70. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1190/2024 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zuzentzen baitira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 4ko 874/2024 Ebazpenean atzemandako akatsak. Ebazpen horrek onesten ditu arkeologo lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak; zerrendetako bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko da, eta bestea aldi baterako kontratazioetarako.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 4ko 874/2024 Ebazpenaren bidez, arkeologo lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onetsi ziren; zerrendetako bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izanen da, eta bestea aldi baterako kontratazioetarako.

Zenbait akats atzeman dira ebazpen horretan, eta bidezkoa da horiek zuzentzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluari jarraikiz. Izan ere, artikulu horretan esaten denez, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzea kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio.

Adierazitakoarekin bat, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zuzentzea Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak martxoaren 4an emandako 874/2024 Ebazpenean atzemandako akatsak; seigarren oinarrian, honako hau esaten da:

6.4. Lanerako deia jasotzen dutenek eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, arkeologiako unibertsitate tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo gradudun-tituluarena eta lanbide arautu horretan aritzeko gaikuntza ematen duen master tituluarena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

Baina honako hau behar du:

6.4. Lanerako deia jasotzen dutenek eskatutako titulazio betebeharra betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo horien baliokidetzat hartutako beste batena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Eskaerak aurkezteko epea hamar egunez luzatzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 25ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa).

Iragarkiaren kodea: F2405248