b) Ustiategiaren titulartasunan izaten diren aldaketak.

c) Ustiatze elementuetan izaten diren aldaketak.

d) Aldaketak hurrengo hauetan: ustiategiaren titulartasun motak, kokapena, lekua eta ustiategiaren mugaketa.

e) Kapital sozialean edo erabaki-organoetako ordezkaritzan diren aldaketak. Orobat ustiategi elkartuetako kudeaketan eta administrazioan direnak.

f) Ustiategiarekin harremana duten langileen aldaketak.

g) Ekoizpenaren orientabidean izaten den aldaketa.

6. artikulua. Inskripzioaren sustatzailea.

1. Nekazaritza ustiategi bat Erregistroan inskribatzea ustiategiaren titularrak edo haren ordezkariak halaxe eskatuta eginen da.

2. Nekazaritza ustiategia behin inskribatuz gero, ustiategiaren titularrak nahitaez adierazi beharko dizkio Erregistroari ustiategian gertatzen diren funtsezko aldaketak.

7. artikulua. Nahitaezko inskripzioa.

Aurreko artikuluaren 1. idazatian ezarritakoa gora- behera, nahitaez sartu beharko da Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan, edo, behar bada, sartzea eskatuko da, arauz galdatutako dokumentazioa osatua denean, hurrengo hauetarako:

a) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura nekazaritza arloa babesteko Foru Komunitateko Administrazioak ezarriak dituen edo ezarriko dituen laguntzak edo Foru Lege honetan finkatutako onurak eskuratzeko.

b) Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen 3. artikuluko c) letran definitutako xedeak lortzeko Foru Komunitateko Administrazioak ezar ditzakeen laguntzak jasotzeko.

8. artikulua. Erregistroko liburuak.

1. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroak liburu hauek beharko ditu:

a) Egunkaria.

b) Lehentasunezko Nekazaritza Ustiategien inskripzioarena: bertan idatziko dira izaera hori dutenak, Foru Lege honetan xedatutakoaren arabera. Lehentasunezko ustiategien titularra edo titularkidea nekazari gaztea denean, aipamena eginen da.

c) Nekazaritza Ustiategien inskripzioarena: bertan bilduko dira aurreko letrako ezaugarriak ez dituzten nekazaritza ustiategiak.

2. Nafarroako Gobernuak arauz zehaztuko du Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua, eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroa osatzen duten Liburuak errazago betetzeko informatika sistemen aplikazioa, Zuzenbidean onartua, bultzatuko du.

3. Lehentasunezko Nekazaritza Ustiategien Liburua mantentzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Departamentu horrexetan eta Ekonomi eta Ogasunekoan diren datuak erabili ahalko ditu Erregistrokoak ez diren eskumenen jardueran, beti ere datu pertsonalen tratamenduaren arloan indarra duen legediak dioenari jarraituz.

II. TITULUA

Lehentasunezko ustiategiak

9. artikulua. Lehentasunezko ustiategiak.

Foru Lege honetako 10. eta 11. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili ustiategiei, eta, behar denean, ustiategi elkartuei, nekazaritzako lehentasunezko ustiategi izaera emanen zaie Erregistroan inskribatze ondorioetarako, eta Foru Lege honetan ezarritako onurak jaso ahalko dituzte.

10. artikulua. Famili ustiategiak edo titulartzat pertsona fisikoak dituztenak.

1. Lehentasunezko ustiategitzat hartzeko, famili ustiategiek edo titulartzat pertsona fisikoak dituztenek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ustiategiak, gutxienez, nekazaritzako lan unitate bat hartu behar du.

b) Nekazaritza ustiategitik eskuratzen den lan- unitatearen errenta erreferentziako errentaren 100eko 35 eta 120 artean egotea, Foru Lege honen lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarritakoa ukatu gabe.

c) Titularra nagusiki nekazaria edo nekazari profesionala izatea, Foru Lege honen 3. artikuluko 5. eta 6. idazatietan ezarritakoaren arabera.

d) Nekazaritzarako gaitasun aski izatea. Hori zehazteko prestakuntza aktiboa eta lanbidean den esperientzia izanen dira kontuan.

e) Hemezortzi urte beteak izatea eta hirurogeita bost oraindik ez.

f) Gizarte Segurantzako norberaren kontuko langileen Nekazaritzako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emana izatea, bere nekazaritzako jarduera dela medio.

g) Nafarroan helbideratua egotea edo Erkidego Autonomo mugakideen lurraldearen antolamenduari buruzko legeria autonomikoan mugako eskualdetzat jotzen den batean. Helbideratze baldintza honek ezinbesteko kasuak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Etxebizitza Departamentuak onartutako beharra ditu salbuespen.

2. Ezkontza kasuan, ustiategiaren titulartasuna bi ezkontideena bada, lehentasunezko gisa hartzeko, aski izanen da ustiategiak eta ezkontidetako batek artikulu honetan finkatutako baldintzak betetzea.

3. Nekazaritza ustiategiak jaraunspen-komunitate batenak izan eta haien gainean sei urtetarako bederenik zatiezintasun ituna badute, lehentasunezko ustiategitzat hartuko dira, ustiategi horiek eta komunitateko kideren batek, gutxienez, artikulu honetan finkatutako baldintzak betetzen badituzte. Zatiezintasun aldia lehentasunezko ustiategi deklaratzetik aurrera zenbatuko da.

11. artikulua. Nekazaritzako ustiategi elkartuak.

1. Lehentasunezko ustiategitzat hartzeko, nekazaritzako ustiategi elkartuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Sozietate kooperatiboaren, nekazaritzako eraldakuntza sozietatearen, edo sozietate zibilaren, lan sozietatearen edo merkataritzako beste baten forma juridikoa izatea. Nolanahi ere, sozietate zibilen, lan sozietateen edo merkataritzakoen xede bakarra, titulartasuna duten ustiategietan nekazaritzan jardutea izanen da.

b) Sozietate anonimoen kasuan, akzioek izendunak behar dute izan eta kapital sozialik badago, 100eko 50 baino gehiago nagusiki nekazariena edo nekazari profesionalena.

c) Ustiategiak, gutxienez, nekazaritzako lan unitate bat hartu behar du eta bertan eskuratzen den lan- unitatearen errenta erreferentziako errentaren 100eko 35 eta 120 artean egon.

d) Kideen 100eko 50 gutxienez nekazari profesionalak izatea edo nagusiki nekazariak, aurreko artikuluaren 1. idazatiaren f) letran aipatutako baldintza betetzen dutenak. Hori ez bada, kudeaketaren eta administrazioaren ardura duten kideetatik bi herenak lanari eman beharreko denbora eta nekazaritzako lan ustiategiko errenten jatorriari dagokionez, nagusiki nekazariari edo nekazari profesionalari eskatzen zaizkion baldintzak betetzea, baita lehentasunezko famili ustiategietako titularrei edo ustiategi horietako titular diren pertsona fisikoei, aurreko artikuluko 1. idazatian aipatu direnei, eskatzen zaizkien baldintzak ere. Era berean, ustiategi horretako lanaren bi heren, gutxienez, lehen aipatutako baldintzak betetzen dituzten kideek egin behar dute.

2. Lehentasunezko ustiategi elkartutzat hartuko da, baita ere, ustiategi baten bi heren, gutxienez, muga bakarraren barrenean dituen ustiategia, baldin kide bakar batek ez badu ustiategiaren azaleraren 100eko 40 baino gehiago. Ustiategi hauetan kide batek bederenik nagusiki nekazari behar du eta lan horretara emana. Horretaz gain, famili ustiategietako titularrei edo nekazaritza ustiategietako titular diren pertsona fisikoei eskatzen zaizkien baldintzak, 10. artikuluan aipatu direnak, bete beharko dituzte.

3. Halaber, lehentasunezko nekazaritza ustiategitzat hartuko da titularkide nekazari gazte bat duena, baldin ustiategi haietako titularrei eskatzen zaizkien baldintzak pertsonalki betetzen baditu.

12. artikulua. Inskripzioaren egiaztagiria.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, interesatuak halaxe eskatuta, ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan sartu izanaren egiaztagiria luzatuko du.

2. Egiaztagiria beharrezko izanen da Foru Lege honetan finkatutako onurak eskuratzeko, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Aurrekontu Orokorren kargura nekazaritza alorra babesteko ezarri edo ezarriko dituen laguntzak jasotzeko ere.

13. artikulua. Nekazari gazteak.

1. Lehentasunezkotzat joko da nekazari gazteen lehenbiziko instalazioa, Nekazaritzako Finantzazioari buruzko lege lerruneko xedapenen Testu Birbildua onetsi zuen apirilaren 4ko 133/1991 Foru Dekretu Legegileari eta hura garatu duten arauei jarraikiz, nekazaria lehentasunezko nekazaritza ustiategi bateko titularra edo titularkidea bada.

2. Era berean 14. artikuluaren 1. idazatiko d) letrak aipatzen dituen kuoten asignazioan eta ekoizpen eskubideetan lehentasuna izanen dute gainerako lehentasunezko ustiategien ondoan, lehenbiziko instalazioarekin lehentasunezko ustiategietako titularrak edo titularkideak diren gazteek.

III. TITULUA

Onurak

14. artikulua. Lehentasunezko egoerak.

1. Lehentasunezko ustiategietako titularrek lehentasunezko tratua izanen dute honako kasuotan:

a) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ezarrita dagoen edo ezar daitekeen edozein laguntzatan.

b) Fondo publikoekin diruz lagundutako nekazaritzako aseguruen kontratazioetan.

c) Nekazaritzako ekoizpenen antolamendurako programetan edo berariazko lurralde eremukoetan sartutako laguntzen kasuan, beti ere hori bateragarria baldin bada programa horien helburuekin.

d) Merkatuko erakunde komun ezberdinen arautegi erregulatzailea aplikatu edo garatzearen ondorioz eraturiko kuota edo eskubideen esleipenean, beti ere bat etorriz arau horietan horretarako ezarritako baldintzekin, hori guztia, esleitzen diren kuota edo eskubideak, osotara edo zati batean, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura eskuratzen direnean eta Foru Komunitateko Administrazioari dagokionean horiek esleitzea.

e) Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen 3. artikuluaren c) letran zehazturiko helburuak lortzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarrita dituen edo ezar ditzakeen laguntzetan edo Foru Lege horren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusia dagoen lur fondoan sartzearen kasuan.

2. Aipatu diren lehentasunezko egoerek baldintza bat izanen dute, alegia, ustiategiak ezin izanen duela lehentasunezko izaera galdu aurreko atalean azalduriko neurriak aplikatzeagatik; gainera, neurri hauek aplikatzearen ondorioz lehentasunezko izaera lortzen duten ustiategietako titularrak ere horietaz baliatu ahalko dira.

15. artikulua. Maileguak.

Ondare Eskualdeketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga arautzen duen 1981eko martxoaren 17ko Foru Arauaren 22. artikuluko 2. idazatiko aipatzen duen "Egintza Juridiko Dokumentatuak" kontzeptutik salbuetsiak egonen dira honako hauek: Balio Erantsiaren gaineko Zergari lotutako mailegu hipotekarioen eratzea, aldatzea edo kitatzea dokumentatzen duten eskritura publikoen lehenbiziko kopiak, beti ere mailegu horiek ematen baldin bazaizkie lehentasunezko ustiategietako titularrei hobekuntza planak egiteko, lehentasunezko ustiategiak ez izan arren mailegu horien bidez finantzaturiko eskurapenei esker izaera hori lortzen duten ustiategietako titularrei, eta nekazari gazteei edo soldatapekoei nekazaritzako ustiategi bat lehen aldiz instalatzeko aukera izan dezaten.

16. artikulua. Ustiategia osorik eskualdatzea.

1. Nekazaritzako ustiategi oso baten erabateko jabetza edo bizi bitarteko usufruktua edozein titulu bidez, kostubidezkoa edo irabaziduna, "inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatu edo eskuratuz gero, beti ere hori egiten bada lehentasunezkoa den edo eskurapenaren ondorioz izaera hori lortzen duen beste ustiategi bateko titularraren alde edo halako titular bat izanik egilea, orduan, eskualdatze edo eskuratze horrek 100eko 90eko murrizketa izanen du ustiategiaren edo hori osatzen duten elementuen eskualdatze edo eskuratzearen gaineko zergaren zerga-oinarrian, hori guztia, baldin eta, eskualdatzearen ondorioz, eskuratzailearen ustiategiak duen lehentasunezko izaera aldatzen ez bada. Ustiategiaren eskualdaketa eskritura publiko bidez egin behar da.

Murrizketa 100eko 100era iritsiko da, baldin eta ezkontide superstiteak ustiategiarekin jarraitzen badu edo eskuratzailea nekazari gaztea edo soldatapekoa bada, eta bi kasuetan, eskualdaketa edo eskuratzea lehenbiziko instalazioaren ondoko bost urteen barnean egiten bada.

Idazati honetako lehen lerroaldean aipatu ondorioetarako, nekazaritzako ustiategi osoaren eskualdaketa egiten dela ulertuko da, baita etxebizitza kanpoan uzten denean ere.

2. Murrizketa gauzatu ahal izateko, eskuratzearen eskritura publikoan eta Jabetza Erregistroan, baldin eta eskualdaturiko finkak erregistro horretan inskribatuta bazeuden, azaldu beharko da: eskuraturiko finkak hurrengo bost urteko epean besterendu, errentan eman edo lagatzen badira, aldez aurretik honakoen justifikazioa egin beharko dela: dagokion zerga ordaindu izanarena, edo egindako murrizketaren ondorioz ordaindu gabe gelditutako horren zatiarena, bai eta berandutze interesena ere, salbuespen izanik ezinbesteko kasuak, heriotza, elbarritasuna edo titularrak jarduera uztea jubilatu delako bai adinarengatik, bai arauz ezarrita dagoen beste edozein arrazoirengatik.

17. artikulua. Muga bakar baten barneko ustiategia osatzeko eskualdaketa.

1. Landa finken erabateko jabetza edo bizi bitarteko usufruktua edozein titulu bidez, kostubidezkoa edo irabaziduna, "inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatu edo eskuratuz gero, baldin eta hori egiten bada lehentasunezko ustiategi bat eratzeko asmoz muga bakar baten barnean horretarako beharrezkoa den azalera biltzeko, orduan, eskualdatze edo eskuratze hori salbuetsia egonen da eskualdatzeen edo eskuratzeen gaineko zergatik, hori guztia, baldin eta eskuratzeari buruzko agiri publikoan azaltzen bada egindakoaren ondorioz geratzen den finka ezin izanen dela zatitu bost urteko epean, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

2. Eskualdaketaren edo eskuratzearen gaineko zergari dagokion zerga-oinarrian 100eko 50eko murrizketa aplikatuko da honako kasuan: nekazaritzako ustiategien titularrek lurren eskualdatzea edo eskuratzea egiten dutenean muga bakar baten barnean biltzeko ustiategi bateko azaleraren 100eko 50a gutxienez, beti ere horri dagokion lan-unitatearen errenta Foru Lege honek ezarritako mugen barnean baldin badago, hori guztia, lehentasunezko ustiategietarako zerga onurak ematearen ondorioetarako. Murrizketa hori aplikatu ahal izateko, arestiko idazatian zatiezintasunaren eta eskuratzeari buruzko agiri publikoaren gainean ezarritako baldintzak bete beharko dira.

18. artikulua. Ustiategi eta landa finketako zati batzuen eskualdaketa.

1. Landa finka baten edo nekazaritzako ustiategi bateko zati baten erabateko jabetza edo bizi bitarteko usufruktua edozein titulu bidez, kostubidezkoa edo irabaziduna, "inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatu edo eskuratuz gero, beti ere hori egiten bada eskurapenaren ondorioz lehentasun izaera galtzen ez duen edo lortzen duen lehentasunezko ustiategi bateko titularraren alde, orduan, 100eko 75eko murrizketa aplikatuko da eskualdatze edo eskuratzearen gaineko zergaren zerga-oinarrian.

2. Murrizketari portzentaiaren araberako hamar puntu gehituko zaizkio eskuratzailea soldatapeko nekazaria denean, eta 100eko 100era iritsiko da nekazari gaztea izanez gero eta, bi kasuetan, eskualdaketa edo eskuratzea lehenbiziko instalazioaren ondoko bost urteen barnean egiten bada.

3. Onura aplikatu ahal izateko, eskualdaketa eskritura publiko bidez egin beharko da, eta 16. artikuluko 2. idazatian ezarritakoa aplikatuko da.

4. Baldin eta 1. idazatiak aipatzen dituen eskualdaketaren edo eskuratzearen bidez, Nekazaritza Politika Amankomunetik heldu diren eskubideak edo kuotak ere batera eskualdatzen edo eskuratzen badira, artikulu honetako 1 eta 2. idazatietan ezartzen diren onurak aplikatuko dira.

19. artikulua. Landa finken trukatzea.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak landa finken gainean baimentzen dituen borondatezko trukeak salbuetsiak egonen dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako "kostubidezko ondare eskualdaketak" kontzeptutik edo Balio Erantsiaren gaineko Zergatik, beti ere, trukea egiten dutenetako bat, gutxienez, lehentasunezko nekazaritza ustiategi bateko titularra baldin bada eta trukeak -zeina eskritura publiko bidez egin behar baita- helburu hauetakoren bat baldin badu:

a) Lurzati kokatuak deuseztea; horrelakoak dira nekazaritzako erreforma eta garapenari buruzko legeria orokorrean izaera hori dutenak.

b) Bide menpekotzak kentzea.

c) Nekazaritzako ustiategiak berregituratzea; kasu honetan sartzen dira lurzati berrantolamendu pribatu bat gauzatzeko egin behar diren truke anizkoitzak.

d) Trukearen bidez lorturiko finkak ustiategiaren titularraren etxebizitza kokatuta dagoen finkara hurbiltzea, baldin eta finka horren mugakideak diren beste finka batzuekin trukatzen badira, edo finkak hurbiltzea ustiategiaren azalera gehiena osatzen duten finken mugakideetara.

20. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Ondare Eskualdeketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako "kostubidezko ondare eskualdaketak" kontzeptuko zerga-oinarrian 100eko 90eko murrizketa izanen dute honakoek: jabetza espedienteek, ezaguntasun aktek eta lehentasunezko ustiategi batean integraturiko finkak edo halako ustiategi bat osatu ahal izateko integratzen direnak Jabetza Erregistroan inmatrikulatzeko edo etendako erregistro-traktuari berrekiteko erabiltzen den beste edozein prozedurak.

Murrizketa hau 100eko 100era iritsiko da aipatu finken titularra nekazari gaztea denean.

21. artikulua. Lehentasunezko ustiategi elkartuendako zerga onura bereziak.

1. Amortizazio askatasuna izanen dute nekazaritzako jarduerei loturiko higiezin material eta inmaterialen elementuek, baldin eta lehentasunezko ustiategi izaera lortzen den egunaren ondoko lehen bost urteetan eskuratuak badira.

2. Ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legearen arabera bereziki babesturiko nekazaritza kooperatiba gisa eratuta dauden lehentasunezko ustiategi elkartuen kasuan, Sozietateen gaineko Zergaren barnean kuota osoaren hobaria, Zerga horren 28.2 artikuluan aurreikusia, 100eko 80koa izanen da.

22. artikulua. Nekazari gazteendako edo soldatapeko nekazariendako zerga onura bereziak.

Foru Lege honen 15, 16 eta 18. artikuluetan aurreikusitako zerga onurez gain, nekazari gazteek edo soldatapeko nekazariek beste hauek ere izanen dituzte:

1. Nekazaritzako ustiategi baten edo horren zati baten zein landa finka baten erabateko jabetza edo bizi bitarteko usufruktua edozein titulu bidez, kostubidezkoa edo irabaziduna, "inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatu edo eskuratuz gero, beti ere hori egiten bada lehentasunezko ustiategi bat lehen aldiz instalatzen duen nekazari gazte edo soldatapeko nekazari baten alde, orduan, salbuetsia egonen da eskualdatze edo eskuratzearen gaineko zergatik.

2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan jarduerako etekin garbia zenbatespen objektiboaren metodoa erabiliz zehazten duten nekazari gazteek edo soldatapeko nekazariek, beren nekazaritza jarduerari dagokiona 100eko 25ean murriztu ahalko dute, lehentasunezko ustiategi bateko titular gisa lehen aldiz instalatu ondoko bost urteetan itxitako zergaldietan, baldin eta ustiategia hobetzeko plan bat egin izana egiaztatzen badute. Arestian aipatu instalazioa Foru Lege honen 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egina izanen da.

Aurreko lerroaldean aipaturiko etekin garbia, zenbatespen objektiboaren metodoari buruzko arauak aplikatzearen ondoriozkoa izanen da soilik.

Idazati honetan aurreikusitako murrizketa zeinu, indize edo moduluen modalitatean aplikatuko da nekazaritzako jarduerari dagokion etekin garbiaren gainean, eta koefizienteen modalitatean, berriz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 8ko 209/1992 Foru Dekretuko 28. artikuluak aipaturiko gastuak kendu eta gero; murrizketa hau bateraezina da aipatu artikuluan zerbitzuak ematearen arloko merkataritza jardueretarako, nekazaritza, abeltzaintza, oihan-lan eta arrantzakoetarako oro har ezarrita dagoenarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.-Foru Lege honen 15. artikulutik 22.era bitartekoetan aurreikusiak dauden zerga onurak honako irizpideei jarraikiz baizik ez dira aplikatuko: Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluan azaltzen den Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako irizpideak.

Bigarrena.-Nekazaritzako Ustiategiak gaurkotzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 16. artikuluko 1. idazatian xedatutakoari jarraikiz, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan dagoen Lehentasunezko Ustiategien Katalogo Orokorrean sartzearren, aldian- aldian Ministerioari jakinaraziko zaio Nafarroan lehentasunezko moduan sailkatu diren nekazaritza ustiategiak eta horien aldaketak zeintzuk diren.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.-1998ko abenduaren 31 arte nekazaritzako famili ustiategi hauek lehentasunezko izaera izan ahalko dute: lan-unitatearen errenta erreferentziako errentaren 100eko 30etik gorakoa eta 100eko 120tik beherakoa izanik, nekazaritza laneko unitate erdia, gutxienez, okupatzeko aukera dutenek, Foru Lege honen 10. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak betetzeaz gainera.

Bigarrena.-Foru Lege honek indarra hartu eta hurrengo bost urteko epean azaltzen diren ondareko gehikuntza garbiak -landa finkak edo nekazaritzako ustiategiak eskualdatzearen ondorioz sortuak-, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako zenbatespen objektiboaren metodoa aplikatzearen ondoriozko etekin garbian sartuko dira, arauz ezarritako zenbatekoarekin eta, beti ere, aktiboak subjektu pasiboaren ondarean bost urtez, gutxienez, egon badira.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da eskualdaturiko landa finkak edo nekazaritzako ustiategiak eskuratzaileak lehentasunezko ustiategiak eratu edo finkatzeko erabiltzea, edo Administrazio Publikoek eskuratzea lur bankuetan edo antzeko organoetan sartzeko, edo naturguneak babesteko arrazoiengatik.

Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez garatuko ditu bai eskualdaketa egiten dutenek bai eskuratzaileek bete behar dituzten baldintzak, Xedapen honetan ezarritakoaren aplikaziorako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.-Baimena eman zaio Nafarroako Gobernuari, Foru Lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren arloko zerga onurak aplikatuko zaizkie Foru Lege honek indarra hartu ondoren amaitzen diren zergaldiei.

Hirugarrena.-Indarrik gabe gelditu dira Foru Lege honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadin agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearazi dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko abenduaren hamabostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9711076