93. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

902/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, deialdi bat onesten da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Adar Ekonomikoko OLko teknikari izateko lanpostu bat (A mailakoa) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen salbuespenezko promozio prozesu bat onetsi zen, baita prozesu horren ezaugarriak ere.

Prozesu hori gauzatzeko, deialdi bat onesten da plantillan existitzen den baina bete gabe dauden Adar Ekonomikoko OLko teknikari izateko lanpostu bat (A mailakoa) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan Adar Ekonomikoko OLko teknikari izateko lanpostu bat (A mailakoa) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaprobetarako deialdia.

Bigarrena.–Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, zeinak ebazpen honi erantsi baitzaizkio.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN ADAR EKONOMIKOKO OL-KO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTU BAT (A MAILAKOA) BARNE IGOERAKO PROZEDURA MURRIZTUAN ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Adar Ekonomikoko OLko teknikari izateko lanpostu bat (funtzionarioen araubidekoa eta A mailakoa) barne-igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea da. Oinarri hauen II. eranskinean ageri da zein diren lanpostuaren zenbakia, baldintzak eta lantokia.

1.2. Honako hauek arautuko dute deialdi hau: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1985eko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera aplikatzekoak diren gainerako arauak.

1.3. Osotara lortutako puntuazioaren arabera esleituko da lanpostua.

1.4. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=5&submenu=yes&languageId=100001

2.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zerbitzuko karrerako funtzionario izatea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

d) Ekonomiako edo Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako lizentzia edo gradu titulua edo haien baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste lanpostu finko edo aldi baterako lanpostu batean ari bada lanean.

f) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.

2.2. Aurreko baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean bete beharko dira, eta hautaketa-prozedurak dirauen bitartean eta lanpostuaz jabetu arte mantendu.

3.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeren aurkezpen telematikoa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Deialdi honen 2.1.d) oinarrian eskatutako titulazioaren baldintza betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia.

b) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001

3.4. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea eta deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.

4.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

4.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

5.–Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

5.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

  • Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

  • Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

  • Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

  • Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

  • Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

5.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

5.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

5.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

5.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

6.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizio-fasea lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketa-fasea.

6.2. Oposizio-fasea 2024ko urritik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizio-fasearen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahai kalifikatzaileak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahai kalifikatzailearen iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

6.3. Oposizio-fasearen probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

6.4. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

6.5. Oposizio-fasean honako proba hauek egin beharko dira:

6.5.1. Lehenbiziko proba.

I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak erantzun-aukera batzuk izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:

Nota =

Erantzun zuzenak –

Akatsak

k - 1

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; bi ordu gehienez ere.

6.5.2. Bigarren proba.

Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako gaiei buruzko galderak eta/edo kasu teoriko-praktikoak idatziz erantzun beharko dira.

Baliteke proba hau ordenagailuz egin behar izatea, Microsoft Officeko tresnekin.

Proba hau egiteko, izangaiek programatu ez daitekeen kalkulagailua erabiltzen ahalko dute.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, ariketak egiteko zenbat denbora izanen den; 3 ordu gehienez ere.

6.5.3. Hirugarren proba.

I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko kasu praktiko bat ebatzi beharko da, geroago ahoz azaldu eta defendatuko dena. Epaimahai kalifikatzaileak bi kasu praktiko proposatuko ditu, eta izangaiak horietako bat aukeratuko du.

Izangaiek nahi duten dokumentazioa ekarri eta erabiltzen ahalko dute, baita epaimahai kalifikatzaileak emanda tokian bertan egonen diren bitartekoak eta baliabideak ere.

Epaimahaiak ezarriko du, hirugarren proba hori hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den hura egiteko; bi ordu gehienez ere.

Geroago, epaimahai kalifikatzaileak izangaiei dei egingo die kasuaren ebazpena ahoz azaldu eta defenda dezaten, jendaurreko bilkuran, gehienez ere 60 minutuz. Azalpena eman ondoren, epaimahai kalifikatzaileak izangaiarekin hitz eginen du, gehienez ere 15 minutuz, egindako azalpenarekin eta defentsarekin lotutako gaiei buruz.

6.6. Oposizio-faseko proben balorazioa.

Oposizio-faseko proben balorazioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

6.6.1. Lehenbiziko proba (30 puntu gehienez):

0tik 30era kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.6.2. Bigarren proba (20 puntu gehienez):

0tik 20ra kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.6.3. Hirugarren proba (20 puntu gehienez):

0tik 20ra kalifikatuko da.

Proba baztertzailea izanen da, eta proban gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.7. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.

6.8. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

6.9. Lehiaketa-fasea eta balorazioa.

6.9.1. Epaimahaiak, jarraian, lehiaketa-fasea eginen du oposizio-fasea gainditu duten izangaiekin.

Oposizio-fasea gainditu duten izangai guztiek modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu dokumentu horiek lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu, eta epaimahaiari helaraziko zaizkio barema ditzan.

6.9.2. Alegatutako merezimenduak deialdi honen III. eranskinean ezarritako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahai kalifikatzaileak.

Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

6.9.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.

Epaimahai kalifikatzaileak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu eta agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman apartatu bakoitzean.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie epaimahai kalifikatzaileak izangaiei.

6.9.4. Izangai bakoitzak baremoko atal bakoitzean dituen merezimenduak baloratuko ditu epaimahaia kalifikatzaileak, eta ezin izanen du inola ere segurutzat jo alegatu ez den edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, ezta atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagoa eman ere.

Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa aztertzen denean ondorioztatu egiten bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, horiengatik emandako puntuazioa kenduko zaio, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.9.5. Merezimenduen balorazioa amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, horiek argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, izangaiek merezimenduen balorazioari dagokionez erreklamazioak egin eta beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

6.9.6. Epaimahai kalifikatzaileak, egiten diren erreklamazioak ebatzirik, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan, lortutako puntuazioen arabera ordenatuak betiere. Zerrenda argitaraturik, bukatutzat emanen da lehiaketa-fasea.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Lehiaketa-fasearen eta oposizio-fasearen puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.

7.2. Prozeduran parte hartzen duten izangaien puntuazioan berdinketarik bada, oposizio-fasean puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak iraunez gero, III. eranskineko merezimenduen baremoaren a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da; irizpide hori aplikaturik ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da apartatu horren barrenean nork lortu duen puntuaziorik handiena azpiapartatu bakoitzean, zerrendaturik dauden ordenan.

Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, epaimahai kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren deituretatik eta izenetik abiatuta.

7.3. Oposizio-fasea eta lehiaketa-fasea bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak, eta lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, fasetan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzukoei emanen die aditzera.

8.–Lanpostua betetzeko proposamena.

Epaimahaia kalifikatzaileak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari, espediente osoarekin batera, oposizio -eta lehiaketa-faseak gainditu dituzten izangaietako lehenbizikoa izenda dezan deialdiko lanpostua betetzeko. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

9.–Izendapena.

9.1. Errektoreak izendapen proposamenean dagoen izangaia Adar Ekonomikoko OLko teknikari izendatuko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen baten bidez.

9.2. Izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko du izendatuak lanpostuaren jabetza.

9.3. Adierazitako egunean, ezinbesteko kasuetan salbu, proposatutako izangaiak lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adar Ekonomikoko OLko teknikari izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, gaindituen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea.

9.4. Izangairen bat Adar Ekonomikoko OLko teknikari bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute indarra duen araudian aurreikusitako kasuren batean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 9.3 oinarrian xedatutakoaren arabera.

10.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

11.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1 gaia.–Kontabilitate publikoa. Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra (EHA/1037/2010 Agindua, 2010eko apirilaren 13koa).

2 gaia.–Unibertsitateetarako Kontabilitate Analitikoaren eredua. Administrazio Erakundeetarako Kontabilitate Analitiko Normalizatuaren eredua zehaztea (CANOA).

3 gaia.–Sektore publikoan urteko kontu bateratuak formulatzeko arauak (HAP/1489/2013 Agindua, 2013ko uztailaren 18koa).

4 gaia.–Kapitalizazio sinplea eta konposatua.

5 gaia.–Errentak, maileguak eta jesapenak.

6 gaia.–Posizio-, sakabanatze-, kontzentrazio- eta forma-neurriak.

7 gaia.–Erregresioa eta korrelazioa.

8 gaia.–Zenbaki indizeak.

9 gaia.–Denborazko serieak.

10 gaia.–Aurrekontua: kontzeptua eta edukia. Aurrekontuaren printzipio klasikoak eta haien krisia. Aurrekontuen inguruko teknikak: aurrekontu administratibotik aurrekontuak egiteko teknika modernoetara. Zero oinarriko aurrekontua.

11 gaia.–Aurrekontu-orekaren eta hazkunde eta egonkortasun ekonomikoaren arteko lotura. Diziplina fiskala Europar Batasunean: Europako Itun Fiskala.

12 gaia.–Espainiako legeak aurrekontu egonkortasunerako: 2/2012 Lege Organikoa, 2012ko apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.

13 gaia.–Nafarroako Ogasun Publikoa. Foru sektore publikoaren aplikazio eremua eta antolaketa. Nafarroako Ogasun Publikoaren eskubide publiko eta pribatuak. Nafarroako Ogasun Publikoaren betebeharrak.

14 gaia.–Nafarroako Aurrekontu Orokorrak. Edukia eta prestaketa. Aurrekontu egitura. Aurrekontua gauzatzea eta kudeatzea. Aurrekontuaren likidazioa eta itxiera.

15 gaia.–Kontrola eta auditoretza sektore publikoan. Auditoretzaren printzipioak eta arauak. Auditoretza-txostena. Barne kontrola. Kanpo kontrola eta organo instituzionalak.

16 gaia.–Europar Batasunaren aurrekontua. Ezaugarri orokorrak eta bilakaera historikoa. Diru-sarreren eta gastuen alderdi orokorrak.

17 gaia.–14/2011 Legea, 2011ko ekainaren 1ekoa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoa, eta haren aldaketak (17/2022 Legea, 2022ko irailaren 5ekoa).

18 gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2021-2023ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak. Espainiako Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.

19 gaia.–I+G+b-ko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak. Europako esparru-programak eta eskualdeko lankidetzako INTERREG programa. Europar Batasunaren Horizon Europe programa: edukiak, egitura, tresnak eta parte hartzeko modalitateak.

20 gaia.–Next Generation EU Errekuperazio Funtsa. Funtsaren testuingurua, definizioa eta osaera. Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Plana: definizioa, helburu orokorrak eta egitura. HFP/1030/2021 Agindua, 2021eko irailaren 29koa, Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena.

21 gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren araubide juridikoa. Jarduteko printzipio orokorrak. Antolaketa eta funtzionamendua. Erakunde publikoak eta mendeko beste erakunde batzuk. Herritarren eskubideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan.

22 gaia.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea I. Aplikazio eremua eta arau orokorrak. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratuetarako xedapen komunak. Esleipenaren aurreko jarduerak.

23 gaia.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea II. Esleipena, perfekzioa eta formalizazioa. Kontratu publikoak gauzatzea. Aldatzea, etetea eta lagatzea. Prezioen berrikuspena eta Espainiako ekonomiaren desindexazioari buruzko 2015eko martxoaren 30eko 2/2015 Legea. Kontratuak azkentzea eta baliogabetzea.

24 gaia.–Nafarroako Ondareari buruzko Foru Legea. Aurrekariak. Ondasun eta eskubideen sailkapena, eskumenak eta ondarea kudeatzeko irizpideak. Ondasunak eskuratzea, besterentzea eta lagatzea. Nafarroako ondarearen administrazioa, babesa eta defentsa. Jabari publikoko ondasunen araubide juridikoa. Jabari pribatuko ondasunen araubide juridikoa.

25 gaia.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legea. Legearen aurrekariak eta aplikazio-eremua. Dirulaguntza publikoak kudeatzeari buruzko printzipio orokorrak. Dirulaguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen segimendua eta kontrola. Dirulaguntzen itzulketa.

26 gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Antolaketa akademikoa: sailak, fakultateak eta eskolak. Unibertsitateak fundazioak eta beste pertsona juridiko batzuk sortzea. Unibertsitate arloko lankidetza-hitzarmenak. Aliantza estrategikoak: G-9 taldea eta Campus Iberus.

27 gaia.–Espainiako unibertsitate sisteman ikasteko laguntzak: beka, laguntza eta maileguen modalitateak. Araudia. Nafarroako Foru Komunitateko bekak eta laguntzak. NUPen bekak, laguntzak eta salbuespenak.

28 gaia.–Ikerketa Unibertsitatean. Ikerketako proiektuak, kontratuak eta programak, nazionalak eta nazioartekoak. Ikerketa-taldeak eta Ikerketa Batzordea.

29 gaia.–Unibertsitateen finantzaketa. Unibertsitate publikoen ondarea. Prezio publikoen bilketa, kudeaketa eta likidazioa. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua.

30 gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontua. prestaketa, edukia eta onespena. NUPen aurrekontua betearazteko oinarriak. Erreferentzia NUPen Barne Kontrolerako Arautegiari.

31 gaia.–Ikasleen mugikortasuna. Mugikortasun- eta truke-programak. Mugikortasuna Espainian, mugikortasuna Europan, beste mugikortasun programa batzuk. EBko prestakuntza-praktikak. Unibertsitate sareak.

32 gaia.–NUPen Plangintza Estrategikoa. Historia eta aurrekariak. V. Plan Estrategikoa: oinarri estrategikoak eta ardatz estrategikoak. Esparru bakoitzeko ekintza estrategikoak. Planaren jarraipena.

33 gaia.–Iruzurraren aurkako Neurrien Plana NUPen. Iruzurraren aurkako Batzordea. NUPek duen kanala salaketak bideratzeko.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

II. ERANSKINA.–ADAR EKONOMIKOKO OL-KO TEKNIKARIAREN LANPOSTUA

LANPOSTUA

ATXIKIPENA

HERRIA

LANALDIA

601

KUDEATZAILETZA / EKONOMIA GAIETARAKO ZERBITZUA / ANALISIRAKO ETA PROGRAMAZIORAKO ATALA

IRUÑEA

GOIZEZ

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A) Merezimendu profesionalak: 18 puntu gehienez ere.

Honako hauek baloratuko dira:

1. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,30 puntu; bost urte gehienez.

2. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,15 puntu; bost urte gehienez.

3. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,10 puntu; bost urte gehienez.

4. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,05 puntu; bost urte gehienez.

Emandako zerbitzu gisa ulertuko da bai lan-kontratuko funtzionario finkoek bai aldi baterako langileek emandakoak.

Emandako zerbitzuen denbora-tartea hilabete osoa ez denean, kontratuaren hasiera- eta bukaera-data kontuan hartuta denbora-tarte horri proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko da.

Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.

Zerbitzu-eginkizunetan eta prestakuntzarako eta lanbide-hobekuntzarako zerbitzu berezien egoeran egon diren langileen kasuan, egiatan bete duten lanpostuan emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

Zerbitzu berezien gainerako egoeretan egon direnen kasuan, berriz, jatorrizko lanpostuan emandako denbora gisa kontatuko da.

B) Prestakuntza, irakaskuntza: 4 puntu gehienez ere.

Oharra B) atalari buruz:

Atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

B.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 3 puntu gehienez ere.

Oharrak B.1. apartatuari buruz:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barnean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

B.2) Irakasle aritu izana sektore publikoko prestakuntza-saioetan: puntu bat gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

C) Hizkuntzak jakitea: 5 puntu gehienez.

C.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 1,5 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.

C.2) Euskara jakiteagatik, gehienez ere 1,75 puntu.

Oharrak C) apartatu osoari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

D) Goi mailako beste titulazio batzuk: 3 puntu gehienez.

D.1) Deialdian eskatutakoaz bestelako unibertsitate-titulu ofizial bat izateagatik, baldin eta deialdian eskatutako mailakoa edo goragokoa bada, 1,5 puntu gehienez titulu bakoitzeko.

D.2) Deialdian eskatutakoa baino maila baxuagoko unibertsitate-titulu ofiziala izateagatik, 0,75 puntu gehienez titulu bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F2406806