93. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

953/2024 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 23an onetsi duen "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Unibertsitate Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia aldatzen duena".

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2024ko apirilaren 23an Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki bat argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia aldatu da.

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIAREN ALDAKETA

Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko araudia onetsi zen. Horren ondoren, araudia aldatu egin zen, Gobernu Kontseiluaren 2019ko urtarrilaren 31ko, 2019ko irailaren 10eko, 2022ko otsailaren 10eko eta 2023ko otsailaren 27ko erabaki batzuen bidez.

Honako arau hauetan ezarritakoaren arabera onetsi zen araudi hori: Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikulua, Hezkuntzako Kalitatea Hobetzeko 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazketarekin; graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duen 2014ko ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretua; eta 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa –Hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa– ezartzeko egutegia luzatzeko presako neurriei buruzko 2019ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretua.

2020ko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak –Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa (LOMLOE) aldatzen du– LOEren 38. artikulua aldatu du, eta Unibertsitatera Sartzeko Proba errekupera dadila arautzen du. Proba hori 2024an egitekoa zen lehen aldiz, Gobernuak ezarritako oinarrizko ezaugarriei jarraituz. Erregulazio hori oraindik onartu gabe dagoenez, 2024ko urtarrilaren 24ko PJC/39/2024 Agindua argitaratu da. Agindu horrek, alde batetik, Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioaren diseinua eta edukia ezartzen ditu, bai eta ebaluazio hori gauzatzeko eta lortutako kalifikazioak berrikusteko prozedurak ebazteko gehieneko epeak ere; eta, bestetik, eutsi egiten dio 2020ko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari, eta soilik gutxieneko egokitzapenak egiten dizkio lege hori 2022ko apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuaren ondoriozko antolamendu eta curriculumetara egokitzeko (errege dekretu hori 2023-2024 ikasturtean ezarri da).

Bestalde, LOMLOEk LOEren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarria ere aldatu du, ezartzen baitu atzerriko hezkuntza-sistemetatik datozen ikasle kategoria jakin batzuei sarrera-proba bat gainditzeko eskatuko zaiela. Gobernuak ezarriko du proba hori, ikasle horien ezaugarriak kontuan hartuta. Erregulazio hori ere ez dago onetsia. Horren ordez, lehen aipatutako PJC/39/2024 Aginduak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Hezkuntzako Estatu Idazkaritzari eta Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiari besteak beste xedapen horretan ezarritakoaren aplikazioa atzerriko hezkuntza-sistemetatik datozen ikasleen beharretara eta egoerara egokitzeko. Bi erakundeek batera eman dute 2024ko otsailaren 11ko Ebazpena. Ebazpen horren zazpigarren puntuan ezartzen denez, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako ikasleek, baldin eta beren jatorriko herrialdeak ez badu elkarrekikotasun-hitzarmenik unibertsitatean onartua izateari dagokionez, ikasle mota horrentzat unibertsitateek duten araudi espezifikoaren arabera egin beharko dute Unibertsitatean Sartzeko Proba. Era berean, unibertsitateei aukera ematen die Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalarekin (UHUN) adosteko nola kudeatu onarpen prozedurak.

Araudian beste aldaketa bat proposatzen da, LOEren 38. artikuluaren eta hogeita hamaseigarren xedapen gehigarriaren idazketa berrian eta lehen aipatutako gainerako araudietan jasotakora egokitzeko.

Bestela esanda, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak proposaturik, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 23an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko araudiaren aldaketa onestea, eranskinean ezarritako moduan. Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen araudia, eta 2019ko urtarrilaren 31n, 2019ko irailaren 10ean, 2022ko otsailaren 10ean eta 2023ko otsailaren 27an hartutako erabaki batzuen bidez aldatu.

Bigarrena.–Araudi hau 2024-2025 ikasturtetik aurrera aplikatuko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko prozedurei.

Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, fakultate, eskola eta sailetako zuzendaritzei eta dekanotzei, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Iruñean, 2024ko apirilaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIAREN ALDAKETA

Bat.–3. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da:

1.–Ikasketetan onartua izateko nota formula honekin kalkulatu, hiru zifra dezimalekin adieraziko da, eta milaren hurbilenarekin biribilduko da; distantziakidea bada, goiko milarenarekin:

Ikasketetan onartua izateko nota = Ikasketetan sartzeko nota + a*M1 + b*M2

  • Ikasketetan sartzeko nota = ikasleak unibertsitatean sartzeko baliatzen duen proban edo titulazioan lortutako nota.
  • M1, M² = ikasleak eskatutako Graduko ikasketan onartua izateko nota onena ematen duten USE probako (edo beste proba baliokide bateko) gehienez ere bi irakasgairen kalifikazioak. Irakasgai horiek gutxienez bost punturekin gainditu behar dira USE proban.
  • a, b = M1 eta M² irakasgaien ponderazio-parametroak, eskatutako Graduko ikasketarekin lotutakoak; 0,1 edo 0,2ko balioa izanen dute, zein ponderazio duten unibertsitateak onetsitako ponderazio-taulan.

Ez da sekula ponderatzen ahalko Espainiaren Historiako, Filosofiaren Historiako eta Atzerriko Hizkuntzako nota baldin eta hura USEaren nahitaezko fasean gainditu bada.

Bi.–Aldatu egiten da 4. artikulua, "Ikaspostuak esleitzeko balioespen-irizpideak", "a", "b", "f" eta "g" apartatuetan. Honela geldituko da:

a) 2020ko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak (aurrerantzean LOMLOE) definitutako Batxilergoko titulua lortu duten ikasleak. Lege organiko horrek Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen du.

–Ikasketetan sartzeko nota: USEaren nahitaezko faseko kalifikazioa %40 eta Batxilergoko azken kalifikazioa %60 ponderatuz kalkulatuko da, 2022ko apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuaren 30.4. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

–Onartua izateko nota: araudi honen 3.1 artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen dena.

b) Batxilergoko titulua LOMLOE indarrean sartu aurretik lortu zuten ikasleak.

–Onartua izateko nota: behin betiko kalifikazioa edo ikasketetan sartzeko nota, dagokion hezkuntza-sistemaren arabera lortutakoa. Ikasle hauek aukera dute ikasketetan sartzeko nota hobetzeko. Horretarako, USEaren nahitaezko fasera aurkeztu behar dute, LOMLOE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan, eta aurreko a) apartatuan adierazi bezala kalkulatuko da nota. Ikasketetan sartzeko nota berria hartuko da kontuan, betiere aurreko nota baino hobea bada.

–Onartua izateko nota: USEan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honen 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena, bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.

f) 2010eko otsailaren 5eko 102/2010 Errege Dekretuan araututako ikasketak egin dituzten ikasleak. Dekretu horretan, Espainiako ikastetxeetan Batxilergoa eta Baccalauréat titulazio bikoitza eskuratzeari buruz Espainiako eta Frantziako gobernuen artean egindako hitzarmenari atxikitzen zaizkion ikasketak arautzen dira.

–Batxilergoko tituluaz baliatuz sartu nahi duten ikasleak:

  • Ikasketetan sartzeko nota: USEaren nahitaezko faseko kalifikazioa %40 eta Batxilergoko azken kalifikazioa %60 ponderatuz kalkulatuko da. 2010eko 102/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aipatzen den kanpo-proba gainditu duten ikasleek zilegi dute, nahi izanez gero, Espainiaren Historia eta Atzerriko Lehenbiziko Hizkuntza irakasgaien azterketak ez egitea. Azterketa egin beharrean, Espainiaren eta Frantziaren Historia eta Frantsesa eta Frantses Literatura irakasgaien kanpo-proban lortu duten nota jarriko zaie, hurrenez hurren, gorago aipatutako irakasgaietan. Aukera bat edo bestea hautatu, aldi berean bi irakasgaientzat izanen da.
  • Onartua izateko nota: araudi honen 3.1 artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen dena.

–Baccalauréateko tituluaz baliatuz sartu nahi duten ikasleak:

  • Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
  • Onartua izateko nota: UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoko probetan lortzen dena, edo bestela ikasleak USEaren borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honen 3.1 artikuluko formula aplikatuz.

g) Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluaren baliokide diren titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, Europako Batasuneko kide diren estatuetako edo gai honetan aplikatzekoak diren elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenak sinatuak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza-sistemetakoak, baldin eta ez badituzte betetzen haien hezkuntza-sistemetan unibertsitatera sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak; eta, bestetik, Europako Batasuneko kide ez diren eta Batxilergoko titulua aitortzeko elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenik sinatu ez duten herrialdeetako hezkuntza-sistemetan lortutako titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluarekin homologatuak edo baliokidetzat joak badira.

–Ikasketetan sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.

–Onartua izateko nota: nota hau kalkulatzeko, araudi honen 3.1 artikuluan jasotako formula aplikatuko zaie UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoen probako kalifikazioei edo USEaren borondatezko faseko kalifikazioei.

Hiru.–Aldatu egiten da 5. artikulua, "Lehentasun-ordena, unibertsitateko Graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko" izenekoa, 2., 4. eta 5. apartatuetan. Honela geldituko da:

2.–Ikasturte akademiko bakoitzean zenbait aldi egonen dira graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko eskatzeko.

4.–Kupo bakoitzean eskainitako ikaspostuak honako lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira:

a) Lehenbizi, USEa urte hartako ohiko deialdian edo aurreko urteetako deialdietan gainditu dutela egiaztatu duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak, bai eta 4. artikuluko b, c, d, e, f, g, h, i, j, k, l, m eta n apartatuek aipatutako sarbide-betebeharretakoren bat betetzen duten ikasleei ere.

b) Bigarren, USEa urte hartako deialdi berezian gainditu dutela egiaztatzen duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak.

c) Hortik aurrera, onartua izateko eskaera ikasturteko beste uneren batean –aldi horiek 2. apartatuaren babesean onetsiak izan beharko dute– egin duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak, betiere ikasleok 4. artikuluko baldintzaren bat betetzen badute.

5.–Ikaspostuak aurreko apartatuko lehenbiziko lehentasun-ordenaren arabera esleitzeko, ez dira kontuan hartuko abian den ikasturteko deialdi bereziko USE proban (edo proba baliokide batean) lortutako kalifikazioak.

Lau.–10. artikulua aldatzen da, hots, "Ikaspostuen esleipena" izenekoa, bere 6. apartatuan. Honela geldituko da:

6.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko du itxarote zerrendetan daudenei deialdi publikoak egiteko prozedura.

Bost.–10. artikuluaren 7. apartatua ezabatu da.

Iragarkiaren kodea: F2406731