127. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTSOAIN

Deialdia, giza baliabideetako zuzendariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2024ko urtarrilaren 26an, deialdi bat onetsi zuen, aipatu lanpostua behin betiko betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez. Erabaki hori, deialdiaren oinarriekin batera, 2024ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2024ko maiatzaren 31n, deialdi hori bertan behera utzi du, deialdia udal araudira egokitzeko, hutsak atzeman baitira, eta berriz ere onetsi da giza baliabideetako zuzendariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

Antsoainen, 2024ko maiatzaren 31n.–Alkatea, Marta Díez Napal.

DEIALDIA, ANTSOAINGO UDALAREN ZERBITZUKO GIZA BALIABIDEETAKO ZUZENDARIAREN LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Antsoaingo Udaleko giza baliabideetako zuzendari lanpostua betetzea oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean. Halaber, hautapen-prozesua baliatuz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratu nahi da, sortzen diren beharrei erantzuteko.

1.2. Deialdiaren xedeko lanpostu hutsak 1013 zenbakia du plantilla organikoan, eta Giza Baliabideei atxikita dago.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatzen den langilea A mailan sartuko da, eta jasoko ditu Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan lanposturako orokorrean ezarritako ordainsariak (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua), bai eta Udalaren plantilla organikoan ezarritakoak eta aplikatu beharreko araudiaren arabera dagozkionak ere.

1.4. Plaza lortzen duen izangaia funtzionario bihurtuko da, izanen ditu langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio, araubide horrek Antsoaingo Udalarentzat ezartzen duen babesaren pean.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.

1.6. Oposizio-lehiaketa bidez eginen da hautapena, izan ere, deitutako lanpostuarengatik eta bete beharreko eginkizunengatik horixe da sistemarik egokiena, zeren, zuzendaritza lanpostua izanik, hobeki aplikatzen dira izangaien merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak, ez baitira soilik kontuan hartuko haien ezagutza teorikoak, honako hauek ere baloratuko dira: lan-esperientzia, bete beharreko eginkizunekin lotutako prestakuntza espezifikoa eta giza baliabideen arloko ezagutza espezifikoak.

1.7. Lanpostuari dagozkion eginkizunak, oro har, honako hauek dira:

a) Udalbatzari aholkularitza teknikoa ematea, pertsonen kudeaketako tresnen eta sistemen alderdiekin loturik, eta, oro har, aholkularitza juridikoa ematea lan-kontratudunen eta funtzionarioen arloan.

b) Proposatzea eta garatzea giza baliabideen arloko politika berekiak honako gai hauetan: langile beharren plangintza eta aurreikuspena, hautaketa, harrera, prestakuntza planak, komunikazioa, motibazioa, etab. Langileen arloko aurrekontu proposamena egitea.

c) Bere gain hartzea langileen plantilla eta lanpostuen zerrenda prestatzeko ardura, eta horiek eguneraturik mantentzea.

d) Langileen zuzendaritza lanak egitea: oporren kudeaketa, absentziak, baimenak, lizentziak, lanaren berrantolaketa, diziplina espedienteen kudeaketa, etab.

e) Langileak sartzeko jarduerak planifikatzea, prestatzea eta horien ardura hartzea, hots, honako hauena: lan eskaintzak, hautapen-prozesuak arautzeko oinarriak prestatzea, deialdien kudeaketa, hautapen-epaimahaietan parte hartzea, eta behar den espedientea ebaztea.

f) Aholku ematea arduradun politikoei negoziazio kolektiboaren arloan eta parte hartzea sindikatu-ordezkaritzarekin lan baldintzei buruz egiten diren negoziazioetan, bai eta bilerak egitea kideekin ere, haien eskaera eta kontsultei erantzuteko.

g) Arduratzea nominak eta gizarte aseguruak prestatzeaz eta ordutegien kontrolaz.

h) Bere jarduketa esparruarekin lotura duten eta Udalaren interesekoak izan daitezkeen programen eskaeraz, izapideez eta jarraipenaz arduratzea, ezarritako prozedurei jarraikiz.

i) Antolaketa egitura aztertzea eta hobekuntzak proposatu eta ezartzea antolaketan.

j) Langileen eginkizunen liburuxka prestatu eta eguneraturik edukitzea.

k) Langileak, dauden modalitateetan, kontratatzeko beharrezkoa den dokumentazioa prestatu eta xedatzea, ezarritako muga-egunen jarraipena eta kontrola egitea, eta, kasua bada, izapideak egitea Udalarekin kontratu bidezko harremana berritu, aldatu edo bukatzean.

l) Zerbitzu kontratuen, kontrataziorako baldintza-agirien eta abarren jarraipenaz arduratzea, haren arlokoak direnean.

m) Alkateari gai-zerrenda proposatzea eta espedienteak prestatzea langileen arloko gaiak aztertzen dituen batzorderako, eta teknikari gisa joatea, batzorde hori biltzen den aldiro.

n) Langileen arloko aholkularitza juridikoa ematea udal sozietate publikoetan.

o) Idazkaritzari laguntzea baliabide administratibo eta judizialen kudeaketan, txostenak eginez eta horien inguruko dokumentazioa prestatuz.

Halaber, deialdi honen bidez osatu nahi da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

2. oinarria.–Baldintzak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko lizentziaren edo graduatu titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

2.2. Izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdi honen oinarriek ezartzen duten unean.

2.3. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Parte hartzeko eskabideak Antsoaingo Udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira, Udalaren egoitza elektronikoan: https://sedeelectronica.ansoain.es, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, personal@ansoain.es helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, eta adieraziko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.

Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen I. eranskineko ereduari jarraikiz. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko. Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan ere eskuratzen ahalko da eskabide-eredua.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

Hautapen prozesuan parte hartu ahal izateko, izangaiek 19,20 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Tasa hori ordainduko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES 51 2100 5198 04 2200091055 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZa.

Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (3. ordenantza fiskala) ezarritakoaren arabera, tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak, baldin agiri bidez frogatzen badute. Dagokion tasa ez ordaintzea izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat hartuko da, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

Denborak eta baliabideak egokitu daitezela eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta baliabideak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.2. Parte hartzeko I. eranskineko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Indarreko NANaren edo pasaportearen kopia.

Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.

Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).

–2.1.c) oinarriko baldintza frogatzen duen tituluaren kopia.

–Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria edo hori ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen dokumentazioa.

–II. eranskinaren arabera alegatutako merezimenduen frogagirien kopia.

–Hala badagokio, desgaitasuna duten izangaien probak egiteko denbora eta baliabide egokitzapenei buruzko dokumentazioa eta desgaitasuna frogatzen duen ziurtagiria.

3.3. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.

4. oinarria.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, alkateak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta adieraziko da ezen, hurrengo hamar egun balioduneko epean, baztertutako izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta egindako akatsak zuzendu, halakorik egin badute.

5. oinarria.–Izangaien onarpena. Behin betiko zerrendak.

5.1. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, aditzera emanik, orobat, deialdi honetan ezarritako hautaprobak egiteko lekua, eguna eta ordua. Ebazpen hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.2. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Kontratazioa egiteko deia egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertu eta gero, ikusten bada baldintzaren bat ez dela betetzen denborari edo formari dagokionez, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1.–Epaimahaiburua: Marta Díez Napal, Antsoaingo Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Jon Garai Vales, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.

2.–Lehen epaimahaikidea: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

Ordezkoa: Eduardo Moler Mancho, Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

3.–Bigarren epaimahaikidea: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Ordezkoa: Bidane Zabalza Alonso, Berriozarko Udaleko Giza Baliabideetako kudeatzailea.

4.–Hirugarren epaimahaikidea: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

Ordezkoa: Antsoaingo Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.

5.–Epaimahaikide-idazkaria: Iñigo Anaut Peña, Iruñeko Udaleko kudeatzailea.

Ordezkoa: Antsoaingo Udalak izendatzen duena.

6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

7. oinarria.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.1. Lehiaketaldia. Merezimenduak.

Eskabideak aurkezteko epean aurkeztuko dira 3. oinarrian adierazitako merezimenduak.

Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Lehiaketaldian 25 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman ezarritako gehieneko puntuazioa baino, baremoko atal bakoitzaren arabera.

Izangaiek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

Egiten diren erreklamazioak kalifikazio-epaimahaiak ebatzi ondoren, epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak.

7.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldian 75 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Oposizioa 2025eko urtarriletik aurrera hasiko da.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute NANa, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertu eginen dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko III. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

Oposizioak hiru proba izanen ditu; haien bidez, baloratuko dira izangaiek lanpostuaz dituzten ezagutza teoriko-praktikoak:

a) Lehen ariketa. Teorikoa: gehienez 30 puntu.

Proba teorikoa izanen da; test motako hainbat galderari erantzun beharko zaie, idatziz, epaimahaiak proba hasi baino lehen ezarriko duen gehieneko denboran. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, deialdi honen III. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak.

Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa, zenbait erantzun-aukera dituzten galderetarako.

Prozesutik kanpo geratuko dira gutxieneko 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak, eta, beraz, ezin izanen dira hurrengo probara aurkeztu.

b) Bigarren ariketa. Proba praktikoa: gehienez 30 puntu.

Proba praktikoa izanen da; bi kasu praktiko edo gehiago ebatzi beharko dira, III. eranskinean jasotako gaiekin lotuta. Proba honen bidez ebaluatuko da zer jakintza-maila duten izangaiek gai-zerrendan sartutako araudiaren inguruan, araudi hori lanpostuaren eginkizunetan aplikatzeari dagokionez. Halaber, ebaluatuko dira lanpostuari dagozkion eguneroko egitekoei buruzko nozio praktikoak.

Prozesutik kanpo geratuko dira gutxieneko 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak, eta, beraz, ezin izanen dira hurrengo probara aurkeztu. Ariketa honen iraupena zehaztuko da ekitaldiaren hasieran.

Gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da ariketa.

Epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu ariketaren behin-behineko emaitzak, gutun-azal itxien zenbakiekin, eta adieraziko ditu gutun-azalak irekitzeko eguna eta ordua. Gutun-azal itxiak ireki ondoren, bost egun naturaleko epea emanen zaie izangaiei alegazioak aurkez ditzaten.

c) Hirugarren ariketa. Epaimahaiari ahozko aurkezpen bat egitea. Gehienez ere 15 puntu.

Epaimahaiari ahozko aurkezpen bat egin beharko diote izangaiek, bigarren probaren kasu praktiko bati buruzkoa edo guztiei buruzkoa, epaimahaiak erabakitakoaren arabera. Epaimahaiak nahi adina galdera egiten ahalko du kasu horiei buruz.

Baztertu eginen dira gutxienez 7,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Epaimahaiak ariketaren iraupena zehaztuko du gutun-azal itxien irekiera argitaratzean, izangaien behin betiko kalifikazioekin batera. Ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia adieraziko dira.

Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun naturaleko epea emanen da interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

8. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

Izangaien kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak prozesua gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du Udalaren egoitza elektronikoan, lortutako puntuazioaren arabera, eta alkateari helaraziko dio hautaketa-prozesuan puntuazio handiena lortu duen pertsona izendatzeko proposamena.

Halaber, epaimahaiak alkateari helaraziko dio hautapen-prozesua gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen izangaien zerrenda, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda bat eratze aldera.

Prozesua gainditu duten izangaien zerrendan, izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.

Epaimahaiak proposamena eginen dio alkateari puntuaziorik handiena lortu duen izangaia funtzionario izendatzeko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Epaimahaiak egindako izendapen-proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen udalarentzat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. oinarria.–Agiriak aurkeztea. Izendapena eta karguaz jabetzea.

9.1. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:

a) NANaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa duela egiaztatzeko; hori guztia, deialdi honetako 2. apartatutako d) letran ezarritakoari jarraituz. Antsoaingo Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (8. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.

9.2. Izendapena.

Eskatzen zaizkion agiriak aurkeztu ondoren, alkatearen ebazpen baten bidez, Antsoaingo Udaleko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Jabetza hartzea.

Izendapen ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz izangaiak.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Antsoaingo Udalean funtzionario sartzeko.

10. oinarria.–Datuen babesa.

Datuen tratamenduaren arduraduna: Antsoaingo Udala.

Datuak babesteko ordezkaria: ansoain@ansoain.es.

Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.

Oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua, tratamendua beharrezkoa da betetzeko eginkizun bat interes publikoaren aldekoa edo botere publikoak erabiliz.

251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

Datuak kontserbatuko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran kontserbatuko dira, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaile eta auzitegiei laga dakizkieke, prozeduran interesa duten pertsonei, indarreko legedia betez, eta argitaratuko dira toki-erakundearen egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak babestearen arloko eskubideak baliatzeko, erregistrora edo egoitza elektronikora joz.

Interesdunek, orobat, erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

Giza baliabideetako zuzendariaren lanpostua betetzeko deialdian parte hartzeko eskabidea

Izen-deiturak

NANa/AIZa

Herria PK.

Helbidea

Telefono mugikorra

Posta elektronikoa

Euskararen jakite-maila frogatzea (bidezko denean, bakarrik):

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dut.

Desgaitasunaren frogagiriak (bidezko denean, bakarrik).

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera frogatzen dut.

Desgaitasuna dut eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik.

AZALTZEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan eta ez naizela desgaitua ez eta gabetua ere eginkizun publikoak betetzeko. Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Ordaindu ditudala deialdian ezarritako azterketa eskubideak, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabidearekin batera aurkezten ditudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

ESKATZEN DUT:

Deialdian onartua izatea, giza baliabideetako zuzendariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

..........................................................................................................

(Data)

Sinadura

II. ERANSKINA.–BAREMOA

Merezimenduak baloratzeko baremoa (25 puntu gehienez)

1.–Administrazio eta enpresa publikoetan eta eremu pribatuan egindako zerbitzuak: 10 puntu gehienez.

–Edozein administrazio publikotan giza baliabideetako zuzendari-lanetan eta/edo langileen arloko teknikari-lanetan egindako zerbitzuengatik, deialdian eskatzen diren maila/talde eta titulazio berekoak badira: 2 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.

–Enpresa pribatuetan giza baliabideetako zuzendari-lanetan, giza baliabideetako teknikari-lanetan eta/edo langileen arloko teknikari-lanetan egindako zerbitzuengatik: 1,5 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.

Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

c) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

d) Baloratzeko, sei hilabete baino gehiago iraun duten lan-kontratuak bakarrik hartuko dira kontuan.

e) Lanean egindako denbora baloratzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira: lan-bizitza, kontratuak, eta zerbitzuak egin diren administrazioaren edo enpresaren ziurtagiria, non ziurtatuko baitira egindako eginkizunak eta lanposturako eskatutako titulazioa.

f) Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

g) Administrazio publikoetako langileen kasuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

2.–Prestakuntza: 10 puntu gehienez.

Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak edo titulazioak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez:

–Erakunde ofizialek edo/eta elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu bakoitzeko (10 eskola-ordu); eta 5 puntu gehienez.

–Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako lizentzia edo gradua: 6 puntu.

–Zuzenbideko lizentzia edo gradua: 3 puntu.

–Langileen arloko master, graduondoko eta espezializazioa: 0,05 puntu kreditu bakoitzeko (10 eskola-ordu); eta 5 puntu gehienez.

Ez dira baloratuko 50 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

Izangaiak, deialdian parte hartzeko baldintza gisa, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako edo Zuzenbideko lizentzia edo gradua aurkeztu badu, titulu horiek ez dira lehiaketan baloratuko.

Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

3.–Euskara jakitea: 5 puntu, gehienez.

–A1 maila: 1 puntu.

–A2 maila: 2 puntu.

–B1 maila: 3 puntu.

–B2 maila: 4 puntu.

–C1 maila: 5 puntu.

Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak goragoko maila duena baizik ez du baloratuko.

Frogatzen ahalko da hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin edo, bestela, Euskarabideak eginiko proba bat gaindituz. Erakunde horrek 0 eta 5 punturen arteko puntuazioa emanen dio.

III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

A.–Nafarroako toki erakundeen zerbitzuko langileei aplikagarria zaien araudia.

1. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

2. gaia.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

3. gaia.–Ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

4. gaia.–215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena.

5. gaia.–27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

6. gaia.–Ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen diziplina araubidearen gaineko erregelamendua onesten duena.

7. gaia.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

8. gaia.–158/1984 Foru Dekretua, uztailaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamendua onesten duena.

9. gaia.–Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoa.

10. gaia.–30/1995 Legegintzako Foru Dekretua, otsailaren 13koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeei buruzko Erregelamendua onesten duena.

11. gaia.–Antsoaingo Udaleko funtzionarioen, administrazio-kontratudunen eta lan-kontratudunen lan baldintzei buruzko akordio kolektiboa (2023ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 31n).

12. gaia.–Gizarte-Segurantzaren Lege Orokorra (8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa). Gizarte segurantzako sistema. Araubide orokorra. Enpresak Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak. Langileen afiliazioak, bajak eta datuen aldaketa. Kotizazioa. Red sistema. Araubide orokorraren ekimen babeslea. Ezintasun-prozesuen gaineko eskumenak.

13. gaia.–Soldata eta nomina. Kontzeptua eta elementuak. Soldata-sortzapenak. Soldatakoak ez diren sortzapenak. Kenkariak. Kotizazio oinarrien kalkulua.

14. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

15. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Ondare erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

16. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu publikoei buruzkoa: legearen xedea eta printzipioak. Kontratu motak eta adjudikazio prozedurak.

17. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena (V. titulua).

18. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa (atariko titulua eta I., II., III., VII. eta IX. tituluak).

19. gaia.–39/2014 Foru Dekretua, maiatzaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzen dituena.

20. gaia.–68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena.

21. gaia.–96/1997 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren 24.2. artikulua partzialki garatuz, prestakuntza eta hobekuntza profesionala eskaintzen diena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei.

22. gaia.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

23. gaia.–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea. Prebentzioko ordezkariak; garapen araudia. Segurtasun eta Osasun Batzordea.

24. gaia.–Gastu publikoaren betearazpen-prozedura: gastu onespena. Gastu konpromisoa. Betebeharra aitortzea eta ordainketa proposamena. Ogasun publikoaren kargurako betebeharren iraungitzea. Langileen arloko gastuen kudeaketa.

25. gaia.–Egonkortze-prozesuak: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa, eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak egiteko neurriei buruzkoa.

26. gaia.–2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

Erregelamenduaren xedea, aplikazio-eremu materiala eta lurralde-eremua. Tratamenduari buruzko printzipioak. Datu pertsonalak tratatzeko zilegitasuna. Datu pertsonalen kategoria berezien tratamendua. Interesdunen eskubideak. Tratamenduaren arduraduna eta tratamendu-eragilea.

Eskubide digitalen bermea lan-eremuan:

Intimitaterako eskubidea eta gailu digitalen erabilera, deskonexio digitalerako eskubidea. Intimitaterako eskubidea, bideozaintzako eta soinuak grabatzeko gailuen erabileraren aurrean. Intimitaterako eskubidea geolokalizazio-sistemen aurrean. Eskubide digitalak negoziazio kolektiboan.

27. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak eta hura gauzatzeko prozedura.

28. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Antsoaingo Udalaren gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako ordenantza.

29. gaia.–Antsoaingo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. V. kapitulua.

B.–Langileak eta lan antolaketa kudeatzeko teknikak.

30. gaia.–Beharren diagnostikoa eta prestakuntza plana.

31. gaia.–Lanpostuak deskribatzeko eta baloratzeko sistemak.

32. gaia.–Lanpostuen balorazioa eta horien erabilgarritasunak aplikatzeko prozesua.

33. gaia..–Pertsonen arteko komunikazioa lan ingurunean.

34. gaia.–Negoziazio kolektiborako teknikak.

35. gaia.–Gatazkak kudeatzeko teknikak.

36. gaia.–Laneko gogobetetasuna: giroari eta gogobetetasunari buruzko azterlanak.

37. gaia.–Jarduna ebaluatzeko sistemak.

38. gaia.–Lanerako motibazioa.

39. gaia.–Adimen emozionala lanean.

Iragarkiaren kodea: L2408989