97. ALDIZKARIA - 1996ko abuztuaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

267/1996 FORU DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana behin betikoz onesten duena.

Urriaren 4ko 304/1993 Foru Dekretuak Natur Baliabideak Antolatzeko Planak gauzatzeko prozedura ezarri zuen.

Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro kontseilariak urriaren 27an eman zuen 341/1993 Foru Aginduaren bidez jendaurrean jarri zen bi hilabetez Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren Aurrerapena, geroago 1994.eko martxoaren 15a arte luzatu zena.

Nafarroako Gobernuak 1995.eko abenduaren 26an hartu zuen Erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren Proiektua eta bi hilabetez jendaurrean jarri. Erabaki hori 1996.eko urtarrilaren 13ko 32. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara.

Planaren inguruko lurretan dauden toki entitateek egin dituzten eskariak ikusita, Nafarroako Gobernuak 1996.eko otsailaren 19an hartu zuen Erabakian jendaurreko epea 1996.eko apirilaren 15a arte luzatzea erabaki zuen.

Jendaurreko epe horretan Planari 37 alegazio egin zaizkio eta horien guztien gainean Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak txostena prestatu du.

Halaber, Nafarroako Oihangintzako Kontseilu Arauemaileak 1996.eko maiatzaren 2an alegazio horien eta Planeko Proiektuaren gaineko txostena eman zuen.

Nafarroako Ingurugiro Kontseiluak 1996.eko ekainaren 20an Planaren Proiektuari buruzko adostasun txostena eman zuen.

Horrenbertzez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko uztailaren batean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana behin betikoz onestea. Plan horren arautegia Foru Dekretu honi atxikitako Eraskina da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau burutu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Urbasa eta Andia mendietan usadiozkoak ez diren erabilera eta jarduerak antolatzeko arauak ezartzen dituen maiatzaren 18ko 120/1990 Foru Dekretua indarrik gabe gelditu da, baita Foru Dekretu honetan ezarrritakoari kontra egiten dion maila bera edo baxuagoko xedapen oro ere.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko uztailaren batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Juan Cruz Alli Aranguren.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier Luis del Castillo Bandrés.

E R A S K I N A

Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren Arautegia

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren helburuak.

Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren helburuak, hauek dira:

a) Lurraldeko baliabideak eta ekosistemak zehaztu eta horien kontserbazio egoera zein den adieraztea.

b) Natur baliabideak kontserbatu, berreskuratu eta hobetzeko neurrien aplikazioa sustatzea, hala behar denean.

c) Behar diren babes araubideak adieraztea, legez ezarritako kategorien arabera.

d) Kontserbazio egoera ikusi ondoren ezarri beharreko mugapenak zehaztea.

e) Jarduera ekonomiko eta sozialen, publikoen eta pribatuen, politika sektorialen eta antolatzaileen irizpide orientagarriak ematea, adierazi diren galdakizunekin bat egitearren.

2. artikulua. Lurraldea.

1. Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren lurraldea 21.408 hektareakoa da; honela banatzen da:

Andia mendia 4.700 ha

Urbasa mendia 11.399 ha

Ameskoetako Limitaciones Mendia (Eraul eta Etxabarriko

zati bereizia barne) 5.190 ha

Urederraren iturburua 119 ha

GUZTIRA 21.408 ha

2. Lurraldearen mugak hauek dira:

a) Ipar muga: Urbasa eta Andia mendiek Ziordi, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri-Aranatz, Ergoiena, Uharte-Arakil, Irañeta eta Arakilgo udalerriekin egiten duten muga.

b) Eki muga: Andia mendiak Ollaran eta Goñerrirekin egiten duen muga.

c) Hego muga, ekialdetik mendebalera: Urbasa eta Andia mendiek Gesalatz, Lezaun eta Abartzuzarekin egiten duten muga; hor uzten du alde batera Urbasa mendia eta Ameskoetako Limitaciones mendiaren hego mugari segitzen dio eta horrek Ameskoabarren, Eulate, Aranaratxe eta Larraonako dermioekin muga egiten du, Araba eta Nafarroaren mugaraino.

d) Mendebal muga: Araba eta Nafarroaren arteko muga.

3. artikulua. Antolamendu Planaren izaera.

1. Plan hau Urbasa eta Andia mendien Natur Baliabideen plangintza egiteko tresna da.

2. Natur Baliabideak Antolatzeko Plana honela garatuko da:

-Limitaciones mendian, hark dituen ordenantzen arabera.

-Urbasa eta Andia mendietan, horretarako Nafarroako Gobernuak onetsiko duen Erabilera eta Kudeaketa Planaren arabera.

-Urederra ibaiko iturburuaren Natur Erreserban, horretarako Nafarroako Gobernuak onetsiko duen Erabilera eta Kudeaketa Planaren arabera.

4. artikulua. Planaren ondorioak.

Natur Baliabideak Antolatzeko Plana behin betikoz onesteak ondorio hauek sortzen ditu:

a) Publizitatea eta horrek berekin dakarren eskubidea, hots, hiritar orok dokumentazioa ikusteko duena; dokumentazio hori bilduko duen ale behar bezala legeztatua Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan egonen da jendearen eskura.

b) Arautegiaren nahitaezkotasuna, lurraldearen antolamendu edo antolamendu fisikorako bertze edozein tresnarendako muga izanen dena; azken tresna horren zehaztapenek ezin izanen dituzte haren xedapenak aldatu.

Gaur egun dauden lurralde edo hirigintza antolamenduko tresnek Natur Baliabideak Antolatzeko Planarekin bat egiten ez badute, hari egokitu beharko zaizkio. Egokitzapen hori egiten ez den bitartean, Antolamendu Planaren zehaztapenak aplikatuko dira eta lurralde plangintzako tresnen gainean lehentasuna izanen dute.

5. artikulua. Planaren indarraldia eta hori berrikusi eta aldatzeko baldintzak.

1. Natur Baliabideak Antolatzeko Plana mugarik gabekoa da, artikulu honek beronek dioenari jarraikiz hori berrikusi edo aldatzeko dagoen aukera galarazi gabe.

2. Natur Baliabideak Antolatzeko Plana ondorengo hauetan aldatuko da:

a) Irizpide eta helburu orokorren aldaketa.

b) Lurraldearen aldaketa.

c) Babestutako balioak gordetzeari dagokionez galdakizun handiagoak izatea.

Edozein pertsona edo entitate publiko edo pribatuk eska diezaioke Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari prozedurari hasiera emateko, behin egiaztatu ondoren berrikuspena edo aldaketa emateko dagoen beharra eta aukera.

3. Berrikuspena edo aldaketa emateko prozedura Natur Baliabideak Antolatzeko Planak egiteko prozedura ezartzen duen urriaren 4ko 304/1993 Foru Dekretuan edo hori ordezkatzen duen arautegian ezarritakoa izanen da.

4. Aurreko zenbakian ezarritakoa inola ere galarazi gabe, Limitaciones mendiari dagokionez eta aipatu mendi hori aprobetxatu eta mantentzeko usadiozko araubidea babestu eta bermatzeko asmoz, Antolamendu Plan honen II. kapitulua ezin izanen du alde bakar batek aldatu. Aipatu II. kapitulu hori aldatu ahal izanen da prozedura honi jarraikitzen bazaio:

a) Limitacioneseko Batzordeak, aipatu Batzorde hori osatzen duten udaletako hiruk edo Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eskatuko dute aldaketa.

b) Behar diren negoziaziazioak egin ondoan, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Batzordearekin edo udaletako hirurekin bat datorrela, aldatzeko proposamena eginen du eta Plana aldatzeko administrazio prozeduraren eta Nafarroako Gobernuaren onespenaren menpe jarriko du.

Aldatzeko proposamena onartzen ez bada, proposamen hori egin aitzineko araubide juridikoak indarrean segituko du.

6. artikulua. Kalteordainak eta mugapenak.

1. Jabetza pribatua edo ondareko eskubide eta interes legezkoak galdu edo mugatzeak berekin dakarren errenta galera ordainduko da, Natur Baliabideak Antolatzeko Planean ezarritako murriztapen edo mugapenak indarrean sartu ahal izateko.

2. Plan honen ondoriozko mugapen berezi eta eraginkorrek, hots, lege antolamenduari jarraikiz behin eta berriz eta ageri-agerian orain artean egin diren landa inguruneko usadiozko jarduera eta erabilera sendotuekin bat egiten ez dutenek, kalteordainak jasoko dituzte Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aldetik; kalteordain horien zenbatekoa Administrazio Publikoaren ondareko erantzukizuna erregulatzen duten arauen arabera finkatuko da.

II. KAPITULUA

Limitaciones mendiaren arautegi berariazkoa

7. artikulua. Arautegi bakarra.

Limitaciones mendia kapitulu honetan xedatutakoari jarraikiz arautuko da eta III. kapituluko jarduera zehatzetarako xedapen berariazkoak ez zaizkio aplikagarri gertatuko.

8. artikulua. Batzordearen eskubide historikoak babestu eta errespetatzea.

Nafarroako Foru Komunitateak Limitaciones mendiko Batzordearen eskubide eta ahalmen historikoak babestu eta errespetatuko ditu, hain zuzen ere Nafarroak dituen eskumenen zati eta mami direnak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1 artikuluari jarraikiz, mendi, naturgune babestu, ehiza eta mendialdeen arloan duen foru araubidearen babesean.

2. Nafarroako Gobernuak Limitaciones mendiko Batzordearen araubide historiko osoa bereziki babesteko beharrezkoak diren lege mailako neurri eta ekimenak hartuko ditu.

9. artikulua. Ordenantzak.

Limitaciones mendian garatzen ahal diren jarduerak eta erabilerak Limitaciones mendiari probetxua atera eta hura kontserbatzeko Ordenantzei, hots, Nafarroako Foru Diputazioak 1896.eko ekainaren 26an hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoei, eta hari egindako aldaketei egokituko zaizkie.

2. Ordenantza horiek Natur Baliabideak Antolatzeko Planari erantsiko zaizkio I. Eraskin modura, Limitaciones mendiaren arautegi berariazko diren heinean.

Plan hau behin betikoz onetsi eta gehienez ere bi urteko epean, Limitacioneseko Batzordeak aipatu Ordenantza horiek eguneratu beharko ditu, hori bai, haien funtsezko hastapenei jarraikiz.

Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu Limitaciones mendiaren Ordenantzen eguneratze juridikoa prestatzeko gastuak.

3. Ordenantzetan egin eguneraketan eta ondorengo aldaketa eta berrikuspenetan Limitaciones mendiak bere dituen hastapen hauek bermatuko dira:

a) Baliabideen erabilpen antolatua, espezieen eta ekosistemen aprobetxamendu orekatua, haien berreskurapena eta hobekuntza bermatzen dela.

b) Limitaciones mendiko natur ekosistemen eta paisajearen barietatea, berezitasuna eta edertasuna gordetzea.

c) Funtsezko prozesu ekologikoak eta oinarrizko bizi sistemak kontserbatzea.

d) Limitaciones mendian dagoen aniztasun genetikoa gordetzea.

4. Eguneratutako Ordenantzen izaera eta ondorioak, naturguneak mantentzeko legeriak Erabilera eta Kudeaketa Plan Zuzentzaileei esleitzen dizkienak izanen dira.

10. artikulua. Jarduera sektorialak.

Ondoren zerrendatzen diren jarduera sektorialak Limitaciones mendiaren esparruan burutuko dira, ondoko araubide orokorrari jarraikiz:

a) Oihangintzako jarduerak, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen eta 1994.ean berrikusi zen Oihangintzako Antolamenduaren Proiektuaren eta haren ondorengo berrikuspenen arabera.

b) Hirigintzaren ikuspuntutik begiratutako jarduerak, lurraldea babestu eta erabiltzekoak, Lurralde Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen arabera.

c) Jarduera zinegetikoa eta basa fauna babestekoa, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen eta behar den Antolamendu Zinegetikoaren Planaren arabera.

2. Araubide orokorra, Limitaciones mendian aurreikusitako araubide berariazkoaren menpe egonen da.

3. Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko ditu Antolamendu Zinegetikoaren Plana eta Limitaciones mendiko Oihan Antolamenduaren Proiektua berrikusteko gastu osoak.

4. Limitacioneseko Batzordeak mendi horretan bisitarien sarrera mugatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzake, hura babestu eta mantentzen dela bermatu ahal izateko.

11. artikulua. Kudeaketa organoa.

1. Limitaciones mendiko Batzordea Limitaciones mendia administratu eta kudeatzeko entitate administratiboa da, izaera publikoa du eta usadiozko elkartea da; eta, orobat, Urbasa eta Andiako Natur Parkea Limitaciones mendiaren esparruan kudeaketako organo administratiboa da.

2. Limitacioneseko Batzordeak, indarra duen antolamendu juridikoak Natur Parkeak kudeatzeko organoei esleitzen dizkien ahalmen eta botere osoak ditu.

3. Nafarroako Gobernuaren eta Limitacioneseko Batzordearen arteko administrazio arteko lankidetza eta kooperaziorako, erakunde horiek erabaki dezakete horien ordezkariek osatuko luketen lankidetza organoa sortzea.

III. KAPITULUA

Urbasan eta Andian aplikagarri den arautegi berariazkoa

12. artikulua. Aplikazio esparrua.

III. kapituluan ezartzen den arautegia bakarrik aplikatuko da Urbasa eta Andia mendietan, inola ere galarazi gabe haren garapena Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren proposamenez, esparru horretarako onetsiko duen Erabilera eta Kudeaketa Plan Zuzentzailean.

13. artikulua. Burundaren eta Aranazko Komunitatearen eskubideak.

Burunda eta Aranazko Komunitatea osatzen duten toki entitateen alde ezagutzen dira 1855.eko abenduko "Aranazko Komunitatearen Errege Ondareak eta Burundak Andia, Urbasa eta Entziako Errege Mendietan dituzten eskubideen gaineko transakzio eta merkataritza eskritura"-tik ondorioztatuko eskubideak.

Eskubide horiek, Natur Baliabideak Antolatzeko Plan honen Arautegiari gehitu zaizkio II. Eraskin modura.

14. artikulua. Ibilgailuen zirkulazioa.

1. Orokorki begiratuz, ibilgailu motoredunak Olaztitik Lizarrako bidean, Lizarragatik Lizarrakoan eta Otsaportilloko pistan ibil daitezke bakarrik.

2. Artikulu honetako 1. puntuan adierazitako bideetatik kanpo ibiltzen ahal dira ibilgailu motoredunak, usadiozko abeltzaintza eta oihangintzako erabileretarako eta zaintza eta zerbitzu publikorako badira.

3. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurreko baimenarekin ibil daitezke ibilgailuak, ondorengo helburuak gauzatzeko badira:

-Lan zientifikoak egiteko.

-Usadiozko erromeri egunetan.

-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak finka ditzakeen bertze batzuetarako, aurretik hori egiaztatu ondoren.

4. Arestion aipatu errepide eta pisten bazterretan, behar bezala seinaleztatuko tokietan, uzten ahal dira turismoak, trafiko arrunta oztopatu edo arriskuan jartzen ez badute behinik behin.

15. artikulua. Salgai arriskutsuen trafikoa.

Akuiferoen babesa bermatu ahal izateko, salgai toxiko edo arrisku- tsuen trafikoa debekaturik dago; horretarako baimena dutenak ibil daitezke.

16. artikulua. Kanpaketa.

1. Kanpin-dendak edo karabanak bakarrik jar daitezke Bioitzako turismo kanpamentuan; Urbasa eta Andiako gainerako lurretan kanpaldi librea debekaturik dago.

2. Gazteen kanpaldiak baimentzeko araubidea indarra duen arautegian eta Erabilera eta Kudeaketa Plan Zuzentzailean gaitzen diren guneetan ezarritakoa izanen da.

17. artikulua. Kirolak.

1. Antolatutako kirolek eta antzeko jarduerek, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurretiko adostasun txostenaz gain Lehendakaritza Departamentuaren baimen berariazkoa beharko dute izan, ikuskizun publikoak baimentzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretuaren arabera.

2. Debekaturik dago mendiko bizikletan edo zaldian ibiltzea, salbu eta horretarako seinaleztatutako pista eta bide-xendetan ez bada.

3. Parapentean ibil daiteke horretarako gaitu lekuetan.

18. artikulua. Erauzketa jarduerak.

a) Jardunean direnak eta Berreskurapen Plana onetsia dutenak badira:

Kontzesioak indarra duen bitartean, Berreskurapen Plana aplikatuko da. Etorkizunean, Erabilera eta Kudeaketa Plan Zuzentzaileak kontzesioaren luzapenerako baldintzak ezarriko ditu, luzapen hori naturgunearekin bateragarria bada behintzat.

b) Ustiakuntza berriak.

Ez da industri ustiakuntza berririk onartuko.

Etxolak eraiki, baltsak konpondu, itxiturak egin, e.a.erako usadioz egin diren erauzketa txikiek Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurretiko baimena beharko dute izan eta horrekin batera egin beharko den erauzketak ukitutako gunea berreskuratzeko plana.

19. artikulua. Hondakinak.

1. Debekaturik dago mota oroko zabor edo hondakinak botatzea, horretarako egokitu tokietan izan ezik.

2. Hildako animaliak, haien gorpuzkinak eta gorotza deuseztatuko dira Erabilera eta Kudeaketa Plan Zuzentzaileak ezarri xedapenen arabera.

3. Debekaturik dago ibilgailuen olioa aldatu eta haiek garbitzea.

20. artikulua. Energia eta parke eolikoak.

Kontuan izanik haizea natur baliabidea izateaz gain energia erdiesteko iturria dela, Andia mendian parke eolikoa ezartzeko baimena dago.

Parke eolikoa ezartzeko honako hauei egokitu beharko zaie:

-Otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuari, parke eolikoen ezarpena arautzen duenari.

-Nafarroako Gobernuak onetsitako Udalez gaindiko Eraginaren Proiektu Sektorialari, hots, Nafarroan energia eolikoa ekoizteko azpiegituren proiektuari dagokionari eta Energía Hidroléctrica de Navarra, S.A.k sustatuari, Andiako parke eolikoaren hirugarren fasea aipatzen duenean.

21. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

Debekaturik daude merkataritzako jarduerak.

Hori hala izanik ere, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak honako hauek baimen ditzake:

-Artisautzako produktuen saltokiak jartzea, inguruko herritarrenak badira.

-Hondarreko urte hauetan ustiatzen ari diren ostalaritzako establezimenduak, horien titularrak inguruko herritarrak badira, jarduera horretarako gai diren eta egun dauden eraikinetan baldin badaude eta Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentuaren baimena badute.

-Freskagarri eta izozki saltokiak, horretarako gaituko diren tokietan.

22. artikulua. Eraikuntzak.

1. Debekaturik dago eraikuntza berririk egitea; aldiz, ondoko hauek eraikitzeko baimena lor daiteke:

-Ingurugiro hezkuntzarakoak.

-Aziendarendako etxolak eta estalpeak.

-Interes orokor edo erabilera publikotzat jotakoak, balio naturalak mantentzeko helburuekin duten bateragarritasuna bermatzen dela.

-Mendiak kudeatu eta kontserbatzeari lotutako azpiegiturak.

2. Erabilera eta Kudeaketa Plan Zuzentzailean antolamendutik kanpokotzat jotako eraikinekin eta Plan honek indarra hartzen duenean dauden eraikin eta erabilerekin zerrenda eginen da, haren helburuekin bateragarri direnekin, alegia.

3. Ahal den neurrian behinik behin, eraikinak usadiozko era eta baliabideekin eginen dira, gehienez ere solairu batekoak izanen dira eta ahaleginduko da paisajearekin bat egin dezaten.

23. artikulua. Jarduera militarrak.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bide egokiak ezarriko ditu agintari militarrak jakinaren gainean jarri eta, hala behar denean, haiei jakinarazteko gune horretan maniobrek eta aginte-ariketek sortzen dituzten ondorioak zein diren.

24. artikulua. Fauna eta flora.

Debekaturik dago baimenik gabe fauna eta florako kanpoko espezieak sartzea; hori guztia basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Aginduari lotuko zaio.

25. artikulua. Ondare arkeologikoa eta paleontologikoa.

1. Plan honen VII. Eraskinean dauden ondare arkeologiko eta paleontologikoko elementuek eta Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Bianako Printzea Erakundeak identifikatzen ahal dituen gainerakoek, inguruan eta jarraian, berrogeita hamar metroko babesa izanen dute. Hala mugatuko diren guneek "interes arkeologiko eta paleontologikoko gunea" izena hartuko dute. Gune horietan ezin izanen da inolako jarduerarik egin, zientifikoak, didaktikoak eta kultur ondarearekin kontserbatzearekin zerikusirik dutenak izan ezik. Halaber, ondare horren kontserbazioarekin bateragarriak diren usadiozko jarduerak, eraikuntzakoak ez direnak, baimen daitezke.

2. Elementu arkeologiko eta paleontologikoen inbentarioa eta sailkapena eginen da eta aldian-aldian berrikusiko.

3. Indarra duen legerian xedatutakoak arautuko du aurkikuntza arkeologiko oro eta haren berri horren kudeaketaren ardura duen organoari emanen zaio, identifikatu eta babes dezan.

4. Interes arkeologiko eta paleontologikoko guneak lurraren gainean seinaleztatuko dira era normalizatuan.

26. artikulua. Artetako iturburuaren akuiferoa.

Artetako akuiferoa babesteko inguruari dagokionez, Confederación Hidrográfica del Ebro-k Uren Legea aplikatzeko asmoz onetsitako araubide juridikoari jarraikiko zaio; Arautegi horren III. Eraskinean biltzen da.

27. artikulua. Jarduera espeleologikoak.

1. Jarduera espeleologikoak egiteko Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena beharko da. Aberastasun espeleologikoa, kobetako fauna, ekosistema hipogeoak, fosil-hondarrak eta uren kalitatea babesteko asmoz, debekaturik dago lurpeko formazio geomorfologikoetako elementuak hondatu, bildu edo errotik ateratzea, fauna troglobioa hil edo harrapatzea edo haien hondarrak biltzea, salbu eta arrazoi zientifikoak tartean badira; hala ere, horretarako baimena beharko da.

2. Debekaturik dago kobetara sartzeko instalazio finkoak eta hondarrak eskutik utzi eta haien barrunbeetan sua egitea.

3. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak koba eta leizetan pilatu zaborrak sortutako arazoak ebaluatuko ditu eta sistema hidrologikoa ukitzen duten leizeak garbitzeko lanak bultzatuko.

28. artikulua. Higaduraren kontrola.

Larreak hobetzeko landarediko sastrakarik ez da kenduko % 20tik gorako maldetan.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak lurra kopuru handitan galtzen den tokietan egin nahi diren jarduerak arau ditzake, baita horiek egitea galarazi ere; era berean, landare estalkia berreskuratzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.

29. artikulua. Bertze jarduera batzuk.

1. Orokorrean debekaturik daude:

a) Landaredia erre eta horretarako ezarritako eraikin eta tokietatik kanpo sua piztu eta egurra moztea, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimenik gabe.

b) Abereak edo basa fauna asaldatu edo gogaitu edo pertsonen lasaitasuna aldatzen duten hotsak, beharrezkoak ez direnak, egitea.

c) Baimendu gabeko merkataritzako jarduerak edo zerbitzu turistiko osagarriak egitea.

d) Iturri, baltsa eta asketan garbiketak egin edo baxera garbitzea, baita iturriak, leizeak edo pasalekuak zikintzea ere.

e) Publizitate higiezineko instalazioak eta ofizialak ez diren publizitate inskripzioak.

2. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, aurretik, baimena eman dezake filmeak egin edo publizitate lanak egiteko, horiek gauzatzean inguruneari eta haren elementuei kalterik sortzen ez bazaie.

3. Lagun-animaliak egon egon daitezke jabeek haien osasun agiriak, hori egitea nahitaezkoa denean, ager baditzakete. Animalia horiek beti beren jabeen kontrolpean egon beharko dute eta aziendari edo basa faunari eragozpenik ez die sortu beharko. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak debekua ezar dezake animaliak aske ibiltzeko natur parkean eta agin dezake uhal edo katearekin lotuta ibili behar dutela.

IV. KAPITULUA

Urederra ibaiaren Natur Erreserbaren Arautegia

30. artikulua.

Urederra ibaiaren Natur Erreserba eta haren inguruko babesgunea Nafarroako Naturguneen Foru Legean xedatutakoari jarraikiz arautuko dira eta, orobat, haren garapenerako, Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak proposaturik, onetsiko duen Erabilera eta Kudeaketa Planari jarraikiko dio.

V. KAPITULUA

Guneak

31. artikulua. Banaketa.

Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren lurraldeak gune hauek izanen ditu:

A) Urederra ibaiaren iturburuko Natur Erreserba.

B) Interes ekologikoko gunea.

-B1: harkaitza.

-B2: hezeguneak.

-B3: arantzadia.

C) Oihangintza eta abeltzaintzarako gunea.

-C1: oihangintza eta abeltzaintzarako interesa duen gunea.

-C2: abeltzaintzarako interesa duen gunea.

-C3: parke eolikoaren gunea.

D) Erabilera turistikorako eta aisiarako gunea.

32. artikulua. Natur Erreserba.

Hor sartzen da lurraldea babestu eta erabiltzeko Lurraldeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak Urederraren iturburuko Natur Erreserbatzat hartzen duena; behar den lege arautegiari lotuko zaio eta haren garapenerako behar diren Erabilera eta Kudeaketa Planetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

33. artikulua. Interes ekologikoko guneak.

1. Ekologiaren eta paisajeen aldetik balio garrantzizkoak dituzten guneak.

2. Harkaitzak (B1).

Aztertu den arloa inguratzen duten kararrien amilburu eta dolomiak dira. Zehatz-mehatz adierazita, Urbasa eta Andiako ipar ertza eta Limitaciones mendiko hego ertza.

Flora eta fauna interesgarria dute, ahalmen eszeniko handia daukate eta inguruko paisajean kalitatezko osagai dira.

Gune horretan debekaturik dago egurra aprobetxatzea, Limitaciones mendiaren harkaitzan izan ezik, baimenik bada behinik behin. Debekaturik dago bertze pista eta biderik eraikitzea eta erauzketako jarduerarik eta eraikuntzako edozein jarduerarik ezartzea. Kirola egin daiteke era antolatuan bada.

3. Hezeguneak (B2).

Ehun metro inguruan dauden baltsak eta putzu bihur daitezkeen guneak dira, flora bitxi edo mehatxatua eta interes bereziko fauna taldeak (herpetofauna) dutenak.

Gune horretan debekaturik dago lehortzea edo dragatzea, bazterrak eraberritzea, gai toxikoak edo uren eutrofizazioa sortzen dutenak isurtzea eta kanpoko espezieak sartzea. Debekuak abeltzaintzako erabilera ere bere egiten badu, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bertze hautabiderik proposatuko du, ukitutako abeltzainak akort direla eta Departamentu horren aurrekontuen kargura. Gune hori Urbasako Arrasoa izeneko arantzadia da. Balio ekologiko handikoa da, han dauden fitozenosien bitxitasun eta balio trofikoagatik eta intereseko herpetofauna duelako eta horiezaz gain han bizi diren hegazti eta ugaztun txikiengatik.

Debekaturik dago lurrak mugitzea, drenaje naturaleko sarea aldatzea eta landare estalkia kendu edo txikiagotzeko lanak egitea, espezie arrotzak landatzea eta ezaugarri edafogenetikoak aldatzea.

34. artikulua. Oihangintza eta abeltzaintzarako gunea.

1. Gune horren barnean sartzen dira oihangintza eta/edo abeltzaintza aldetik interesa duten inguruak. Lurraldean gertatu diren usadiozko erabilerek hein batean aldatu ekosistemak daude (oihangintza eta artzaintzako ekosistemak), zeinetan haien ezaugarri oinarrizkoen mantentzea lehen sektoreko ekoizpen jarduerekin bateragarria baita eta oreka ekologikoak eta haien eginkizun naturalak, babesgarriak eta paisajekoak bermatzen baitira.

2. Oihangintza eta abeltzaintzarako interesa duen gunea (C1).

Urbasa mendiaren zatirik handiena, erabilera horietarakoa, hartzen du.

Baimena izan dezaketen jarduerak: oihangintzako aprobetxamendua, zuhaitzen azalera txikitzen ez dutela bermatu ondoren, abeltzaintzarako etxolak goratu edo aldatzea, pistak ireki edo hobetzea, ongarritzea eta sasia kentzea.

Debekatutako jarduerak: barrutipeko guneetan artzaintza egitea, abeltzaintzarako ez diren eraikuntza jarduerak eta bide azpiegiturak ezartzea.

Beti ere, Limitaciones mendiko Ordenantzetan aurreikusitako jarduerekin segitzen ahalko da.

3. Abeltzaintzarako interesa duen gunea (C2).

Andia mendirik gehiena hartzen du bere baitan; zuhaitzik ez dagoenez gero, abeltzaintzarako erabiltzen da bakarrik.

Debekatutako erabilerak eta baimena jaso dezaketenak: C1-ean agertutakoak, aplikagarri ez diren oihangintzako aprobetxamendua aipatzen dutenak izan ezik.

4. Parke eolikoaren gunea (C3).

Parke eolikoa ezartzeko baimena izan dezakeen gunea da.

Erabilerak C1 guneari dagozkionak dira eta horiezaz gain parke eolikoaren funtzionamenduaren ondoriozkoak, behar den baimenak agindu bezala.

35. artikulua. Erabilera turistiko eta aisiarako guneak.

Naturan eta paisaje aldetik nola-halako balioa duten guneak dira, aire librean, jolasean eta aisian egotekoak, naturaren kontserbazioarekin eta inguruneko hezkuntzarekin bateragarria direnak.

Gune horretan sartzen dira, Bioitzako antzinako behortegia, Otsaportillo, Urbasako Jauregiaren ingurua, Limitaciones mendiaren aparkalekua eta Urbasako Arrasoko errepidearen bazterreko pinudiak. Halaber, Lizarragako tunelaren ahoaren ingurua eta 1:50.000 mapan islatu modura errepidean barnako zerrenda jarrai eta zabalera aldakorrekoa, zeinetan ibilgailuak ibil baitaitezke.

Erabilerei dagokienez, gune hau Arautegi honetako III. Kapituluan xedatutakoari jarraikiz arautuko da.

VI. KAPITULUA

Administrazio baimenaren araubidea

36. artikulua. Baimen araubidea.

1. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emanen ditu arautegi honek aipatzen dituen baimenak, baimena jaso dezaketen jarduera eta erabilerenak, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 42 eta 43. artikuluetan ezartzen den araubideari jarraikiz.

Horretarako, Urbasa eta Andia mendiei, Limitaciones mendia kenduta, dagokien esparruko eskabideak Deierriko Udalean izapidatuko dira, bi gune horien administrazio atxikipena berorrek baitu.

2. Baimen eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio: egin beharreko jardueraren deskribapena, eginen den tokia, iraupena, aurreikusitako ukipenak eta horiek berreskuratzeko neurriak, behar balira.

3. Erdietsi gogo diren kontserbazio helburuak mantentzearren beharrezkotzat jotako baldintzak ezarriko dira baimenean.

37. artikulua. Ingurugiroaren gaineko Eragina eta ingurugiroaren gaineko ukipenen azterlana behar duten jarduerak.

1. Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1987 Errege Dekretu Legegilea betetzeko erregelamendua onetsi duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko 2. Eraskinean bildutako jarduerak direla eta, Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egin beharko da; lurraren erabilera eraldatzen dutenek, hau da, zuhaiska eta zuhaitzez osatu landare estalkia desagertaraz dezaketenek eta interes orokorreko azpiegituretarako arriskua sortzen dutenek eta, beti ere, eraldaketa horiek ehun hektareatik goitiko azalera ukitzen dutenean.

2. Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea garatzeko asmoz onetsi zen uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretuan biltzen diren jarduerek Ingurugiroaren gaineko Ukipenen Azterlana egin beharko dute.

Iragarkiaren kodea: A9606005