95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

43E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 18koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez laguntzen deialdi bat onesten baita 2024an Nafarroako Foru Komunitateko sektore pribatuko enpresetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko. DDBN identifikazioa.: 755690.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunetako bat da euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea eremu sozioekonomikoan, eta Nafarroan hori garatzeko programak abiaraztea, erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Beraz, egokitzat jotzen da 2024rako laguntzak ematea, norgehiagokako araubidean eman ere, Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden sektore pribatuko enpresetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko.

Horrenbestez, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin,

AGINTZEN DUT:

1. Laguntza-deialdia onestea, 2024an euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako sektore pribatuko enpresetan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru-agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskabideak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4701-334100: (E) Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan

2024

144.000,00

B30002-B3200-7709-334100: Euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko laguntzak

2024

12.000,00

4. Foru-agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko apirilaren 18an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA.–LAGUNTZA-DEIALDIA, EUSKARAREN ERABILERA ETA PRESENTZIA SUSTATZEKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN KOKATUTAKO SEKTORE PRIBATUKO ENPRESETAN. DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea nola eman laguntzak euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten sektore pribatuko enpresetan, euskara-planak prestatzeko edo ezartzeko, unean uneko neurriak hartzeko, eta inbertsioak egiteko beren webguneetan eta software aplikazioetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko.

Deialdi hau jasota dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2023-2025 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, 449. ildoan. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Hartan ezartzen da deialdiak helburu operatibo hauek izanen dituela: euskara estrategia ekonomikoan txertatzea, Nafarroan aberastasuna eta balioa sortzera bideratuta, eta oinarriak ezartzea kudeaketa linguistikoan kontuan hartu dadin euskarak eremu sozioekonomikoan duen erabilera.

2. oinarria.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 156.000 eurokoa da, gehienez ere, partida hauen kargura: 144.000 euro, gehienez ere, "(E) Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan" izeneko B30002-B3200-4701-334100 partidaren kargura, 1., 2.,eta 3. modalitateetan aurkezten diren enpresentzat, eta 12.000 euro, gehienez ere, "Euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko laguntzak" izeneko B30002-B3200-7709-334100 partidaren kargura, 4. modalitatean aurkezten diren enpresentzat. Bi partida horiek 2024ko gastu-aurrekontukoak dira.

3. oinarria.–Erakunde onuradunak.

Laguntza hauek jaso ahal izanen dituzte indarreko legeriaren arabera legez eratuta dauden enpresek, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta badaude.

Kanpoan geldituko dira:

a) Beren kapital sozialean administrazio publiko batek edo batzuek % 50eko partaidetza baino handiagoa duten erakundeak.

b) Honako hauetan aritzen direnak: helduei euskara irakasten, edo beste enpresa batzuentzat euskararen arloan aholkularitza- edo normalizazio-eginkizunak betetzen, edo beste enpresa batzuei euskarazko itzulpenak egiten edo laguntza linguistikoa ematen.

c) Komunikabideak.

d) Sindikatuak.

e) Irabazi-asmorik gabeko erakundeak.

Horrez gain:

f) Enpresa batek azken bi deialdietan laguntza jaso badu 3. modalitateko ekintza puntualak soilik egiteko, deialdi honetan lehen eta bigarren modalitatean baizik ezin izanen da aurkeztu. Hots, euskara-planik ez duten lantokiek jarduera solteetarako dirulaguntza bi urtez jarraian jaso badute, eta deialdi honetan parte hartu nahi badute, beren gain hartu beharko dute, nahitaez, euskara-plana idazteko edo ezartzeko ardura (1. eta 2. modalitateak).

g) 10 langile baino gutxiagoko lantokietan, f) puntuko murrizketek ez dute eraginik izanen, eta 3. modalitatean aurkezten ahalko dira lau urtez. Epe hori amaituta, deialdira aurkezten badira, 1. eta 2. modalitateetara aurkeztu beharko dira.

h) 4. modalitatean aurkezten diren enpresetan, f) letrako murrizketek ez dute eraginik izanen.

4. oinarria.–Betebeharrak.

Onuradun izateko, betebehar hauek bete beharko dira eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dira diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

a) Legez eratua izatea eta merkataritza-erregistroan edo arauetan ezarritakoaren arabera dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

b) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

c) Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

d) Ez egotea dirulaguntzen onuradun izateko inongo debeku-egoeratan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gisan.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du sektore pribatuko enpresen ordezkaritzak, eskaera-inprimakian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez (II. eranskina).

5. oinarria.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetan kontuan hartuko dira, batez ere, enpresaren komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta enpresaren barne- eta kanpo-harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EME, IV. eranskina), barne delarik prestakuntza linguistikoa ematea jarduera profesionalari dagokionez. Erreferentziazko marko hori erabiliko da erakundean euskarak duen egoera definitzeko.

Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak direnak eta deialdian ezarritako epean egiten direnak.

Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko; hots, ez dira onartuko erakundearen ohiko gastuak. Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dute erakunde onuradunek aurkeztutako fakturetan.

5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:

MODALITATEAK

EGIN BEHARREKOA

1. modalitatea

Euskara-plana idaztea, EMEan oinarrituta (IV. eranskina).

2. modalitatea

Aldez aurretik euskara-plana idatzi bada, hura gauzatzeko ekintzak eta kudeaketa-gastuak lagunduko dira diruz, EMEa erreferentziatzat hartuta (IV. eranskina).

3. modalitatea:

EMEan (IV. eranskina) proposatutako ekintzen artetik ekintza solteak gauzatzea, beharrezkotzat jotzen badira lantokian euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, horiek gauzatzeko kudeaketa-gastuak barne.

4. modalitatea:

Lantokian euskararen erabilera sustatzeko eta zabaltzeko euskarazko eduki digitalak (webguneak eta software aplikazioak) sortzeko inbertsioak. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko.

Kanpoan geldituko dira Euskarabidearen beste laguntza-deialdi batean eta epealdi bererako diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak.

5.2. Modalitateak eta bateragarritasuna.

Gerta daiteke lantoki batzuek, urte berean, euskararen diagnostikoa egitea eta plana ezartzea. Horrelakoetan, lehen bi modalitateetara aurkeztu beharko dute.

Modalitate bati dagokion dokumentazio zehaztua aurkeztu beharko da alde batetik, eta beste modalitateari dagokiona bestetik.

5.2.1. Lehen modalitatea: euskara-plana idaztea. Zenbatekoa: 25.000 euro

Lehen euskara-plana egitera bideratutako proiektuak, edo euskara-plan bat ezartzen amaitu ondoren beste bat egiteko asmoa duten enpresei zuzendutakoak.

Proiektuek helburu izanen dute euskarari pixkanaka tokia ematea erakundearen jardunean, eta fase hauek izan beharko dituzte:

a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne-antolakuntzari dagokionez, bai erakundeak ematen dituen zerbitzuei dagokienez.

b) Euskara-plan bat diseinatzea, bai barne-antolakuntzari, bai zerbitzuak emateari dagokienez.

c) Jarduerak ezartzeko kronograma.

d) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana egiteko laguntza teknikoa (enpresak edo profesionalak kontratatzea). Kontratatutako gastuaren % 100era arte laguntzen ahalko da diruz. Kontratatuz gero, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako eskarmentua duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

b) Diruz laguntzen ahalko dira plana idatziko duten langileen gastuak. Adieraziko da zer langile arituko diren proiektua egiten, lanaldiaren zer ehuneko emanen duten horretan, eta zer ekintza eginen diren. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan ezarri beharreko plana prestatzen ematen duten lanaldiaren zatia.

Arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du, plana egiten duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III. B eranskina).

Kanpo geldituko dira koordinazio-lanak eta administrazio-kudeaketa, zeharkako gastutzat hartzen baitira.

5.2.2. Bigarren modalitatea: aurretik egindako euskara-plan bat ezartzea edo aplikatzea. Zenbatekoa: 109.000 euro.

Plan horretan honako hauek jaso beharko dira:

a) Planean finkatutako epean euskararen erabileraren eta presentziaren helburuak lortzeko garatuko diren ekintzak (EME, IV. eranskina), arduradunak, parte-hartzaileak, kostu ekonomikoa eta epeak.

b) Batetik, komunikazio-estrategia, zeinaren bidez planaren berri emanen baitzaie erakundeko gainerako kideei, eta, bestetik, motibazio-estrategia eta enpresan euskararekiko jarrera hobetzeko estrategia.

c) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtuko dituena: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana ezartzeko egindako ekintzak.

b) Plana ezartzeko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Baldin enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira plana edo haren faseren bat gauzatzeko, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako eskarmentua duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

c) Halaber, diruz laguntzen ahalko dira plana ezartzeko lanean ariko diren langileen gastuak. Adieraziko da zer langile arituko diren proiektua egiten, lanaldiaren zer ehuneko emanen duten horretan, eta zer ekintza eginen diren. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan garatuko diren ekintzak ezartzen ematen duten lanaldiaren zatia.

Arduradunak frogatu beharko du gai horri dagokionez eskarmentua duela, plana eginen duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III. B eranskina).

Kanpo geldituko dira koordinazio-lanak eta administrazio-kudeaketa, zeharkako gastutzat hartzen baitira.

d) Hizkuntza-prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere lanbide-jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta lantokiak antolatzen badu. Prestakuntza hori horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute.

5.2.3. Hirugarren modalitatea: EMEko (IV. eranskina) ekintzen artetik hautatutako neurri edo ekintza solteak, aldez aurretik euskara-planik izan gabe. Zenbatekoa: 10.000 euro.

a) Egindako ekintzen ondoriozko gastuak.

b) Ekintza horiek gauzatzeko laguntza teknikoa (enpresak edo profesionalak kontratatzea). Kontratatuz gero, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako eskarmentua duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

Laguntza horri dagokion gastua ez da izanen onartutako aurrekontuaren % 30 baino gehiago.

c) Kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada, diruz lagunduko da soilik enpresako langileek Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan ekintza zehatz horiek gauzatzen ematen duten denbora. Gastu hori ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren % 30 baino gehiago.

Arduradunak frogatu beharko du gai horri dagokionez eskarmentua duela, plana eginen duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III. B eranskina).

Kanpo geldituko dira koordinazio-lanak eta administrazio-kudeaketa, zeharkako gastutzat hartzen baitira.

d) Hizkuntza-prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere lanbide-jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta lantokiak antolatzen badu. Prestakuntza hori horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute.

5.2.4. Laugarren modalitatea: webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak, xedetzat dutenak euskara lantokian sustatzea eta zabaltzea. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko. Zenbatekoa: 12.000 euro.

a) Lantokiaren funtzionamenduarekin zuzeneko lotura duten webguneak eta software aplikazioak sortzea.

b) Lantokiaren funtzionamendurako lehendik dauden webgune eta aplikazioen eboluzioa, aldaketak, hobekuntzak eta aldakuntzak: zerbitzu, funtzionaltasun eta eduki berriak ematea; diseinua, irisgarritasuna edo egokitzapena hobetzea gailu mugikorretan erabiltzeko.

c) Webguneak eta software aplikazioak euskarara itzultzeko lanak.

Gailu mugikorretarako software aplikazioen kasuan, gutxienez Androiden eta iOSen funtzionatzeko diseinatu beharko dira.

Ezinbestekoa izanen da produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea proiektuaren barrenean.

Laugarren modalitatean ez dira diruz lagunduko honako hauek:

a) Lantokian euskara erabiltzea eta sustatzea helburu ez duten eskaerak.

b) Kapitala nagusiki publikoa duten erakunde pribatuek aurkeztutako eskaerak, edo fundazioko ondarea edo gobernu-organoen partaidetza edo zuzendaritza nagusiki publikoa dutenek aurkeztutakoak.

c) Alderdi politikoen, hauteskunde-koalizioen eta sindikatuen proiektuak.

d) Norbanakoen atariak eta webguneak.

e) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

f) Demoak eta prototipoak.

g) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza-balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.

h) Generoen arteko tratu-berdintasuna errespetatzen ez duten proiektuak.

i) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak.

j) Helduei euskara irakasteko proiektuak, edo euskara-planen gaineko aholkularitza-eginkizunak betetzekoak.

k) Euskararen kalitatea bermatzen ez duten proiektuak, hots, Euskaltzaindiak emandako arauak eta gomendioak betetzen ez dituztenak.

l) Herritar guztiei zuzenduta ez dauden proiektuak.

m) Euskara ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere edukiak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneetan edo software aplikazioetan, gastuaren zati bat baino ez da egotziko; hau da, laguntza ekonomikoa emanen zaie euskarazko edukiei soilik.

n) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, egokitzapen- eta itzulpen-lana baizik ez da aintzat hartuko.

ñ) Ez dira diruz lagunduko eskatzailearen jarduera orokorraren berezko gastuak.

o) Ez da diruz lagunduko balio erantsiaren gaineko zergaren gastua (BEZa), berreskuratu ezin duten lantokietan izan ezik.

6. oinarria.–Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako epea 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartekoa da, bi egunak barne.

7. oinarria.– Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Nahitaez telematika bidez aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskararen-presentzia-eremu-sozioekonomikoan-sustatzeko-laguntzak

Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

7.2. Dokumentazioa fitxategi bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

7.3. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ez bada, pertsona edo erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko errekerimendua eginen zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Akatsa zuzendu ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera hori deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

8. oinarria.–Dokumentazioa.

Berariazko eskaera telematikoan datuak osatu ondoren eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazi ondoren, agiri hauek erantsiko dira:

8.1. Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkariak emana, adierazten duena erakundea ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko inongo debeku-egoeratan. Debeku-egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 4. oinarriko baldintzak (II. eranskina).

8.2. Erakunde eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:

a) Eratzeko edo, kasua bada, aldatzeko eskritura, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatua, enpresa pertsona juridikoa bada.

b) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez emana.

c) Identifikazio fiskaleko kodea (IFK).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga-betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

Erakunde edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan aurkeztu zen eta noiz aurkeztu zen edo, kasua bada, administrazioak noiz eman zuen.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

8.3. Laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa eta, horrekin batera, proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek azkeneko bi urteotan plangintza linguistikoan izan duten esperientziari edo prestakuntzari buruzko adierazpena (III. eranskina).

8.4. Erakunde eskatzailea ez badago alta emanik Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidez Ordaintzeko Sisteman, edo datu horiek aldatu nahi baditu, honako esteka honetan sartu beharko ditu datuak:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta?back=true&pageBackId=5722676

8.5. Ekipo-ondasunen horniduren kasuan eta aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.

8.6. Proiektu zehatz bat, honako hauek jasotzen dituena:

a) 1. modalitatea: Enpresaren edo lantokiaren euskara-plana egiteko proposamena, garatu beharreko alderdien deskribapen labur bat duela. Hori prestatzeko, VIII. eranskina erabili daiteke eredutzat. Nolanahi ere, eredu hori erabili ezean, eranskin horretan jasotako alderdiak jaso beharko dira. Nahitaezkoa da hartan jasotako atal guztiei erantzutea. Gainera, EME koadroa eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria bete behar dira (IV. eranskina).

b) 2. modalitatea: Aldez aurretik euskara-planik baldin badago, planaren beraren kopiaz gain, ezarpen-plana ere aurkeztu beharko da, 5.2.2 oinarrian jasotzen diren atalekin. Halaber, EME koadroa bete eta aurkeztu behar da, proposatutako neurriak eta haien gastua adierazita, bai eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria ere (IV. eranskina). Halaber, eranskin horretako ibilbide-orria bete behar da, 2023ra arte egindako ekintza nagusiak urtez urte zerrendatuta, baldin eta informazio hori ez badago jada Euskarabidean.

c) 3. modalitatea: baldin eta neurri zehatzak aplikatu behar badira erakundean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, behar bezala betetako EME koadroa aurkeztu behar da, aurreikusitako gastuak adierazita, baita aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria ere (IV. eranskina).

1., 2. eta 3. modalitateetan, kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada, eskaeran zehaztu beharko da enpresako zer langile ariko den proiektua gauzatzen, eta lanaldiaren zer ehuneko emanen duen horretan.

d) 4. modalitatea: proiektuak alderdi hauek jaso beharko ditu:

–Proiektuaren deskribapen teknikoa (VI. eranskina).

–Aurrekontu zehaztua. Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta, halakorik bada, inbertsioak (hots, ekitaldi batean baino gehiagotan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik (VII. eranskina).

–Langileria gastuak (VII. eranskina, A1etik A11rako atalak), barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpoko zerbitzuak kontratatzea).

–Proiektua kudeatzeari lotutako langileria-gastuei dagokienez, langileria-gastuen gainerako zenbatekoaren % 20 hartuko da kontuan, gehienez ere (VII. eranskineko A11 atala).

Horrez gain, enpresa beste modalitateetako batera aurkezten bada, modalitate bati dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da alde batetik, eta beste modalitateari dagokiona bestetik.

Modalitate guztietan, beste edozein agiri aurkezten ahalko da, beharrezkotzat jotzen bada eskaera egoki baloratu dadin.

9. oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan.

10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

10.1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).

10.2. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura daiteke: https://dehu.redsara.es/. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

11. oinarria.–Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Erakunderen batek behar baino finantzaketa gehiago jasotzen badu, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

12. oinarria.–Balorazioa: Batzorde Teknikoa.

12.1. Balorazio Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da, eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko arduradun bat, 4. modalitateko eskaerak baloratzeko.

–Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuko teknikari bat, 1., 2. eta 3. modalitateko eskaerak baloratzeko.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko baita.

12.2. Balorazio Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

13. oinarria.–Eskabideak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

13.1. Balorazio irizpideak.

Balorazio Batzorde Teknikoak eskaerak aztertuko ditu, jarraian adierazten diren irizpideak kontuan hartuta, eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko ditu laguntzak, 5. oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraikiz.

Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.

–1. modalitatea:

Lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko, gehienez ere 100 puntu emanen dira, eta jarraian adierazten diren alderdiekin lotutako proiektuak kontuan hartuko dira. Alderdi horiek jasota daude EMEaren hiru ardatzetan, deialdi honen 5.2.1 oinarrian eta VIII. eranskinean.

Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 35 puntu gehienez.

Kanpo-harremanak: 25 puntu gehienez.

Barne-harremanak: 20 puntu gehienez.

Proiektuaren koherentzia orokorra, kontuan hartuta zer helburu planteatu diren eta zer baliabide dauden eskura, eta proposamenen originaltasuna: 20 puntu gehienez.

–2. modalitatea:

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 20 puntu emanen dira gehienez ere, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 8 puntu gehienez.

–Kanpo-harremanak: 6 puntu gehienez.

–Barne-harremanak: 6 puntu gehienez.

b) Enpresak edo lantokiak euskara-plana ezartzen egindako ibilbidea baloratuko da. Urte kopuruaren arabera puntuatuko dira ibilbidea eta planaren egonkortasuna (30 puntu gehienez).

Urte bakoitzeko aldia honela puntuatuko da: urte bat, 5 puntu; bi urte, 10 puntu; hiru urte, 20 puntu; lau urte edo gehiago, 30 puntu.

c) Memoria 10 punturekin baloratuko da gehienez ere, kontuan izanik plana aplikatzeak zer eragin izan duen honako alderdi hauetan: euskararekiko sentsibilizazioa, euskararen erabilera eta ezagutza erakundean, eta haren ikusgaitasuna erakundearen barruan zein kanpoan.

d) Langileen edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan-jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak erakunde onuradunei dokumentuak aurkezteko eskatzen ahal die, aipatu prestakuntza horretan parte hartzeari eta aprobetxamenduari buruz.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien kopurua (ehunekotan) prestakuntzan hartzen duten erakundeko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

–15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen % 40k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badute.

–15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen % 30ek edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen % 20k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–250 pertsona edo gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen % 10ek edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

Prestakuntzaren gutxieneko ehunekoa lortzen ez denean 40 puntuak jasotzeko, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den erakundea, tamainaren arabera.

–3. modalitatea:

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

–Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.

–Kanpo-harremanak: 20 puntu gehienez.

–Barne-harremanak: 15 puntu gehienez.

b) Langileen edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan-jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak erakunde onuradunei dokumentuak aurkezteko eskatzen ahal die, aipatu prestakuntza horretan parte hartzeari eta aprobetxamenduari buruz.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien kopurua (ehunekotan) prestakuntzan hartzen duten erakundeko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

–15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen % 40k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen % 30ek edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen % 20k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

–250 pertsona edo gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen % 10ek edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

Prestakuntzaren gutxieneko ehunekoa lortzen ez denean 40 puntuak jasotzeko, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den erakundea, tamainaren arabera.

–4. modalitatea:

a) Euskararen ikusgaitasuna IKTen ingurunean: 55 puntu gehienez. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan:

–Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna: 10 puntu.

–Proiektuaren hizkuntza-kalitatea zaintzeko neurriak: 15 puntu.

–Izaera berritzailea antzeko proiektuen aldean: 15 puntu.

–Proiektuak zenbateko eragina daukan euskara pizteko enpresan eta kanpo-harremanetan: 15 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasun teknikoa: gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

–Proiektua planifikatzeko proposamena: 15 puntu.

–Diseinuaren eta irisgarritasunerako neurrien proposamena: 5 puntu.

–Aplikazioaren multiplataforma exekutatzeko neurriak: 10 puntu.

–Hedapen-neurriak: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 5 puntu.

c) Kode irekia erabiltzea: 10 puntu.

Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak jasotzen baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

13.2. Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Balorazio Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntuen sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak eurotan duen balioa.

c) Lehenbiziko hiru modalitateetan soberakinik bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 2. modalitateko eskatzaileen artean banatuko dira, proportzioan.

d) Laugarren modalitatean soberakinik bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten modalitate honetako eskatzaileen artean banatuko da.

14. oinarria.–Ebazpena.

14.1. Ikusik Baloraziorako Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere hiru hilabetean eman ere, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

14.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza eta, hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

14.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen webgunean argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.

14.4. Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Erakunde edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian ere mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate- eta zabalkunde-jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

16. oinarria.–Gardentasun-betebeharrak.

16.1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako erakunde pribatuak behartuta daude gardentasun-betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, betiere 5.000tik gorako kopurua bada.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian erakundearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra.

16.2. Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik behartuta badaude gardentasun betebeharra betetzera, jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute telematika bidez, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, deialdiaren fitxan:

a) Erakundearen gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-eginkizunetan ematen den arduraldiaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.3. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko du aipatutako informazioa, deialdiaren fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskararen-presentzia-eremu-sozioekonomikoan-sustatzeko-laguntzak

16.4. Erakundeak ez badu gardentasun-betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

16.5. Erakundeak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

16.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16.7. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun-betebeharrak.

16.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

17. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, jardueren memoria eta 19. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, proportzioan gutxituko da eman den zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik eta edozein motatako erakunde eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

18. oinarria.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta epeak.

Erakunde onuradunek, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egin ondoan, 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako eta fakturatutako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Beranduenez 2024ko urriaren 14an aurkeztu beharko dira Euskarabidean aldi horretan (2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte) gauzatutako eta fakturatutako jardueren frogagiriak, eta egun horretara arte ordaindutako fakturak onartuko dira.

Ez da beharrezkoa izanen finantza- eta zerga-gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak egun horretarako ordainduak izatea, baldin eta ezinezkoa bada horiek lehenago ordaintzea borondatezko likidazio-aldia hasi ez delako.

19. oinarria.–Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa.

Erakunde onuradunek deialdi honen fitxaren bitartez aurkeztu beharko dute dokumentazioa:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskararen-presentzia-eremu-sozioekonomikoan-sustatzeko-laguntzak

Honako hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastuak justifikatzeko, modalitate guztietan, V. eranskina (Gastuak eta dirulaguntzak) bete eta aurkeztu behar da. Halaber, gastuen frogagiriak eta banku-ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, BEZik gabe, laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretako gordeko du pertsona edo erakunde interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

Zerrendako gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Halaber, ahal den heinean, gastuen kontzeptuek eta horien frogagiriek izen bera izanen dute, argi eta garbi jakin ahal izateko zer kontzepturi dagokion faktura bakoitza.

V. eranskina (Gastuak eta dirulaguntzak) Excel formatuan beteko da, deialdi honetan onetsitako ereduari jarraikiz.

Kolaborazio-lanak egiten dituzten pertsona edo erakundeei egindako ordainketak justifikatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera betetako fakturak aurkeztu beharko dira.

Baldin eta enpresa barneko langileek egiten badituzte laguntza teknikoko lanak, enpresak egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, arduradunak sinatua, eta hartan jasoko da zein egunetan eta zenbat orduz aritu diren langile horiek proiektuko jarduerak egiten, baita lan horien zenbatekoa ere, zeregin bakoitzari dagokiona zehaztuta. Halaber, nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak aurkeztu beharko dira, eta horiek ordaindu izana egiaztatzen duten agiriak.

Euskarabideak egokitzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko die pertsona edo erakunde interesdunei, haien egiazkotasuna egiaztatzeko eskatzen ahalko du. Eskaerari erantzun ezean, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahalko ditu.

b) Memoria:

–Lehen modalitatea: Memorian euskara-plana jasoko da, deialdi honen 8.6 oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Bigarren modalitatea: Zer jarduera egin diren, jarduera horiek zer neurritan hobetzen dituzten EMEko adierazleak, kronograma eta ebaluazioa, EMEko adierazleak erabilita.

  • Horrez gain, plana hasi zenetik diruz lagunduko den aldia bukatu arte egindako jarduerak zerrendatuko dira, urtez urte.
  • Gutxienez 2 urtez euskara-plan bat martxan jarri duten enpresek honako hauen balorazio kualitatiboa eta kuantitatiboa ere jasoko dute memorian: euskararekiko sentsibilizazioa, euskararen erabilera eta ezagutza enpresan eta hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan zein barnean.
  • Memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da.
  • Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 15. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: webguneak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

–Hirugarren modalitatea: Egindako jardueren memoria.

Memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da.

Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 15. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: webguneak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

–Laugarren modalitatea: Proiektuaren memoria (VI. eranskina) eta aurrekontu xehatua (VII. eranskina).

20. oinarria.–Jardueren kontrola.

20.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

20.2. Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia-erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

Laguntza hauen onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

20.3. Pertsona edo erakunde onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta agiri guztiek emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna, rol aniztasuna, berdintasuna eta bizikidetza sustatuko dituzte.

21. oinarria.–Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

21.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ez da ordainketa partzialik eginen, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

21.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

22. oinarria.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

22.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

22.2. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru-agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

22.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA.–Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena.

III. A. ERANSKINA.–Adierazpena, laguntza teknikoa emanen duen enpresak/profesionalak duen prestakuntzaren/eskarmentuaren gainekoa.

III. B. ERANSKINA.–Adierazpena, enpresan proiektua gauzatuko duten barne-langileen prestakuntzaren/esperientziaren gainekoa (enpresaren ordezkariek bete beharrekoa).

IV. ERANSKINA.–ME koadroa, aurrekontu-orria eta ibilbide-orria.

–Justifikazioa:

V. ERANSKINA.–Gastuak, dirulaguntzak eta balantzea.

VI. ERANSKINA.–Proiektuaren deskribapen teknikoa.

VII. ERANSKINA.–Proiektuaren aurrekontua.

VIII. ERANSKINA.–Euskara Plana.

Iragarkiaren kodea: F2407083