95. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Aldaketa ordenantza honetan: ordenantza, tasak arautzen dituena ibilgailuak espaloietan sartzeko eta bide publikoa erreserbatzeko, aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako. Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2023eko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa bat honako ordenantza honetan: ordenantza, tasak arautzen dituena ibilgailuak espaloietan sartzeko eta bide publikoa erreserbatzeko, aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako. Erabaki hori 2024ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 5ean.

Jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da ordenantza horren aldaketa, eta argitara ematen haren testu bategina, onetsitako aldaketa guztiekin, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2024ko apirilaren 16an.–Alkatea, M.ª Carmen Segura Moreno.

TESTU BATEGINA

ORDENANTZA, TASAK ARAUTZEN DITUENA IBILGAILUAK ESPALOIETAN SARTZEKO ETA BIDE PUBLIKOA ERRESERBATZEKO, APARKALEKU ESKLUSIBORAKO EDO EDOZEIN SALGAIREN ZAMALANETARAKO

1. artikulua. Ordenantza hau honako lege testu hauen babespean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduko 93-96 artikuluak, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak.

Pasabidea egitean ez da aldatuko sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten tokiak markatutako lerroan

Pasabidea da bide publikoko espaloiaren eta zintarriaren egituran egiten den edozein aldaketa, xede bakar honekin: ibilgailuak aurreko higiezinetara sartu ahal izatea.

2. artikulua. Zergapeko egintza da bide publiko edo erabilera publikoko lurretan honako aprobetxamendu hauek egitea Alesbesko (Nafarroa) udalerriaren jurisdikzioan:

a) Erabilera pribatuko eraikin eta orubeetan 2 gurpil edo gehiagoko ibilgailuek sarbidea edo pasabidea izatea, sestra aldaketa eginez nahiz egin gabe.

b) Erabilera publikoko bide eta lurretan lekua erreserbatzea salgaien zamalanak egiteko. Udalak erabakiko du non egiten ahalko diren erreserbak, enpresak edo partikularrek eskaturik.

c) Erabilera publikoko bide eta lurrak erreserbatzea entitate edo partikularren zerbitzurako ibilgailuak aparkatzeko; aparkatzeko eskubidea duten ibilgailuen matrikulak agertu beharko dira haien plaketan. Ulertzen da pasabide bakoitzean bi ibilgailu erreserbatzen direla, eta, hortaz, plaketan agertzen diren matrikulen letra eta zenbakiek bat egin beharko dute titular erabiltzaileen ibilgailuek dituzten matrikulekin.

Titularrak izendatzen dituen udal langileek edo pertsona eskudunek eginen dituzte pasabideak edo ibilgailuen sarbideak eraiki, aldatu edo kentzeko obrak, betiere udal zerbitzuek ikuskaturik.

Pasabideen zolak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) 3 tonako ibilgailuak edo arinagoak pasatzeko: espaloia bezalakoa izanen da, hormigoizko 10 cm-ko oinarria duena eta lur finkatuaren gainean 300 kg-ko dosifikazioarekin.

b) 3 tonatik goitiko ibilgailuak pasatzeko: espaloia bezalakoa izanen da, hormigoizko 30 cm-ko oinarria duena eta lur finkatuaren gainean 300 kg-ko dosifikazioarekin.

Pasabideak gau eta egun erabiltzeko ematen dira. Beraz, ibilgailuak hogeita lau orduz pasatzen ahalko dira pasabideetan barna. Aldiz, debeku da ibilgailuak pareko galtzadan aparkatzea, pasabidearen titular bakarrarenak izan ezik.

Pasabideak atearen luzera bera izanen du, zintarriaren gainean neurtuta, eta 3,5 metro lineal, gutxienez, izanen ditu. Dena den, haren luzera handitzen ahalko da, pasabidearen titularrak eskatuta. Luzera handitzeko, Udaleko zerbitzu teknikoek aldez aurretik eman beharko dute aldeko txostena, kontuan hartuta garajeetara sartzeko eta handik irteteko zailtasunik dagoen. Edonola ere, ezin izanen dira ukitu ondoko jabetzetarako pasabideak.

Gatazkarik badago egungo titularren eta titular izan daitezkeenen artean pasabideen kokalekuari eta luzerari buruz, Udalak ebatziko du afera, Udalaren zerbitzu teknikoek aldez aurretik emandako txostenaren bidez. Ahalegina eginen da bermatzeko inplikatutako guztiek behar bezala eskuratu eta erabiltzen dutela ordenantza honetan araututako pasabideetarako eskubidea.

Pasabidea jarri asmo den kaleko zabalera dela-eta ezinezkoa bada higiezinera sartzea edo handik irtetea baldin eta kalearen beste aldean beste ibilgailu bat badago aparkatuta, eskatzen ahalko da alde horretan lerro hori bat margo dezatela, pasabideak araututako eskubidea bermatzeko. Horretarako, dena den, Udaleko zerbitzu teknikoen aldez aurreko txostena beharko da.

3. artikulua. Honako hauek daude ordaintzera behartuta:

a) Udal lizentzien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Ibilgailuendako sarbideak eta pasabideak zer eraikinetan ezarri diren, haien jabeak.

c) Ordenantza honen 2. artikuluko b) eta c) apartatuetako aprobetxamenduez baliatzen diren entitate edo partikularrak.

4. artikulua. Ordenantza honetako tasaren zenbatekoa finkatzeko, ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako espaloiaren eta/edo bide publikoaren azalera hartuko da kontuan, eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

Kontzeptu honengatik ordaindu behar dute pasabiderako lizentziaren titular guztiek; haren ordainketa lizentziaren titularraren kontura izanen da; kuota urtean behin ordaindu beharko da Udal honetako Diruzaintzan, urtearen lehen seihilekoaren barnean. Eranskinean dago zehaztuta edozein kategoriatako kontzesiodunek zenbat ordaindu behar duten urtean pasabide bakoitzeko.

5. artikulua. Halako pertsona, entitate publiko edo pribatu batzuk ez dira behartuak egonen prezio publiko hauek ordaintzera baldin eta Udalbatzak, osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, deklaratzen badu horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak mesedegarriak direla komunitatearendako. Orobat, ordaintzetik salbuetsita egonen dira ibilgailu ofizialendako baizik egiten ez diren pasabideak.

Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak Alkatetzak zehazturiko ikur batean agertuko dira; ikur hori pasabidearen atean jarri beharko da.

6. artikulua.

1. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean tokiko jabari publikoa hondatzea edo narriatzea, onuraduna beharturik egonen da halakoak berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, eta aurretiaz zenbateko hori gordailutzat uztera. Horretaz gain, dagokion prezio publikoa ere ordaindu beharko du.

2. Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kalteek eraginiko narriadura norainokoa den, horrenbesteko kalte-ordaina emanen zaio Udalari.

Toki erakundeak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.

3. Debeku da ibilgailuak bide publikotik higiezin edo etxebizitzetara sartzea behin-behineko edo egoera bakar baterako elementu mugikorrak, arrapalak, oholak, etab. erabiliz, arrazoi baliozkoengatik baimen berezia ematen denean izan ezik.

7. artikulua. Pasabideak gau eta egun erabiltzeko ematen dira. Pasabideak gau eta egun erabiltzeko direnez, ibilgailuak hogeita lau orduz pasatzen ahalko dira pasabideetan barna. Aldiz, debeku da ibilgailuak pareko galtzadan aparkatzea, pasabidearen titular bakarrarenak izan ezik.

8. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua ematen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada. Tasa sortuko da urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean. Urtean behin bakarrik sortuko da, eta urte natural osoa hartuko du.

a) Finken jabeek eta negozioetarako lokaletako maizterrek soilik eskatzen ahalko dute pasabiderako lizentzia eta haren titular izan, pasabidea noren zerbitzurako eskatzen den. Titularra da beti pasabiderako lizentziak sortutako betebehar guztien erantzule.

b) Pasabiderako lizentziaren kontzesioa modu diskrezionalean emanen da beti, prekarioan eta hirugarrenei kalte egin gabe. Hortaz, ez du titularrarendako eskubide subjektiborik sortzen eta hark kendu eta espaloia eta zintarria lehengoratu beharko ditu, bere kontura, Udalak horren errekerimendua egiten badio.

9. artikulua.

1. Espaloian barna ibilgailuak sartu ahal izateko obrak egin behar eta horien ondorioz zoladuran mugimenduren bat egin beharra baldin bada, aldi berean pasabidea egiteko lizentzia eskatuko da eta "Erabilera publikoko lurretan zangak irekitzeko eta bide publikoko zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egiteko aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza"n ezarritako prezio publikoak ordainduko dira.

2. Pasabidea egiteko lizentzia eman ahal izateko, pasabide horrek baimena izan beharko du eta, kasua bada, prezio publikoak ordaindu beharko dira eta gordailua egin beharko da.

3. Gordailua lotu daiteke indarreko araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin.

10. artikulua. Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera beharturik daude eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak segida duela ulertuko da, harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

a) Pasabiderako lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek honako hauek frogatu behar dituzte:

a.1) Etxebizitzak badira: eraikinak legez edukitzea garajea edo garaje-aparkalekua edukitzeko betebeharra edo eraikinak garaje bat edukitzea, ibilgailu baterako edo gehiagorako.

a.2) Merkataritza, industria eta negozioko establezimenduak badira:

–Haien ezaugarriengatik ibilgailuak sartu eta ateratzen ibili behar izatea.

–Behar adina leku izatea beti libre ibilgailu bat edo gehiago sartzeko eta beste helbururik gabe, zamalan astunetan izan ezik.

Pasabidearen lizentziaren titularrek Udal Administrazioari baimena eskatu beharko diote bertan edozein aldaketa egiteko. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan ezarritako tramite eta baldintzak bete beharko dira.

11. artikulua. Udalaren Ikuskatzailetzak eta Udaltzaingoak, baldin aprobetxamendu hori egiten duen lokalik edo lekurik ikusten badute, pasabide lizentziarik gabe, horren berri emanen diote Udalari.

Pasabidearen titularrak honako betebeharrak izanen ditu ezinbestean:

a) Pasabidea eta diskoak ongi zaintzea. Udalak emanen dio diskoa, behar den zenbatekoa ordaindutakoan.

b) Pasabidean obrak egitean Udalak zehazten duen araudia betetzea eta Udalak agintzen dituen modu eta materialak aplikatzea, zeren hori betetzen ez bada, Udalak eginen baitu, interesdunaren bizkar.

Pasabiderako lizentziak baliorik gabe geldituko dira besterik gabe ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar bete gabe utziz gero.

12. artikulua. Iruzurtzat hartuko da behar den baimena eskatu gabe aprobetxamendua egitea.

Behar den baimena eskuratu gabe pasabidea eginez gero, titularra izatea dagokion pertsonari errekerimendua eginen dio Udalak, 15 eguneko epean espaloia lehengoratzeko, bere bizkar. Nolanahi ere, pasabideak ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen baditu, arau-hausleak pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko du, urtebeteko tasak halako bi ordainduta.

Epe hori lizentzia eskatu gabe edo espaloia lehengoratu gabe iraganik, udal agintaritzak sei euroko isuna ezarriko dio arau-hausleari arau-hausteak irauten duen egun bakoitzeko. Isuna gehienez ere 600 eurokoa izaten ahalko da.

13. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta bat heldu diren arauetan agindutakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

ORDENANTZA HONEN PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA: ORDENANTZA, TASAK ARAUTZEN DITUENA IBILGAILUAK ESPALOIETAN SARTZEKO ETA BIDE PUBLIKOA ERRESERBATZEKO, APARKALEKU ESKLUSIBORAKO EDO EDOZEIN SALGAIREN ZAMALANETARAKO

Hauek dira ordenantza honetan aplikatu beharreko zenbatekoak:

I. epigrafea.–Lekua erreserbatzea.

I.1. Gau eta eguneko pasabidea.

–3,50 metro lineal arte: 62,54 euro urtean.

–0,50 metroko tarte gehigarri bakoitza: 10,53 euro urtean.

Txandakako aparkatzeko debekua duen kale bateko bi espaloietan baimendurik badago erreserba egitea, tarifa finkatuko da luzera handiena duen aldearen neurriak azterturik.

I.2. Tokia erreserbatzea zamalanetarako (2.b artikuulua) edo entitateei edo partikularri zerbitzu egiteko (2.c artikulua).

–5 metro lineal arte: 30 euro urtean.

–Metro gehigarri bakoitzeko: 10 euro urtean.

Iragarkiaren kodea: L2406111