93. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

282E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 3koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez erakunde sindikalentzako dirulaguntza deialdi bat onesten baita laneko arriskuei buruzko proiektuak aurrera eramateko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 753043.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 14. artikuluak ezartzen du langileek eskubidea dutela laneko segurtasun eta osasun arloan benetako babesa izateko, eta enpresaburuak bere zerbitzuan dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu behar dituela lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.

Laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketan txertatzea, arau-eskakizun bat izateaz gain, prebentzio-eraginkortasunarekin lotutako behar bat ere bada, haren arrakasta bi faktoreren mende baitago: lehenik, horretarako kultura lantzea, enpresaburuek laneko arriskuen prebentzioarekin duten konpromisoari lotua; bigarrenik, langileek eta haien legezko ordezkariek enpresaren prebentzio sisteman aktiboki, berez eta kontzienteki parte hartzeko prozedurak eta praktikak egotea.

Nafarroan prebentzio politikak aplikatzeko asmoz, egoki ikusi da erakunde sindikal nagusiek lan istripuen aurka borrokatzeko dituzten baliabideak indartzea, entitate horiek, beren ekintza sindikalaren bidez, Nafarroako enpresa gehienetara iristeko ahalmena dutelako.

Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 6. artikuluak adierazten duenez, sindikatu jakin batzuei aitortutako ordezkaritza sindikal handiagoa izateak posizio juridiko berezia ematen die, bai parte-hartze instituzionalari begira, bai ekintza sindikalari begira.

Horregatik, egokitzat jotzen da dirulaguntza batzuk ematea laneko arriskuen prebentzioari buruzko proiektuak gauzatzen dituzten Nafarroako erakunde sindikal nagusiei, prebentzioaren kultura sustatzeko asmoz.

Dirulaguntza hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoa dago (245. zenbakia).

Adierazitakoarekin bat, eta Eskubide Sozialetako Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Erakunde sindikalentzako dirulaguntza deialdi bat onestea laneko arriskuei buruzko proiektuak aurrera eraman ditzaten.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

970000-97000-4819-494124: Ekintza sindikala laneko arriskuen prebentzioaren arloan

2024

400000,00

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko apirilaren 3an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honetako laguntzen helburua da Nafarroan lantoki bat daukaten enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren kultura sustatzea, lan istripuen tasa murrizteko asmoz.

Horregatik, aurreikusi da dirulaguntzak ematea enpresa horientzat laneko arriskuen prebentzioari buruzko proiektuak egiten dituzten Nafarroako erakunde sindikal nagusiei.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke, dirulaguntza eskatzen den unean, Nafarroan ordezkaritza izateaz gainera, honako baldintza hauek betetzen dituzten erakunde sindikalak:

a) Ordezkarien %10 edo gehiago izatea Nafarroako administrazio publiko eta enpresetan. Ordezkaritza hori Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroaren bidez ziurtatzen ahalko da.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidean ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuek bete beharreko baldintzak.

1. Laneko arriskuen prebentziorako proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte dirulaguntza jasotzeko:

a) Laneko arriskuen prebentzioaren arloan sentsibilizatzeko, aholkatzeko eta informatzeko ekintzak jasotzea.

b) 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitartean garatzea.

2. Entitate bakoitzari proiektu bakar baterako dirulaguntza emanen zaio.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, baldin eta 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte fakturatzen badira:

a) Entitateak, proiektua gauzatzeko lanetan zuzenean aritzeko, kontratatzen dituen teknikarien gastuak, proiektuan diharduten bitartean. Kontzeptu honengatik, gehienez 50.000 euroko soldata-kostua izanen da diruz lagungarria lanaldi osoan urte osorako kontratatzen den pertsona bakoitzeko, eta proportzionalki murriztuko da urte osorako edo lanaldi osokoa ez bada.

b) Entitateak proiektuan laguntzeko kontratatzen dituen administrazio langileen gastuak, lan horietan diharduten bitartean.

c) Proiektuko ekintzak aurrera eramateko langile horien joan-etorrien gastuak, joan-etorri horiek kasuan kasuko nominaren bidez ordaintzen direnean.

d) Aurkezten den proiektuko ekintzekin lotutako edukiak zabaltzeko gastuak, zabalkunde hori materialen eta komunikabideen bidez egiten denean.

Eduki horien zabalkundean ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

Ez dira kontzeptu honetan sartzen langileria gastuak.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Proiektuen xedeko enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak egiteak eragindako gastuak, baldin eta jarduketa horiek enpresak berak nahitaez egin beharrekoak badira prebentzio lana antolatzeko modalitateren baten bitartez.

b) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

3. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, baimendutako gastu guztia banatuko da deialdian parte hartzen duten erakunde sindikalen artean, 2023ko abenduaren 31n ezarritako ordezkaritza sindikalaren ehunekoekiko proportzioan.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb), eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskabidearekin batera, egin asmo diren jarduketen proiektua aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: helburu eta adierazleak; aurreikusitako kronograma; memoria ekonomikoa eta dirulaguntzaren xede diren gastu guztien aurrekontu xehatua, 4. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egotz dakiokeen ehunekoa eta guztizko zenbatekoa adierazita (langileria gastuak, joan-etorrietakoak eta zabalkundekoak); proiektuan arituko diren prebentzioko teknikarien kopurua; pertsona bakoitzaren kostua eta lanorduak.

Proiektuaren erredakzioan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagoka izanen da; beraz, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, 4.4 oinarrian (ordezkaritza sindikala) adierazitako ordezkagarritasunaren araberako lehentasun-ordena ezartzeko, eta dirua banatuko da deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.

Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, proiektuak jarduteko gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituen ikusiko du, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, adieraziz onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2024ko azaroaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute egindako proiektua, egun hori barne. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Memoria teknikoa, non justifikatuko baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua.

Zabalkunde gastuak baldin badaude, zabaldu den materialaren edukia aurkeztu beharko da, bai eta materiala zabaldu eta jaso dela frogatzen duen dokumentazioa ere.

b) Onuradunak 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitartean proiektua gauzatzeko egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

2. 2025eko otsailaren 28a baino lehen (egun hori barne), onuradunek dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bitartez:

a) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izen-zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–2024ko azaroaren 30era arte egindako fakturak eta 2023ko abenduaren 1etik 2025eko otsailaren 28ra bitartean egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dutenak.

b) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

3. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan erredaktatu beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Erakunde onuradunek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute uztailaren 31 baino lehen, eta, horretarako, egikaritze-memoria bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita emandako zenbatekoaren gutxienez %30 egikaritu dela.

2. Gainerakoa 2024ko abenduan ordainduko da, 7.1 oinarriaren arabera justifikatu ondoren.

3. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.

4. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

5. 7.2 oinarriaren arabera aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpen proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.

6. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpena, 7.2 oinarriko frogagiriak aurkezten direnetik kontatzen hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua aurrera eramatea eta justifikatzea 7. eta 8. oinarrietan ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik beherakoa bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb).

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2405606