98. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

35/2024 EBAZPENA, 2024ko apirilaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdia onesten duena Nafarroako toki-erakundeei ehizazainak kontratatzeko laguntzak emateko 2024an. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 755040.

Nafarroako Ehizari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legearen 51. artikuluak ("Zaintza") ezartzen du zer eginkizun dituen barrutietan ehiza zaintzeko sistemak. Orobat, 52. artikuluan ("Ehiza sustatzeko neurriak"), xedatuta dago Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ematen ahalko dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

Ehizaren jasangarritasunerako ezinbesteko tresna da ehizazaina, bereziki Nafarroa bezalako kasuetan, non ehiza jarduera basa faunako populazioetan oinarritzen baita. Ehizazainei eskatzen zaien prestakuntzak, barnean direla ekosistemei eta basa faunari buruzko ezagupenak, bermatu behar du titularrek egiten duten ehizaren kudeaketak babes teknikoa duela.

Deialdia toki-erakundeen interesekoa dela kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da toki-erakundeek ehizazainak kontratatzeagatik dituzten gastuak finantzatzera bideratutako laguntza lerro bat ezartzea. Ehizazainek 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte egiten dituzten zerbitzu profesionalengatik emanen da laguntza.

Ikusita Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren txostena, adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Nafarroako toki-erakundeentzako laguntzak, ehizazainak kontrata ditzaten 2024an" deritzon deialdia onestea.

2. Honako laguntza hauen deialdiaren oinarri arautzaileak onestea : "Nafarroako toki-erakundeentzako laguntzak, ehizazainak kontrata ditzaten 2004an".

3. 85.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuetako 740002 74200 4609 456307 partidaren ("Toki-erakundeentzako laguntzak, ehiza-baliabideak kudeatzeko") aurrekontu-kredituen kontura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

7. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Ehiza Kudeaketarako Atalari.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren kontra eta oinarri arautzaileen kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEEK EHIZAZAINAK KONTRATATZEKO 2024RAKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da toki-erakundeek 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arte ehizazainak kontratatzeagatik dituzten gastuen zati bat ordaintzeko dirulaguntzak arautzea.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Ehizazainak kontratatzeko laguntzek helburu dute udal-mugarteetan edo ehiza-barrutietan profesionalak era iraunkorrean egotea, honako zeregin hauetan aritzeko: ehiza-baliabideen zaintza-, jarraipen-, kudeaketa- eta mantentze-lanak.

3. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroako toki-erakundeak izan daitezke laguntza hauen onuradun, ehiza-barrutiaren kudeaketaren arduradunak izan edo ez, baldin eta ehizazain-titulua duten profesionalak kontratatzen badituzte (titulu hori irailaren 4ko 94/2012 Foru Aginduan dago araututa). Ehizazainak ezin izanen dira egon ehizarekin loturiko jarduerak egiteko desgaituta deialdi honi dagokion aldian.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak tramitera onartuak izateko, Nafarroako toki-erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

4.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea. Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da hori.

4.2. Egunean izatea zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunari jakinarazten zaio ezen eskaeran baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak dirulaguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

4.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

4.4. Ehizan aritzeko zehapenik ez izatea eskabidea aurkeztean.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira ehizazainak kontratatzetik eratortzen direnak (soldata gordina), 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arteko aldian.

7.2.2 apartatuan aipatzen diren ehizazainen berariazko lanak eta horiei lotutako kostuak baino ez dira izanen diruz lagungarriak. Hala denean, kontratuak dirulaguntzaren xede ez diren beste zereginak zehaztu, eta horien banakatze ekonomikoa egin beharko du. Eskaeran (II. eranskina) adierazi beharko da kontratatutako lanetik zer ehuneko dagokien ehiza-zereginei.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Diruz lagunduko da aldi horretako soldata gordinaren % 50; kontrataturiko ehizazain bakoitzeko, gehienez, 10.000 euroko dirulaguntza emanen da.

Kontratua zerbitzuak ematekoa baldin bada, diruz lagunduko den kopurua izanen da deialdian ezarritako aldiari dagokion kontratuan agertzen den zenbatekoaren %50 (BEZa kanpo), eta ehizazain bakoitzeko gehienez 10.000 euroko dirulaguntza emanen da.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

7.1.1. Eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.

7.1.2. Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira. Horretarako, sartu behar da Nafarroako Gobernuaren atarian, tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), deialdiak duen fitxara, eta hor "Tramitazioa" atala aukeratu.

7.2. Eskatzen den dokumentazioa:

7.2.1. II. eranskina.–Ehizazainak 2024an kontratatzeko laguntzaren eskaeraren inprimakia.

7.2.2. Ehizazainaren indarreko kontratua. Hartan zehaztuko dira kontratuaren iraupena eta egin beharreko lanak. Kontratuan, ehizazainaren eginkizun, betebehar eta konpromiso hauek jasoko dira:

–Ehizari buruzko datuen kontrol administratiboa egitea.

–Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien edo abeltzainen arteko lotura.

–Kalteak kudeatzea (prebenitzea eta kontrolatzea).

–Zaintza.

–Ehiza-espezieen populazioen kontrola eta segimendua egitea.

–Harrapakarien kontrola.

–Habitata kudeatzea.

–Seinaleak eta beste azpiegitura batzuk (adibidez, usategiak) mantentzea: garbiketa, kokapenaren kontrola, egoera....

–Administrazioari laguntzea, ehizaren kudeaketa errazteko eskatzen zaionean.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoak ehiza-espezialitateko landazainentzat antolatzen dituen prestakuntza-ikastaroetara joatea.

7.2.3. Kasua bada, toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria, frogatzen duena ehiza-barrutiaren aprobetxamendutik lortutako diru-sarreren % 25 baino gehiago inbertitu dela animalien populazio edo habitatak hobetzeko, kalteak prebenitzeko edo barrutiaren zaintza kontratatzeko. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen balorazio-irizpideen 2. atalean.

7.2.4. Kasua bada, toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria, herri-lurrak ehiza-habitata hobetzeko asmoz laga direla frogatzen duena. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen balorazio-irizpideen 3. atalean.

7.2.5. Eskatzaileak, laguntzak lehen aldiz jaso behar baditu edo horiek abonatzeko kontua aldatu nahi badu, kontua erregistratu beharko du kontuen eta ordainketen kontsultarako fitxan, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

7.2.6. Toki-erakundearen ziurtagiria, egiaztatzen duena dirulaguntzaren zenbateko osoa ehizazaina kontratatzeko gastua finantzatzera bideratu dela, gastuen eta diru-sarreren kontuetan ageri den moduan.

7.3. Eskaera eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioa jaso ondoan, egiaztatuko da oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen diren edo ez. Ez badira betetzen, eskaera 10 eguneko epean zuzentzeko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko balorazio irizpideak.

Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek.

Balorazio irizpide aplikagarriak:

Eskaerak ordenan jarriko dira, balorazio irizpide hauek aplikatuz emandako puntuen arabera:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Ehiza-barrutia kudeatzeko ardura duten toki-erakundeak

35

2

Azken bost urteetan ehizaren ondoriozko diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dutela frogatzen duten toki-erakundeak (inbertsioak konputagarria behar du izan, Ehizaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren d) letrari jarraikiz)

20

3

Herri-lurrak ehiza-habitata hobetzeko asmoz laga direla frogatzen duten toki-erakundeak

20

4

Baldintza hauetakoren bat betetzen duten toki-erakundeak: beren ehiza-barrutia edo barrutiaren zati bat kalteak prebenitzeko plan baten xede izatea, edo azken 3 urteetan salbuespeneko baimenen bat eskatu izatea edo erantzukizunpeko adierazpenen bat aurkeztu izatea basurdeak edo/eta untxiak eragindako kalteak kontrolatzeko.

15

5

Laguntzen deialdi hau argitaratu aurretik ehizazaina duten toki-erakundeak.

10

Puntuazio bera lortzen duten eskaeren kasuan, toki-erakundearen azaleraren irizpidea aplikatuko da (azalera txikiena duenak lehentasuna izanen du).

Dirulaguntza jaso ahal izateko, gutxienez ere 10 puntu lortu beharko dira.

Lehentasun-hurrenkera horren arabera esleituko da dagoen aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

9. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan ezarritako laguntzak emateko prozeduretan, instrukzioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari dagokio.

10. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

10.1. Instrukzio-organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak eta balorazio bideak aintzat harturik; hori guztia, norgehiagokako prozedurari jarraikiz.

Aurkeztutako eskaerak aztertu ondoren, proposatuko da dirulaguntza ematea, edo, deialdi honen oinarrietan ezarritakoarekin bat ez datozen eskaeren kasuan, dirulaguntza ukatzea.

10.2. Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak, espedienteak ikusita eta aurrekontuan dagoen zenbatekoaren arabera, ebazpena emateko proposamen-txostena eginen du, Ehiza Kudeaketarako Atalaren bitartez, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio. Ebazpen-proposamen horren bidez, laguntza emateko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

10.3. Deialdi honetarako aurrekontuko partidan diru gehiago badago proposatutako laguntzak emateko behar dena baino, laguntzen zenbatekoak % 55era arte handitzen ahalko dira, eta gehieneko muga 10.500 eurokoa izanen da ehizazain bakoitzeko.

11. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

Ebazpen-proposamena ikusirik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta adieraziko da zer puntuazio eman zaion eskatzaile bakoitzari, 8. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Halaber, berariaz adieraziko da gainerako eskabideak ezetsi direla, hala badagokio.

Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

Eskaera ezetsi dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epean.

12. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskaeretan.

13. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2024ko azaroaren 8a izanen da, egun hori barne.

Ahal dela, dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, eta JPG fitxategiak saihestuko dira.

Dokumentazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo beste administrazio publiko batzuetako erregistroetan, baldin eta aipatutako erregistroarekin elkarreragingarriak badira, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari zuzendu behar zaio.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ehizazainak lan-kontratua badu, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte egindako nomina guztien kopiak, edo soldata gordinaren zenbatekoa kobratu dela adierazten duten beste agiri ofizial batzuen kopiak.

–Ehizazainak zerbitzuak emateko kontratua badu, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarteko jatorrizko fakturak edo horien kopiak; faktura horietan jasoko dira emandako zerbitzuaren hornitzailearen nahiz toki-erakundearen datu fiskalak.

Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzeko, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie fakturei.

14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Instrukzio organoak behar diren kontrolak eginen ditu, egiaztatzeko betetzen direla deialdi honen oinarriak. Kontrol horiek egiteko, Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio-iturriak erabiliko ditu, betiere laguntza ordaintzeko unean dagoen informazioaren arabera.

Ez da onartuko hasiera batean baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.

Egiaztagiriak azterturik, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Deialdi honetan diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako inguruabarretan dauden onuradunek foru dekretu horren 4. artikuluan aipatutako informazioa jakinarazi beharko dute hilabeteko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Gardentasun betebeharrak bete ezean, esleitutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izango du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

II. ERANSKINA.–ESKAERA, NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEEI EHIZAZAINAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO 2024AN

ESKATZAILEAREN DATUAK

Toki-erakundea:

Ehiza-barrutiaren matrikula:

IFZ/IFK:

Helbidea:

Herria:

PK:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Banku kontua:

ES __ __ - __ __ __ __ - __ __ __ __ - __ __ - __ __ __ __ __ __ __ __ __ __

Toki-erakundeek ehizazainak kontratatzeko laguntzen 2024ko deialdiarekin loturik, eskatzaileak ADIERAZTEN DU eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela, eta deialdi horren oinarriak osorik onartzen ditu; horregatik, xehetasun hauen berri ematen du:

Toki-erakundearen azalera (ha):

Ehizazain kopurua:

Eskatutako zenbatekoa, ehizazain bakoitzeko (1)

Dedikazioa %(2)

(1) Zehaztuko da soldata gordinaren edo osoaren zenbatekoa, BEZik gabe, diruz lagunduko den aldian zerbitzu-kontratuari dagokiona, deialdiaren 5. oinarriarekin bat.

(2) Ehizazainak 7.2.2 oinarrian zehaztutako zereginez gain beste batzuk baditu, ehizari dagozkion lanen ehunekoa zehaztu. Dedikazio esklusiboaren kasuan, adierazi 100.

BAREMOKO IRIZPIDEAK

"BAI" edo "EZ"
adierazi, dagokionaren arabera

Ehiza-barrutiaren kudeaketaren ardura duen toki-erakundea

Frogatzen du azken 5 urteetan ehizatik lortu dituen diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dituela ehiza-habitata hobetzeko

Frogatzen du herri-lurrak ehiza-habitata hobetzeko asmoz laga direla

Toki-erakundeak jarduketak egin ditu ehiza-espezieek eragindako kalteengatik

Toki-erakundeak ehizazaina zeukan deialdi honen aurretik

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren dirulaguntza ESKATZEN DU.

Eskatzaileak ADIERAZTEN DU:

–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

–Jarduera bererako ez dela beste dirulaguntzarik jasotzen ari.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko adierazita dauden debeku-egoeretako batean ere ez dagoela.

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diola Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikusteko, horrela egiazta dezan, dirulaguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean, egunean dituela zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

–Eskaera honek biltzen dituen datu guztiak egiazkoak dira.

–Baimena ematen duela eskaeran agertzen diren datu pertsonalak fitxategi automatikoetan sartzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz erabiltzeko.

….............…….(e)n, 20….........…….(e)ko............................aren ..................(e)(a)n

(Eskatzailearen sinadura)

DATUEN BABESARI BURUZKO INFORMAZIOA

DATUEN TRATAMENDUAREN ARDURADUNA

Identitatea: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua

Helbidea: González Tablas kalea 9, 31005 Iruña

Helbide elektronikoa: gestinfo@navarra.es

Datuen babeseko ordezkaria:

Helbide elektronikoa: dpd@navarra.es

DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN HELBURUA

Datu pertsonalak tratatuko dira, datu horiekin lotutako laguntzen espedienteak kudeatzeko. Datu pertsonalak prozedura izapidetzeko eta ebazteko behar den denboran gordeko dira.

DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.a) artikulua: interesduna ados da bere datu pertsonalak tratatzeko berariazko helburu baterako edo gehiagotarako.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

DATUEN NAZIOARTEKO LAGAPEN EDO TRANSFERENTZIEN HARTZAILEAK

Datu pertsonalak ez dira lagako eta ez dira transferituko, lege betebeharra egon ezean.

INTERESDUNEN ESKUBIDEAK

Interesdunak eskubidea du datu pertsonaletan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera igorri behar dio Departamentuko Informazioa Kudeatzeko Atalari, goian adierazitako helbidera edo gestinfo@navarra.es helbide elektronikora, eta bere NANaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia erantsi beharko du. Halaber, interesdunek Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete erreklamazio bat aurkezteko, uste badute ez zaiola behar bezala erantzun beren eskaerari.

DATUEN JATORRIA, INTERESDUNAK BERAK EMAN EZ DITUENEAN

Zure eskaerarako beharrezkoa bada, administrazio publikoaren eskuan dagoen informazioa egiaztatuko da.

INFORMAZIO OSAGARRIA

Honako web-orri honen bidez: www.gobiernoabierto.navarra.es/eu

Iragarkiaren kodea: F2406480