117. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

195/2024 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide irakaskuntzek eta dantzako irakaskuntza ez-arautuek 2024-2025 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko.

Ikusirik Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela behar diren jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide irakaskuntzek eta dantzako irakaskuntza ez-arautuek 2024-2025 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko musikako lanbide irakaskuntzek eta dantzako irakaskuntza ez-arautuek 2024-2025 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 23an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–ARAUAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZEK ETA DANTZAKO IRAKASKUNTZA EZ-ARAUTUEK 2024-2025 IKASTURTEAN IZANEN DUTEN ESKOLA EGUTEGIA PRESTATZEKO

1.–Egutegia.

Musikako lanbide irakaskuntzen eta dantzako irakaskuntza ez-arautuen eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:

1. Ikasturtea 2024ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2025eko ekainaren 30ean bukatuko.

2. Musikako lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek baldintza hauek beteko dituen berariazko proposamena egin beharko dute egutegirako:

a) Eskola egunen kopurua: 165, gutxienez ere.

b) Eskolen hasiera: ez irailaren 5a baino lehen, ezta irailaren 10a baino geroago ere.

c) Eskolen amaiera: ez ekainaren 4a baino lehen, ezta ekainaren 9a baino geroago ere.

d) Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objektiboak daudenean, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak beste proposamen bat eginen du, betiere eranskin honen 3.a) baldintzan ezarritako eskola egunen kopurua errespetatuta.

e) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan, irakasleek programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dituzte.

f) Eskolak bukatu eta ekainaren 30era arte, azterketa bereziak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, irakasgaien memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, azken memoria, erreklamazioak, ikasleak eta familiak hartzea eta beharrezkoak diren egintza administratibo eta akademiko guztiak eginen dira, baita ikastetxeko zuzendaritzak agintzen ahal dituen bestelako lanak ere.

g) Musikako lanbide irakaskuntzen 6. mailako ikasleen azken ebaluazio arrunta egiteko azken eguna: maiatzaren 22a. Ebaluazio hori egin ondoren, eskolak ematen jarraituko da, bai ebaluazioa gainditu ez duten ikasleak prestatzeko, bai beste proba batzuk egin asmo dituzten ikasleak prestatzeko.

Batxilergoko irakasgai komunak egiten ari diren eta unibertsitatean sartzeko probetara aurkezteko asmoa duten ikasleen kasuan, behar diren ziurtagiriak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara igortzeko azken eguna maiatzaren 23a izanen da.

h) Musikako lanbide irakaskuntzen ebaluaziorako deialdi berezia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da.

6. mailako ikasleentzat, amaierako ebaluazio berezia ekainaren 14an eginen da beranduenez, bateragarriak izan daitezen musikako lanbide irakaskuntzen deialdi bereziko azterketak eta Batxilergoko bigarren mailako deialdi berezia. Hori guztia, unibertsitatean sartzeko deialdi berezian parte hartzeko aukera izan dezaten; hortaz, beranduenez ekainaren 18an igorriko zaie dagokien ziurtagiria inplikatuta dauden Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei.

3. a) 165 eskola egun izanen dira gutxienez, bai musikako lanbide irakaskuntzetan, bai Nafarroako Dantza Eskolan.

b) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola egunak errespetatuta.

c) Eskola egunetan ezin izanen dira eskolak eten kontrolak, probak edo azterketak egiteko, ikasturteko azken hiru eskola egunetan izan ezik. Era berean, ezinezkoa izanen da eskolak etetea ebaluazio batzarrak edo klaustroak egiteko.

d) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean halakotzat hartzen direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, abenduaren 6a eta maiatzaren 1a. Herriko jaiaren eguna ere jaieguntzat joko da, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiak eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren eguna zehazten dituen arauan ezartzen denari jarraikiz.

b) Herriko jaiaren eguna eta irakaskuntza bakoitzari dagokion zaindariaren jaieguna eskolarik gabeko egunak badira, ikastetxeak beste egun bat aukeratzen ahalko du hura ordezteko.

c) Musikako kontserbatorio profesionalen zaindariaren jaieguna azaroaren 22a izanen da. Nafarroako Dantza Eskolako irakaskuntzei dagokien zaindariaren jaieguna dantzaren nazioarteko eguna ospatzen den egunean izanen da.

d) Ikastetxeak erabakitako eskola egunez gainerako egunak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez direnak, eskolarik gabeko lanegunak izanen dira, gehienez ere 5 egun, eskolak hasten direnetik amaitzen diren arte.

5. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, 4. baldintzan adierazten dena, aldatzen ahalko dute, betiere 165 eskola egun errespetatuta.

6. Arestiko 4. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

7. Eguberrietako oporrak abenduaren 21ean hasiko dira, eta urtarrilaren 7an bukatuko, biak barne.

8. Aste Santuko oporrak apirilaren 17an hasi eta apirilaren 27an bukatuko dira, biak barne.

9. Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin koordinatuko da eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, ahal den neurrian, berberak izan daitezen bi ikastetxeen egutegi proposamenetan.

10. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak betiere aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2024-2025 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du, eta, kontserbatorio profesionalen kasuan, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio, beranduenez 2024ko ekainaren 14an, EDUCA kudeaketa programak eskaintzen duen euskarri informatikoaren bidez.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, haiek aztertu ondoren. Ikuskapen Zerbitzuaren komunikazio hori, orobat, "Educa" kudeaketa programaren euskarri informatikoaren bidez eginen zaie ikastetxeei. 2024ko ekainaren 24rako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak onetsitzat joko dira.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio eranskin honen 1. atalean (Egutegia) ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak, onetsita direla, nahitaez bete beharko dituzte musikako lanbide irakaskuntzak eta dantzako irakaskuntza ez-arautuak ematen dituzten ikastetxe guztiek. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia iragarki-taulan ikusgai jarriko da, eta ezin izanen da aldatu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren idatzizko baimena izan gabe.

Iragarkiaren kodea: F2408493