92. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Aldaketa, Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan-baldintzei buruzko akordioaren 4. artikuluan eta Lan-kontratudunen lan baldintzei buruzko hitzarmenean

Lizarrako Udalak, 2024ko apirilaren 11n egin bilkuran, aldaketa egitea onetsi zuen Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan-baldintzei buruzko akordioaren 4. artikuluan eta Lan-kontratudunen lan baldintzei buruzko 2026-2019 urteetako hitzarmenean. Aldaketak atzeraeraginezko ondorioak izanen ditu 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, jarraian aipatzen diren baldintzetan:

"4. artikulua. Jaieguneko lanaldia eta gaueko lana.

Langile guztientzat jaieguntzat hartuko dira egutegi ofizialean jaiegun nazional, autonomiko eta tokian-tokikotzat ezarritako egunak.

Honako hau hartuko da jaieguntzat:

–Larunbateko 22:00etatik igandeko 22:00etara bitartean egiten dena.

–Jaiegunaren aurreko eguneko 22:00etatik jaiegunaren eguneko 22:00etara bitartean egindakoa.

–Herriko jaietan, ostiralean (erraldoien eguna) 12:00etatik aurrera, larunbata, igandea, astelehena eta asteartea.

Gaueko lana 22:00etatik 06:00ak bitartekoa da.

4.1. Jaiegunetan lan egitearen konpentsazioa.

Langileek jaiegunean lan egitearengatiko konpentsazioa aukeratu ahalko dute, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren 43.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onesten duen dekretua). Aukera hori mugatuta geratzen da igandeak eta asteko jaiegunak soilik jaieguntzat hartzen direlako, gaueko txanda izan ezik, hori diruz ordainduko baita aipatutako foru dekretuaren 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hautatzeko aukera hori urte natural osoetarako izanen da, eta Udaleko sarrera-erregistroan aurkeztu beharko da aurreko urteko abenduaren 1a baino lehen. Adierazitako epean aukerarik egiten ez bada, konpentsazio ekonomikoa ofizioz aplikatuko da.

4.2. Jaiegunetan lan egitearen konpentsazio ekonomikoa.

Konpentsazio ekonomikoaren aukera sustatze aldera, jaiegunetan emandako zerbitzuak %50 gehituko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat jaiegunetan lan egiteko ezarritako konpentsazioaren aldean.

Ordainsarien ondorioetarako soilik, jaieguneko lanaldiaren prezio berean ordainduko da:

1. Larunbateko 14:00etatik 22:00etara bitartean egiten dena.

2. Igandeko 22:00etatik asteleheneko 06:00etara bitartean egiten dena.

3. Jaiegunaren aurreko eguneko 22:00etatik jaiegunaren ondorengo eguneko 06:00etara bitartean egindakoa.

4. Urtarrilaren 5eko, abenduaren 24ko eta abenduaren 31ko 14:00etatik 22:00etara egindakoa.

5. Lizarrako jaietan, ostiraleko (erraldoien eguna) 12:00etatik jaietako azken egunaren biharamuneko 06:00etara.

Museoko langileek igande batean lan egin eta beste bat libratuko dute, eta bi jaiegunetik bat.

4.3. 33. jaieguna.

Pertsona batek jaiegunetako 33 egunetan baino gehiagotan lan egiten badu urte naturalaren barruan, konpentsazio ekonomikoa jaiegun arrunterako ezarritako tarifa halako bi izanen da, Nafarroako Gobernuaren taulen arabera.

Apartatu honetan jaieguntzat ordaintzen diren lanaldi guztiak zenbatuko dira.

4.4. Ordainsari bereziko jaiegunak.

Abenduaren 24ko eta 31ko gaueko txandak eta abenduaren 25eko eta urtarrilaren 1eko arratsaldeko txandak konpentsatuko dira jaiegun arrunterako Nafarroako Gobernuaren taulen arabera ezarritako tarifa halako bi.

Jaiegunean lan egiteagatiko gehieneko ordainsaria tarifa halako bi izanen da, bai jaiegun bakoitzeko, bai ordainsari bereziko jaiegun bakoitzeko, eta bi kontzeptuak ez dira metagarriak izanen".

Erabaki honen kontra zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, berau jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, aldez aurretik eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, berau hartu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

Lizarran, 2024ko apirilaren 12an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.

Iragarkiaren kodea: L2406482