122. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN ELORTZIBAR

Deialdia, oposizio bidez bete daitezen administrari-ofizialaren bi lanpostu huts, kontu-hartzailetza alorrari atxikiak eta funtzionarioen araubidekoak

Alkatetzaren 2023ko irailaren 7ko 2023-0971 Ebazpenaren bidez, Noain Elortzibarko Udalaren 2023ko ekitaldiko lan publikoaren eskaintza onetsi zen, eta 2023ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 18an.

Noain Elortzibarko Udalak, 2023ko abenduaren 18ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 2024ko ekitaldiko plantilla organikoa, eta behin betiko argitaratu zen 2024ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 19an. Bertan, eginkizun berriak agindu izateagatik, administrari-ofizialaren 3.6 lanpostua sortu zen, zerbitzu ekonomikoen alorrari atxikia. Hala ere, ez zen lanposturik gehitu plantilla organikoan, administrari laguntzailearen 3.4 lanpostua iraungi behar zelako.

Ildo horretatik, 2024ko apirilaren 16ko osoko bilkuran, erabaki zen Noain Elortzibarko Udalaren 2024ko ekitaldiko plantilla organikoa hasiera batez aldatzea (2/2024 aldaketa), administrari-ofizialaren 3.5 lanpostua lanaldi osokoa izan zedin. Erabakia 2024ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 6an.

Alkatetzaren 2024ko maiatzaren 28ko 2024-0679 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio bidez bete daitezen administrari-ofizialaren bi lanpostu, Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuan jarduteko. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, eta kontu-hartzailetza alorrari atxikiak.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen helburua da oposizio bidez betetzea Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizialaren bi lanpostu (C mailakoak, kontu-hartzailetza alorrari atxikiak). Funtzionarioen araubidekoak dira, destinoa zerbitzu ekonomikoen alorrean dute, eta lanpostu zenbakiak 3.5 eta 3.6 dira. Lanpostuak txanda hauetan banatuko dira:

–3.5 zenbakia duen lanpostua, txanda irekian.

–3.6 zenbakia duen lanpostua, igoera-txandan.

Txanda irekikoari gehituko zaio igoera txandako lanpostua, baldin bete gabe gelditzen bada izangaiek ez dutelako erdietsi hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa. Era berean, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, eta 12. oinarrian xedatuta dagoenarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, kontu-hartzailetza alorrari atxikitako administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko. Zerrenda eratuko da probak gainditu baina hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatuak gertatzen direnak Udaleko funtzionario bilakatuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean.

1.3. Lanpostuek izanen dituzte Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak, baita plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

2.–Eginkizunak

Bete beharreko eginkizunak deialdian azaldutako kategoriari eta mailari dagozkionak izanen dira. Besteak beste, jarraian aipatuko dira bete beharreko eginkizunak, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe. Dena den, zerbitzu ekonomikoen alorrak eginkizunak aldatu ditzake zerbitzuaren beharren arabera. Hona hemen:

3.5 lanpostua:

a) Banku-berdinkatzeak:

a.1) Udalaren kontuen banku-berdinkatzea (laburpenak eta kontabilitate-datuak koadratzea), derrigorrezko diru-bilketarako kontuak eta kutxa metalikoarenak izan ezik.

b) Ordainagiriak ematea:

b.1) Elektrizitatea, gasa eta telefonia hornitzen duten konpainiei tributu-likidazioak ematea (%1,5eko tasa).

b.2) Foruen plazako garajeak. Garajeen errolda mantentzea, herritarren arretarako bulegoak izapidetutako espedienteetan oinarrituta, eta hileko ordainagiriak ematea, fidantzak itzultzea etab.

b.3) Baratze ekologikoak: SPAIko baratzeen errolda mantentzea, Agenda 21ek izapidetutako espedienteetan oinarrituta, eta hileko ordainagiriak ematea, fidantzak itzultzea, etab.

b.4) Monozutoinak: Alokairuari eta kontsumo elektrikoari dagozkien likidazioak egitea, enpresek aurkeztutako kontratuen eta irakurketen arabera.

c) Isunak:

c.1) Bilketa eta kontabilitatea, honako hauek egiteko: aldian behin informazioa bidaltzea isunak kudeatzen dituen enpresari, identifikatu ditzan; ordainagiriak sortzeko fitxategiak kargatzea eta horien arazo informatikoak ebaztea; eskuzko kobrantzak egitea –prozesu automatikoa oraindik ebazteke dago–; kontabilitatera pasatzea; eta isunen kontuak koadratzea.

d) Beste batzuk:

d1) Zergadunei dokumentazioa igortzea: ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak, PFEZ aitorpenetarako ordaindutako zenbatekoen egiaztagiriak, etxebizitzen salmenta etab.

d2) Udaleko kontu-hartzaileak bere kategoriaren barruan eskatzen duen beste edozein eginkizun.

e) Udal zergen kudeaketa.

3.6 lanpostua:

a) Udaleko kontu-hartzaileari laguntzea bere kategoriaren barruko zereginetan.

b) Agentzia exekutiboa:

b.1) Kobrantzak formalizatzea, fitxategiak inportatzea etab. (diru-bilketa kudeatzeko programan eguneroko diru-sarrerak jasotzen dira).

b.2) Zergadunendako arreta, telefono bidez eta aurrez aurre.

b.3) (albaranak, hartu-agiriak, gutuna sortzea, gutun-azaletan sartzea eta bidaltzea) eta emaitzak eskuz jasotzea aplikazio informatikoan (eragiketen bolumen handia).

b.4) Premiamendu-zorrengatiko zatikapenen kudeaketa, zor mistoen 3.1 postuarekin koordinatuta (borondatezko epea eta epe exekutiboa).

c) Tributuen ikuskapena:

c.1) Kalkulu aritmetikoak, likidazioak eta ordainagiriak.

c.2) Jakinarazten den likidazioarekin edo egintzarekin batera doazen formularioak betetzea.

c.3) Bisitak kontu-hartzailearekin batera (ikuskatzaile aktuarioa).

c.4) Kalkulu aritmetikoak, likidazioak eta ordainagiriak.

d) Udal-zergen kudeaketa (3.5 lanpostukoari laguntzea).

e) Banku-berdinkatzeak:

e.1) Premiamenduzko zorra kobratzeko diru-sarreren kontuaren banku-berdinkatzea. Bankuko saldoa kontabilitate-saldoarekin alderatzen da eta aldeak zuzentzen dira, diru-sarreren eragiketak kontabilizatuz.

e.2) Itxitako ekitaldietako zorra koadratzea, zerga-bilketako programatik eratortzen den kontabilitate-zorra bateragarri eginez.

3.–Betebeharrak.

3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, batxilergo titulua, lanbide heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

3.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

3.3. Izangaiek aurreko baldintzak egiaztatu behar dituzte, eta deialdi hau argitaratzen den egunean lortuta egon behar dute, bai eta hautaketa-prozesu osoan bete ere.

4.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Udaleko alkateari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Aurkezten ahalko dira aurrez aurre, Udalaren erregistro orokorrean, edo Udalaren egoitza elektronikoko erregistroaren bidez. Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (39/2015 Legea, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa). Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

Eskaerak II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4.2. Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten edo zer moldaketa behar duten denboretan eta/edo baliabideetan. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean, 4.5 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

4.3. Tasak.

Ordaindu beharreko zenbatekoa:

–33,80 euro, oro har.

–Doakoa, lanik izan ez eta prestaziorik kobratzen ez dutenentzat.

Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, behar denean, frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da. Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera aurkeztu beharra behar den epean eta moduan.

4.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio eskaneatu hau, kasuaren arabera:

–Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

–Azterketa eskubideengatik tasa (33,80 euro) ordaindu izanaren frogagiria. Udalaren kontu korronte zenbaki honetan sartu behar da: ES48 2100 5264 4922 0006 5040, Caixabank finantza-erakundean.

–Izangaia langabezian badago eta diru-sarrerarik jasotzen ez badu, dagokion Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako ziurtagiria erantsi beharko du. Ziurtagiri horretan langabe gisa izena emandako data jasoko da, baita prestaziorik jasotzen ez duela egiaztatzen duen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren (SEPE) ziurtagiria ere.

4.5. Desgaitasuna izanik, egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan edota bitartekoetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Deialdiko igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta Noain Elortzibarko Udaleko administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 3.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hurrengo hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui, Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Francisco Javier Erro Lacunza, Noain Elortzibarko Udaleko lehen alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Carlos Revilla Pascual, Noain Elortzibarko Udaleko kontu-hartzailea.

–Ordezkoa: Alfonso Arizcuren Sánchez, Noain Elortzibarko Udaleko administrari-ofiziala.

–2. epaimahaikidea: Encarnación Martos Martos, Noain Elortzibarko Udaleko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Diana Vázquez Vidador, Noain Elortzibarko Udaleko kontu-hartzailetza alorrari atxikitako diplomaduna.

–3. epaimahaikidea: Rosana Ugarte, Corellako Udaleko kontu-hartzailea.

–Ordezkoa: Nuria Mateos Crisóstomo, Milagroko Udaleko kontu-hartzailea.

–4. epaimahaikidea: Begoña Lausín Serrano, Langileria Batzordearen ordezkaria.

–Ordezkoa: Roberto Ojer Aramendía, Langileria Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta, Noain Elortzibarko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon behar dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Aurreikusten da oposizioaldia 2024ko urritik aurrera hasiko dela. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Hurrengo probarako deia emateko, epaimahaia arduratuko da argitaratzeaz, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan. Bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioaldiko ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horretarako, Udalaren web-ataria erabiliko da: du www.noain.es. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zein ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

Hautapen-prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta guztiak baztertzaileak izanen dira. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 100 puntukoa izanen da.

7.2.1. Proba teorikoa: test motako ariketa izanen da. Galdera bakoitzeko aukera bat baino gehiago egonen da erantzuteko, baina bat bakarra izanen da zuzena, eta oker erantzuten bada, galderaren balioaren laurden bat kenduko da. Gaiak izanen dira deialdiko I. eranskinean ageri direnak.

Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

7.2.2. Proba praktikoa: idatziz garatu beharko dira I. eranskineko gai-zerrendan jasotakoari buruzko kasu praktiko bat edo batzuk, epaimahaiak horretarako zehaztutako gehieneko denboran.

Probaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Hautapen prozesuko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.noain.es), eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Plika sistemaren bidez eginen dira ariketak.

8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

8.1. Oposizioaldia amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak gainditutakoen zerrenda eta lortutako kalifikazioak argitaratuko ditu, txandaka eta lortutako puntuazioaren arabera banatuta, eta zerrenda hori Noain Elortzibarko Udaleko alkateari helaraziko dio.

8.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak, espediente osoarekin batera, izendapen proposamena igorriko dio alkateari, txanda irekian eta igoera-txandan lehenengo tokian agertzen diren pertsonak izendatzeko.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 10. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea guztiz eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, Alkatetzak hutsik geratu den lanpostua beteko du 7. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, Alkatetzak proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 8.2 apartatuan ezarritako moduan.

10.–Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Alkatetzak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak izendatuko ditu Noain Elortzibarko Udaleko funtzionario, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dituzte izendatuak, eta izanen dituzte Noain Elortzibarko Udaleko funtzionarioentzat indarrean dauden xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Izendatuek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik hasita.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duenak galduko ditu Noain Elortzibarko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Hala bada, deialdiaren 8.4 apartatuari jarraituko zaio.

10.4. Funtzionario bihurtzen diren izangaiei, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 8.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, Interneten argitaratuko da proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, hots, https://www.noain.es helbidean, deialdi honi dagokion fitxan.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

2) Hautapen prozesuko proba guztiak gainditu ez baina lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrenda.

12.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira, bai hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bai hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

Hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendako hurrenkerak lehentasuna izanen du hautapen prozesuko lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrendaren aldean. Hautapen prozesuan lortutako puntuazio handienak zehaztuko du hurrenkera hori. Era berean, zehazteko zer hurrenkera egonen den hautaproba guztiak gainditu gabe ere hautapen prozesuko lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrendan, kontuan hartuko da proba horretan lortutako puntuaziorik handiena.

Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, 7. oinarrian proben puntuazioari eta zozketari buruz aipatzen direnak, hain zuzen. Goian aipatutako zozketa egin ez bada, hautapen prozesuaren momentu horretan eginen da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

12.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek sarrera-deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.

13.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

–Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, hizpide duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

–Datuak zenbat denboraz gordeko diren: aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

–Datuen hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

–Eskubideak: Izangaiek badute datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, jo beharko dute Noain Elortzibarko Udalaren Erregistro Orokorrera (udal bulegoak edo egoitza elektronikoa).

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Noainen, 2024ko maiatzaren 29an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea.

2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

3. gaia.–Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra. III. titulua: I., II., III., IV. eta V. kapituluak eta IV. titulua.

4. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

5. gaia.–Uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua onesten duena. I. eta III. liburuak.

6. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan.

7. gaia.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.

8. gaia.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako Toki Erakundeen Aurrekontu Egitura onesten duena.

9. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa. I., II. eta III. kapituluak.

10. gaia.–Toki-erakundeen gastu-araua. Toki-korporazioetarako gastu-araua zehazteko irizpideak, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiaren arabera.

11. gaia.–Administrazio publikoen hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea. Finantzaketa-araubideetako baliabideak kalkulatzeko metodologia eta horiek atxikitzeko baldintzak eta prozedura, biak ere Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarriak.

12. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Tituluak: Atarikoa, I., II. eta III.

13. gaia.–365 Microsoft Officeko oinarrizko ezagutza (Word eta Excel).

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

II. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Iragarkiaren kodea: L2408642